defero.webcindario.com

I. LAN HARREMANA HISTORIAN ZEHAR

1. LANA EGITATE SOZIALAREN BALORAZIOA FENOMENO HISTORIKO GISA: LANA ETA GATAZKA SOZIALA

2. LANA GIZARTE AURREKAPITALISTETAN

2.1. Lana gizarte esklabistan: "locatio-conductio operis" eta "locatio conductio operarum"
2.2. Lana gizarte feudaletan: morrontza-erregimena eta gremioen eraentza

3. LANA GIZARTE KAPITALISTAN

3.1. Industria iraultza eta ideologia liberala: zerbitzu-akurapena
3.2. Langile-mugimendua eta gatazka industriala
3.3. Estatuaren eskuhartzea eta "arazo soziala"

4. LAN ZUZENBIDEKO OBJEKTU DEN LANA, LAN ZUZENBIDEAREN IDENTIFIKAZIOA: EZAUGARRIAK, HELBURUAK ETA FUNTZIOA



----------------------------------------



1. LANA EGITATE SOZIALAREN BALORAZIOA FENOMENO HISTORIKO GISA: LANA ETA GATAZKA SOZIALA

Lan harremanak hasieran Zuzenbide Zibilaren barruan sartzen ziren, denborarekin Lan Zuzenbidea arlo independente bezala bereizten joan delarik. Fenomeno hau erritmo ezberdinean garatu da herrialde bakoitzean, baina guztietan modu berean eman da. Beraz, garapen hau orokorra da, Estatu guztiei amankomuna zaiena.

Lanaren definizioa ematekotan, zentzu zabalean esango genuke gizakiek natura beren beharretara egokitzeko egiten dutena dela. Hala ere, kontzeptu hau zabalegia da; guk aztertuko duguna, zehazki, gizartean batak bestearentzat egiten duen lana izango da (esparru honetatik kanpo geratzen dira ordaindu gabeko lana, langile autonomoena,...). Marx-ek lana definitu zuen "gizakiak gizakia esplotatzea" bezala (explotación del hombre por el hombre).

Lan-harremana historikoki betidanik existitu izan da, baina horrek ez du esan nahi Lan-Zuzenbidea beti existitu denik, hura XIX. Mendean sortu zen. Azter dezagun lan-harremanen garapena historian zehar.

2. LANA GIZARTE AURREKAPITALISTETAN
2.1. Lana gizarte esklabistan: "locatio-conductio operis" eta "locatio conductio operarum"


Aintzin Aroko gizarte esklabista handietan lan fisikoa ez zen sozialki ondo ikusia, maila jantziko jendeak ezin zuen lan fisikorik egin. Grezia klasikoan filosofia, politika eta halakoak ziren prestigiodunak; Erroman, aldiz, ejertzitoa. Lan fisikoa desprestigiatua zegoen, esklabuen gauza zen, nahiko fenomeno onartua zena boterea zutenen aldetik.

Esklabuek lana egiten bazuten ere, bera eta jabearen artean ez zegoen inolako lan-harremanik, hau da, ez zegoen eskubide eta obligazioen inolako trukaketarik, esklabuek ez zuten ordainean ezer jasotzen. Esklabua ondasun hutsa zen, jabetza-harremana zen; esklabuaren jabeak hau hiltzea erabaki zezakeen edozein momentutan (ius vitae necisque), hura bere ondasun bat zen-eta.

Aintzinako Erroman lan librearen adibidea ere aurki dezakegu, locatio-conductio operarum, oraingo lan-kontratuaren oso antzekoa dena. Hala ere, lan-zama gehiena esklabuen gainean erortzen zen.

2.2. Lana gizarte feudaletan: morrontza-erregimena eta gremioen eraentza

Morroia (siervo) Erdi Aroko estamentua dugu. Esklabuak eta morroiak kategoria juridiko ezberdinetan tratatuak dira, morroiek pertsonaren izaera juridikoa dute-eta, baina horretatik at, lanarekiko harremanean biak berdintsuak dira. Esklabu zein morroiak lana egitera behartuak daude, ez dute borondatez egiten.

Bestalde, gremioak ditugu, iharduera profesionalaren arabera biltzen ziren langileen taldeak, Erdi Aroko hirietan sortuak. Aurrekoak ez bezala, hauek ez zeuden lana egitera behartuak. Hala ere, gremioen pisua oso txikia zen aurreko biekin konparatua.

3. LANA GIZARTE KAPITALISTAN
3.1. Industria iraultza eta ideologia liberala: zerbitzu-akurapena


XVIII. mendearen bukaeran bi faktore oso garrantzitsu batera eman ziren: Industri Iraultza (Ingalaterran), eta Frantses Iraultza.

Industri Iraultzak ekoizpen-sistema kapitalistaren nagusitzea ekarri zuen (nahiz eta aurreko sistema neurri batean mantendu). Kapitalaren pilaketak ekoizpena beste era batera antolatzeko aukera ematen zuen, fabrika handiak sortuz eta langileak hirigune industrialetan pilatuz. Honek klase berri baten sorrera eragin zuen, proletargoarena. Enpresaria eta langilearen arteko harremana sistema kapitalistarena izango zen, gaur egunean dirauena: batek dirua (kapitala) jartzen du, eta besteak lana.

Bestetik, Frantses Iraultzaren ideologiak lan-harremana erabat baldintzatu zuen. Erroman lan-harremana jabetza-harreman hutsa izanik (esklabutza), oraingoan Frantses Iraultza inspiratzen zuten printzipioek (liberté, egalité, fraternité) harreman honen forma-juridikoa erabat aldatu zuten.

Askatasun printzipioaren arabera (liberté), enpresariak enpresa izango du hala nahi badu, eta langileak lan egingo du nahi badu (teorian behintzat). Beraz, bien arteko harremana kontratuaren bidez gorpuztuko litzateke, bi borondate askeen adierazpena dena.

Berdintasun printzipioak (egalité), berriz, botere publikoen jarrera baldintzatzen du. Honen arabera, klaseak ezabatu ziren, indibidualismoaren apologia eginez. Logika honen bidea jarraituz, sindikatuak sortzea debekatu zen, honek gizabanakoak klasearen arabera taldekatzea suposatuko lukeelako. Lan-harremana berdinen artekoa balitz bezala hartzen da, nahiz eta langile eta enpresariaren egoera oso ezberdina izan, eta indibiduoen planoan mantentzen da, Estatuak eskua sartu gabe.

Honen arian, 1791ko le Chapelier legeak dio gizabanakoa eta Estatuaren artean ez dagoela ezer; gizabanakoak bere interes pribatua babesten du, eta Estatuak interes publikoa. Honela, elkarteak debekatzen dira, horien artean sindikatuak, esan bezala. Diruduna den enpresaria eta txiroa den langilea maila berean jartzen dira formalki, eta euren harremana erabat pribatua izango da, kontratuan isladatuko dena; beraz, askatasunaren izenean, alderdiek nahi dituzten baldintzak adosteko aukera izango dute inolako mugarik gabe (honek praktikan suposatuko du enpresariak berari komenigarriagoak zaizkion baldintzak inposatzea). Garai honetan aplikatzen den lan-kontratua Zuzenbide Zibileko zerbitzu akurapena izango da (arrendamiento de servicios).

3.2. Langile-mugimendua eta gatazka industriala

Berdintasun-harreman formal honek berez esplotazioa eragin zuen, enpresari eta langilearen arteko harreman zuzen honetan inork eskua ez sartzean indartsuenak bere arauak inposatzen zituelako. Honela, langileen bizi-baldintzak oso larriak izaten ziren.

Erabateko txirotasunean bizi ziren langileek enpresaria zein Estatua etsaitzat hartu zituzten, lehena egiten zienagatik, eta bigarrena neurriak hartzen ez zituelako, sistema esplotatzaile kapitalista ziurtatzea besterik egiten ez zuelako. Langileek jasaten zuten egoera muturrekoa izanik, euren erreakzioa ere muturrekoa eta bortitza izan zen.

Langile-mugimendu hauek askotan mugimendu anarkista iraultzaileen forma hartu zuten, sistema kapitalista eta Estatuaren euskarriak suntsitzeko ahaleginetan bihurtuz, sistema kolokan jarriaz.

3.3. Estatuaren eskuhartzea eta "arazo soziala"

Bere jarraitasuna arriskuan ikusirik, Estatua bere burua salbatzen saiatzen da, eta orduan sortzen da Lan-Zuzenbidea, langileen egoera jasangarriagoa egiteko helburuarekin, hauek altxa ez daitezen, euren bizimodua hobetzeko helburuarekin baino. Horretarako Lan-Zuzenbideak langile eta enpresarien arteko askatasuna mugatu nahi du, batez ere lanorduak mugatuz.

Honela, askatasun eraentza hori mugatzen da, eta ius cogens izaerako arauak sortzen dira (inperatiboak), hau da, ezinbestean aplikatu behar direnak, alderdien askatasunaren araberakoak ez direnak. Honela, askatasuna muga batzuen barruan mugituko da beti, batez ere gehieneko lanorduei, gutxieneko soldatari eta gutxieneko adinari buruzko mugen barruan.

Sozial terminoa lan munduarekin lotzen da zuzenean, eta sinonimoak ez badira ere, araudi soziala eta lan-araudia ia berdina dira (adibidez, Civitas argitaletxeak saltzen duen lege laboralen bilduma Legislación Social Básica izena hartzen du, Social eta Laboral sinonimotzat hartuz). Honela, soziala eta indibiduala terminoak kontrajartzen dira; Frantses Iraultzako indibidualismoaren kontra, ikuspuntu kolektiboa hartzen da kontutan Lan Zuzenbidean. Honen ildoan, ikuspuntu indibiduala (gizabanakoen arteko harremana) ikuspuntu kolektiboaren menpe geratzen da (langileen interes kolektiboa).

4. LAN ZUZENBIDEKO OBJEKTU DEN LANA, LAN ZUZENBIDEAREN IDENTIFIKAZIOA: EZAUGARRIAK, HELBURUAK ETA FUNTZIOA

Bi pertsonen arteko harreman batean Lan Zuzenbidearen ezaugarriak agertzen badira, Lan Zuzenbidea aplikatu behar zaio derrigorrez; honela, ezin izango da Zuzenbide Zibileko zerbitzu-akurapena erabili Lan Zuzenbidearen obligazioei ihes egiteko (adibidez, Gizarte-Asegurantza...). Langileen Estatutuko 1.1 artikuluan ezaugarri hauek agertzen dira:

- Pertsonala. Langileari dagokionez, langilea pertsona fisiko bat izan behar da (enpresaria, aldiz, pertsona juridikoa izan daiteke). Beste zentzu batean esanahi du ere lan harremanean konprometitzen dela pertsona jakin bat (honela, bereiztu egin behar dira lanpostua eta lan kontratua: haurdunaldiarengatiko ordezkapenaren kasuan, adibidez, lanpostu bakarra egon arren, bi kontratu daude, lanpostu horren titularrarena eta horren ordezkoarena).

- Borondatez. Langileak eta enpresariak borondatez sinatu behar dute kontratua (batez ere langileak). Honek baditu zenbait salbuespen enpresariari dagokionez: adibidez, enpresa handietan 50 langileekiko 1 gutxienez elbarritua izan behar da (beraz, enpresaria derrigortua dago kontratatzera). Langilearen kasuan, aldiz, hau borondatez aritu behar da uneoro, eta horregatik nahi duenean utzi dezake lanpostua (enpresariak teorikoki ez du askatasun hori, nahiz eta langilea kaleratzeko baldintzak arintzen direla ikus daitekeen).

- Menpekotasuna. Langilea enpresariaren menpe dago, enpresariak agindutakoa bete behar du. Enpresariak antolatzen du lana (zuzendaritza boterea).

- Besterentasuna (ajeneidad). Hau bi zentzutan hartzen da: besterentasuna fruituetan, lanaren fruituak (irabaziak) enpresariak jasotzen dituelako; eta besterentasuna arriskuan, arriskua ere (galerak) enpresariari dagokiolako.

- Ordaindua. Langileak asmo horrekin egiten du lan, hau da, ordaindua izateko asmoarekin.

4.1. Lan Zuzenbidearen bilakaera

Lehen esan bezala, Lan Zuzenbidearen bilakaera historikoa aztertzeko, Frantses Iraultzara joan behar dugu, XVIII. Mende bukaerara, non liberalismoa ezartzen den. Liberalismo honek eragiten duen esplotazioaren ondorioz,

XIX. Mende bukaeran Lan Zuzenbidearen hastapenak ematen dira, langileei hainbat eskubide minimo arrezagutuaz. Lan Zuzenbide honen sendotze eta indartzea XX. Mendean emango da. Honetan garrantzi handia izan zuen 1917ko Errusiar Iraultzak, mundu osoan eragina izan zuena. Honen eraginez, 1919an Lanaren Nazioarteko Erakunde (OIT) sortu zen.

II. Mundu Gerra ostean, beste aurrerakada garrantzitsu bat ematen da: konstituzioetan Estatu Sozialak zabaltzen dira. Gerra galdu ondoren, Alemaniak ahalegin handia egin behar izan zuen, eta langileen egoeraren hobekuntzaren adibide garbia bilakatu zen.

1973ko petroleoaren krisiaren eraginez, inflexio puntua eman zen Lan Zuzenbidearen historian, eta ordutik Lan Zuzenbidea eta langileen eskubideak gainbeheran daude. Eragin garrantzitsuena 1980en hamarkadan eman zen Reagan (EEBB) eta Thatcher (Britainia Handia) presidenteek ezarri zuten neoliberalismoaren ondorioz, ondoren mundu osora hedatu zena.

Bilakaera historiko honen ondorioz, Frantses Iraultzara bueltatzen ari gara, logika ekonomikoa logika sozialaren gainetik jarriaz.

defero.webcindario.com