defero.webcindario.com

XII. LANGILEEN PARTEHARTZEA ENPRESAN

1. ENPRESAREN KONTZEPTU JURIDIKOA

1.1. Problematika
1.2. Lantokia

2. LANGILEEN PARTEHARTZEA ENPRESAN ETA ENPRESAREN ERREFORMA: KOGESTIOA, LANGILEEN KONTROLA, AUTOGESTIOA ETA BESTE BATZUK

3. ANTOLAKUNTZA ETA IHARDUERA SINDIKALA ENPRESAN:

3.1. Ordezkaritza sindikala
3.2. Sekzio eta delegatu sindikalak

4. LANGILEEN ORDEZKARITZA BATERATUA

4.1. Enpresa-komiteak eta pertsonalaren delegatuak
4.2. Hauteskundeak, funtzioak eta bermeak
4.3. Pertsonalaren juntak eta pertsonalaren delegatuak Funtzio Publikoan

5. BILTZEKO ESKUBIDEA ENPRESAN: LANGILEEN ASANBLADA



----------------------------------------



1. ENPRESAREN KONTZEPTU JURIDIKOA
1.1. Problematika


Hemen lan-harreman orokorrak alde batera utziko ditugu, eta enpresa bakoitzaren barruko lan harremanak aztertuko ditugu. Berez, enpresa ez da kontzeptu juridikoa, kontzeptu ekonomikoa baizik. Enpresa da merkatura ondasun eta zerbitzuak ekoizten dituen unitate ekonomikoa, enpresa ekonomiaren munduan sortzen da. Lan Zuzenbidearen ikuspegitik, interesatzen zaiguna da enpresaria, ez enpresa.

Nahasketa-arrisku hori alde batera utzita, enpresaren fenomenoa aztertuko dugu: enpresan baten barruan dauden lan-harremanak. Hemen abiapuntua dugu enpresa-askatasuna, merkatu libre edo sistema kapitalista baten barruan. Konstituzioaren 38. artikuluaren arabera, edonork sor dezake enpresa bat, bi elementuren bidez: elementu materiala (dirua, ekoizpen baliabideak sortzeko: egoitza, tresneria...), eta elementu pertsonala (langileak).

Ikuspegi liberal eta ekonomizista batetik, ez du zentzurik langileek parte hartzea enpresaren zuzendaritza eta erabakietan, langilea tresna edo baliabide hutsa besterik ez delako (enpresa askatasunaren ideia liberal klasikoa bere gordintasunean hartzen badugu). Beraz, nondik sortzen da langilearen partehartzea enpresan, nondik dator ideia hori? Bere jatorria Estatu Soziala da, demokrazia industriala bezala ezagutu izan dena. Hura arrezagutzea Estatu Sozialaren ideiekin bat datorren erabaki politikoa da, baina horrek ez du esanahi ez arrezagutzeak kontraesana ekarriko lukeenik.

1.2. Lantokia

Lehenik eta behin, argi geratu behar da lantokia eta enpresa bi gauza ezberdin direla. Honela, Langileen Estatutuko 1.5 artikuluak lantokiaren definizioa ematen du, ekoizpen-autonomia duen gunea bezala. Adibidez, banketxe baten kasuan, bulego bakoitza lantoki bat izango da, eta banketxea bere osotasunean (entitate bezala) enpresa izango da.

2. LANGILEEN PARTEHARTZEA ENPRESAN ETA ENPRESAREN ERREFORMA: KOGESTIOA, LANGILEEN KONTROLA, AUTOGESTIOA ETA BESTE BATZUK

Langileen partehartzea enpresan eredu ezberdinetan gauzatu daiteke:

* Langileek parterik ez hartzea, lana egitera mugatzea. Berez, enpresa-askatasunetik zuzendaritza-askatasuna eratortzen da, bai elementu materialak zuzentzekoa, bai langileen lana zuzentzekoa ere.

* Informazioa eta kontsulta. Informazioaren kasuan, enpresariak erabakiak hartzen ditu, eta ondoren langileei horren informazioa emango die. Kontsultaren kasuan, erabakia hartu baino lehen enpresariak langileen iritzia entzungo du (loteslea izango ez dena).

* Kogestioa. Enpresaren kudeaketa eta zuzendaritza langileek eta enpresariak elkarrekin burutzea (Alemaniako enpresen eredu propioa)

* Autogestioa. Langileek beraiek enpresa zuzendu eta kudeatzea

Hemen, indarrean dugun eredua informazio eta kontsultarena da, hau da, langileen partehartzea nahiko mugatua da. Hala ere, zentzu zabalean Negoziazio Kolektiboa kogestioaren antzeko zerbait izango litzakete, bien artean hartzen direlako erabakiak.

Bestalde, Europar Batasunaren mailan, dimentsio komunitarioko enpresa deritzon figura existitzen da, lantokiak hainbat Estatutan dituztenak. Europa mailako enpresa hauetan hartu den eredua informazio eta kontsultarena da, Europako Enpresa Komitea izeneko organoaren bidez. Enpresa hauetan langileen informazio eta kontsultarako eskubidea 10/1997 legeak arautzen du (§ 2.29).

3. ANTOLAKUNTZA ETA IHARDUERA SINDIKALA ENPRESAN:

Langileen partehartzea enpresan aztertzean, gure erreferentzia enpresa horretako plantilla izango da, eta legeak ematen dion aukera ikusiko dugu. Honela, errealitate bakar batek (plantilla batek, hainbat langilek) hiru ordezkaritza mota ditu: ordezkaritza bateratua, ordezkaritza sindikala, eta asanblada (langile guztiak batera). Euren nahia hiru modutara adierazteko aukera aitortzearen arrazoia da gai konplexua dugula langileen ordezkaritza, eta langileen interes kolektiboak ordezkatzeko legitimazioa nork duen zehaztea zaiala da. Honela, legeak ideia ezberdinei aukera ematen die, gero langileek bidea aukeratu dezaten. Hiru ordezkaritza mota hauen funtzionamenduari dagokionez, hiruak batera eman daitezke, gehigarriak dira, batak ez du bestea kentzen.

Ordezkaritza bateratuan (representación unitaria), enpresa bateko plantilla osoa hartzen dugu erreferentziatzat, eta horien guztien ordezkariak hautatuko dira, sentsibilitate guztiak kontutan hartuz. Ordezkari bateratuak hautatzeko bidea hauteskunde sindikalak dira (berez izen hau ez da zuzena, sindikatuak ez direlako hauetan parte hartzen duten subjektu nagusi edo bakarrak, baina gizartean hala deitzen zaie), funtsan enpresa-komitean gauzatzen dena. Hemen sindikatuak eta antzekoak bigarren mailan geratzen dira, plantillako langileen ordezkaritza da jokoan dagoena. Honela, hautesleak enpresa horretako langile guztiak izango dira, eta hautagaiak plantilla barruko langileak izango dira ere.

Ordezkaritza sindikalean, aldiz, erreferentzia ez da plantilla, langilegoa baizik (orokorrean, abstraktoki); printzipioz, sindikatuak ez dira enpresa bakar baten baitan sortzen (nahiz eta posiblea den), normalean helburu zabalago eta orokorragoak dituzte (sektore bat, lurralde bat...). Baina enpresak baino zabalagoak diren sindikatuek badute beren islada plantilla bakoitzean, eta horri sekzio sindikala deitzen zaio. Adibidez, UPV/EHUko langilegoaren artean, UGTra afiliatuak dauden langileen multzoa UGTko sekzio sindikala izango da.

3.1. Ordezkaritza sindikala

Historikoki, enpresa ez da izan sindikatuen iharduera-eremua. Are gehiago, sindikatuak enpresa bakoitzean ihardutearen aurka agertu dira, langileen interes orokorrak defendatu nahi izan dituztelako. Estrategia okertzat hartu izan dute enpresa bakoitzarekin negoziatzea, hura enpresarekin kolaboratzea omen delako.

Baina II. Mundu Gerra ondoren, sindikatuek ikuspegi hori aldatu, eta komenigarritzat hartzen dute enpresa bakoitzean ihardutea, ontzat hartzen dute enpresa-mailako ordezkaritza. Honela, gaur egun sindikatuek enpresetan parte hartu nahi izaten dute. Sindikatuaren iharduera-eremua ASLO 2.2.d artikuluan agertzen da: sindikatuek ihardun dezakete enpresaren barruan zein kanpoan (esparru zabalagoan).

3.2. Sekzio eta delegatu sindikalak

Ordezkaritza sindikala enpresan bi modutan emango da: sekzio sindikalaren bitartez (sindikatuak plantillan duen islada; hau da, sindikatu berdinera afiliatutako langileek sekzio sindikal bat osatuko dute, adibidez, ELAko sekzio sindikala, UGTkoa...), edo delegatu sindikalaren bitartez (frankismoan enlace sindical deitzen zena). Hau guztia ASLO 8, 9, eta 10. artikulutan arautzen da.

- Sekzio sindíkala

Enpresa batean sindikatu bateko Sekzio Sindikala sortzeko behar dira, gutxienez, sindikatu horretara afiliatutako bi langile. Sekzioa sortzea edo ez, afiliatuen erabakia da. Sekzioaren funtzionamenduaren inguruan, legeak ez du ezer esaten, sindikatuaren Estatutuen araberakoa izango da. Legeak egiten duena da enpresariak horren iharduera errespetatu dezan bermatu. Horretarako, hainbat eskubide arrezagutuko dizkio sekzio sindikalari, ukanbehar batzuk betetzen baditu (betetzen ez baditu, ez ditu "pribilejio" hauek izango, baina existitu ahal izango da).

Eskubideak:

+ Enpresaren plantilla 250 langile edo gehiagokoa bada, sekzio sindikalak eskubidea du egoitza edukitzeko (enpresaren barruan, enpresariaren kontura)

+ Negoziazio kolektiboa

+ Iragarki-taulak

Ukanbeharrak

+ Kanpo ordezkaritza. Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatua izatea (Estatu mailan edo Erkidego Autonomo mailan), baldin eta gutxienez bi afiliatu badituzte (Nahiko Ordezkaritasuneko Sindikatuak ez dira hemen sartzen, suposatzen delako hurrengo multzoan badutela presentzia)

+ Barne ordezkaritza. Hauteskunde sindikalen arabera, ordezkari bat (enpresa-komitean) lortzeak legitimazioa ematen du sekzio sindikala osatzeko.

- Delegatu sindikala

Hemen ere, hainbat ukanbehar betetzen dituztenei eskubide batzuk arrezagutuko zaizkio:

Ukanbeharrak:

+ 250 langile edo gehiago egotea enpresa horretan

+ Sindikatuak ordezkaritza edukitzea enpresaren barruan (hauteskundeen bitartez)

+ Delegatu sindikala sekzio sindikalaren barruko batek osatuko du, hura ordezkatuz. Delegatu sindikalen kopurua 1 eta 4 bitartekoa izango da sekzio-sindikal bakoitzetik

Eskubideak:

+ Ordezkari bateratueik eman behar zaien informazio guztia hauei ere eman behar zaie

+ Sekzio sindikalekoei informatzeko eskubidea (bere hautesleei). Hala ere, informazio hau ixiltasun profesionalarekin koordinatu behar da (deber de sigilo profesional); honen arabera, informazio "sensiblea" sekretuan gorde beharko du, enpresariak erreserbatu nahi duenean

+ Parte hartu enpresa-komitearen bileretan, eta enpresa barruko segurtasun eta higieneko organoetan (parte hartu bai, botua eman ez). Hala ere, delegatu sindikala enpresa komiteko kide izan daiteke aldi berean, printzipioz.

+ Enpresariak neurri kolektiboak hartu behar dituenean (zigorrak, kaleratzeak...), enpresariak mota honetako neurria hartu baino lehen, delegatu sindikalekin kontsultatu behar du (bereziki neurri horiek delegatu horren sekzio sindikaleko kideengan eragiten duenean)

4. LANGILEEN ORDEZKARITZA BATERATUA

Langileen ordezkaritza bateratua da enpresa bateko langilegoak hautatzen duen ordezkaria, tartean sindikaturik egon gabe. Honek langileen partehartzea bideratzen du. Zuzenbide Positiboan, Konstituzioko 129.2 artikuluak dio botere publikoek langileen partehartzea enpresan bultzatuko dutela, modu ezberdinetan (interpretazio ezberdinak: kudeaketa eta zuzendaritzan, kapitala eta etekinetan...).

Guri kudeaketan izan dezaketen partehartzea dagokigu aztertzea. Etekinetan partehartzeari dagokionez, legeak ez du ezer esaten; Hitzarmen Kolektiboek bai, hura barneratu dezakete, beti ere alderdiek hala adosten badute.

4.1. Enpresa-komiteak eta pertsonalaren delegatuak

Partehartzea kudeaketan, ordezkaritza bateratuaren bidez, Langileen Estatutuko 61 eta 76 artikuluen bitartean agertzen da. Ordezkaritza Bateratua bi organotan gauzatu daiteke: pertsonalaren delegatua 49 langile edo gutxiagoko enpresetan, eta enpresa-komitea 50 langile edo gehiagoko enpresetan. Biek isladatzen dute ordezkaritza bateratua, hauteskundetan hautatuak, plantilla osoa ordezkatzen dute... ezberdintasun aipagarri bakarra da langile kopuruaren arabera bata edo bestea izango dugula. Bestalde, organo hauek derrigorrez sortu behar dira, hauek sortzeko legezko obligazioa dago, sekzio sindikalak ez bezala.

- Pertsonalaren delegatuak

Pertsonalaren delegatuen kopurua langile kopuruuaren araberakoa izango da: 6 eta 10 langile bitarteko enpresetan, delegatu bakarra egongo da, beti ere langileek nahi badute (5 langile eta gutxiagoko enpresetan, suposatzen da ez dutela inolako bitartekaririk behar enpresariaren harremanetan jartzeko, eurek zuzenean jo dezaketela enpresariarengana arazorik balute); 11 eta 30 langile bitarteko enpresetan, delegatu bat egongo da derrigorrez; eta 31 eta 49 langile bitarteko enpresetan 3 delegatu egongo dira derrigorrez (beti zenbaki bakoitia izango da, baita enpresa komitearen kasuan, erabakiak hartzean enpaterik egon ez dadin; erabakiak adostasunez edo gehiengoaz hartuko dituzte).

- Enpresa komitea (Langileen Estatutuko 66. artikulua)

50 eta 100 langile bitarteko enpresetan, 5 kide egongo dira; 100 eta 250 langileen kasuan, 9 kide; 250 eta 500 langile bitartean, 13 kide; eta abar (ikus 66. artikulua). Gogoratu: enpresa-komiteko kide kopuruaren arabera sindikatuen ordezkaritasun maila erabakitzen da.

Hiru enpresa-komite mota bereizi daitezke: arrunta (común), bateratua (conjunto), eta lantoki-artekoa (inter-centros). Hiru hauek bereizteko erreferentzia lantokia izango dugu. Honela, enpresa batzuek lantoki bakarra izango dute, baina beste batzuek hainbat lantoki dituzte.

Azken hauen kasuan, enpresa batek 50 langile baino gehiagoko hainbat lantoki baditu, lantoki bakoitzak bere enrpesa-komitea izango du (enpresa-komite arruntak).

Enpresa-komite bateratua emango da enpresa batek lantoki bat baino gehiago duenean, eta lantoki bakoitza 50 langiletara heltzen ez bada, baina bai guztiak batuz gero (adibidez, bi lantoki baditu, bakoitzean 30 langilekin; hau da, guztira 60 langile). Lantoki bakoitzak ezin izango du enpresa-komitea osatu (ez dituelako 50 langile baino gehiago), baina bai biek batera. Hala ere, lantokiak elkarrengandik urruti badaude, enpresa-komite horrek erabakiak hartzeko zailtasunak izango lituzke (adibidez, lantoki bat Donostian eta bestea Malagan balego). Horregatik, gertu dauden lantokiak izan behar dira: probintzia berekoak, edo probintzia berean egon gabe herri mugakidetan daudenak.

Lantoki-arteko komitea osatzea da legeak enpresa handietan irekitzen duen aukera (ez du inposatzen), Hitzarmen Kolektiboaren bitartez (adibidez, Telefonica-ko lantoki-arteko komitea). Honela, lantoki bakoitzeko enpresa-komiteaz gain, lantoki-arteko komitea osatu daiteke, enpresa-komiteetako kideak bilduz (bi organoek batera funtzionatuko dute).

4.2. Hauteskundeak, funtzioak eta bermeak

Hauteskundeen arauketa Langileen Estatutuko 69 eta 76 artikuluen artean agertzen da. Ordezkari bateratuak hautatzeko hauteskundeen helburu zuzena da enpresa-komitea edo pertsonalaren delegatua hautatzea; baina zeharkako helburua edo funtzioa (eta garrantzitsuagoa agian) da sindikatuen ordezkaritasun maila zehaztea.

Plantillaren autonomia edo burujabetasun printzipioen arabera, hauteskundeak langileek eurek sustatu behar dituzte: Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatuek (Estatu edo Erkidego Autonomo mailakoak, nahiz eta enpresa horretan inongo ordezkaririk ez izan), enpresa barruko ordezkari bateratuen %10 duten sindikatuek, edo Asanbladaren gehiengoak (langile guztiek batuta).

Hauteskundetan, hautagai-zerrendak aurkezten dira. Langile bat aurkez daiteke independente moduan, edo sindikatu baten izenean. Aurkezteko era independentean, eskatzen da betetzear dauden postuen hirukoitzaren sinadura (adibidez, 150 langileko enpresa bati enpresa-komiteko 9 kide hautatzea badagokio, hauteskunde horretara aurkezteko hautagai independente batek 27 sinadura -9x3- aurkeztu beharko ditu lehenik). Edozein sindikaturen izenean aurkeztuz gero, aldiz, ez da inolako baldintza berezirik eskatzen.

Hauteskunde-sisteman, bi eredu daude: Pertsonalaren delegatuaren kasuan, zerrenda irekiaren sistemaz egiten da, hau da, zerrenda bakarra egongo da, hautagai guztien izenekin, eta hautesleek zerrendako pertsona jakinari bozkatu beharko diote; enpate kasuan, enpresan antzinatasun (antiguedade) gehien duena izango da ordezkaria. Enpresa-komitearen kasuan, aldiz, zerrenda itxiaren sistema erabiltzen da, hots, hautagai moduan aurkezten den talde (sindikatu) bakoitzak zerrenda bat aurkeztuko du, eta zerrendari emango zaio bozka, ez pertsona jakinari.

Agintaldiaren iraupenari dagokionez, printzipioz lau urtetakoa izango da gutxienez. Lau urte horiek igarotzean, hauteskundeak norbaitek sustatzean ospatuko dira bakarrik, bestela ordezkariak beren postuetan mantenduko dira. Bestalde, lau urte igaro baino lehen ordezkari batek postua uzten badu (langileek ordezkari hori errebokatu badute asanbladaren gehiengo absolutuaz...), hauteskundetan hurrengoa irten dena izango da horren ordezkaria.

- Funtzioak (Langileen Estatutuaren 64. artikulua, batez ere):

+ Negoziazio Kolektiboa (enpresako esparrua gainditu gabe)

+ Informazioa jasotzea eta kontsultatua izatea

+ Zaintza eta kontrola. Legedia errespetatzen den kontrolatzea, hurrengo gaietan batez ere: Lan Zuzenbidea, Gizarte Segurantzako Zuzenbidea, Enplegu-Zuzenbidea (ea kontratuak legezkoak diren...), eta Segurtasun Arauen betetzea.

+ Besteak (greba deialdia, gatazka kolektiboetan parte hartu...)

+ Bestalde, prozedura administratibo eta judizialetan parte hartzea (salaketak tarteratzea...)

- Bermeak (Langileen Estatutua, 68. artikulua)

Berme hauek zuzenduak daude, alde batetik, enpresariarekiko babestera, eta bestalde, beren funtzioak sustatzera (bere funtzioak bete ahal izateko tresnak ematera)

+ Kaleratze kolektiboa dagoenean krisi-arrazoiengatik, enpresan gelditzeko lehentasuna dute langileen ordezkariek (lehenik, besteak kaleratuko dira). Hau da, ordezkariak mantenduko dira, baldin eta objektiboki funtzio berdina betetzen duten beste langile batzuk bota badaitezke, ordezkariak bota beharrean

+ Kaleratze disziplinarioaren kasuan, enpresariak gutuna bidali behar du. Ordezkarien kasuan, ez da nahikoa gutunarekin, kontraesanezko espedientea behar da (honek jaso behar du enpresaren iritzia, afektatutako ordezkariaren iritzia, eta gainerako ordezkarien iritzia).

+ Kaleratze batean langilea ados ez badago, epailearengana joango da, eta epaileak bidezkoa ez dela erabakitzen badu: kaleratutakoa langile arrunta bada, enpresariak erabakiko du hura berronartzea edo kalteordaina ematea; kaleratua ordezkaria bada, aldiz, langileak berak egingo du aukeraketa

+ Mugikortasun geografikoaren gaian (langile batzuk lantokiz aldatu nahi badira), lekuz aldatuak ez izateko lehentasuna dute ordezkari direnek

+ Ordu libre batzuk edukitzea (ordainduak). Ordezkariek hilero 15 - 40 ordu libre izango dituzte, plantillaren arabera. Ordezkariek erabaki dezakete ordu libreak ordezkari bakar batean pilatzea, eta honela liberatuak sor daitezke, "lana" egiten ez dutenak, bakarrik iharduera sindikala

+ Egoitza eta iragarki-taula (Langileen Estatutuko 81. art.). Hala ere, eskubide hau arrezagutzen da baldintza batekin: enpresaren ezaugarriek hura ahalbidetzea

4.3. Pertsonalaren juntak eta pertsonalaren delegatuak Funtzio Publikoan

Puntu honetan Funtzio Publikoari egiten diogu erreferentzia, hau da, funtzionario publikoei. Beraz, hemen ez da Lan Zuzenbidea aplikagarri, ez da Langileen Estatutua aplikatzen, funtzionarien harremana administrazioarekiko ez delako hertsiki kontratuzko harremana, harreman estatutarioa baizik. Beraz, 9/1987 legea aplikatzen zaie (§ 2.28). Hala ere, langileen eraentza paraleloa da, sistema berdina lan mundutik funtzionarien mundura trasladatzen da.

Honela, enpresa-komitearen parekoa pertsonalaren juntak izango dira, eta funtzionarien pertsonalaren delegatuak langileen pertsonalaren delegatuen parekoak izango dira ere. Hala ere, ezberdintasun nagusia da hauek ez dutela negoziazio kolektiborako eskubiderik, hau bakarrik garatu daitekeelako sindikatuen bitartez.

Bestalde, gogoratu: organo hauen hauteskundeen emaitzak kontutan hartzen dira ere sindikatuen ordezkaritasun maila neurtzeko.

5. BILTZEKO ESKUBIDEA ENPRESAN: LANGILEEN ASANBLADA (Langileen Estatutua, 77 - 80 artikuluak)

Legeak langileei asanbladan biltzeko aukera arrezagutzen die. Honetarako deialdia egin ahal izango du bai enpresa komiteak (edo pertsonalaren delegatuak), bai langileek zuzenean (horien %33ak eskatuta). Erantzuleak izango dira ordezkari bateratuak, horiek izango dute asanbladetan ordena mantentzeko ardura. Asanbladaren erabakiak gehiengo absolutuaz hartu behar dira.

Bilera hauek lanorduetatik kanpo izango dira, edo enpresariaren baimenaz, lanorduen barruan. Honetarako enpresariak lantokia derrigorrez utzi behar du, salbu itxiera patronalaren kasuetan, edo aurreko asanblada batean istiluak egon badira eta langileek ez badituzte kalteak konpondu (hautsitakoa ordainduz).

defero.webcindario.com