defero.webcindario.com

12. TRIBUTU-KREDITUAREN BERMEAK

1. TRIBUTU KREDITUAREN BERMEAK

2. LEHENTASUN ESKUBIDEA: ONDASUN HIGIGARRI ETA HIGIEZINEN GAINEKO LEHENTASUN OROKORRA ETA BEREZIA

3. AFEKZIO ESKUBIDEA

4. ATXEKIPEN ESKUBIDEA

5. BEHIN-BEHINEKO BERMEAK



----------------------------------------



1. TRIBUTU KREDITUAREN BERMEAK

Tritubu-ordenamenduaren ardura beti izan da erakunde publikoek behar dituzten baliabideak eskuratzea. Horretarako, tributuen eraginkortasun praktikoan ardura berezia jarri izan da, eraginkortasun horretarako beharrezkoak diren neurriak ezarriz. Honela, ordenamenduan erakunde juridiko asko aurki daitezke tributu-kreditua zordunaren kaudimen gabezia edo fede txarraren aurrean babestea helburua dutenak. Horien artean, tributu-kredituaren berezko berme bereziak aurki ditzakegu.

+ Tributu-kreditua, edozein kreditu bezala, zordunaren ondarearekin bermatua dago

+ Tributuekiko arau orokorrak tributu-kredituaren bermerako neurri bereziak ezartzen ditu. Hauek bi ezaugarri nagusi dituzte: berme-eskubidea lege batek ezarri behar du, eta tributu-berme eskubide honek tributu-kredituarekiko alboko edo menpeko izaera du (bermea tributu-kredituarekiko menpekotasun erlazioan dago; honela, tributu-kreditua desagertzen bada, berme-eskubidea ere bai). Berme hauek bi eratakoak izan daitezke: pertsonalak eta errealak.

* Pertsonalak. Hartzekodunari izaera pertsonala duen eskubide bat ematen zaio. Eskubide hau ez da gauza baten aurka gauzatzen, hiirugarren baten ihardueraren aurka baizik; honela, erantzukizuna egitate zergagarritik kanpo dauden hirugarrenei zabaltzen zaie. Adibideak: banku-abala, tributu-zorraren ordainketa zatitu edo geroratzen den kasuetarako, fidantza, pertsona eta elkarkidetasunez...

* Errealak. Hartzekodunari gauza zehatzen gaineko botere juridikoa ematen diotenak. Hartzekodunak erga omnes eskubide erreala izango du, denen aurrean gauzatu daitekeena.

2. LEHENTASUN ESKUBIDEA: ONDASUN HIGIGARRI ETA HIGIEZINEN GAINEKO LEHENTASUN OROKORRA ETA BEREZIA

Kredituaren izaera pribilegiatuak hartzekodun guztien arteko berdintasun-tratua salbuestea dakar; lehentasun edo pribilegio hau legeak hartzekodun bati beste hartzekodunek baino lehenago kobratzeko eskubidea aurrikusten dionean ematen da. Bi lehentasun mota bereizten dira: orokorrak eta bereziak. Orokorra izango da zordunaren ondasun guztien gainean erortzen denean; berezia izango da ondasun zehatz batzuen gainean erortzen denean.

2.1. Lehentasun orokorra

TFAO 71. artikuluaren arabera, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-diputazioek eta udalek muga-eguneratu (vencido) eta ordaindu gabeko tributu-kredituak kobratzeko lehentasuna izango dute, administrazioaren eskubidea konstarazten den egunaz aurretik dagokion erregistroan behar bezala inskribatutako jabetza, bahitura, hipoteka edo beste eskubide erreala duten hartzekodunekin lehia ez bada, foru-arau honetako 73 eta 74. artikulutan xedatutakoa baztertu gabe.

Lehentasun honek soilik muga-eguneratu eta ordaindu gabeko tributu-kredituak babesten ditu, eta borondatezko epean igaro eta ordainduak izan ez diren kredituak. Kredituak edozein tributuetatik eratorritakoak dira, zergetatik datozenak ezezik (zerga, tasa, zein kontribuzio bereziak). Erga omnes eragina du, salbuespen bakarrarekin: beren eskubidea erroldaren batean inskribaturik duten hartzekodunak (hipoteka...), inskribapen hori ogasunaren lehentasun eskubidea gauzatu daitekeen egunaren aurretik egina izan behar delarik. Ondorioz, tributu-kredituak beste kreditu zaharragoren gain eskubidea izango du, beti ere kreditu hauek erroldan ez badira inskribatu. Zuzenbide Zibilean kreditu zaharrenak berriarenganako lehentasuna izaten du, baina hori ez da hemen gertatzen; berme-eskubidea (pribatu batena) zaharragoa izan arren, ez bada inskribatu, ogasuna honen aurretik egongo da kobratzeko.

2.2. Lehentasun berezia

TFAO 73. artikuluaren arabera, erregistro publiko batean inskribatu litezkeen ondasun edo eskubideak, edo haien etekin zuzenak, egiazkoak hala ustezkoak, aldizka kargatzen dituzten zergetan foru-diputazioak eta udalek lehentasuna izango dute beste edozein hartzekodun edo erosleren aurretik, egintza administratiboa ematen den urte naturalari eta aurre-aurrekoari dagozkion zor ez ordainduak jasotzeko, beren eskubideak inskribatu badituzte ere.

Ezaugarriak: aldizkako zerga izatea (ez da behin bakarrik kobratzen, urtero zergak sortzen ditu; adibidez, Ondare Netoaren gainerko Zerga, ondare bera izanik behin eta berriro sortzen dituelako zergak; adibidez, PFEZa ez litzateke hemen sartuko, urte bateko errentak behin bakarrik ordaintzen dituelako zergak), eta urte naturalean zein aurre-aurrekoan sortu izana. Bestela, lehentasun orokorra egongo da bakarrik.

3. AFEKZIO ESKUBIDEA

Gauza zehatz baten gainean eratutako berme-erreala da. Berme honek, zordunak borondatez ordainduko ez balio, hartzekodunari gauzaren balioa egikaritzeko (enkantean saltzeko) eskubidea ematen dio. Eskubide honek suposatzen du ondasun baten eskualdaketa dela-eta, ondasunak tributuen ordainketara afektaturik edo atxekiturik geratzen direla, gauzaren jabea zein den kontutan eduki gabe (ikus 9. gaia, 4. puntua). Hartzekodunak gauzaren balioa erabili eta egikaritu dezka ondasunaren jabea edo edukitzailea edozein delarik. Gauz edo ondasuna hirugarren batek eskuratzen badu ere, gauza loturik geratzen da.

TFAO 74. artikuluan eskubide hau aurrikusten da: eskualdatutako ondasun eta eskubideak eskualdaketa, erosketa edo inportazioa kargatzen dituzten zergei dagozkien kopuruak, kitautak ala ez, ordaintzeko erantzukizunari atxekiko zaizkio, jabea edonor delarik ere, baldin eta hau (jabea) ez den erregistro-fede publikoak babestutako hirugarren bat; kasu honetan ez da afektatua izango, ezta zuritzen den ondasunare erosketa fede onez eta titulu zuzenaz egina dela, edo merkataritza edo industria establezimendu inskribatu-ezineko ondasun higigarrien kasuan.

4. ATXEKIPEN ESKUBIDEA

Erakunde hau gehienbat aduana-zergatan erabilia izan da; merkantziak aduanatik pasatzen zirenean, berehala zegokien likidazioa ordaintzen zen. Zerga ez bazen ordaintzen, merkantziak atxekiturik (erretenituak) geratzen ziren aduanako esparruan. Orokorrean, eskubide honen arabera hartzekodunak gauza bat bere esku edukitzeko eskubidea du. Berme-era bat da, hartzekodunak zordunaren ondasun bat bere esku edukiaz. Honela ziurtatzen du bere kreditua ordainduko zaiola, nahiz eta ondasun hori ez duen egikarituko (enkantean salduko) lorturiko diruarekin geratzeko.

TFAO 75. artikuluaren arabera, Foru-Aldundiak atxekipen-eskubidea izango du salmentara aurkezten diren salgaietan, eta hauen trafiko edo zirkulazioa kargatzen duten tributuen bilketa-eskubidea ere likidatutako kredituaren zenbatekoaz, hura ordaintzeko bermerik ematen ez denean.

Beste berme batekin ordeztua izan daiteke. Gaur egun, nahiz eta legeak aukera hau aurrikusi, ez da ia batere erabiltzen, tramite honek aduanetako eragiketak asko luzatuko lituzkeelako. Inportazioak gutxi zirenean berme hau arazo handirik gabe ezarri zitekeen; gaur egun, ordea, eragiketa kopurua oso handia denez, oso zaila da zergarik ordaintzen ez duten salgaiak gordetzea.

5. BEHIN-BEHINEKO EDO KAUTELAZKO BERMEAK

TFAO 128. artikuluaren arabera, Ogasuneko Zuzendari Nagusiak somatzen badu badirela arrazoiak zorra ezin izango dela kobratu, edo kobrantza oztopatuta gerta daitekeela pentsatzeko, behin-behineko neurri kautelarrak har ditzake zorraren kobrantza ziurtatzeko.

Adibidez, Foru-Ogasunak itzuli beharreko kopuruak atxekitzea, ondasun edo eskubideak modu prebentiboan bahitzea...

defero.webcindario.com