defero.webcindario.com

VIII. EKONOMIAZKO IHARDUERAREN ESPARRUA

1. SARRERA

2. KONSTITUZIO EKONOMIKOA

3. LEHIAKETA ETA MERKATUA

4. LEHIAKETAREN ARAUKETA-SISTEMA



----------------------------------------




1. SARRERA

LABURPENA: Gai honetan sarrera egingo diogu Lehiaketa-Zuzenbideari. Aztertuko dugu zergatik den garrantzitsua lehiaketa, zergatik arautzen den, ekonomilarientzako zer den mehatxua... Lehenik eta behin, esan behar da merkatu ekonomia batean gaudela (economía de mercado), hau da, enpresa askatasuna arrezagutzen da; edonork sor dezake enpresa bat, eta merkatuan sartu. Honek lehiaketa eragingo du, eta lehiaketa hura ontzat hartuko da, ondasun juridiko gisa hartuko da, kontsumitzaileek produktu ezberdinak izango dituztelako eskura. XIX. mendera joanez, garai hartan uste zen enpresa askatasunak berez lehiaketa sortuko lukeela, merkatua perfektua zelako (autorregulatua). Baina errealitatean enpresa batzuk besteak baino indartsuagoak dira, eta merkatuak berez lehiaketa desegingo du, merkatuaren baitan egoera menperatzaileak daudelako (monopolioak, paktuak...). Merkatua perfektutzat hartzearen hasierako ideia horiek gainditzen dira, eta bigarren momentuan lehiaketa babesten hasten da, Lehiaketaren Zuzenbidea sortuaz. Honen ikuspuntua da merkatua bere kaxa uzten badugu monopolioak sortuko direla, edota prezioak adostuko direla... Momentu honetan ez da lehiaketa perfektuaz hitz egingo, lehiaketa praktikoaz baizik.

Gai hau nahiko berria da. XX. Mendeko bilakaera doktrinalaren emaitza dela esan dezakegu. XIX. Mendearen azkenera arte, enpresariaren iharduera ekonomikoaren baldintzei dagokienez, ez zen inongo ardura berezirik antzeman. Garai hartako kodeek ez zuten enpresariaren iharduera ekonomikoaren babesik aurrikusi. Pentsamolde liberalak ahalbideen berdintasunean (igualdad de oportunidades) eta lehiaketa perfektuan sinesten zuen; hau da, lehiaketa perfektuaren teoria dela-eta (Adam Smith ekonomilariarena), ez dago iharduera ekonomikoaren babesik, lehiaketa arrezagutzearekin nahikoa zuten, eta hori zen babes guztia. Doktrina honek suposatzen du merkatuan sartu eta ateratzeko askatasun osoa dagoela (teoria abstraktu bezala). Lehiakide batek ezin du gainontzeko lehiakideengan eragin, ezta merkatuko baldintzengan, eta merkatua guztiz gardena da lehiakide eta kontsumitzaileentzat (merkatua perfektua da, edonor sartu edo atera daiteke).

Baina eredu hau krisian sartzen da, errealitatean ez baita honela ematen, adibidez merkatuan agertzen diren zenbait enpresen egoera menperatzailearengatik. Baina Iraultza Industrialaren ondorioz, enpresa-iharduerari buruzko zenbait interes berezi babesteko komenigarritasuna ikusten da, eta kodeetatik kanpo beste arau berezi batzuk emango dira; honela, hauek ezagutzeko Merkatal Kodea baino berriagoak diren beste lege-iturri batzuetara jo behar da.

Merkatuko Ekonomiazko sistema batean, zenbait printzipio edo oinarri arrezagutzen dira: enpresa askatasuna (iharduera ekonomiko bat burutzeko askatasuna), lehiaketa askea (aurrekoarengandik ondorioztatua), borondatearen autonomia, eta jabetza pribatua.

Hiritar guztiek dute ekimen ekonomikorako askatasuna, hau da, edonork dauka enpresari bezala merkatuan libreki sartzeko eskubidea. Behin printzipio hori onartu ondoren, ordenamendu juridikoek horretatik ondorioztatzen den beste printzipio bat arrezagutu behar dute: lehiaketa askea. Lehiaketaren fenomenoak zera suposatzen du: elkar baldintzatzen diren subjektuen arteko borroka, hirugarrenekin harreman ekonomikoak lortzeko helburuarekin, honetarako baldintza onuragarrienak eskainiz.

Baina printzipio hauek, inongo mugarik gabe, aurka jarri daitezke, eta batak bestea deuseztatu. Honela, zenbaitetan borondatearen autonomia eta enpresarien iharduera ekonomikorako askatasuna, nahiz eta zilegia izan, ezin dira hala nola burutu, lehiaketa askea hautsi daitekeelako. Adibidez, borondatearen autonomiaz baliatuz enpresariek beren artean lehiaketarik ez egiteko akordioak ezar ditzakete, itun horietatik kanpo geratzen diren lehiakideen kaltetan. Joku hori mugarik gabekoa bada, monopolioen sorrera erakartzen du. Hau da, printzipio horiek bakarrik uzten baditugu, bata bestearen kontra jar daitezke. Puntu honetan sortzen da Lehiaketa Zuzenbidea.

Beraz, iharduera ekonomikoaren askatasun printzipioak zenbait salbuespen edo derogazio jasan behar ditu. Merkatu liberal batean partaideak beren kaxa jokatzen uzteak lehiaketa akabatzea suposatzen du. Ondorioz, lehiaketa askea babestu eta arautu behar da; bestela, merkatua bere jokura uzten badugu, autodestruktiboa da.

Enpresa askatasuna (eta ondorioz lehiaketa askea) babesteko, azken finean merkatu ekonomiazko sistemak iraun dezan, ezinbestekoa da Estatuaren partehartzea, eta enpresariaren iharduera ekonomikoa babesteko zenbait arau mota sortu dira: Jabego Industrialaren Zuzenbidea (markak patenteak...), Lehiaketaren Babeserako Zuzenbidea, eta Lehiaketa Desleialaren aurkako Zuzenbidea.

Hau da, lehiaketa perfektuari buruzko ekonomilari klasikoen ideiak gaindituak daude, eta orain beste lehiaketa kontzeptu bat hartzen da kontutan, lehiaketa praktikoa edo efektiboa. Honek suposatzen du lehiakideak elkarren artean baldintzatuak daudela (hau da, elkarri eragiten diotela), ekoizkin guztiak ez direla homogeneoak (hau da, artekari edo intermediario ekonomiko guztiak ez dira oposatzen), eta merkatua ez da mundu osokoa (zatitua dago-eta). Beraz, lehiaketa praktikoa zehazteak merkatu erreala mugatzea eskatzen du, eta hau da gure legediak bermatu nahi duen lehiaketa mota.

1989ko Lehiaketaren Babeserako Legeak (16/1989 Legea) esaten duenean lehiaketa nahiko baten existentzia bermatzea duela helburu, lehiaketa nahiko honekin lehiaketa praktikoa bermatzen duela esanahi du (lehiaketa perfektutik lehiaketa praktikora pasatzen da).

2. KONSTITUZIO EKONOMIKOA

Konstituzio ekonomikoa hiritarrak, Estatua eta ekonomiaren arteko harremana arautzen duten funtsezko arau juridikoak dira. Honela, 1978ko Konstituzioan agertzen diren ekonomiari buruzko arauek Konstituzioaren eredu ekonomikoa azaltzen dute.

Konstituzioaren 38. artikuluak enpresa askatasuna edo ekimen ekonomikorako askatasuna aldarrikatzen du, merkatuko ekonomiazko sistema baten barruan, eta botere publikoek enpresa-askatasun horren eraginkortasuna (efectividad) babestuko dutela dio. Merkatuko ekonomiazko sistema baten barruan lehiaketa askatasuna dago, Lehiaketaren Babeserako Legeak bere zioen adierazpenean dioen bezala.

Bestalde, Konstituzioaren 128 eta 131. artikuluetan Estatuaren ekimena arrezagutzen da ekonomiaren ihardueran. Beraz, Estatu Sozialista dela esan ezin dugun arren, ezin da esan Kapitalismo purua denik. Ondorioa: eredu ekonomiko mistoa dugu.

3. LEHIAKETA ETA MERKATUA

Lehiaketa beti merkatuaren barruan ematen da, baina merkatua zein den zehaztu behar da, elementu objektiboak zehaztuz (produktu jakina...), baita elementu lurraldetarrak... Hau da, lehiaketa zehazteko merkatua mugatu behar da; merkatua eta lehiaketa zuzenean lotuak daude, merkatuak lehiaketa ematen den lekua definitzen duelako.

Teoria ekonomikoak honela definitzen du merkatua: enpresari eta kontsumitzaileen arteko elkargunea, non ekoizkin eta zerbitzuei buruzko kontratuak egiteko asmoz topatzen diren (hau da, eskaintza eta eskaria topatzen diren lekua).

Baina hau definizio abstraktua da, eta merkatu hori kasu bakoitzerako bereizi behar da. Horretarako parametro hauek zehaztu beharko dira:

* Elementu objektiboa, hau da, lehiaketaren ondasun ekonomikoa. Elementu objektiboaren eremua ondasun ekonomikoaren aldagarritasunak edo ordezkagarritasunak (intercambiabilidad) ematen digu; ondasun hori aldatu daitekeen mugaraino izango da merkatua. Adibidez, KAS eta FANTA Laranjaren prezioak igotzen badira, jendeak laranja zumoa erosiko du horien ordez (aldatuko ditu); beraz, laranja zumoa eta KAS merkatu berekoak direla esango dugu, bata bestearekin aldatu direlako (aldiz, ez dugu esango KAS eta tabakoaren merkatuak berdinak direnik, produktu bat ez delako bestearen ordez kontsumitzen).

* Espazio geografikoa, hau da, lehiaketaren ondorioak ematen diren eremua: europar merkatua, merkatu nazionala, merkatu lokala...

* Denbora. Denboran mugatutako gertaeren lehiaketa hartzen da kontutan. Adibidez, urte sasoi konkretu bateko produktuak, hilabete batzuetako esposizio unibertsala...

4. LEHIAKETAREN ARAUKETA SISTEMA

Lehiaketaren arauketa bi legek osatzen dute: Lehiaketaren Babeserako Legeak (16/1989 legea, uztailak 17koa), eta Lehiaketa Desleialaren aurkako Legeak (3/1991 legea, urtarrilak 10ekoa). Tradizionalki bi legeak bananduak egon dira, bakoitzak lehiaketaren ikuspegi bat azaltzen duelako.

Lehiaketaren Babeserako Legeak (anti-trust legea) lehiaketaren existentziaren babesa arautzen du, lehiaketa murrizten duten egintzak debekatuz. Babestutako ondasun juridikoa enpresa askatasuna da, hau da, merkatuaren ordenazioa eta askatasuna babesteko interes publikoa dauka kontuan (makro-ekonomiazko kontzeptu bezala).

Lehiaketa Desleialaren aurkako Legeak, aldiz, lehiaketaren kalitate etikoa babesten du, merkatuan parte hartzen duten guztien interesean bertan egiten diren egintzen gardentasuna eta eraginkortasuna babestuz (transparencia y efectividad). Kontutan hartzen duen ondasun publikoa deontologia profesionala da, eta enpresarien interes pribatuen defentsa arautzen du (mikroekonomiazko kontzeptu bezala).

Hala ere, bi ikuspegiak lotuak daude, azken helburua berdina delako: merkatu garbi eta leiakor bat lortzea. Kronologikoki, Europan lehiaketa desleialaren aurkako babesa azaltzen da lehenik. Lehen momentu honetan, lehiaketa desleialari aurka egiteko kontratuz kanpoko erantzukizuna erabiltzen da (responsabilidad extracontractual). Geroago lege bereziak sortzen dira, lehendabizikoa Alemanian (1919an).

Lehiaketaren babesa EEBBtan hasten da, Sherman Act legearekin (1890ean), eta honen ondorioz Europan 1957ko Erromako Tratatuaren bidez. Espainiar Zuzenbidean, aipatutako lehiaketarako bi lege horietaz gain, Erromako Tratatuan jasotako Europar Zuzenbideko lehiaketa arauak kontutan hartu behar ditugu ere, Espainiar Zuzenbidean aplikazio zuzena dutelako.

defero.webcindario.com