defero.webcindario.com

X. ASKATASUN SINDIKALA

1. ASKATASUN SINDIKALAREN KONTZEPTUA

1.1. Askatasun sindikalaren oinarri historikoak
1.2. Eredu erregulatzaileen eboluzioa (bilakaera historikoa)

2. ESPAINIAN INDARREAN DAGOEN EREDUA

2.1. Sindikatua Konstituzioan
2.2. Eskubide sindikalak: arau-garapena eta babespen jurisdikzionala

3. ASKATASUN SINDIKALAREN ADIERA

3.1. Definizio positiboa eta negatiboa
3.2. Alde indibidual eta kolektiboak
3.3. Funtsezko edukia eta edukin gehigarria

4. ASKATASUN SINDIKALAREN TITULAR DIREN SUBJEKTU INDIBIDUALEN ZEHAZTAPENA

4.1. Langileak
4.2. Funtzionario publikoak
4.3. Beste batzuk



----------------------------------------



1. ASKATASUN SINDIKALAREN KONTZEPTUA ETA OINARRI HISTORIKOA: EREDU ERREGULATZAILEEN EBOLUZIOA

Lan-harreman indibiduala lan-kontratuan isladatzen da. Alde batean langilea izango dugu, eta bestean enpresaria; bi hauen arteko hartu-emana da lan-harremana. Enpresa guztietan ezinbestekoa da harreman indibidual hau, ezin dira pertsona baten eskubide edo obligazio laboralak kolektiboki erabaki langilearen figura kontutan hartu gabe; hau da, langileak eta enpresariak erabakitzen dute lan-harremana sortzea, gizabanako bezala. Lan Zuzenbideko arauak gehienbat inperatiboak badira ere, bi subjektuen adostasuna ezinbestekoa da kontratuaren gain (Zuzenbide Zibilaren teoria).

Bestalde, harreman kolektiboa dugu. Zuzenbideak lan-harreman kolektiboa onartzen du, eta harreman honen bi aldetan pertsona kolektiboak izango ditugu: langileen aldetik sindikatuak, enpresa komiteak, asanbladak, pertsonaren delegatuak, eta abar; eta enpresarien aldetik enpresari elkarteak eta enpresa bera.

Lan-harreman kolektiboan jokoan dagoena interes kolektiboa da (lan harreman indibidualean ez bezala), langile multzo baten interes amankomuna. Lan Zuzenbide osoa honetan oinarritzen da: interes indibidualetaz gain interes kolektibo bat existitzen denez, hura garatzeko mekanismoak ahalbidetzen dira.

Askatasun sindikalaren kontzeptua: langileek beren interes kolektiboak defendatzen dituzten elkartetan elkartzeko eskubidea. Hau elkartzeko eskubidearen eratorpena izango litzateke, sindikatuak formalki elkarteak dira-eta; baina sindikatuaren bereizgarri nagusia da bere helburua langileen eskubideak defendatzea izatea. Honela, Konstituzioak beste elkarte batzuei ematen ez dien protagonismoa ematen die (elkarte berezia da).

1.1. Askatasun sindikalaren oinarri historikoak

Sindikatuaren fenomenoa sortzen da langileek enpresariaren aurrean indar gehiago dutelako elkarturik indibidualki baino. Bestalde, interes kolektiboa interes indibidualaren gainetik jartzen da, harreman indibidualak esplotazioa eragiten zuelako. Interes kolektiboa eraginkorra izateko, interes indibidualaren gainetik egon behar da (adibidez, taldea gehienez 8 ordu lan egitea eskatzen badu, horrek ez du eraginik batzuk 10 ordu lan egiteko prest badaude; horregatik da ezinbestekoa kolektiboa izatea). Honela, gaur egun lan-kontratuak (harreman indibiduala) hitzarmen kolektiboak (harreman kolektiboa) dioena errespetatu behar du.

1.2. Eredu erregulatzaileen eboluzioa (bilakaera historikoa)

Zein erantzun eman du Zuzenbideak fenomeno sindikalaren aurrean? Zuzenbide konparatuan, erantzuna berdintsu garatu da mundu osoan, herrialde ezberdinetan erritmo ezberdinarekin izan bada ere.

Garai batean, langileak lehenbiziko aldiz biltzean, Estatuak fenomeno sindikala debekatu eta erreprimitzen du, sindikatua sortzea delitutzat hartuz. Hau debekatzeko aitzakia zen askatasun indibiduala erasotua gertatzen zela, Estatu liberal gordinaren ikuspegitik. Adibidez, 1822ko kode penalak delito de coligación bezala tipifikatzen zuen, baita maquinaciones para alterar el precio de las cosas bezala. Honela, laneskuaren prezio minimo bat ezarri nahi izatea horren prezioa artifizialki aldarazi nahi izatea bezala hartzen zen, liberalismoaren merkatu askea eta autorregulatuaren ideien aurkakoa zena.

Ondoren, tolerantzia fasea ematen da. Honetan, fenomeno sindikala ez da zigortzen, ezta ere babesten; hau da, horren despenalizazioa ematen da (Espainian despenalizazioa 1869ko Konstituzioaren ondorioz ematen da, I. Errepublikan). Honen arrazoia zen zigortzearekin ez zela fenomeno sindikala eragozten, aitzitik, hura areagotzen zen, eta beraz despenalizazioa eman zen. Egoera honetan, enpresariek ez zieten sindikatuen eskaerei jaramonik egiten, eta harreman indibidualetan jarraitzen zuten. Beraz, sindikatuek egitateen munduan zirauten, aintzatespen juridikorik gabe.

Hirugarren fase batean, eskubide sindikalaren aintzatespen juridikoa ematen da (askatasun sindikala eskubidea da), Estatu ezberdinek Estatu Sozialaren eredua hartzen dutenean (XX. Mendea), bakoitzak bere bilakaera historikoaren arabera. Honela, askatasun sindikalarekin batera, horren iharduera nagusiak errekonozitzen dira: negoziazio kolektiboa eta greba. Europan, lehena Alemania izan zen, 1919ko Weimar-eko Konstituzioan. Munduan, aldiz, lehena Mexiko izan zen, 1917ko Konstituzioan. Espainian, II. Errepublikan arrezagutu zen askatasun sindikala lehen aldiz, 1931ko Konstituzioan.

2. ESPAINIAN INDARREAN DAGOEN EREDUA
2.1. Sindikatua Konstituzioan


Gaur egun askatasun sindikala mundu mailako Giza-Eskubideen aldarrikapen nagusietan arrezagutua dago, horien artean garrantzitsuena 1948ko Giza-Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. Nola tratatzen du 1978ko espainiar Konstituzioak sindikatua? Lehen erreferentzia K. 1. artikuluan aurkitzen dugu, Estatu Soziala aldarrikatzen denean. Bestalde, K. 28.1 artikuluan askatasun sindikala Oinarrizko Eskubidetzat hartzen da. Azkenik, K. 7. artikuluan sindikatuak aipatzen ditu (alderdi politikoen ondoan jartzen ditu, hauek 6. artikuluan agertzen dira-eta; sistematikoki maila berean kokatuak daude Konstituzioan, eta beraz ondorioztatu genezake sindikatuei berebiziko garrantzia ematen zaiela).

Konstituzioaren 7. artikulu honek esaten duena da sindikatuek eta enrpesari elkarteek beren interes ekonomiko eta sozialak defendatuko dituztela. Beraz, eduki honek ez du garrantzi berezirik (artikulu honek ez digu ezer berririk esaten); bai ordea bere kokapenak, esan bezala, honek adierazten duelako sindikatuek berebiziko garrantzia dutela.

K. 7. artikuluak onartzen du bi interes kontrajarriak daudela (frankismoak ez bezala, gatazka soziala ukatzen zuela), eta beraien arteko interesak harmonizatu ditzaten bultzatzen du.

Sindikatuaren funtzioari buruz, eztabaidatzen da ea agente politikoa den, edo besterik gabe langileen interes profesionalak defendatu behar dituen. Sindikatuaren funtzioa enpresaren barruan geratzen da, edo hura gainditzen du, agente politikoa izanik, ia partidu politikoen antzera? Bestalde, gogoratu sindikatuaren maila berean enpresari-elkartea dagoela, bakoitzak bere interesak babestuz.

2.2. Eskubide sindikalak: arau-garapena eta babespen jurisdikzionala

Esan bezala, Zuzenbide Sindikalaren oinarriak Konstituzioaren 7 eta 28.1 artikulutan agertzen dira. Baina, lege-mailan, non dago Zuzenbide Sindikala?

* Askatasun Sindikaleko Lege Organikoa, 11/1985 LO askatasun sindikaleko elementu nagusiak arautzen dituena (§ 2.32)

* Langileen Estatutua (§ 2)

* Lan Harremanen Dekretu Legea, 17/1977 DL (§ 2.35)

Askatasun sindikalaren babes judizialari dagokionez, K. 28.1 artikuluan arrezagutua izateagatik Oinarrizko Eskubidearen izaera duenez, honako babesa izango du: lehentasun eta sumarietate printzipioetan oinarritutako prozedura eta Babes Helegite Konstituzionala (K. 53.2 artikulua), jurisdikzio arruntaren babesa, eta Estrasburgoko Auzitegiaren babesa. Lan Prozedurako Legearen (§ 5.1) 175 eta 182 artikuluen bitartean K. 53.2 artikulua garatzen da eskubide sindikalen kasuetarako.

3. ASKATASUN SINDIKALAREN ADIERA
3.1. Definizio positiboa eta negatiboa


Askatasun sindikala eskubide konplexua da, horren barruan hainbat eskubide sartzen direlako, guztiak K. 28.1 artikuluak babestutakoak: sindikatua sortzeko eskubidea, afiliatua bilera sindikalera deitzeko eskubidea, propaganda sindikala egiteko eskubidea, negoziazio kolektiborako eskubidea, greba eskubidea... Esan bezala, guztiek babes gorena dute, askatasun sindikalak jasotzen duen babesa.

Askatasun sindikalaren barruan, elementu positiboa bezala, sindikatuak sortzeko eskubidea dugu, eta sindikatu batera afiliatzeko eskubidea; elementu negatibo bezala, ez afiliatzeko tresna (azken hau esan beharrik ez dagoela dirudien arren, arrazoi historikoengatik garrantzi handikoa da, frankismoaren garaian "sindikatu" bakarra zegoelako -sindikatu bertikala-, derrigorrezko afiliaziokoa).

3.2. Alde indibidual eta kolektiboak

Bereiztu daiteke askatasun sindikal indibiduala, langile indibidualak duena, eta askatasun sindikal kolektiboa, sindikatuak berak pertsona juridiko bezala duena.

- Langile indibidualaren askatasun sindikala

Langileak, indibiduo bezala, askatasuna du sindikatura afiliatu edo ez afiliatzeko. Afiliatzeko baldintza bakarra izango da sindikatu horren estatutuak betetzera konprometitzea; beti ere, Estatutuek ezingo dute klausula diskriminatzailerik ezarri. Horietatik at, sindikatuak askatasuna du Estatutuak egitean, adibidez, bere esparrua zein eremu profesionalari lotu (garbitzaileen sindikatua...), zenbait sindikatuek ez dute onartzen beste sindikatuetan afiliatuak egotea, beste batzuek bai... Hau da, baldintza diskriminatzaileak ez diren bitartean, sindikatuek nahi dituzten baldintzak ezar ditzakete horien kide izan ahal izateko.

Sindikatua sortzea ere langile indibidualaren eskubidea da. Sindikatu bat sortu daiteke aldez aurretiko inongo baimenik gabe. Lan arloko bulego publikora Estatutuak eraman, eta honela sindikatua sortzen da.

Ordezkariak hautatzeko askatasuna izango du ere. Honek harreman zuzena du Konstituzioko 7. artikuluko printzipio batekin: sindikatuen barne-egitura eta funtzionamendua demokratikoak izan behar direla (organo nagusiak afiliatuen artean hautatuak izango dira).

Azkenik, ekintza sindikala burutzeko askatasuna izango du (greba egitea, bilerak egitea, informazio sindikala zabaldu eta jasotzea...). Hau enpresa barruan zein enpresatik kanpo burutu dezake (lanorduetan egiteko, enpresariaren baimena beharko du).

- Sindikatuaren askatasuna (ikuspegi kolektiboa)

Sindikatuaren ikuspegitik, garrantzitsuena da sindikatuaren autonomia. Arriskua dago enpresaria sindikatuaren ihardueran sartzeko, langilearen iharduera librea oztopatuz. Legeak arrisku hau aurrikusten du (enpresariek kontrolatutako sindikatuak sindikatu horiak deitu izan dira, sindicatos amarillos), baita Estatua sindikatuaren funtzionamenduan sartzeko arriskua ere, eta bi eragin hauek eragotzi behar dira.

Sindikatuaren eskubide kolektibo nagusia ekintza sindikalak burutzea da, batez ere negoziazio kolektiboa eta greba.

Bigarrenik, auto-antolaketa askatasuna du (autogestioa, autokudeaketa). Sindikatuaren norabidea eta estrategia bakoitzaren esku dago, ezin da kontrolatu.

Hirugarrenik, federazio-askatasuna du, inolako mugarik gabe, baita nazioarteko mailan ere. Hau lotua dago Marx eta Engels-en asmoarekin, Manifestu Komunistaren azken lerroaldean adierazi zuten eran: herrialde orotako langileak, elkar zaitezte.

Laugarrenik, disoluzio askatasuna dute. Sindikatu batek bere burua disolbatu dezake. Gobernuak ezingo du inolaz ere sindikatua desegin, hura botere judizialak egin beharko luke, legeen ez-betetze larria egiten badu.

3.3. Funtsezko edukia eta edukin gehigarria

Sindikatuen ihardueran, arazo batekin egiten dugu topo: sindikatuen sorketa mugagabea da, horiek sortzea askea delako. Baina Estatuak nahiago du sindikatu gutxi eta orokorragoak egotea, eztabaida errazagoa izateko.

Konstituzioak ez du sindikatuen arteko bereizketarik egiten, printzipioz sindikatu guztiek dute legitimazio berdina, baina gero bereizketa edo tratu ezberdina ematen zaie ordezkaritasunaren arabera (representatividad), honela Estatuak errazagoa duelako sindikatuen iritzia ezagutzea.

Nola konpontzen da arazo hau juridikoki? Zera planteatzen da: konstituzioak sindikatu guztiei funtsezko eduki edo ahalmen bat aitortzen die, eta gero legez ezberdintasuna sartzen da jokoan, ordezkaritasun berezia duten sindikatuei eduki gehigarri bat emanez. Honela, sindikatu guztiek izango dituzte gutxieneko eduki edo ahalmenak (Konstituzioak emana), eta ondoren horietako batzuek eduki edo ahalmen gehigarriak izango dituzte (legeak emana).

Konstituzioak eskubideak arrezagutu egiten ditu besterik gabe, hauen zehaztapena ondoren legez egin beharko delarik. Hala ere, legeak Oinarrizko Eskubide horien funtsezko edukia errespetatu beharko du (K. 53.1 artikuluaren arabera), horren nukleoa. Honela, sindikatu guztiek izango dute funtsezko eduki hau, Konstituzioak arrezagutua. Ondoren, bakar batzuek (ordezkaritasun gehiena dutenek) edukin gehigarria izango dute, legeak emana.

- Funtsezko edukia

Konstituzioan ez da idatzia agertuko, K. 28.1 artikuluak ez baitu gauza handirik esaten. Funtsezko eduki hau Auzitegi Konstituzionalak argituko du. Honek esan du edukin honetan sartzen dela: autogestioa eta autoantolaketa, federazio askatasuna, disoluzio askatasuna, eta ekintza sindikalaren barruan, negoziazio kolektiboa (abstraktuki), greba deialdia, bilera sindikalak, eta hauteskunde sindikaletan hautagaiak aurkeztea.

- Eduki gehigarria

Hau Konstituzioaren azpiko arau batek ezartzen duena izango da (legeak, Hitzarmen Kolektiboak...): egoitza edo lokala edukitzea (enpresan...), dirulaguntzak jasotzeko eskubidea, hauteskunde sindikalak sustatzea, delegatu sindikalek dituzten pribilejioak (ordu libreak edukitzea iharduera sindikala burutzeko...).

4. ASKATASUN SINDIKALAREN TITULAR DIREN SUBJEKTU INDIBIDUALEN ZEHAZTAPENA
4.1. Langileak


Askatasun sindikalaren titularrak langileak izango dira oro har. K. 28.1 artikuluak dio "todos tienen derecho a sindicarse libremente (...)". Baina hau ezin da literalki interpretatu; adibidez, ikasle izateak printzipioz ez du sindikatzeko eskubiderik ematen, ezta langile autonomoa izateak ere. Beraz, sindikatzeko eskubidea langileek dute, langileak zentzu teknikoan, hau da, lan-kontratu bateko subjektu edo alderdi direnak.

Bestalde, enpresariek ere ez dute printzipioz sindikatzeko askatasunik. K. 7. artikuluak langileen sindikatuak eta enpresarien elkarteak aipatzen ditu, interes kontrajarriak dituzten elkarteak bezala. Beraz, enpresarien talde bat ezingo litzateke sindikatutzat hartu. Errealitatean badaude sindikatu izena hartzen duten enpresarien taldeak, baina izen hori hartu arren, teknikoki ez dira sindikatuak, eta ezin dute sindikatuaren status juridikoa eskuratu.

4.2. Funtzionario publikoak

II. Mundu Gerra arte, funtzionario publikoek sindikatzeko eskubiderik ez izatea naturaltzat jotzen zen. Estatuaren zerbitzariak baino, Estatua gorpuzten duena ziren. Beraz, ez zuen zentzurik hauei sindikatzeko askatasunik arrezagutzea, sindikatua sortzen delako beste baten aurrean agertzeko; Estatua eta funtzionariak gauza bera badira, nola jarriko dira aurrez-aurre?

Baina planteamendu hori neurri batean aldatu egin da, eta zenbaitetan langileen eskubide berdinak arrezagutzen zaizkie, nahiz eta zenbait funtzionariek sindikatzeko askatasunik ez izan. Honela, K. 28.1 artikuluaren arabera, funtzionariek badute askatasun sindikala, baina zenbait berezitasunekin (peculiaridades), praktikan mozketa edo murrizketak izango direnak.

Honela, ez dute sindikatzeko askatasunik militarrek (hauen barruan, Goardia Zibilak; Konstituzioak legearen eskutan uzten du, eta Asktasun Sindikaleko Lege Organikoak ukatzen die bere 1.3 artikuluan), ezta epaile, magistratu eta fiskalek ere (hauek badituzte elkarteak, baina ez dira sindikatuak; bestalde, K. 127.1 artikuluak alderdi politikoen parte izatea debekatzen die ere).

Konplikatuagoa da polizien kasua. Poliziek (ertzantzak, nazionalak, udaltzaingoak...) badituzte sindikatuak. K. 104 artikuluak poliziak aipatzen ditu, baina ez du sindikatzeko askatasuna aipatzen. Beraz, Konstituzioaren ikuspegitik, funtzionario arrunten multzoan sartzen dira. 2/1986 Lege Organikoak (Ley Orgánica de Fuerzas y Cuerpos de Seguridad del Estado) tratamendu ezberdina ematen die hiru polizia ezberdinei: polizia nazionala, autonomikoa eta lokala: Polizia nazionalaren kasuan, sindikatuak Estatu osoko maila izan behar du, eta ez zaie uzten beste langileekin nahastea (sindikatua poliziena bakarrik izango da). Polizia autonomikoaren kasuan, Estatutu Autonomikoak sortzen du, eta beraz legedi autonomikoaren esku geratzen da (hemen askatasun osoa dute nahi duten moduan sindikatzeko).Polizia lokalaren kasuan (udaltzainak), hauen sindikatzeko askatasuna gainontzeko funtzionari edo langileenaren berdina izango da.

4.3. Beste batzuk

Askatasun Sindikaleko Lege Organikoaren 3.1 artikuluak kolektibo bereziak aipatzen ditu askatasun sindikalari begira: autonomoak, ezgaituak, jubilatuak eta langabetuak (azken hiruak, pasiboak). Hauek sindikatu daitezke, baina ezin dute sindikatu propioa sortu, beti sindikatu orokorrago baten menpeko atala osatu beharko dute. Honekin ekidin nahi dena da kolektibo hauek presioa egiteko indarra izatea.

Beste kolektibo berezia da atzerritarrena. 8/2000 Lege Organikoaren arabera (4/2000 Lege Organikoa erreformatuz), erresidentzia edo estantzia baimena badute, sindikatzeko askatasuna izango dute espainiar langile guztien modu berean; baimenik ez badute, aldiz, ez dute eskubide hau izango.

defero.webcindario.com