defero.webcindario.com

IX. LEHIAKETAREN BABESA

1. SARRERA

1.1. Zuzenbide Konparatuko aurrekasuak. Europar Zuzenbidea
1.2. Espainiar Zuzenbidearen bilakaera. 16/1989 legea

2. LEHIAKETAREN MURRIZTAPENEKO SUPOSTUAK

2.1. Lehiaketa asaldatzera zuzendutako iharduerak (Kartelak). Salbuespenen eraentza
2.2. Egoera menperatzailearen abusua

3. ONDORIO JURIDIKOAK

3.1. Murriztapenen debekua. Deuseztasuna
3.2. Isun santzionatzaileak
3.3. Kalte galeren ordaina

4. LEHIAKETAREN BABESERAKO ORGANOAK

4.1. Organo administratiboak
4.2. Prozedura

5. METAKETA EKONOMIKOEN KONTROLA

6. LAGUNTZA PUBLIKOAK



----------------------------------------




1. SARRERA
1.1. Zuzenbide Konparatuko aurrekasuak. Europar Zuzenbidea


Anti-trust legegintza EEBBtan sortzen da, 1890eko Sherman Act lege ospetsuarekin. Konturatzen dira enpresa bat gero eta handiagoa egitea (mugagabeki haztea) ez dela positiboa, tradizionalki pentsatu zenaren aurka. Horregatik lege honek lehiaketa murriztera zuzenduak zeuden portaeren eta monopolioen abusuaren aurkako arauketa zuen. EEBBtan ere, 1914ko Clayton Act legea aipatu behar dugu, fusioen kontrolerako arauketa duelarik.

II. Mundu Gerra eta gero, arauketa hori EEBBtik Europara zabaltzen da. Europar Batasunaren sorrerak Estatu guztien merkatu amankomun bat lortzea du helburu (mercado común), eta enpresek beren akordioen bidez merkatu amankomun horri trabak ez jartzeko, Europar Lehiaketaren Zuzenbidea sortu zen (Derecho Europeo de la Competencia). Europar Batasunak lehiaketari buruz dituen arauak hauek dira: 1950eko IAEE/CECAren hitzarmeneko 65. eta hurrengo artikuluetan zenbait arau daude (Ikatza eta Altzairuaren Europar Erkidegoa / Comunidad Europea del Carbón y del Acero), eta Europako Erkidego Ekonomikoa sortzen duen 1957ko Erromako Hitzarmenak dituen lehiaketari buruzko artikulu garrantzitsuenak (81 eta 89. artikuluen bitartean, batez ere 85 eta 86 -oraingo 81 eta 82-).

Gaur egungo 81. artikuluak enpresen arteko akordioak, erabakiak eta praktikak debekatzen ditu, beren helburua edota efektua lehiaketa murriztea edo faltsutzea denean (prezioen finkapena, produkzioaren kontrola...). 82. artikuluak egoera menperatzailearen abusua debekatzen du.

Europar Batasuneko lehiaketa-arauek zenbait ezaugarri berezi dituzte:

* Izaera administratiboa duen Zuzenbidea da

* Izaera santzionatzailea du

* Aplikazio zuzeneko Zuzenbidea da (efektu zuzena). Honen arabera, Estatuen barruan indarrean dago, eta Administrazio Publikoek zein Estatuetako Auzitegiek aplikatu dezakete. Efektu zuzena du, hau da, merkatuan parte hartzen dutenek Estatuetako auzitegien aurrean edo lehiaketaren babeserako dauden organoen aurrean inbokatu dezakete.

* Izaera orokorra du (carácter general), sail ekonomiko guztiei aplikagarri zaie, agente ekonomiko bezala parte hartzen duten guztiei.

* Izaera extraterritoriala du, hau da, izaera komunitarioa ez duten enpresei ere aplikatzen zaie, bertan eragiketak burutzen badituzte

Europar Batasunaren eremuan, Komisioa da arauketa hau betearazteko arduraduna, eta bere kasuan isunak jartzeko edota ziurtagiri negatiboak (akordio batek ez duela lehiaketa murrizten ziurtatzen duten agiriak) edo autorizazioak emateko. Konkretuki, Komisioaren laugarren Zuzendaritza Orokorra da gauza hauetaz arduratzen dena, eta helegiteak Luxenburgoko Justizi Auzitegiaren aurrean ematen dira.

1.2. Espainiar Zuzenbidearen bilakaera. 16/1989 legea

Lehiaketaren babeserako lehen espainiar legea 1963koa izan zen, amerikarrek bultzatua, baina ez zen inoiz lehiaketaren babeserako tresna baliagarria izan, legeak ez baitzen garaiko errealitate ekonomikoaren baldintzetara egokitzen. Espainiar ekonomia ideia protekzionistaz antolatua zegoen, ez zegoen merkatu-askatasunik. Hala ere, lege hau egin zenean, Europar Batasunari begira egin zen, garai hartan sortua zena. Baina oso aurreratua izan arren, lege horrek ez zuen sekula aplikazio seriorik izan, eta apaikuntzarako elementu soila izan zen. Legearen aplikaziorako organoak (TDC, Tribunal de Defensa de la Competencia) oso saio gutxi eta garrantzirik gabekoak burutu zituen, eta 1988ra arte ez zuen inoiz zigorrik ezarri.

Gaur egungo lehiaketaren babeserako legea (16/1989 legea) hiru titulutan banaturik dago: 1. titulua, lehiaketari askeari buruzkoa; 2. titulua, lehiaketaren defentsarako organoei buruzkoa; eta 3. titulua, prozedimenduari buruzkoa. Erromako Hitzarmenean inspiraturik dago, eta prebentziozko izaera dauka, 1963ko legearen errepresio-izaera ez bezala.

Bere eremu objektiboari dagokionez (ámbito objetivo), bere helburua lehiaketa nahikoa babestea eta interes publikoaren aurkako edozein erasoaz babestea da. Eremu subjektiboari dagokionez, legea ez zaie bakarrik enpresariei aplikatzen, merkatuan agente ekonomiko bezala ari diren guztiei baizik, hau da, merkatuan eragina izan dezaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiei (elkarteak, udaletxeak...). Eremu territorialari buruz, lehiaketaren murriztapenaren ondorioak eragina duten edo eragina izan dezaketen lekua da. Horrela, Espainiar legea eragin hauek Espainiar merkatuan edo merkatu horretako zati nagusi batean gertatzen direnean aplikatzen da, nahiz eta eragiketa horiek beste Estatu batzuetan egin, edo beraien arduradunak atzerritarrak izan. Eremu territoriala zehaztu eta jakitea garrantzitsua da jakiteko Espainiar Zuzenbidea, Europar Zuzenbidea, ala biak aplikatu behar diren. Honela, Espainiar Zuzenbidea aplikatuko da merkatu nazionala edo horren zati garrantzitsu bat ukitua gertatzen denean. Europar Zuzenbidea aplikatuko da merkatu amankomuna ukitua gertatzen bada. Bi merkatuak ukiturik gertatzen badira, bi ordenamendu juridikoak aplikatuko dira, bakoitzak dagokion eremuan.

Konpetentziari dagokionez, TDC (organo administratiboa) izango da lehiaketa murrizten duen supostu bat eman den hala ez esango duena, nahiz eta gero helegite bezala kontrol jurisdikzionala egon.

2. LEHIAKETAREN MURRIZTAPENEKO SUPOSTUAK

16/1989 legean lehiaketa murrizten duten (eta beraz debekaturik dauden) hiru praktika mota daude: praktika kolusorioak edo debekatutako portaerak (1.artikuluan, lehiaketa asaldatzera zuzenduriiko portaerak, eta salbuespenak); egoera menperatzailearen abusua (6. art.); eta jokaera desleiala izateagatiko lehiaketaren faltseamendua (7. art.).

2.1. Lehiaketa asaldatzera zuzendutako iharduerak (Kartelak). Salbuespenen eraentza

- Debekatutako portaerak. Klausula orokorra

Klausula orokor baten bidez debekatzen dira akordio, erabaki eta gomendio kolektiboak, edo itundutako iharduerak, edo nahita paraleloak direnak, helburutzat merkatu nazional osoan edo zati batean lehiaketa galarazteko, murrizteko edo faltsutzeko efektua sortzea daukatenean, edota efektu hori sortarazi dezaketenean. Honela, debekatzen dira:

+ Aipaturiko negozio juridikoak (akordioak, erabakiak edo gomendapenak). Gomendapenak askotan aginduzko moduan idatziak, eta enpresa filialei zuzenduak egoten dira. Hau legearen berrikuntza da; 1963ko legeak iharduerak debekatzen zituen, baina ez praktika horien jatorria ziren erabakiak (gogoratu lege honek izaera errepresiboa zuela, eta ez prebentiboa). Baina oraingo legeak izaera prebentiboa du, eta horregatik erabakiak ere debekatzen ditu (prebentiboki), praktikara eraman edo ez. Akordio, erabaki eta gomendioak bi modutakoak izan daitezke:

* Horizontalak. Ondasun eta zerbitzuen ekoizpenaren edo banaketaren maila berdinean dauden subjektuek hartutakoak (lehiakide zuzenak diren enpresen artekoak)

* Bertikalak. Katearen maila ezberdinetan daudenen artean hartutakoak (ez dira beti leiakide zuzenak).

+ Iharduerak (prácticas). Hauen jatorria bi modutakoa izan daiteke:

* Itundutako iharduerak (concertadas). Hauek akordio tazitoak dira. Adibidez, momentu batean enpresari askok prezioak kopuru berean igo badituzte, badakigu akordioa dagoela, baina ezin dugu frogatu, eta orduan akordio tazitotzat hartuko dugu.

* Iharduera konszienteki paraleloak. Hauek merkatuan iharduera ekonomiko berdinean edo antzerakoan aritzen diren bi edo entrepresari gehiagoren artean ematen dira. Ez dago inongo itunik, ez dago aurretiazko akordiorik, baina errealitatean iharduera ematen da konszienteki, jakinaren gainean, enpresari batzuei komeni zaien neurrian. Ondorioz, lehiaketa faltsutzen dute, edota faltsutu dezakete.

Azaldutako bi iharduera hauek oso antzekoak dira. Lehenengoaren kasua da, adibidez, enpresari batzuek gara batean prezioak berdin igotzea. Akordioa dago, baina ezin da frogatu, eta beraz egon dela suposatuko dugu (prueba de presunciones). Bigarrenean, aldiz, ez dago akordiorik, baina agian enpresa batek beste baten preziora amoldatzen du berea, eta akordiorik gabe konpetentzia faltsutzen dute.

Aipaturiko jokabide hauek (akordioak, gomendapenak, erabakiak eta iharduerak), legez debekatuak izan daitezen, baldintza bat bete behar dute: objektutzat izan behar dute merkatu nazional osoan edota zati batean lehiaketa galarazteko, murrizteko edo faltsutzeko efektua sortzea, edota sortu ahal izatea. Legearen arabera, ez du axola alderdien borondateak (alderdien helburua borondatez lehiaketaren aurka ihardutea izatea), ezta emaitzak ere (ez da beharrezkoa efektu hori benetan sortzea, nahikoa da hura sortzeko gai izatea). Nahikoa da lehiaketa galarazteko, murrizteko edo faltsutzeko efektua sortu ahal izatea, nahiz eta hori helburua ez izan, jokabide edo praktika bat debekatua izateko.

- Debekatutako portaerak. Zerrenda irekia. Klausula orokor honen ondoren, modu adierazgarrian, debekatutako portaeren ereduzko zerrenda agertzen da, inolaz ere zerrenda itxia ez dena:

+ 1.1.a art.: Modu zuzen edo ez zuzenean, salneurrien finkapena, edo bestelako merkatal edo zerbitzuzko baldintzen finkapena.

+ 1.1.b art.: Ekoizpenaren, banaketaren, garepen teknikoaren edota inbertsioen mugapena edo kontrola.

+ 1.1.c art.: Merkatua eta horniketa-iturrien banaketa

+ 1.1.d art.: Merkatal edo zerbitzuzko erlazioetan, baliokide diren prestazioetarako baldintza ezberdinak ezartzea, lehiakide batzuk besteekiko desabantailazko egoeran jarriaz (adibidez, nik CocaCola-ri nire produktua garestiago saltzen badiot Pepsi-ri baino...).

+ 1.1.e art.: Kontratua egitea eranskinezko prestazioak onartzearen baldintzapean jartzea, hauek izaeraz edo merkatal usadioen arabera kontratuaren objektuarekin erlaziorik ez dutenean

1.2 artikuluak dioen bezala, 1.1 artikuluak xedatutakoaren arabera debekaturiko akordio, erabaki eta gomendapenak deusezak izango dira zuzenbide osoz (de pleno derecho), lege honetan aurrikusitako salbuespenez babestuak ez badaude.

- Salbuespenak (2. eta 3. art.)

Aurretik esandakoari salbuespen moduan, esango dugu praktika kolusorio guztiak ez daudela debekaturik, zenbait kasuetan legeak praktika horiek aurrera eramateko baimena ematen du, eta bestetan administrazioak (TDCk) eman beharko du, erabaki baten bitartez.

+ Legez baimenduriko portaerak

Lege honen xedapen debekatzaileak ez dira aplikatuko, nahiz eta lehiaketaren aurkako elementurik eduki edota halako efekturik sortu, akordio, erabaki, gomendio eta iharduerak lege baten aplikaziotik edote bere aplikaziorako emandako erregelamenduzko xedapenetatik hala ondorioztatzen denean (adibidez, Ley de Reconversión Industrial izeneko legeak krisian dauden sektoreei baimena ematen die halako praktikak aurrera eramateko). Hala ere, lehiaketaren babeserako auzitegiak (TDC) gobernuari arrazoitutako proposamen bat zuzendu diezaioke, lehiaketa murrizten duten egoera hauek aldatu edo ezabatzeko.

+ TDCk emaniko salbuespena

Gerta daiteke enpresarien arteko akordio edo itun batek lehiaketaren murriztapen bat eragitea, baina bestelako efektu onuragarri batzuk ere izatea. Hemen merkatuaren existentzia babesteaz ari gara. Akordioak agian lehiaketa neurri batean murrizten du, baian ez du deuseztatzen, eta gainera bestelako efektu onuragarri bat ere badu; orduan, jokaera batzuk lehiaketa murrizten duten zenbait efektu edo ondorio izan arren, zilegitzat har daitezke, alde batetik bestelako efektu onuragarriak sortzeagatik, bestalde zenbait krisi-egoera konpontzeko gai izateagatik. Jokaera hauek printzipioz 1. artikuluak debekatzen ditu, baina 3. artikuluko baldintzak betez gero, baimenduak izan daitezke. Supostu hauek bi talde handitan bana daitezke:

* Hauetako jokaera batzuk ondasun eta zerbitzuen komertzializazioa edo ekoizpena hobetzea edo aurrerapen tekniko edo ekonomikoa bultzatzea eragin dezakete. Baina baldintza batzuekin:
· Kontsumitzaile edo erabiltzaileek beren abantailetan modu egokian parte hartu ahal izatea posible egin behar dute.

· Enpresa interesunei ez die xede horiek lortzeko beharrezkoak ez diren murriztapenik inposatu behar

· Ekoizkin edo zerbitzuen merkatuaren zati nabarmen batetan ezin dute lehiaketa ezabatu
* Beste portaera batzuk ere baimendu ahal izango dira egoera ekonomiko orokorragatik eta interes publikoagatik arrazoituta badaude (kasuz kasu, TDCk emana). Horretarako, hiru baldintza hauetako bat eman beharko da:
· Beren objektua esportazioa babestea izatea

· Talde edo sektore apalen gizarte maila edo maila ekonomikoa handitzen badira

· Beren garrantziagatik lehiaketa modu nabarmen batean eragiteko gai ez badira

Supostu hauek baimentzeko bidea bi modutakoa izan daiteke:

+ Banakako baimena (4. art). TDCk ematen ditu, interesdunen eskariaz, beti ere kasuan behar diren ukanbeharrak betetzen badira. Baimen hauen ezaugarri nabarmenak: denborazkoak, baldintzatuak izan daitezke (baimena ematea, baina baldintza batzuekin), errebokagarriak, eta berritu daitezke. Baina eskaria aurkeztu eta 3 hilabeteren buruan TDCk ez badu erantzunik ematen, akordioa, gomendioa edo praktika egikaritu ahal izango da behin-behinean (probisionalki). Ondoren, TDCk kaltegarria ikuestean debekatzen badu, bere erabakiak ez du atzerabidezko efekturik izango (ez da atzeraeraginkorra).

+ Kategoriazko exenzioak (5. art). Baimen orokorragoak dira, gobernuak emaniko erregelamenduak. Baina aurretiaz, TDCk araugintzan parte hartzen du, informazioa edo aholkua emanez (ez da legea, exenziozko erregelamendua baizik).

2.2. Egoera menperatzailearen abusua

Lehiaketa faltsutzen duen, eta beraz debekaturik dagoen beste supostu bat, egoera menperatzailearen abusua da. Ez dira merkatuan egon daitezkeen egoera menperatzaileak debekatzen, beren abusua baizik. Debeku hori absolutua da, ez daude salbuespenak. Hau emateko, bi baldintza bete behar dira:

- Egoera menperatzailea. Legeak ez du honen definiziorik ematen, baina zientzia ekonomikoak dio agente ekonomiko batek merkatuan egoera menperatzailea duela bertan modu independente batean ibili ahal badu, hau da, bere lehiakideak, hornitzaileak edo bezeroak kontutan hartu gabe ibili badaiteke. Hala ere, egoera menperatzailearen xedapena ezin da abstraktuan egin, egoera zehatz bat kontutan harturik baizik. Eta hori mercado relevante deritzona konkretatuz eta enpresak merkatu horretan duen papera aztertuz egiten da, horretarako irizpide geografiko, tenporala, eta objektiboa kontutan hartuz.

- Abusuzko portaera. Ordenamendu ekonomikoen printzipioek aurkako portaera edo portaera anti-juridiko bat da. Honela, agente ekonomiko batek bere egoera menperatzailearen abusua egiten duela kontsideratzen da bere portaera merkatu konpetitibo batean izango zuenaren ezberdina denean. Adibide gisa, legeak abusua kontsideratzen dituen portaera batzuk azaltzen ditu: prezioen inposaketa...

2.3. Jokaera desleiala izateagatik, konpetentziaren faltseamendua

Debekaturiko jokaeren artean daude, eta TDCk epaituko ditu ere, baldintza hauek betetzen direnean:

- Egintza desleial horrek merkatuko leiaketa-baldintzak modu larrian aldatzen dituenean

- Distortsio larri horrek interes publikoa ukitzen duenean

3. ONDORIO JURIDIKOAK

3.1. Murriztapenen debekua. Deuseztasuna


1.2 artikuluak dioenez, debekatuak dauden erabaki, akordio eta gomendapenak deusezak dira Zuzenbide osoz, legeko salbuespenaz babestuak ez badaude.

3.2. Isun santzionatzaileak

Bi isun mota daude: lehiaketaren aurka dauden debekaturiko egintzak egiteagatik, eta lehiaketaren babeserako dauden agintariei laguntzeko beharra (deber de colaboración) ez betetzeagatik. Arau-hausteak eta santzioak 4 urtetan preskribatzen dira.

- Debekaturiko egintzak

Lege honen 1, 6, eta 7. artikuluak ez betetzeagatik, nahita edo arduragabekeriaz egina, edo TDCk ematen duen baimenaren baldintzak ez errespetatzeagatik, TDCk isunak jarri ditzake 150,000.000 pta arte, edo bere salmenten kopuruaren %10 arte. Isunen kopurua arau-haustearen garrantziaren arabera izango da. Isun horretaz gain, pertsona juridikoa bada, 5,000.000 pta arteko beste isun bat jar dakieke zuzendaritza-organoetan parte hartu zuten pertsona fisikoei, salbu erabakia hartu zen bilerara joan ez bazen, edo erabakiaren aurkako botua eman bazuen.

1. artikuluko debekaturiko portaeren baimena eskatzen bada (4. artikuluko baimena), eskaria egin zenetik TDCk erabakia hartu arte, ez dira isunak jarriko, baldin eta TDCk behin-behineko azterketa egin ondoren kontrako iritzia hartzen ez badu. Gainera, TDCk fede txarra nabaritzen badu alderdiek lehiaketaren babeserako organoen aurrean duten jokaeran, 5,000.000 pezetako beste isun bat jarri dezake.

- Laguntzeko beharra ez betetzeagatik

Isuna jar daiteke ere lehiaketaren babeserako dauden organoei laguntzeko beharra ez betetzeagatik. Pertsona guztiak (fisiko eta juridikoak) TDC-ri edo lehiaketaren babeserako zerbitzuari (SDC) berak eskatzen duen informazioa edo datuak emateko beharra dute. Hau honela betetzen ez bada, isunak jarri daitezke (29 eta 32.2 artikuluak).

Isun santzionatzaileaz gain, isun koertzitiboak (hertsapenezkoak) ere badaude, behartzeko isunak (11. art.). Hartutako ebazpenak edo erabakiak betetzera behartzen duten isunak dira, hau da, erabakia betetzera behartzen duen isuna da (adibidez, enpresak bere portaera TDC-ren erabakira amoldatzen ez duen egun bakoitzeko, 500 euroko isuna).

3.3. Kalte-galeren ordaina

Lege honek dituen isunaz gain, beste motatako erantzukizunak ere egon daitezke, eta kalte-galeren ordainerako lege zibilak hartuko dira kontutan.

4. LEHIAKETAREN BABESERAKO ORGANOAK

4.1. Organo administratiboak


LABURPENA: Lehiaketaren babeserako, bi organo daude: TDC (Tribunal de Defensa de la Competencia), eta SDC (Servicio de Defensa de la Competencia). TDC Ekonomia eta Ogasun Ministeritzak sortutako organo administratiboa da (nahiz eta Tribunal izena hartu). Organo independentea da, ez du gobernutik mandaturik jasotzen, eta independentzia horren berme bezala, inkonpatibilitate sistema dago. Organo espezializatua da, gaiaren berezitasuna dela-eta sortu zena. Bere funtzioak dira debekaturiko portaerak eman diren edo ez adieraztea (eta bere kasuan isunak jartzea), eta baimenak ematea. Bestalde, informeak ere egiten ditu (enpresen pilaketan, zentru komertzial handien sorreran...), baita arbitraia gauzatu ere. SDC Ekonomia eta Ogasun Ministeritzaren barruko organo dependentea da. Bere funtzioak dira espedienteen instrukzioa, ikerkuntza, aholkularitza...

- TDC (Lehiaketaren Babeserako Auzitegia)

+ Ezaugarrriak

* Izaera administratiboa du, organo administratiboa da

* Independentea da, ez du gobernutik mandaturik jasotzen, nahiz eta Ekonomi eta Ogasun Ministeritzaren menpe egon

* Independentzia hori mantentzeko, bateraezintasun sistema batez babestuak daude (22. art.)

* Organo kolegiatua da

* Gobernuak 5 urtetarako izendatzen dituen mahai-buru batez (presidente de mesa) eta 8 bokalez osatua dago

* Organo espezializatua da, lehiaketaren defentsarako gaiez arduratzen da bakarrik

+ Funtzio garrantzitsuenak (20. eta hur. art.)

* Debekaturiko portaeraren bat eman den erabaki, eta bere kasuan isunak ezarri

* Debekaturik dauden portaerak baimendu, 3. artikuluko baldintzak betetzen badira

* Legeak agintzen dizkion informeak idatzi

* Europako Komisioak bidaltzen dizkion metaketa-ekonomikoei (concentración de empresas) buruz informatu

* Establezimendu komertzial handien irekitzeari buruzko proiektuetaz irizpena eman

* Lehiaketaren babeserako zerbitzuak instrukzio-espedientea hasteko agindua eman

* Arbitraiazko funtzioak bete, legeak agintzen dionean (25. art.)

* Kontsultazko funtzioak ere baditu (funciones consultivas), hau da, TDC kontsultatua izan daiteke lehiaketa-gaietan legebiltzarretik, gobernutik, erkidego autonomoetatik, enpresa erakundetatik...

* TDCk bere iritzia emango du lehiaketaren babeserako legea aldatzeko proiektua badago

- SDC (Lehiaketaren Babeserako Zerbitzua)

Ekonomi eta Ogasun MInisteritzako Zuzendaritza Orokor baten barruan dago; beraz, ez da gobernutik independentea. Bere funtzio nagusia espedienteen instrukzioa da, bai arau-hauste kasuetan, bai baimen-kasuetan. Beste funtzio batzuk (31. art.):

+ TDCk hartutako erabaki eta isunen betetzeaz arduratzen da

+ Ikerkuntza ahalmen asko ditu: pertsona fisiko eta juridikoei informazioa eskatzeko eta establezimendu merkantiletan eta komertzialetan sartzeko ahalmena du kideen baimenarekin edo agindu judizial batekin

+ Sektore ekonomikoen azterketa, bakoitzaren egoera, lehiaketa maila, eta lehiaketa murriztu dezaketen egoerak aztertuz, eta horren ondorioz egoera horiek zuzentzeko neurriak proposatu ditzake

+ Lehiaketaren babeserako erregistroaren arduraduna da (bertan debekatu edo baimendu diren erabakiak eta iharduerak inskribatzen dira)

+ Kolaborazio eta aholkularitza funtzioak...

1999ko erreforman, SDC-ren zuzendariaren funtzio edo eskumenak handitu ziren, lehen gutxi zituelarik.

2. Prozedura

Prozedura administratiboa da, baina lehiaketaren gaiak arau propioak ditu, lege honetako arauak jarraitu behar dira (subsidiarioki, LPC aplikatuko da, 30/1992 legea). Lehiaketaren defentsarako prozedura administratiboa bere arau propioekin egingo da, eta bertan arautua ez dagoenerako, 30/1992 legea (LPC) hartuko da kontutan.

Prozedura SDCk hasten du, ofizioz edo alderdi baten eskariaz. Espediente santzionatzailea hasi aurretik, SDCk instrukzio edo ikerketa bat egin dezake, eta jokaera hori legearen aurka joan den aztarnarik ez dagoela antzematen badu, prozedura ez hastea eta iharduketen artxiboa erabaki dezake. SDCk prozedura ez hastea ere erabaki dezake, debekatutako portaerek ez diotenean lehiaketaren baldintzei modu garrantzitsuan ukitzen. SDCk ere konbentziozko bukaera erabaki dezake (terminación convencional), hau da, alderdiak ados jartzea, beti ere ordenamendu juridikoaren aurka ez badoa, eta hirugarrenak kaltetuak gertatzen ez badira. Baina prozedura hastea erabakitzen badu, pausu hauek jarraitzen dira:

- Arau-hausketa kontsideratu daitezkeen jokaerak egintzak zehazten dituen plegu batean (pliego) jasotzen dira, eta ustezko arau-hausleei 15 egunetako epea ematen zaie erantzuteko eta frogak proposatzeko.

- SDCk espedientearen instrukzioa amaitzean, TDC-ri bidaliko zaio; baina instrukzioaren ondoren, SDCk kontsideratzen badu debekatutako supostuak ez direla eman, lardespena (sobreseimiento) akordatu dezake, TDC-ri bidali beharrean.

- TDCk espedientea jasotakoan, bere onarpenaz erabakiko du. Tramitera onartzen badu, prozedura TDC-ren aurrean emango da, bere atal guztiekin (frogak, bistak, konklusioak...). TDCk bere erabakia atzeratu dezake beste prozedura bat baldin badago organo komunitarioen aurrean (Europar Komisioa), horrek erabakia hartu arte.

- Organo komunitarioek isuna jarri badute, TDCk kontutan izango du bere isuna jartzerakoan, eta konpentsatu ahal izango du (organo komunitarioaren isuna nahikoa dela esaten badu, arau-hausketa deklaratuko du, isunik jarri gabe).

- SDCk espedientearen hasieratik eta edozein momentutan TDC-ri bere momentuan hartuko duen erabakia ziurtatuko duen kautelazko neurriak hartzea proposatu diezaioke (45. art.)

- TDC-ren erabakiaren aurka (bai bukaerazkoa bai kautelazkoa) ez daude bide administratiboan helegiterik, TDC da azkeneko instantzia. Erabaki horien aurka bakarrik helegite kontentzioso-administratiboa tarteratu daiteke (Jurisdikzio Kontentzioso-Administratiboaren aurrean). SDC-ren akordioen aurka ere helegiteak egon daitezke, kasu honetan TDC-ren aurrean, bide administratiboan.

5. METAKETA EKONOMIKOEN KONTROLA (14. art. eta hur.)

LABURPENA: Metaketa ekonomikoak normalean fusioen bidez ematen dira, bi enpresa batuz, merkatuan hartuko duten eremua zabalduz. Honela, konpetentzia arriskuan jar daiteke. Fusio horren aurretik, SDC-ri jakinarazi beharko diote, merkatuaren atal garrantzitsu bat okupatu behar badute. SDCk notifikazio hori Ekonomia eta Haziendako Ministeritzari bidaliko dio, honek TDC-ri, eta TDCk txostena egingo du, batze horrek lehiaketan izan dezakeen eragina aztertuz. Hau gobernuari pasatuko zaio, eta gobernuak erabakiko du fusioari baimena eman edo ez, horretarako baldintzak jartzea edo ez...

Enpresen konzentraziorako dauden proiektu eta operazio guztiak zerbitzuari komunikatu behar zaizkio (SDC), baldintza batzuk betetzen dituztenean:

- Eragiketaren ondorioz produktu baten merkatuaren %25 edo gehiagoko portzentaia eskuratzen denean, edo eragiketan parte hartzen dutenen salmenten kopuruak kantitate bat gainditzen duenean (legeak ezarritako gehiengoa)

- Konzentrazio ekonomikoak kontsideratuko dira enpresaren kontrola aldatzen duten eragiketak: bi enpresa edo gehiagoren fusioaren bitartez, edozein negozio juridiko erabilita enpresen kontrola hartzen denean, amankomunean enpresa bat sortzen denean eta entitate ekonomiko independentea bezala iharduten bada...

Konzentrazio-operazioa Europar Batasunak konzentrazio ekonomikoei buruz daukan erregelamenduaren barruan sartzen bada, ez zaio SDC-ri komunikatu beharrik izango, prozedura hau Europar Batasunaren aurrean burutuko delako.

Bestela, notifikazioa SDC-ri egingo zaio, eta metaketa ekonomiko hori ezin izango da egin notifikazioaren aurretik, ezta ere administrazioak baimena eman arte, edo baldintzak jarri arte. Hau da, ezin da fusiorik egin komunikatu gabe.

SDCk Ekonomia eta Ogasun Ministeritzari pasatuko dio notifikazioa, eta honek espediente hori TDC-ri bidaliko dio. Zerbitzuari notifikazioa egin eta hilabete batean ez badiote TDC-ri bidali, konzentrazioa onartzen dutela suposatzen da. Kasu batzuetan, lehiaketaren murriztapen hori oso garrantzitsua ez bada, ekonomi-ministroak alderdiei operazioaren aldaketa batzuk egiteko eskatu diezaieke, eta horien arabera operazioa onar dezake, TDC-ri bidali gabe.

Espedientea TDC-ren eskuetan dagoenean (ministroak bidali diolako), honek 2 hilabeteko epean txosten bat egin beharko du, eta hura hilabete bateko epean gobernuari eman, honek erabaki dezan konzentrazioa onartu ala ez. TDC-ren txostena jaso eta 3 hilabete pasa badira gobernuak erantzunik eman gabe, konzentrazio-operazioa onartua dagoela kontsideratuko da.

Elkartu nahi diren enpresek egin behar duten notifikazioa ez egiteagatik eta bestelako baldintzak ez betetzeagatik isunak jarriko dira.

6. LAGUNTZA PUBLIKOAK

LABURPENA: Enpresa pribatu eta publikoei fondo publikoetatik ematen zaizkien dirulaguntzak dira. Batzuei bai eta besteei ez zaielako ematen, lehiaketa faltseatu dezakete, eta horregatik laguntza publikoak emateko irizpideak kontrolatu beharko dira.

Laguntza publikoak enpresa publiko eta pribatuei ematen zaizkien fondo publikoetatik ateratako laguntzak edo beste baldintza onuragarriak dira. Laguntza hauek lehiaketaren baldintzetan eragina izan dezaketelako, TDCk laguntza hauek emateko erabiltzen diren irizpideak aztertuko ditu, eta Ministroen Kontseilura bidaliko ditu. Honek TDC-ren informearekin irizpide horiek aldatuko ditu bere kasuan. Gai honetan Europar Komisioaren eskumenak kontutan hartu behar dira ere.

defero.webcindario.com