defero.webcindario.com

XVI. BALTZU KOMANDITARIOA ETA PARTAIDETZA-KONTUAK

1. BALTZU KOMANDITARIOA (Sociedad Encomandita)

1.1. Kontzeptua
1.2. Baltzuaren izena
1.3. Barneko harreman juridikoak
1.4. Kanporantzako harreman juridikoak

2. PARTAIDETZA KONTUAK (Cuentas de Participación)

2.1. Ezaugarriak
2.2. Barneko harreman juridikoak

- Kudeatzailearen eskubide eta obligazioak
- Partaidearen eskubide eta obligazioak



----------------------------------------



1. BALTZU KOMANDITARIOA (Sociedad Encomandita), MK 145 - 150
1.1. Kontzeptua


Baltzu pertsonalista bat da (kolektiboaren antzekoa), baina baltzu komanditarioan bi bazkide mota egongo dira. Bazkide batzuek bere ondare pertsonalarekin erantzungo dute (bazkide kolektiboa), euren erantzukizuna mugatua egon gabe (posiblea da bazkide kolektibo bakarra egotea, baina beti egon behar da bat gutxienez). Beste bazkideek (bazkide komanditarioa), adliz, erantzukizun mugatua izango dute. Baltzu kolektiboa izanik, horren ezaugarri guztiak ditu: kontratuz sortua, ez da eskritura publikorik behar, inskripzioa ez da eratzailea, bi alderdi ditu (barnekoa eta kanpokoa), ...

1.2. Baltzuaren izena

Egiazkotasunaren printzipioak eraentzen du baltzu honen izena, kolektiboan bezala. Baltzuaren izenean bazkide kolektiboen izenak besterik ezin dira agertu, eta "Sociedad Encomandita" agertu behar da (adibidez, Agirre, Sociedad Encomandita). Gainera, bazkide kolektibo guztien izenak agertzen ez badira, "y compañía" esamoldea jarri behar da (adibidez, Lasa y compañía, Sociedad Encomandita).

Bazkide komanditario baten izena agertzen bada, MK 147 artikuluak xedatzen du bazkide komanditarioak hirugarrenen aurrean bazkide kolektiboa balitz bezala erantzungo duela (itxura juridikoaren doktrinaren arabera).

1.3. Barneko harreman juridikoak

MK 148. artikuluak bazkide komanditarioei administrazioan parte hartzea debekatzen die. Arau honen helburua da hirugarrenei iruzurra ez egitea. Bazkide komanditarioek baltzu kolektiboan administratzaile ez diren bazkideen egoera berbera edukiko dute. Horregatik aginduak eman ahal izango dizkie administratzaile, eta agindua betetzen ez badute, barneko harremanetan bazkide komanditarioaren aurrean erantzungo dute, nahiz eta hirugarrenen aurrean aginduak bete gabe egindako egintzak baliozkoak izan.

Bestalde, bazkide komanditarioek sozietatearen edozein inguruabarrei buruz informazioa eskatu eta jasotzeko eskubidea du. MK 150. artikuluaren arabera, eskubide hau urte bakoitzaren amaieran besterik ezin izango da egikaritu, eta bazkideek gutxienez 15 egun izango dituzte informazioa lortzeko. Hala ere, arau hau xedapenezkoa da, eta horregatik bazkideek kontratuan informazio-eskubidea beste modu batean arautu ahal izango dute. Bazkide bakoitzaren partaidetzari eta etekin edo galeren banaketari dagokionez, baltzu kolektiboan esandakoa aplikatuko da.

1.4. Kanporantzako harremanak

Bazkide kolektiboek mugagabeki erantzuten dute (baltzu kolektiboan bezala), baina bazkide komanditarioek sozietatera ekartzera obligatu ziren ekarpenekin soilik erantzungo dute (MK 148).

2. PARTAIDETZA KONTUAK (Cuentas de participación), 239. art.

Partaidetza kontuek edozein pertsonari (partaide edo interesatuari) merkatari batek burutzen duen ihardueraz interesatzea onartzen diote, azken honek zuzendutako negozio edo iharduerari ekarpenak egiten, eta itundutako proportzioaren arabera etekinetan nahiz galeretan parte hartzen.

2.1. Ezaugarriak

- Sozietatea da, bi pertsona edo gehiagoren arteko borondatezko lotura delako, denek elkarrekin helburu bat lortzeko asmoarekin (KZ 1665). Doktrinaren gehiengoak partaidetza kontua sozietatea dela esaten du, baina doktrinaren sektore txiki batek dio ez dela sozietate-kontratua, kontratu berezia baizik (kontratu atipikoa). Hauek oinarritzat hartzen dute partaidetza-kontuek ez dutela nortasun juridikorik, baina ez dute kontutan hartzen sozietate sozietate bat barnekoa izan daitekeela ere (kanporantzako harremanik izan gabe), eta azken mota honek (barneko sozietatea) ez duela nortasun juridikorik (KZ 1669). Hau da, nortasun juridikorik ez izan arren, sozietatea izan daiteke.

- Barneko sozietatea da, hau da, alderdi obligazionala besterik ez du (ez du alderdi antolatzailerik). Sozietate honek ez du trafikoan beste pertsona juridiko bat bezala ihardun nahi. Horregatik ez dago baltzuaren izenik. Izena erabiliko balu, partaideak hirugarrenen aurrean bazkide kolektiboa balitz bezala erantzungo luke (itxura juridikoaren ukanbeharrak ematen badira). Kontratatzen duena merkataria da, kudeatzailea (gestor), eta pertsonalki eta bere izenean kontratatzen du. Bera da hirugarrenen aurrean erantzungo duen bakarra, partaideak ez duelako erantzungo (MK 241-242).

- Nomalean bi pertsonek besterik ez dute kontratatzen. Kudeatzaileak merkataria izan behar du, baina ez da beharrezkoa partaidea ere (dirua jartzen duena) merkataria izatea. Kudeatzaileak partaidetza-kontuen harremanak eduki ditzake pertsona ezberdinekin (MK 242. art.: "...los que contraten..."). Kasu hauetan, ez dago kontratu bat partaide guztiekin, sozietate-kontratu asko baizik.

- Kudeatzailea merkataria izan behar denez, merkataritzako iharduera bat izan behar du.

- Partaideak kudeatzailearen negozioari ekarpen bat egin beharko dio. Barneko harremanetan ondare honen antolaketa-formak ez du garrantzirik izango.

- Sozietate pertsonalista eta zibila da, merkataritzako baltzu guztiak kanpokoak izan behar direlako. Horregatik merkataritzako sozietateak Merkata Kodeko 2. liburuko 1. tituluan arautzen dira, eta partaidetza-kontuak 2. tituluan.

- Partaidetza-kontuen araudia oso eskasa eta murritza da, 5 artikulu besterik ez daude. Oso gutxi gehitzen dio barneko-baltzu orokorrari (KZ 1669. art.). Egia esan, mota honi gehitzen dion bakarra da sozietatea kudeatzaileak administratuko duela, eta ez beste bazkideak. Beraz, oso garrantzitsua da eraentza supletorioa edo ordezkatzailea zehaztea, Merkatal Kodean ezarritako araudian lege-hutsune asko aurkitzen direlako. Honetarako MK 2.2 artikuluan merkataritzako kontratuentzako ezartzen den iturri-sistema jarraitu beharko dugu. Sistema honen arabera, lehenik aplikatu beharko ditugun arauak Merkatal Sozietatearenak izango dira, beti ere partaidetza-kontuen barnerantzako izaera kontraesaten ez badute. Arau hauek hutsunea betetzeko nahikoak izango ez balira, sozietate zibilaren arauak aplikatuko ditugu, partaidetza-kontua barneko baltzua dela kontutan hartuaz.

2.2. Barneko harreman juridikoak

- Kudeatzailearen eskubide eta obligazioak

Merkatariak bere izenean iharduten du, baina bere interesean ezezik, partaidearen interesean iharduten du ere. Horregatik, administratzean kudeatzaileak kulpa larriaz iharduten badu, partaidearen aurrean erantzungo du. Administrazioa, hala ere, kudeatzaileari dagokio esklusiboki (kanpoko harremanak). Baina batzuetan kontratuan zehaztu daiteke barneko alderdi batzuetan partaideak parte hartu ahal izango duela, adibidez, kudeatzaileari (merkatariari) aginduak ematen. Hala ere, partaideak edo kudeatzaileak ezin izango dizkie agindu hauek hirugarrenei aurkatu.

Edozein kasutan, kontratua aldatzeko beharrezkoa izango da partaidearen baimena. Kudeatzaileak ere baltzuari ekarpen bat egiten dio: sozietateari gutxienez bere lana ekarriko dio, eta normalean beste ekarpen batzuk egiten ditu ere. Bestalde, kudeatzaileak partaideari sozietatearen administrazioa eta emaitzei buruz kontuak eman beharko dizkio; iharduera iraunkorra bada, urte bakoitzaren amaieran egingo da, eta noizbehinkakoa edo iragankorra bada, iharduera amaitu bezain laister (MK 243. art.).

- Partaidearen eskubide eta obligazioak

Partaidearen betebeharrik garrantzitsuena obligatu zen ekarpena egitea da. Ekarpen hau edozein motatakoa izan daiteke, beti ere dirutan baloratu daitekeenean, eta helburu soziala betetzera zuzentzen denean. Partaideak kontratuan ezarritako proportzioaren arabera etekinetan nahiz galeretan parte hartuko du. Posiblea da etekin eta galerentzat proportzio ezberdina ezartzea. Kontratuan proportzioa ez zehaztea arraroa da, kontratuaren elementurik garrantzitsuena baita. Hala ere, gabezia hau emanez gero, analogiaz MK 140. artikulua aplikatuko litzateke portzentaia kalkulatzeko (ekarpenen arabera).

defero.webcindario.com