defero.webcindario.com

V. MERKATARITZAKO ERREGISTROA

1. MERKATARITZAKO ERREGISTROARI BURUZKO FUNTSEZKO NOZIOAK

1.1. Sarrera
1.2. Sistema ezberdinak; espainiar Zuzenbidearen jarrera
1.3. Erregistroko publizitatearen printzipio orokorrak
1.4. Merkataritzako Erregistroaren antolaketa

2. INSKRIPZIOA ETA ARGITARAPENA

2.1. Subjektu inskribagarriak eta erregistroko publizitatearen objektua
2.2. Idazpen motak
2.3. Erregistratzailearen kalifikazioa
2.4. Publizitate materiala



----------------------------------------




1. MERKATARITZAKO ERREGISTROARI BURUZKO FUNTSEZKO NOZIOAK
1.1. Sarrera


Historikoki, Erdi Aroan Korporazioek merkatal-iharduera burutzeko erregistratu behar zuten. Aurrerago, 1829ko Kodeak garrantzi handia eman zion merkatal-erregistroari.

Gaur egun, banakako merkataria nahi izanez gero erregistratuko da MK 16.1 artikuluaren arabera. Sozietateak, ordea, derrigortuak daude inskribatzera. Bestalde, nabieroa printzipioz ez da merkataria, baina MK 19. artikuluaren arabera erregistratu behar da.

Merkatal Erregistroaren funtzioa da informazioa jaso eta zabaltzea. Beraz, bi norabide ditu: horizontala eta bertikala. Horizontala: ahalik eta gehien jasoko du trafiko ekonomikoari buruz. Bertikala: informazio hori jasotzeak edo ez jasotzeak izan ditzakeen ondorio juridikoak.

Merkatal Erregistroari buruzko araudiari dagokionez, lehena dugu Merkatal Kodeak berak ezartzen duena bere 16 eta 24 artikuluen bitartean; hemen kontutan hartu behar da 19/1989 legeak hauetako hainbat artikulu erreformatu egin zituela. Horretaz gain, Merkatal Kodean esaten dena garatuz, 1784/1996 Errege Dekretua dugu, Merkatal Erregistroko Erregelamendua.

1.2. Sistema ezberdinak; espainiar Zuzenbidearen jarrera

Merkatal Erregistroak, Zuzenbide Konparatuan, bi sistema ezberdin jarraitzen ditu: inskripzio sistema (Espainia eta Alemanian nagusitu dena), eta fitxero sistema (Frantziakoa).

* Inskripzio sistema edo garapen teknikoaren sistema. Sistema honen bidez, merkatariak dokumentu batzuk eramango ditu erregistrora; erregistratzaileak dokumentu horiek kalifikatuko ditu, eta dagokien lekuan inskribatuko ditu.

* Fitxero sistema edo espediente sistema. Erregistroan merkatariak daraman informazioa jasoko da, baina gordailuan. Hau da, erregistratzaileak ez du kalifikatzen, dokumentu osoa hartu eta automatikoki erregistratzen du.

Esan bezala, Espainian inskripzio sistema da nagusi, baina hala ere biak erabiltzen ditu. Honela, zenbaitetan bata eta bestetan bestea erabiliko ditu, gaiaren arabera. Hau da, zenbait dokumentu kalifikatuko dira inskribatu aurretik, baina beste batzuk dauden moduan gordailatuko dira.

Merkatal Kodeko 16. artikuluaren arabera, 19/1989 legearen erreforma eta gero, Merkatal Erregistroa pertsonen erregistroa da berez, baina egintzak ere inskribatu daitezke, fitxero-sistema ere sartuaz. Honela, urteko kontuak gordailuaren bidez erregistratuko dira (balantzea, irabazien kontua, eta memoria), ia kalifikazio juridikorik egin gabe. Beraz, informazio honen izaera gehienbat finantzieroa da, sozietate baten kontabilitatea jasotzen da honela (kontabilitate liburuak), fede publikoa emanez.

Merkatal Kodeko eta Merkatal Erregistroko Erregelamenduko arauketaz gain, sozietate bakoitzak bere araudi propioaren arabera erregistratu beharko du. Adibidez, elkarte anonimoek (SA) 1564/1989 RDLg aplikatuko dute, 218. artikulutik aurrera; erantzukizun mugatuko sozietateek (SL) 2/1995 Legeko 84. artikulutik aurrera aplikatuko dute urteroko kontuei dagokienez...

Kooperatibek printzipioz ez dute Merkatal Erregistroan inskribatu behar, izaera mutuala dutelakoan (ez merkatala), eta beraz ez dituzte kontuak erregistratu behar. Baina orduan doktrinak kritikatzen du iharduera ekonomiko garrantzitsu bat kontroletik kanpo geratzen dela (adibidez, Mondragón Corporación Cooperativa bezalako entitate handi batek kontuak erregistratzeko obligaziorik ez izatea ez omen da bidezkoa). Dena den, arau honek bi salbuespen ditu: asegurua eta entitate finantzieroak (kreditu entitateak, hau da, bankuak). Bi hauek merkatal erregistroan inskribatu beharko dira nahiz eta kooperatibak izan, beren ihardueraren izaera merkatal delako, eta ez mutuala.

Erregistroak betetzen duen beste funtzio bat da kontabilitate-liburuak egiaztatzea, eta kontu-ikuskariak izendatzea, hau da, auditoreak. Zenbaitetan enpresa edo entitate handiek auditorea Estatutuetan izendatzen dute, auditoria egiteko behartuak daudelako, baina txikietan ez daude behartuak, eta ez dute normalean auditorea izendatzen. Honela, bazkideek susmatzen dutenean kontuak ez direla egoki egiten, erregistratzaileari eska diezaiokete auditorea izendatzea.

1.3. Erregistroko publizitatearen printzipio orokorrak

Printzipio hauek hipoteka-legetik eratortzen dira. Nahiz eta Merkatal Erregistroa eta Jabegoaren Erregistroa ezberdinak izan, funtzionatzeko era berdintsua dute, eta printzipio amankomunak konpartitzen dituzte.

- Inskripzioaren derrigortasun printzipioa

Legeak zenbait subjektu inskribagarri erregistratzera derrigortzen ditu (MK 16. art.). Printzipio honen salbuespena norbanako enpresaria da, nahi bada inskribatuko delarik. Inskripzioaren eraginkortasuna adierazpenezkoa da (declarativa), printzipioz ez da eratzailea (constitutiva). Inskripzioak informazio bat ematen digu, baina horrek ez du esanahi errealitatea halakoa denik.

Adibidez, mandatzaileak mandatua errebokatzen badu, nahiz eta ez inskribatu, errebokazio hori eraginkorra da mandatari eta mandatu-hartzailearen artean. Honela, errebokazio inskribatzeak ez du hura sortzen, soilik hura publikoa egiten du, hirugarrenen aurrean aurkagarria izateko.

Hala ere, zenbait kasutan legeak berak esaten du inskripzioa eratzailea izango dela. Adibidez, 1564/1989 RDLg 7.1 artikuluak (Elkarte Anonimoen Legea) dio elkarte anonimoa ez dela sortzen inskribatzen ez bada.

- Errogazio printzipioa

Erregistratzaileak ezin du ofizioz inskripziorik egin, interesatuak eskatua edo epaileak agindua egin dezake bakarrik. Salbuespena MK 18.2 artikuluan agertzen da, non hainbat dokumentu publiko edo pribatu kalifikatzeko eskatzen zaion. Bestalde, sozietate baten epea amaitzean (horren Estatutuetan existentziarako epe bat ezarri denean), erregistratzaileak alboko nota batean (nota marginal) idatzi dezake epea amaitu dela.

- Legezkotasun printzipioa

MK 18.2 artikuluaren arabera, erregistratzaileak, funtzionaria izanik, dokumentuen eta inskripzioaren kalifikazioa egin behar du. Aztertu behar du dokumentu horiek burutzen dituzten alderdiak legitimatuak dauden, gaituak dauden... Inskribatuko ditu soilik dokumentu horiek legearen arabera egin badira.

Bere funtzio kalifikatzaileak erga omnes eragina du, baina organo administratiboa denez, borondatezko jurisdikzioan sortzen da (hau da, batek erregistratzen du nahi badu; beti ere, erregistratzen ez badu egintza deuseza izan daiteke).

Erregistratzaileak ez badu dokumentua onartzen akats formalengatik, helegite-gubernatiboa tarteratu daiteke (hala ere, Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 66 artikuluaren arabera, honek ez du ixten aldi berean bide judizialera jotzeko aukera, erregistratu nahi den dokumentuaren akats materialetan oinarrituz). Interesatua erabaki gubernatiboarekin ados ez badago, altxada-helegitea tarteratu dezake, ENZO/DGRNren aurrean (Erregistro eta Notaritzaren Zuzendaritza Orokorra / Dirección General de Registros y Notarías), merkatal erregistroaren gatazkak konpontzen dituen organo administratiboa.

- Publizitate formalaren printzipioa

MK 23. artikuluaren arabera, merkatal erregistroan inskribatua dagoena publikoa izango da. Printzipio hau indartu egiten da Merkatal Erregistroko Aldizkari Ofizialarekin (BORM). Jabetza erregistroan interesatuek bakarrik kontsultatu badezakete, merkatal erregistroan, aldiz, publikotasun hori irekia da, ez dago zertan interesatua egon behar.

Erregistroan informazioa eskuratzeko bideak ezberdinak dira: oharren bidez, ordenagailuz... Edonola ere, beti egongo da informazioaren nukleo bat hain publikoa izango ez dena.

MK 24. artikuluan eskatzen da inskribagarriak diren subjektu guztien datu identifikatzaileak beren faktura eta dokumentuetan agertzea, hau da, izena, CIF, helbidea...

- Publizitate materialaren printzipioa

Printzipio hau gai honetako 2.4 atalean aztertuko dugu

- Legitimazio printzipioa

MK 20.1 artikuluaren arabera, erregistroak ematen dituen datuak zehatzak eta baliozkoak direla presumitzen da. Hau iuris tantum presuntzioa da (kontrakoa frogatu bitartean), hau da, erregistratutakoari kontra egiteko frogatu beharko litzateke errealitatea ezberdina dela.

- Fede publikoaren printzipioa

MK 20.2 artikuluaren arabera, hirugarrenei begira, merkatal erregistroan inskribatutakoa zuzentzat hartzen da iuris et de iure, hau da, ez du kontrako frogarik onartzen. Inskripzioak ez du egintza deuseza konbalidatzen (hau da, egintza deuseza inskribatzen bada, deuseza izaten jarraituko du), baina bai babesten ditu inskribatutakoan oinarrituz fede oneko hirugarren batek eskuratu dituen eskubideak.

- Lehentasun eta traktu jarraitasunaren printzipioa (prioridad y tracto sucesivo)

Subjektu baten egintzak ez dira inskribatuko subjektua bera inskribatua ez badago. Gainera, egintza horiek kronologia errespetatu behar dute.

1.4. Merkataritzako Erregistroaren antolaketa

Merkatal Erregistroko Erregelamenduko 16. artikuluaren arabera, Merkatal erregistroak lurralde historikoetako (edo probintzietako) hiriburuetan daude. Salbuespena irlak eta penintsulatik kanpo dauden erkidego autonomoak dira, bakoitzak bere erregistroa izango duelarik, nahiz eta probintzia edo lurralde historikoa ez osatu.

Bestalde, erregistro zentrala egongo da, Madrilen kokatua. Berak argitaratuko BORM, eta honela datu guztiak zentralizatuko dira. Erregistro guztiak ENZO/DGRNren menpe daude, Justizia Ministeritzaren menpeko organoa dena.

Egintzak zein erregistrotan inskribatu behar diren inguruan, 17. artikuluak dio subjektuaren egonguko erregistroan egin behar dela. Salbuespenez, larrialdi kasuetan baimentzen da aurkezpen idazpena beste leku batean egitea, baina eska daiteke datu horiek dagokion erregistroari pasatzea.

2. INSKRIPZIOA ETA ARGITARAPENA
2.1. Subjektu inskribagarriak eta erregistroko publizitatearen objektua

- Subjektu inskribagarriak (MK 16. art.)

+ Norbanakako enpresaria (merkataria). Kasu honetan borondatezko inskripzioa da, baina bere egintzak ezingo dira inskribatu bera inskribatu bitartean.

+ Merkatal sozietateak. Merkatal sozietateak derrigorrez inskribatu behar dira. Hauek zeintzuk diren MK 122. artikuluak zehazten du: Sozietate Kolektiboa, Sozietate Komanditarioa, Sozietate Anonimoa (SA), eta Erantzukizun Mugatuko Sozietatea (SL).

+ Aseguru eta finantza-iharduera burutzen duten sozietateak. Printzipioz, kooperatibak ez du inskribatu behar, ez duelako merkatal izaera, baina iharduera hori burutzen badu, bai; baita gizarte aurrikuspenerako planen kasuan (langileek sortutako mutualitateak...).

+ Elkar bermezko sozietateak (Sociedades de Garantía Recíproca). Enpresari txikiek bankuetara jotzean finantza-baliabideen bila, hura lortzeko zaila izango dute, ez dutelako mailegua bermatzeko nahikoa baliabiderik; honela, enpresa txiki asko elkartuz, askoren artean abala egiten diote elkarri, elkar bermezko sozietatea eratuz.

+ Interes ekonomikodun elkarteak. Hauek sozietate bereziak dira, epe baterako elkartzen direnak helburu bat lortzeko. Honen adibidea dugu Asociación Temporal de Empresas deitzen dena, obra publikoa burutzeko bildutako enpresen aldi baterako multzoa dena.

+ Inbertsio kolektiboko instituzioak eta pentsio-planak

+ Legeak aurrikusitako edozein pertsona fisiko edo juridikoa

- Erregistroko publizitatearen objektua

Inskripzioaren objektua (erregistro hartan jasotzen den informazioa) beti izango da homogeneoa, tipifikatua eta normalizatua. Erregistratzaileak ezin du borondatez idazpenik egin, araututakoaren arabera egingo du beti. Honela, numerus clausus printzipioaren bidez zehazten da inskribagarriak diren subjektuak eta egintzak. Baina egoera atipikoak ere inskribatu daitezke, analogiaren bidez (analogia iuris), numerus clausus horretatik atereaz.

Inskripzioaren eraginkortasuna adierazpenezkoa da, ez eratzailea: inskribatua ez egon arren, eraginkorra da alderdien artean, nahiz eta hirugarrenen aurrean ezin den oposatu.

Merkatal Erregistroaren informazioa derrigorrez argitaratu behar da, BORMean, baina ez erregistroan azaltzen den guztia, soilik horren laburpena, Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 392. artikulua, eta 420 eta 428 artikulu bitartean ezartzen denaren arabera.

2.2. Idazpen motak

Idazpenak gazteleraz egin beharko dira, eta Merkatal Erregistroaren Erregelamenduko 33 eta 36. artikuluen bitartean esaten denaren arabera, inskripzioak erregistroko liburuetan jasotzen dira baimendutako ereduen bidez. Ondoko hauek dira idazpen edo idaztohar motak:

- Aurkezpen idazpena

Egunkari-Liburuan (Libro Diario) egiten den lehenengo eta aurkezpenezko idazpena da. Bertan data eta ordua jarri behar da; iraupen-epea 2 hilabetetakoa izango da. Honen aipamena Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 33. artikuluan agertzen da, eta 41. artikulutik aurrera arautzen da.

- Idazpena (anotación)

Idazpena erregistratzaileak egiten du, erregistroko inskripzio-liburuan, dokumentua kalifikatu eta gero. Aurkezpen idazpena eta gero, erregistratzaileak 15 eguneko epea du hau burutzeko. Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 39. artikuluan arautzen da.

- Aurre-arretazko idazpena (oharpen prebentiboa)

Hemen ondasun higiezinen jabego-erregistroaren eragina somatzen da. Hemen inskripzio bat jasotzen da, judizio baten erabakiaren menpean dagoela esanez. Beraz, egintza inskribatzen da, baina kalifikazioa epaileak egingo du. Honen arauketa Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 155 eta 157. artikuluen artean aurkitzen da.

- Kantzelazio edo deuseztapen idazpena

Hau sozietate bat iraungi edo desegiten denean burutzen den idazpena da. Honen arauketa Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 238 eta 248 artikuluen artean dago.

- Alboko oharra

Alboko oharren adibidea dugu sozietate baten iraupen-epea agortzean erregistratzaileak ofizioz burutzen duen idazpena, inork ez badu sozietatea iraungitzeko iharduerarik burutzen (kasu honetan ez da kantzelazioa); adibide hau Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 238. artikuluan agertzen da.

2.3. Erregistratzailearen kalifikazioa

Zer gerta daiteke erregistratzailearen kalifikazioan? Erregistratzaileak esan dezake erregistratu nahi den dokumentuan akatsak daudela (formalak), eta inskribatzeari uko egingo dio, edo esan dezake dokumentu hori Zuzenbidetik kanpo dagoela, akatsa substantzian dagoelako.

Honen aurrean, bi aukera egongo dira: konpondu daitekeen akats formala bada, erregistratzaileak enpresariari akats deuseztagarri hori zuzentzeko esango dio; akatsa dokumentua nulua bilakatzen badu (funtsezkoa bada), interesatuei dokumentua berridazteko eskatuko die.

Kalifikazio horren kontra interesatuak helegite gubernatiboa tarteratu ahal izango du (Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 66. artikuluaren arabera), 2 hilabeteko epean. Interesatua ez badago emaitzarekin ados, altxada helegitea tarteratu ahal izango du ENZO/DGRNren aurrean hilabete bateko epean (71. art.). Honek ez du bide judizialerako bidea eragozten bi alderdien arteko gatazka egonez gero; bestalde, erregistratzailea derrigortua egongo da epailearen esana betetzera.

2.4. Publizitate materiala

Publizitate materialaren printzipioa MK 20 eta 21 artikuluetatik ondorioztatzen da:

MK 21 artikuluaren arabera, inskribatuak dauden egintza guztiak fede oneko hirugarrenen aurrean oposagarriak dira. Baina MK 22. artikuluaren arabera, inskribatzen denetik 15 egun igaro bitartean, inskribatutako egintzak ez dira oposagarriak izango hirugarrenek frogatzen badute ez dutela inskripzioa ezagutzeko modurik izan.

Publizitate materialaren printzipioak hirugarrena babesten du, hura delako erregistroaren helburua. Gainera, beharrezkoa da hirugarren horren fede ona; frogatzen bada horrek bazekiela erregistroan akatsa zegoela, ez da oposagarria izango.

Erregistroan inskribatutakoak erga omnes eragina du. Batzuetan inskripzioa eta errealitatea bat ez datozenez, hirugarren fede onekoa babestu behar da, erregistroak dioena egiatzat hartuz. Hau irudi juridikoaren kontzeptuarekin (apariencia jurídica) lotura estua du. Publizitate materiala bi ikuspegitik aztertu daiteke, beti ere fede oneko hirugarrenek irudi juridikoan duten konfidantza babesteko helburuarekin: ikuspegi negatibotik eta ikuspegi positibotik.

- Publizitate negatiboa

Merkatal Erregistroaren isiltasun edo informazio-ezaren aurrean, fede oneko hirugarrena babestuko da, honek irudi juridikoan duen konfidantza babestuz. Honela, erregistratzen ez diren egintzak egin ez direla suposatuko da, hirugarren fede onekoarentzat erregistroan agertzen ez dena existitu ez dela suposatuko da.

Adibidez, merkatari ezkondu batek ondare komunetik zenbait ondasun atera nahi baditu, kapitulazioak egin eta erregistratu beharko ditu; egin arren ez baditu erregistratzen, merkatariaren hartzekodunek horiek kobratu ahal izango dituzte. Hau da, nahiz eta ondasun horiek pekuliotik atera dituen, ez baditu kapitulazioak inskribatzen, hirugarren fede onekoak ondasun horiek pekulioan egongo balira bezala jokatuko luke, horrengan konfidantza duelako.

- Publizitate positiboa

Inskripzioan akats bat egonez gero, inskripzio horrek ez ditu deusezak diren kontratu edo egintza inskribatuak baliozkotzen. Baina inskripzio horren deuseztasunak ezin ditu fede oneko hirugarrenen eskubideak kaltetu. Hau da, hirugarren fede onekoarentzat erregistroan agertzen dena baliozkoa da (MK 20.2 eta 21.3).

Adibidez, inskribatutako botere bat errebokatzen bada, baina errebokazioa inskribatu gabe, erregistroan botereak indarrean dirauela jarriko du oraindik. Horren arabera ahalordeak negozio bat egiten badu, berez ahalmena eta egin duen negozioa deusezak dira (nahiz eta erregistroak kontrakoa esan), baina negozioa baliozkoa izango da hirugarren fede onekoarentzat (MK 21.4 artikuluaren arabera, hirugarrenaren fede ona presumitzen da).

Oro har, beraz, erregistroak hutsunea zein akatsa badu, publizitate materialak hirugarren fede onekoa babestuko du; negozioa berez nuloa izan daiteke, baina ez hirugarren horrentzako.

Bestalde, akatsa egon daiteke bai inskripzioan, bai argitarapenean. Kasu horretan MK 21.3 artikuluak aukera ematen dio fede oneko hirugarrenari bien artean aukeratzeko, berari gehien interesatzen zaiona (literalki interpretatuz, esaten du argitarapena aukeratu dezakeela, baina Eizagirrek dio bien artean aukeratu daitekeela). Edozein kasutan, diskordantzia zegoela bazekiela alegatzeko (fede txarra alegatzeko), hura demostratu behar da, MK 21.4 artikuluaren arabera.

defero.webcindario.com