defero.webcindario.com

I. MERKATAL ZUZENBIDEAREN JATORRI ETA GARAPEN HISTORIKOA

1. MERKATAL ZUZENBIDEAREN HISTORIA

1.1. Ius mercatorum merkatarien zuzenbide profesionala bezala. Bere ezaugarriak
1.2. Merkatal Zuzenbidea Aro Modernoan
1.3. Merkatal Zuzenbidea XIX. Mendeko Kodegintzan

2. ZUZENBIDE PRIBATUAREN KODEKETA: EREDU EZBERDINAK

2.1. Merkatal Zuzenbidearen espainiar kodeketa
2.2. 1885eko Merkatal Kodea (egun, partzialki desemana)



----------------------------------------




1. MERKATAL ZUZENBIDEAREN HISTORIA

Merkataritza (= komertzioa) terminoaren inguruan, bere jatorri etimologikoa aztertzen badugu, aurkituko dugu latinezko merx mercis (merkantzia) hitzaren eratorria dela, eta honetatik eratortzen direla ere merke, merkatu, merkatari,...

Kode Zibilak berez merkataritzari dagozkion kontratuak ere jasotzen ditu. Beraz, noiz jarraitzen ditu salerosketa bezalako kontratu batek Kode Zibileko arauak, eta noiz Merkatal Kodekoak? Hau konpontzeko ez da nahikoa kontratugileen izaera kontutan hartzea; adibidez banku batekin gordailu-kontratua sinatzean merkatal kodea aplikatzen zaigu nahiz eta gu merkatariak ez izan. Tradizionalki, bi konponbide egon dira:

- Merkataritza Egintzen Teoria (actos de comercio). Europan hedatu zen teoria honen arabera, merkatal-iharduera baten aurrean gaudenean, Merkatal Kodeak arautuko du. Baina teoria honek kutsu ekonomiko hutsa zuen, eta batzuetan ezin da teoria honen arabera jokatu, bere jatorria kanpokoa delako (Frantziatik dator), eta ez da gure sistemara ondo egokitzen. Honi kritika egin izan zaio, esanez Zuzenbide Pribatu eta Merkatalaren arteko bereizketa zenbaitetan arbitrarioki egin dela, iharduera jakin batek kutsu merkatala izatean oinarrituz.

- Vicent Chulia-ren arabera, Zuzenbide Merkatalaren autonomia erlatiboa da; adibidez, salerosketa kontratua Zuzenbide Zibilaren arabera ere burutu daiteke. Biak dira Zuzenbide Pribatua, eta biek dituzte arau orokor batzuk amankomunean.

Autore batzuek diote Zuzenbide Merkatalaren obligazioen atala Zuzenbide Zibilak arautu beharko lukeela, hau da, baterakuntza defendatzen dute. Beste batzuek, aldiz, Zuzenbide Merkatalaren autonomia defendatzen dute. Hainbat kontratuetan ez dago argi Zuzenbide Zibila edo Merkatala aplikatu behar den, batez ere alderdietako bat merkataria ez denean.

1.1. Erdi Aroko Ius mercatorum merkatarien zuzenbide profesionala bezala. Bere ezaugarriak

Merkataritza eraginkorra izateko, hura arautzen duen Zuzenbidea arina izan behar da, eta Zuzenbide Erromatarra ez zen batere arina. Honek bi zutabe zituen: jabetza eta ondasun higiezinen araudia; bestalde, arau prozesalak oso motelak ziren. Beraz, oso estatikoa zen. Bitartean, Europar mendebaldean Zuzenbide Germanikoa zegoen, malguagoa, ondasun higigarri eta espekulazioan oinarritua. Baina bata zein bestea ez ziren erabat egokiak.

Honela, merkatariek taldeak osatu zituzten (Korporazioak), eta euren arauak eman zituzten, Ius mercatorum eratuz (merkatarien zuzenbidea, uniformea zena, mugetatik at aplikagarri), merkatarien usadioetan eta ohiturazko zuzenbidean oinarrituz. Merkatariak burgoetan (hirietan) pilatzen joan ziren.

Nekazal ekonomia batetik etekina atera, eta horiek manos muertas-etara pasatzen ziren.

Merkatari-izaera (status-a) eskuratzeko korporazio horietako batean erregistratu behar zen (merkatal erregistroaren aitzindaria). Korporazio hauek epaitegi bereziak zituzten (Kontsulatuak), Zuzenbide Komuna (Zuzenbide Zibila) aplikatu beharrean Ius mercatorum aplikatzen zutenak, merkatarien berdintasunaren bidez (aequitas mercatoria).

Merkatal instituzioei dagokienez, baliabide bakarra salerosketa-kontratua zen; ez zen garraio edo aseguru kontraturik existitzen, denborarekin salerosketaren eranskin bezala garatu baziren ere.

Canviatoreak sortu ziren, hasiera diru-trukean bakarrik aritzen zirenak, baina denborarekin kredituak ere ematen zituzten, ganbio-letraren bitartez. Sortutako beste instituzio bat konpainia izan zen, societas mercatorum (enpresen sozietatea) erakundearen aitzindaria. Beste bat izan zen commenda edo interesamenduak, adibidez elizaren diruak kudeatu eta inbertitzen zituena elizak bere kabuz ezin zituelako inbertitu (korporazio horiek Espainian universidades deitu izan dira).

Ius mercatorum delakoari eginiko kritika izan da honek merkatariak onuratzen zituela, baina berez Zuzenbide Komuna baino zorrotzagoa zen (preskripzio arau eta epeak,...).

1.2. Merkatal Zuzenbidea Aro Modernoan

Amerika, Asia, Ozeania eta abar aurkituak, merkataritza itsasontziz garatu zen. Horretarako sortu ziren konpainiak (societas mercatorum), merkatal-itsasontzi bat finantzatzeko kapital handia behar zelako, eta soilik halako taldeek bildu zezaketen diru nahikoa. Oso ezaguna eta garrantzitsua izandako konpainia dugu Caracaseko Gipuzkoako Konpainia, 1728an sortua.

Aro Modernoan garapen ekonomiko izugarria eman zen Europan, eta monarkiak merkatua batzen saiatu ziren. Honela, Estatu modernoak hasi ziren sortzen, hauek ekonomian parte hartuz, Merkantilismoari sorrera emanez, garapen ekonomikoa, humanismoa eta berpizkundearekin batera.

Monarkek merkatariekiko mesfidantza zuten, izugarrizko boterea eskuratua zutelako, eta legeak eman zituzten hauen boterea murrizteko. Honela, monarkek instituzio berriak sortu zituen: banketxeak. Historiako lehen bankua 1694an sortutako Bank of England dugu. Bankuak diru-truke eta gordailuekin hasi ziren, botere ekonomikoa Estatura pasatzeko.

Burtsa garai honetakoa da ere; merkantzien kotizazioekin batera, akzioak sortu ziren, hau da, konpainien parte hartzea ordezkatzen duten tituluak, eta hauek ere kotizatzen hasi ziren.

Estatu bakoitzak bere arauak ematearen ondorioz, Ius mercatorum delakoaren unibertsalitatea galtzen joan zen. Arau garrantzitsuenak ditugu Frantziako Luis XIV.aren 1673ko Ordenantzak, nazioartean berebiziko eragina izan zutenak, eta hauek zenbait aspektutan (itsas-Zuzenbidean) hobetu zuten Bilboko 1737ko Ordenantzak, Estatu osorako erreferentzia izan zirenak. Ingalaterran Common Law sortu zen, Ius Commune-tik (Ius Gentium) eratorritako merkataritza-arauak jasoaz.

Prusiako lurralde ezberdinek (gaur egungo Alemania) ez zuten zuzenbide amankomuna, eta horregatik euren merkatal-zuzenbide amankomuna beranduago sortu zen (1794an), zigor-zuzenbidearekin batera.

Literatura juridikoaren inguruan, 1509ko Tratatus de mercaturem seu mercatura dugu (STACCA), eta 1617an El laberinto del comercio terrestre y naval eta Curia Philipica (HEVIA BOLAÑOS) ditugu. Bi liburu hauek garrantzia handia izan zuten Bilbo ordenantzatan (1737), geroago Estatuan eragin handia izan zutenak. Hemen Aro Modernoan gaude, baina oraindik Kodegintza garaia baino lehen.

1.3. Merkatal Zuzenbidea XIX. Mendeko Kodegintzan

Garai historiko berriaren ezaugarria da liberalismoa. Kodegintzan sartzen gara, eta hemen 1885eko Merkatal Kodea dugu (Kode Zibila baino lau urte lehenago sortua). Kode honen sorreran hiru faktorek eragin zuten: Frantziako Iraultzak (1789), Makinismoak (Industria Iraultza, 1760 - 1830), eta Razionalismoak.

Makinaren eraginez, ekoizpena askoz handiagoa zen nekazal ekonomia batean baino. Produkzioa merkaturatzean, ekoizlea ere hura banatzen hasi zen, merkatariak bitarteko izan beharrean. Honela, enpresariak merkaturatze prozesuan parte hartzen hasi ziren.

Oraingoan, salerosketa ezezik, garraio-kontratua ere instituzio berezi bezala hedatzen hasi zen. Lan-akurapen kontratua ere garatu zen (contrato de obra). Honen bidez, lortu zen makina bereziak sartzea, baita obra publikoak ere.

Komertzioaren ikuspegi ekonomikoa alde batera utzita, kontzeptu juridikora pasatu zen. Lehen komertzioak kutsu ekonomiko-espekulatibo hutsa zuen, baina oraingoan sortzen dira burtsa, txekea, garraio-kontratua, sozietateak... eta kutsu ekonomikoa gainditzen da, kontzeptu ekonomikotik kontzeptu juridikora pasatuz, eta merkatal zuzenbideak instituzio horiek guztiak bereganatu zituen. Kontsumitzailearen figura sortu zen. Merkatu-sistema ere indarrean sartu zen. Eskaria eta eskaintzaren arteko oreka izan behar zen merkatua gidatzen zuena.

Frantses Iraultzaren eraginez, askatasun eta berdintasun printzipioetan oinarrituz, edonor izan zitekeen merkataria, edonork parte har zezakeen merkataritzan. Askatasun zibila merkataritzako askatasuna bihurtu zen ere. Kontestu horretan bi printzipio nagusitu ziren: jabetza eta kontratu-askatasuna.

Ingurune honetan Napoleonen Kodea sortu zen (1804). Espainiara beranduago etorri ziren printzipio hauek, 1812ko Cadiz-eko Gorteek horiek aldarrikatu zituztenean. Hala ere, 1815ean eten zen, eta 1868ra arte ezin izan ziren printzipio hauek berreskuratu.

2. ZUZENBIDE PRIBATUAREN KODEKETA: EREDU EZBERDINAK

1804ko Napoleonen Kodea (Kode Zibila) Europako gainontzeko herrialdetan eredu izan zen. Hala ere, Prusian (gaur egungo Alemania) lander bakoitzak bere araudi propioa zuen, eta batasuna beranduago lortu zen. 1807an, Napoleonen Kode Zibilaren ondoan, le Code du Comerce sortu zen, aurrekoan jaso ez ziren instituzioekin. Kode honen helburu bat zen merkatarien auzitegi eta foru bereziarekin amaitzea, eta arauak egiteko konpetentzia hori kentzea. Hala ere, Frantzian ez zen Korporazio horiek kentzea lortu, eta gaur egun indarrean dago, enpresa arloan sortzen diren gatazkak honek tratatzen dituelarik. Frantzian act du comerce teoria sortu zen (merkataritza egintzen teoria). Honen arabera, subjektua merkataria izanik eta iharduera merkataritzakoa bada (merkataritza-egintza), esandako auzitegi horietara joko da.

Alemanian berandu xamar lortu zuten bateratzea, 1871an. Hemen, bi kode jarri ziren indarrean: BGB (Kode Zibila), eta HGB (Merkatal Kodea). Bi kode ezberdin izanik, arau asko amankomunean dituzte. Hau da, biek Zuzenbide Pribatua osatzen duten neurrian, arau asko amankomunean dituzte.

Italian kode bakarra dute, 1942an indarrean sartu zen (il Codice), lehenago bi zituztelarik. Suitzan ere kode bakarra dago.

Savigny kodeketaren kontra zegoen Zuzenbide Merkatalean, hau usadio eta ohituretan oinarritu behar zelako bere ustetan. Bestalde, Razionalismoa bezalako ideiak nahiko berandu iritsi ziren, eta arazo berezia zegoen: foruen arazoa (cuestión foral). Honek guztiak kodeketa atzeratu zuen.

2.1. Merkatal Zuzenbidearen espainiar kodeketa

Lehen aurrekin historikoa 1829ko kodea da, Sainz de Andino-ren kodea. Hau Fernando VII.aren agintepean sartu zen indarrean. Ez zen kode liberala, kontserbadorea baizik, baina bere papera ondo bete omen zuen, ondo bereiztu zituelako izaera kontraktuala zituzten egintzak eta obligazioak (badira obligazio batzuk izaera extrakontraktuala dutenak, adibidez, merkantziek garraioan jasandako matxurak eta kalteak). Gogoratu bitartean ez zegoela Kode Zibilik (hura 1889an sortu zen), eta beraz kutsu patrimoniala zuten arauak jaso behar izan zituen, hau da, berez Kode Zibilari dagozkion hainbat elementu Merkatal Kodeak jaso zituen (salmenta...). Merkatarien korporazioak bertan behera utzi zituen, eta horien zereginak jurisdikzio zibilak bete zituen.

Merkatal Zuzenbidea aplikagarria izateko, bi irizpide jaso zituen: merkataria izatea (pertsona naturala zein juridikoa), eta trafiko merkatalean ihardutea. Beraz, ez zuen act du comerce teoria bakarrik erabili, merkatal arauetara lotuta geratzeko merkataria izan behar da (baldintza pertsonalal), eta horretaz gain merkataritzako trafikoan ihardun behar du (baldintza materiala)

2.2. 1885eko Merkatal Kodea (egun, partzialki desemana)

1885eko kodeak aurrekoak jaso ez zituen gauzak oraingoan barneratu zituen (txekea, eramalearen tituluak...), eta bazeudenak hobetu zituen. Kode honen izaera liberalagoa izan zen, 1868ko iraultzaren ondorioz.

1868an Foru Bateratuen Dekretua eman zen. Honen aurretik, merkatarien arazoak kontsulatuetan (korporazioak) konpontzen ziren, baina dekretu honekin Espainian desagertu ziren (Frantzian oraindik merkatal-auzitegiek diraute). Honela, merkatarien arazoak arazo zibilak bihurtu ziren, eta epaile arruntarengana joko zuten.

Liberalismoaren ondorioz, kontratu-askatasunaren printzipioa aplikatuko da, eta arau dispositiboak nagusituko dira Kodean; hau da, alderdiek zehaztuko dituzte euren arteko kontratuen klausulak.

Kode Zibila 5 urte beranduago sortu zen, hau da, Merkatal Kodea aurreratu zen (Frantzian alderantziz gertatu zen: lehenik Kode Zibila, eta honen ondoren Merkatal Kodea sortu zen). Honela, Kode Zibila jaiotzean, Merkatal Kodea aldentzen joan zen, nahiz eta hasieran Zuzenbide Zibilari dagokion zerbait ere arautu. Azkenik, Kode Zibila eta Merkatal Kodea aldendu egin dira, bakoitzak bide bat jarraituz (Alemanian, berriz, printzipio amankomunak dituzte).

defero.webcindario.com