defero.webcindario.com

II. MERKATAL ZUZENBIDEAREN KONTZEPTUA XX. MENDEAN

1. MERKATAL ZUZENBIDEA 1885eko MERKATAL KODEAN

1.1. Merkataritzako egintzak
1.2. Merkatari kontzeptua

2. ENPRESARI BURUZKO DOKTRINAREN HARRERA: ENPRESARIAREN LEGEZKO KONTZEPTUA

3. ENPRESARI NOZIOAREN LEGEZKO AIPAMENAK (MK 16 eta 25 art.)

4. MERKATARIAREN ESTATUTUA ALA ENPRESARIARENA?

5. MERKATARITZAKO ZUZENBIDEAREN ETA ZUZENBIDE ZIBILAREN ARTEKO HARREMANA

6. ESPAINIAR MERKATARITZAKO ZUZENBIDEAREN KONTZEPTUA ETA SISTEMATIZAZIOA


----------------------------------------




1. MERKATAL ZUZENBIDEA 1885eko MERKATAL KODEAN
1.1. Merkataritzako egintzak


Teoria hau Frantzian jaio zen, baina ez zen oso egokia, egintzak zerrendatzen saiatzen zirelako, eta hura ezinezkoa da, etengabe figura berriak sortzen direlako. Hala ere, Espainian neurri batean teoria hau hartu zen.

Merkataritzan, bi elementu bereiztu behar ditugu: merkataritzako araudia (elementu normatiboa, hau da, Merkatal Kodea, giza-errealitatea arautzen duena), eta merkataritzaren edukia edo materia (giza-errealitatea; hau identifikatu eta mugatzen merkataritzako-egintzak lagunduko digu.

Merkataritzako araudiari dagokionez, bi zati nagusi ditugu:

* Obligazioen zuzenbidea eta ondasun higigarrien arauak (MK 2. liburuan). Gehienbat kontratuak: komisio-kontratua, aseguru-kontratua, lur-garraio kontratua, txekea, ganbio-letra... Hemen azaltzen da kontratu-askatasunaren printzipioa, eta horregatik arau dispositibo asko egongo da.

* Merkatariaren status-ari dagozkion arauak (MK 1. liburuan). Merkataria izateko gaitasuna (MK 4-15), merkatal erregistroko arauak (MK16-32), kontabilitate-arauak (MK 32-49), zuzenbide konkurtsala (pago etendura eta kiebra).

Merkataritzako edukia, esan bezala, giza-errealitatea da, eta errealitate honek laguntzen digu merkataritzako eragiketak (operaciones) eta merkataritzako egintzak (actos) bereizten. Merkataritzako egintzak izaera kontraktuala duten egintza juridikoak dira (kontratuak). Eragiketak, aldiz, kutsu ekonomikoa duten eragiketak izango dira, izaera konplexua dutenak; eragiketen izaera, juridikoa baino, ekonomikoa da (Erdi Aroko negoziazioaren antzera, trafiko ekonomiko hutsa zena).

Adibidez, ondasun higiezin baten salerosketak izaera ekonomiko eta patrimoniala du, eragiketa ekonomikoa da, baina Kode Zibilak arautuko du alderdiak pertsona pribatuak badira (merkatariak ez badira); honela, eragiketa ekonomiko baten aurrean egongo gara (salerosketa), baina ez da merkatal egintza izango. Beraz, eragiketa zabalagoa da merkatal-egintza baino; merkatal-egintza beti da merkatala; eragiketa, aldiz, zibila izan daiteke.

Merkatal egintzetan arlo objektibo eta subjektiboa hartzen dira kontutan, subjektiboari garrantzia gehiago emanez. Normalean merkatal kontratua merkatariak sinatuko du, kontratuaren bi alderdiak merkatariak izanik. Baina batzuetan ez da baldintza hori ematen, gerta daiteke alderdi bat merkataria izatea eta bestea ez.

Orduan, zer eskatzen da merkataritza-egintza izateko (eta beraz, harreman hori Merkatal Kodearen bidez arautzeko)? Objetiboki, eskatuko da trafikoan aritzea, merkataritza eragitea (edota irabazteko asmoa izatea). Adibidez, komisio-kontratuan, gerta daiteke enkargua agintzen duena merkataria ez izatea, baina horren ordez aritzen den komisionista merkataria izatea, eta beraz merkataritzako egintza izango da.

Merkatal Kodearen 2. artikuluan merkatal egintzak zeintzuk diren agertzen da:

* Merkatal Kodeak jasotzen dituen egintzak (kontratuak). Adibidez, fletamendu-kontratua merkatal-kontratua (merkatal egintza) izango da beti, Merkatal Kodeak jasotzen duelako (Kode Zibilak ez du jasotzen). Baina askotan Merkatal Kodeko kontratuek parekoa dute Kode Zibilean; orduan, hutsuneak Kode Zibilarekin beteko dira.

* Arautu ez arren, Merkatal Kodeak aipatzen dituenak. Adibidez, itsasontzien eraikuntza (kasu honetan, aztertu beharko da horren izaera, jakiteko Merkatal Kodeak arautu behar duen).

* Analogiaz, antzeko izaera dutenak. Analogia kontratu atipikoentzat erabiltzen da (aurrikusi gabeko figura berriak sortzen direnean...). Adibidez, agentzia kontratuaren legean esan zen komisio kontratutik zetorrela, eta beraz hutsunerik egonez gero, praktikan komisioaren arauekin betetzen da (hala ere, ondorio juridikoak ezberdinak dira)

Merkatal Kodeak ondo konpondu zuen izaera mistoa zuten merkatal-egintzen arazoa (adibidez, mailegu-kontratua banketxea eta pribatu baten artean ematen bada, zergatik aplikatu beharko genioke kontratu honi Merkatal Zuzenbideko preskripzio epea, zorrotzagoa dena? Beraz, kasu honetan Kode Zibila aplikatzen da).

1994ko kontsumitzaile eta erabiltzaileen babeserako legeak dio ezin dela klausularik ezarri kontsumitzailearen kontra.

Bestalde, beti izango dira merkataritzakoak banketxeko gordailu kontratua (MK 310), lur-garraio kontratua (MK 349), eta pasaiarien itsas-garraioa (MK 693).

Merkatal Zuzenbidearen autonomiaren aldekoek nahi dute kontratu mistoak Merkatal Zuzenbidean barneratzea. Beste batzuek diote arau asko Zuzenbide Zibiletik gertu daudela, eta horregatik mistoak Zuzenbide Zibilaren arabera arautu daitezkeela.

Alemanian, izaera mistoko kontratuak printzipioz Merkatal Kodetik pasatzen dira, beti ere kontsumitzailea (merkataria ez dena) kaltetzen ez badu.

1.2. Merkatari kontzeptua

Merkatal Kodeko 1. artikuluak bi irizpide ematen ditu merkatariak nortzuk diren zehazteko (pertsona fisikoak zein sozietateak): irizpide subjektiboa izango da nork burutzen duen iharduera, eta irizpide objektiboa izango da komertzioan iharduten badute izango direla merkatariak.

Irizpide objektiboa izango da merkatal edo komertzio iharduera burutzea (burtsa, tartekarien iharduera, banketxetako iharduera, obra publikoak eta tren konpainiak, ondasun higigarrien salerosketak, pertsona eta gauzen lur eta itsas garraioak...). Kontutan hartu behar da merkataritzako eragiketak (kutsu ekonomikoa duten eragiketak) ez direla merkataritza egintzak. Bestalde, ez dira merkataritza-egintzatzat hartuko artisauen lana, profesio liberalak, eta ondasun higiezinen jabego-agenteak (agentes de la propiedad inmobiliaria, API).

Irizpide subjektiboa, pertsona fisikoen kasuan, izango da merkataritzan aritzeko gaitasun juridiko orokorra edukitzea. Honela, merkataritzat hartuko denak bere izenean ihardun behar du komertzioan (adin txikiak eta ezgaituak ere merkataritzan aritu daitezke, beti ere tutoreen bidez). Merkataria izango da ere ahalordea, merkatariaren izenean diharduena (administradorea).

Pertsona juridikoen kasuan (sozietate eta konpainiak), merkatal sozietatea eta industria sozietatea berdina izango dira Merkatal Kodearentzat.

Sozietate berezia dugu kooperatiba. Hau sozietatea da, baina ez du merkatal-izaerarik, helburu mutuoa duelako, bazkideen artean laguntzeko sortua delako; beraz, ez zaie merkatal zuzenbidea aplikatuko (hala ere, kooperatiba askok merkatal iharduerak burutzen dituzte). Bi salbuespen daude, non kooperatiba izan arren, merkatal sozietatearen izaera izango duten: kreditu-kooperatiben kasuan, eta aseguru-kooperatiben kasuan (adibidez, Lagun Aro).

Bestalde, sozietatearen helburua, adibidez, kulturala bazen, hura ezin ziren merkatal kodearen barruan geratu; baina 1941eko legearekin, merkataritzako kodean araututako sozietate baten forma hartzen badu, Merkatal Kodearen menpe geratuko da, nahiz eta irabazteko asmorik ez izan. Adibidez, Erreala (Real Sociedad) elkarte anonimoaren forma hartu zuen, eta beraz Merkatal Kodea aplikatzen zaio nahiz eta kirol-elkartea izan.

2. ENPRESARI BURUZKO DOKTRINAREN HARRERA: ENPRESARIAREN LEGEZKO KONTZEPTUA

Enpresa nozioa oso garrantzitsua da Zuzenbidearen arlo ezberdinetan: Merkatal Zuzenbidean, Lan Zuzenbidean, Finantza Zuzenbidean, Sozietateen Zuzenbidean, Kontsumitzaileen Babeserako Legean...

Honela, pixkanaka merkatari kontzeptutik enpresari terminora goaz. 19/1989 legeak (uztailak 25ekoa) Europar Batasuneko direktiba inplementatu zuen (sozietateei buruzkoa), eta Merkatal Kodeko merkatari terminoa desagertarazi zuen, eta enpresaria sartu zuen 16 eta 25 artikulutan.

Printzipioz, enpresa ez da errealitate naturala, gizakien lorpena baizik, bere behar ekonomikoak asetzeko. Errealitate hori ekonomian kokaturik dago. Beraz, bere kontzeptu ekonomikoa izango dugu; baina guri kontzeptu juridikoa inporta zaigu.

Enpresaren nozioak bi arlo ditu: subjektiboa eta objektiboa. Arlo subjektiboa enpresaria izango da (dinamikoa, eskubide eta obligazioen titularra); arlo objektiboa negozioa izango da (estatikoa). Kodifikaziotik aurrera negozio bezala ikusi izan da. 1807an Napoleonen merkatal kodeak (le Code du Comerce) negozioaz hitz egiten zuen. Alemaniar merkatal kodeak ere (HGB) Gewerbe esaten zuen, negozioa esanahi duena. Honela, enrpesaren ezaugarriak izango dira berezko iharduera izatea, iraupena, ordainsariaren truke izatea, eta lana kanporantza egitea (kanpora begira). Alemanian garrantzia ematen zaio iharduera nola burutzen den, eta ez zer egiten den.

WIELAND autorearen teoria berritzailearen arabera, enpresa izango da Merkatal Zuzenbidearen bizkarrezurra. Hala ere, ez zuen lortu Merkatal Zuzenbidea Zuzenbide Zibilarekin uztartzea, merkatari kontzeptua baztertzea.

Merkatal Zuzenbidearen autonomia aldarrikatzen zutenek Merkatal Zuzenbidea sustatu nahi zuten. Ikusita enpresek iharduera merkatala burutzen zutela, merkatari kontzeptua alboratu, eta enpresa hartu zuten.

Espainian 1954an GIRON-ek ekarri zuen teoria hau. Europako kontzeptzio hori hartu, eta hemen uztartzen saiatu zen, enpresarien iharduera Merkatal Zuzenbidearen zutabe bezala hartuz.

EIZAGIRRE ez dago ados kontzeptzio honekin, enpresa eta enpresariaren kontzeptuak automatikoki sartu direlako espainiar Merkatal Zuzenbidean, Konstituzioak sortzen duen iturri-sistema (9. art.) errespetatu gabe3. Honetaz gain, kontzeptu honek ez du Merkatal Zuzenbidea bere osotasunean barnebiltzen: lehiaketa zuzenbidea, industria zuzenbidea...

Italian kode bakarra dago, il Codice, eta Kode Zibilean merkatal araudia sartua dago, 1942an egin zen baterakuntzaren ondorioz. Hemen ere, MOSSAri jarraituz, enpresa orokorraren kontzeptua Kode Zibilean sartzen da. Kontzeptu orokor horren barruan bereizten da Lan Zuzenbidea (langileekiko harremana), eta Lehiaketa Zuzenbidea (enpresarien arteko harremanak).

Italian enpresaren balorazio soziala ematen da, eta zehazten da badagoela enpresa mota bat merkataritzakoa dena, baldin eta merkatal-erregistroan inskribatzen bada. Inskribagarriak diren iharduerak zerrendatzean, konturatzen dira zerrenda horretan sartzen diren iharduerak garai batean merkatariek egiten zituzten berberak direla. Beraz, merkatarien terminoa alboratu, eta horren ordez enpresa eta enpresaria erabili zuten.

Alemanian, WIELAND eta gero, SCHMIDT autoreak bere teoria berritu zuen, esanez enpresa dela Merkatal Zuzenbidearen oinarria (WIELANDen teoria baieztatuz), eta enpresaren ezaugarriak hauek direla: negozioa, eta ordainsariaren truke iharduera bat burutzea. Kanpoan uzten ditu profesio liberalak, artisauak, eta abar, eta bereizten du ere enpresen tamaniaren arabera.

1985ean Europar Batasunak emandako direktiba inplementatzerakoan, Alemanian ez zen merkatariaren kontzeptua erabat baztertu, nahiz eta enpresariaren kontzeptua oinarritzat hartu. 1998an merkatariaren kontzeptua zabaldu zuten Merkatal Kodea erreformatuz, honela, merkatariaren iharduera (ez enpresarena) negozioa ustiatzean datza, eta profesio liberalak kanpoan uzten ditu, baita negozio txikiak ere.

3. ENPRESARI NOZIOAREN LEGEZKO AIPAMENAK (MK 16 eta 25 art.)

MK 16.1 artikuluan enpresariak merkatal erregistroan inskribatu beharra agertzen da, eta MK 25 artikuluan enpresariek kontabilitatea eramateko obligazioa dutela (enpresaria, ez merkataria). Zein eragin izan dezake honek MK 1. eta 2. artikuluetan merkatarien kontzeptua eta merkataritza-egintzena jasotzen bada? Merkatari kontzeptuaren barruan enpresa eta enpresaria sartuko dira (beste inon ez delako aipatzen Merkatal Kodeak enpresarien iharduera arautzen duenik). Honela, autore gehienen arabera, garai batean merkatarien zuzenbidea zena, orain enpresarien zuzenbidea izango da. Beraz, enpresari terminoa sartzean, doktrina eta dogmatikaren jarrera nagusia jarraitzen da: Merkatal Zuzenbidea Enpresaren Zuzenbidea dela.

Gehienak ados daude aldaketa honekin, baina EIZAGIRREk dio horretarako erabili den bidea ez dela zuzena, Konstituzioaren iturrien hierarkia ez duelako errespetatzen (ikus 3. nota). Bestalde, autore honek dio teoria horren bultzatzailekk argitu behar dutela zergatik merkatariaren kontzeptuak hobeto zehazten duen errealitate soziala. Bere esanetan, aldaketa bakarra semantikoa da, baina ez kontzeptuala; hau da, lehen merkataria zenari orain enpresaria deitzen zaiola, baina kontzeptua aldatu gabe. Terminoaren sartze hori garapen metodologiko baten bidez izan beharko litzateke, eta ez automatikoki, inongo ikerketa dogmatiko sakonik gabe.

Bestalde, GARRIGUES autoreak ez du onartzen enpresa izatea Merkatal Zuzenbidearen oinarria. Honekin kontrajarria, CURIAk argi du Merkatal Zuzenbidearen eta trafiko merkatalaren oinarria enpresaria dela, eta bi terminoen artean, enpresaria erabili behar dela.

Orduan, zer geratzen da enpresa kontzeptuaren barruan, eta zer ez?

* Nekazariak. Hauek beti geratu izan dira Merkatal Kodetik kanpo, MK 326 artikuluaren arabera, normalean erabiltzen dituzten baliabideak (maileguak...) ez direlako enpresen parekoak (batez ere tamainari dagokionez. Hala ere, gaur egun zenbait autorek (EIZAGIRREk, besteak beste) diote hainbat nekazarien iharduera enpresariarena dela, bere tamainarengatik, eta horregatik sartu beharko liratekeela. Zuzenbide konparatua aztertuz, ikusiko dugu Italian enpresari zibilak direla, eta Alemanian Merkatal Kodean sartzen direla soilik inskribatzen badira. Dena den, 1985ean esplotazioak modernizatzeko legea eman zen, nekazariei bestelako trataera emanez.

* Meatzariak (honekin batera, arrantza eta harrobiak). Hauek tradizionalki Merkatal Kodetik kanpo geratu izan dira ere, 1. sektoretzat hartzen zirelako, baina gaur egun iharduera horiek industriaren parekoak dira, eta sozietateek bezala funtzionatzen dute. EIZAGIRREk hauek Merkatal Kodean sartzea babesten du, baina oraingoz kanpoan geratzen dira.

* Ehungintza eta artisautza ere kanpoan geratzen dira. Hauen tamaina lehen txikia zen, baina gaur egun batzuek tamaina handiko iharduera dute (zer esanik ez jostunek, askotan modan zeresan handia dutenak). Kasu hauetan zalantzagarria da Merkatal Kodean ez sartzea.

* Profesio liberalak. Hauek betidanik geratu izan dira kanpoan, lan intelektuala zela-eta. Gainera, normalean nahiko iharduera txikia izan dute. Hala ere, badira abokatuen bufete handiak, edota medikuen elkarte zabalak...

Kontutan hartu behar da Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako Legearen arabera, profesional hauek baldintza orokorreko kontratuen arauetara loturik geratuko direla sinatzen dituzten kontratuetan.

* Enpresa publikoak. Garai batean zalantza egon zen, ea Merkatal Zuzenbidearen arabera arautuko ziren. Baina gaur egun badira enpresa publikoak Merkatal Elkarteen antzera dihardutenak, eta beraz Merkatal Zuzenbidearen menpe geratuko dira.

MK 16 eta 25 artikuluen erreformaren inguruan, EIZAGIRREk dio ez duela merkatariaren nozioa inolaz ere aldatzen, lehen Merkatal Zuzenbidetik kanpo geratzen zirenak kanpoan dirautelako nahiz eta enpresariaren teoria nagusitu. Ezberdina izango litzateke 1985eko balio-erantsiko (BEZ) legeak egin zuen bezala enpresari eta profesionalen definizioa eman izan balu. Aitizitik, lege honek esan zuen enpresari eta profesional mota asko dagoela. EIZAGIRREk dio trasposizioa gaizki egin zela, garapen metodologikoa aportatu beharko lukeela.

4. MERKATARIAREN ESTATUTUA ALA ENPRESARIARENA?

Gogoratu EIZAGIRREk eginiko kritika 19/1989 legeari, honek ez duelako inolako ekarpenik egiten merkatari kontzeptuari, eta ez duelako ezer konopontzen lehiaketa zuzenbideari eta industria zuzenbdieari dagokienez.

Lehiaketa Zuzenbideak markak eta asmakuntzak arautzen ditu, adibidez, eta ez du honen inguruko ezer berezirik esaten. Bestalde, Industria Zuzenbidea trafikoa eta interes publikoa babesteko sortu zen, baita kontsumitzailea ere, eta hau Merkatal Zuzenbidean sartu behar dugun inguruan zalantza ekartzen du; enpresariaren kontzeptua sortzeak ez digu hau argitzen. Beraz, aldaketa honek ez digu ezertarako laguntzen Merkatal Zuzenbidean. Ez du merkatariaren kontzeptua zehazten, eta merkatariaren status-aren arauak (merkataria izateko baldintzak) berdin mantentzen dira. Beraz, EIZAGIRREk erabat kritikatzen du enpresa Merkatal Zuzenbidearen oinarritzat hartzea.

5. MERKATARITZAKO ZUZENBIDEAREN ETA ZUZENBIDE ZIBILAREN ARTEKO HARREMANA

Merkatal Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibila Zuzenbide Pribatuaren barruan kokatzen dira. Merkatal Zuzenbidearen autonomiaren aldekoek diote beti bereiztu behar direla bata eta bestea, enpresak ez duela zerikusirik Zuzenbide Zibilarekin (adibidez, Frantzian Merkatal Zuzenbidea eta Zuzenbide Zibila aldendu egin ziren, eta erabat bereiztuak daude). Beste batzuek, aldiz, defendatzen dute Merkatal Zuzenbidea Zuzenbide Zibilaren menpekoa dela, han duelako bere oinarria. Hau lehendabiziko aldiz OSCHIMOT autoreak esan zuen (vasos comunicantes).

Azken pentsaera hau bat dator Zuzenbide Erromatarretik aldendu eta Zuzenbide Germaniarra hartu zuten lurraldeekin (Pandektistikaren bidez oinarri amankomunak bilatu zituzten). Honela, HIESSERen esanetan, ekonomiaren eraginez, Zuzenbide Zibilaren merkantilizazioa ematen da (adibidez, banketxe batek emandako mailegua dugu; lehen Merkatal Zuzenbideak soilik arautzen zuen, baina oraingoan banketxeek mailegu zibilak ematen dituzte ere). Zuzenbide Zibilaren merkantilizazioa: pribatu bat eta enpresa baten arteko harremanetan (bankuaren mailegua...), BGB (Kode Zibila) aplikatu izan da pribatua babesteko, eta ondorioz Zuzenbide Zibila erabili izan da kutsu merkatala duen kontratuan.

Betidanik existitu izan diren instituzioak berritzeko, lege bereziak eman izan dira (pago etendura...), kodean arautua zegoen gaia kodetik atereaz, deskodifikazioa deitu izan dena. Bestalde, instituzio berriak sortu izan dira ere, kodetik kanpo arautuz, lege berezietan, antikodifikazioa deitu izan dena. Bi fenomeno hauek sistematizazio falta eta printzipio eza eragin dezakete, kodeen eraketarekin lortu nahi zenaren kontrakoa hain zuzen.

Lehen Zuzenbide Merkataleko instituzio propioak zirenak, adibidez asegurua, denborarekin Zuzenbide Zibilean hedatu dira, eta kutsu merkatala galduta, 1980an aseguru-legea eman izan da. Horregatik gaur egun askotan hobe da Zuzenbide Zibila aplikatzea Merkatal Zuzenbidea aplikatzea baino. Askotan lege berezi horien sailkapena arbitrarioki egiten da argitaletxeen aldetik; adibidez, jabego intelektualaren legea Kode Zibilarekin batera argitaratzen da, nahiz eta Zuzenbide Merkatalarekin harreman handia izan.

Frantzian, le Code eta Code d'Comerce dute (Kode Zibila eta Merkatal Kodea). Hemen berezitasuna dute merkataritzako epaitegiak dituztela. 2000. urtean aldaketa egin zen, sakabanatutako legedia testu bateratuan jarriaz, baina sistematizazio edo printzipio orokorrik gabe.

Suitzan Kode Zibila dago bakarrik, 1907koa. Hor merkataritzako arauak daude. Hala ere, autonomia legislatiboa izan ez arren, fakultatetan zientifikoki bereizketa hori egiten jarraitzen da. Italian, kode bakarra izanik (il Codice, 1942), antzekoa egiten da.

EEBBtan, Common Law barrukoa izanik, 1951ko Commercial Code dago, edonori aplikatzen zaiona.

Alemanian, aldiz, bi kode daude, BGB (Kode Zibila) eta HGB (Merkatal Kodea). Gauza bera ez badira ere, printzipio orokor amankomunak dituzte.

6. ESPAINIAR MERKATARITZAKO ZUZENBIDEAREN KONTZEPTUA ETA SISTEMATIZAZIOA

Espainian bi kode daude: Kode Zibila eta Merkatal Kodea. Merkatal Zuzenbidea gaitasuna Estatuari dagokio, Konstituzioaren arabera. Hala ere, hainbat arlotan erkidego autonomoek eskuduntza dute arautzeko.

Merkatal Kodea 1885ekoa den bitartean, Kode Zibila 1889koa da. Bi kode hauen arteko epean, arazo patrimonialak Merkatal Kodeak arautu zituen, Kode Zibila sortu bitartean. 1868ko iraultzaren ondorioz, merkatarien auzitegiak desegin ziren, eta merkatarien arazoak auzitegi zibilak aztertzen ditu.

Arazo foralak ez du eragin handirik izan, honetan batez ere familia eta oinordetza arazoak zirelako garrantzitsuak, Zuzenbide Zibilari dagozkionak.

Bata eta bestearen instituzioak askotan amankomunak dira, arlo askotan erregulazioa bikoizten delarik. Horren ondorioz, Alemanian emandako printzipioen uztartze-lana hemen eman ez denez, nahiko banatuak geratu ziren, eta Zuzenbide pribatua asistematizatua geratu zen.

Gaur egungo merkatal doktrinak eskatzen du batez ere obligazioetan batzea; zibilistek, aldiz, ez dute hainbesteko beharra ikusten, ez dute honen inguruko kezkarik azaltzen.

LANGLE autoreak teoria erlatiboa defendatzen du, baita VICENT-CHULIAk, SANCHEZ CALEROk,...

Merkatal Kodearen barruan sartzen da merkatariaren estatutu juridikoa (Merkatal Zuzenbidearen substantzia edo nukleoa dela esaten da, arau inperatiboak direlako), eta honen barruan erregistroa, kontabilitatea, eta kiebra (porrota) eta pago etendura.

Merkatal Kodetik kanpo arautua, Lehiaketa-Zuzenbidea dugu, lehiaketa desleialeko legean eta lehiaketa babesteko legean. Bi hauek merkatuaren ihardueraren barruan sartuko dira.

Merkatal Kodetik kanpo arautua ere, Industria Zuzenbidea dago, asmakuntzak (patentes), markak eta jabego intelektuala barne hartzen dituena. Hauek ekonomia eta enpresaren arloan sartzen dira, asmakuntzek (baita markek) balioa izango dutelako enpresarentzat (hura ustiatzeaz gain, alokatu dezake...). Jabego intelektuala arlo zibilari dagokio, ez delako industriala, intelektuala baizik; baina harremana du enpresarekin, sortzaileak hura jabegoan izan arren, enpresak ustiatzen duelako.

Sozietate Zuzenbideak berezko sustantibitatea du; adibidez, Alemanian asignatura independentea da.

Bestalde, Obligazioen Zuzenbidea dago, Merkatal Kodean arautua dagoena; hala ere, arau orokor gehienak Kode Zibilean daude.

Titulu-baloreak, ganbio eta txekeen legea... Hauek Merkatal Kodetik ateratzen dira, gauzen Zuzenbidean sartzen dira.

Zuzenbide Konkurtsalak pago etendurarekin du harremana.

Itsas Zuzenbidea. Gaur egun fakultatetan ez da ia azaltzen. Hemen ere, kontratuei dagokienez, obligazioen zuzenbidearen barruan sartu beharko litzateke (itsas-gizona, itsasontzia eta itsas-istripuen arauketa Itsas-Zuzenbidearen barruan sartzen dira, baina izaera erabat informatiboa du, ez du jatorri kontraktualik, ez du harremanik Kontratuen Zuzenbidearekin).

defero.webcindario.com