defero.webcindario.com

11. TRIBUTU-ZORRAREN AMAIERA

1. TRIBUTU ZORRAREN IRAUNGIPENA: IRAUNGIPENAREN ZERGATIAK

1.1. Ordainketa

2. PRESKRIPZIOA

3. BESTE AMAITZE-ERA BATZUK



----------------------------------------



1. TRIBUTU ZORRAREN IRAUNGIPENA

Gai hau aztertu ahal izateko, ikusi behar da tributu-beharkizuna eta obligazio zibila berdinak diren edo ez, berdinak diren heinean tributu-obligazioei Kode Zibilean aurrikusten diren iraungipen kausak ezarriko zaizkielako. Tributu-obligazioan interes publikoa eta pribatua aurrez-aurre jartzen dira, interes pribatua zordunarekin eta interes publikoa hartzekodunarekin identifikatzen direlarik. Interes publikoak pribatuak baino babes gehiago merezi duela pentsatzen da, interes publikoa interes pribatuen batuketa besterik ez delako. Hala ere, oreka lortu behar da, batetik zor dena baino gutxiago ez ordaintzea (administrazioaren interesa), eta bestetik zor dena baino gehiago ez ordaintzea (zergadunaren interesa).

TFAO 9.2 artikuluak dio Zuzenbide Administratiboko xedapen orokorrek eta Zuzenbide Arruntak (horren barne Zuzenbide Zibila) izaera ordeztaliea izango dutela. Zer ondorioztatzen da artikulu honetatik? Tributu-ordenamenduak zenbait gaiei buruzko araudi berezia duenean, araudi hori Kode Zibileko araudi orokorraren gainetik dagoela. Bigarren ondorioa: tributu-ordenamenduak ez duenean ezer arautzen, Kode Zibila aplikatuko da baina beti ere kontutan izan behar da Kode Zibileko arauak ez direla ezargarriak lege-erreserbaren printzipioaren aurka doazenean (adibidez, Zuzenbide Zibilean hartzekodunak zorra barkatu dezake, baina tributu mailan zorra barkatzeko lege bat behar da, aipatutako printzipioaren arabera tributu beharkizunaren jaiotzea, garapena eta iraungipena legez arautu behar delako, eta honela administrazioak ez du erabakitzeko ahalmenik).

KZ 1156. artikuluan iraungipen-kausa batzuk ezartzen dira: ordainketa edo betetzea, zor zen gauza galtzea, zorraren barkamena, hartzekodun eta zordunen eskubideen nahasketa, konpentsazioa, eta nobazioa. Tributuekiko Foru Arau Orokorrak, aldiz, bost bakarrik aipatzen ditu: ordainketa, preskripzioa, konpentsazioa, barkamena, eta subjektu pasiboaren kaudimen gabezia.

1.1. Ordainketa

Ordainketak ez du Tributu-Zuzenbidean orokorrean obligazioen betetzeak duen egituraren ezberdintasunik. Honela, Zuzenbide Pribatuko arauak Tributu-Zuzenbidearen ezaugarriak izango dira, esanbidez edo ixilbidez desemanak izan ez badira behintzat.

Honela, ordainketa diru-kopuru baten entregatzea izango litzateke. Hala ere, esan beharra dago ordainketak ez duela soilik behartuaren iharduera askatzen, hartzekodunaren kolaborazioa ere beharrezkoa da.

- Ordainketa jaso dezaketen subjektuak

Tributuaren subjektu aktiboa administrazioa da, baina kobraketa ez du beti administrazioak jasotzen, baimendurik dauden erakunde edo pertsonen bidez egiten delako zenbaitetan. Adibidez, PFEZa banketxeari ordaintzen zaio, banketxeari ordainduta kunplitu dugu.

Gai honetan, azpimarratu behar da eskuduntza eta baimenaren arteko ezberdintasuna. Eskuduntzaz hitz egiten dugunean, bilketa-funtzioa finant-administrazioko organo ezberdinen artean banatzeaz ari gara. Aldiz, baimenaz hitz egiterakoan, ordainketa jasotzeko beste pertsona ezberdin bat gaitzen dela adierazi nahi da. Honela, ordainketa oker egindakoan, bi egoera ezberdinen aurrean egon gaitezke: eskumenik gabeko organoari ordaindu izana, edo eskuetsi gabeko pertsonari ordaindu izana.

Ordainketa administrazioari zuzenki egiten zaionean, organo eskudunari egin behar zaio; sortzen den arazoa organo eskumen-gabekoari egindako ordainketaren ondorioarena da. Doktrinak bi kasu bereizten ditu: erabateko eskuduntza-gabezia, eta eskuduntza-gabezia erlatiboa.

Erabatekoa izango da eskumen-arauak inolaz ere errespetatzen ez badira, adibidez, PFEZaren ordainketa Hezkuntza Ministeritzan egiten bada. Kasu honetan, zorduna ez da aske geratzen, bere zorra bizirik egongo da oraindik.

Erlatiboaren kasuak tributu-kudeaketaren arduradun diren organoen artean gertatzen da, adibidez, tributu-kudeaketako atal baterako eskuduna den organo bati ordaintzen zaionenan, baina hau kobrantzarako eskuduna izan gabe. Organo hau tributu-administrazioaren barnean dagoenean, ulertu egiten da egindako ordainketak efektu askatzaileak izango dituela ordaintzailearentzat.

- Ordainketa egin dezaketen subjektuak

Printzipioz, zerga ordaintzeko obligazioa dute zergadunak, ordezkoak eta erantzuleak. Baina hauetaz gain, beste edozeinek ere ordainketa egin dezake; eta ordainduz gero, eskubidea izango du ordain-kuota horren ziurtagiri edo frogagiri bat jasotzeko.

- Ordainketaren objektua

Ordainketa hiru eratara egin daiteke: dirutan, efektu tinbratuaz (ganbio letrak...), eta ondare historikoa osatzen duten ondasunekin. Eskudiruzko ordainketak hiru eratan egin daitezke: diruz, txekeen bidez, eta Ekonomia eta Ogasun Ministeritzak onarturiko beste edozein modutan. Ordainketak eragina izateko, hiru ukanbehar bete behar ditu:

+ Berberatasun edo identitatea. Hau da, ordainketa zor zenaren berdina izan behar da; ukanbehar honen betetzea ziurtatzeak ez du inongo arazorik planteatzen, dirutan ordaintzen delako.

+ Osotasun edo integritatea. Ordainketa erabatekoa izan behar da.

+ Zatiezintasuna. Ordainketa osoa une berean egin behar da. Osotasunak prestakuntza soilik zati batekoa izatea debekatzen du; aldiz, zatiezintasunak prestakuntza denboran zehar zatitzea debekatzen du, nahiz eta salbuespenez legeak aurkakoa esan dezakeen.

- Ordainketa egiteko epea

TFAO 61. artikuluak dio ordainketa bilketa-erregelamenduak ezarritako epeen barruan egin beharko dela, edo tributu bakoitzak ezarritako epeen barruan. Hemen bi zor mota bereizten dira:

+ Administrazioaren likidazioaren ondorioz sorturiko tributu-zorrak (autolikidazioaren kontrakoa). Administrazioak likidatutako tributu-zorrak epe hauetan likidatu beharko dira: hilabete bakoitzeko 1. eta 15. egunetan jakinarazitakoak, hurrengo hileko 10. egunera arte; 16. eta azken egunaren artean jakinarazitakoak, hurrengo hilabetearen 25. egunera arte (Estatuan epeak ezberdinak dira: lehenengo kasuan 5. egunera arte, eta bigarrenean 20. egunera arte). Likidazioak eragina izateko, era egokian jakinarazia izan behar da.

+ Autodeklarazio bidez sorturiko tributu-zorrak. Kasu hauetan tributu bakoitza arautzen duten arauek agintzen dutenaren arabera ordaindu beharko da. Hau da, tributu bakoitzak aurrikusiko ditu epeak.

- Ordainketaren froga

Ordainketaren frogagiriak ondokoak izango dira: ordainagiriak, baimendutako entitateek sinatu nahiz baliozturiko ordainketa gutunak, sarreren egiaztapen ziurtapenak, eta ordainketaren frogagiri izaera izan dezaketen beste edozein agiri. Ordainketaren frogagiri hauek ondorengo inguruabarrak eduki beharko ditu: zorduna identifikatzeko beharrezkoak diren datuak, zorraren zergatia (egitate zergagarria, zerga, ekitaldia...) eta zenbatekoa, kobrantzaren data, eta agiri hori igortzen duen organo, pertsona edo erakundearen datuak.

- Kontsignazioa

TFAO 63. artikuluak dio: subjektu pasiboek tributu-zorraren zenbatekoa eta dagokionean erregelamenduz sortutako kostuena foru-aldundiaren altxortegian gordailatu edo kontsignatu ahal izango dituzte erregelamendu xedapenek erabaki ditzaten efektu liberatzaile edo etengarriaz (suspensiboaz). Hau bi kasutan ematen da:

+ Errekurtsoa tarteratzean. Kasu honetan aurkaturiko egintzaren exekuzioarekiko kontsignazioak efektu esekitzaileak izango ditu.

+ Ordainketa jaso behar duen bilketa-organoak ordainketa bidegabeki onartu ez duenean, edo ezin duenean onartu ezinbesteko arrazoiengatik. Kasu hauetan, ordainketak efektu esekitzaileak (liberatzaileak) izango ditu.

- Ordainketa ezaren ondorioak

Epearen barruan ordaintzen ez bada, berandutza-interesak ordaindu beharko dira. Helburua: ez-ordaintze horrek ogasunari sorturiko kalteak konpentsatzea. Epe hori bukatzen denean eta lehen hiru hilabetetan ordaintzen bada, administrazioaren errekerimendurik gabe, kuota osoa ordaindu beharko da, gehi %5eko errekargoa; 4 eta 12 hilabete bitartean egiten bada, ordaindu beharrekoa izango da kuota, gehi %5eko errekargoa, gehi berandutza interesak; 12 hilabetetik aurrera, kuota, %10eko errekargoa, eta berandutza interesak ordaindu beharko dira. Hau guztia autolikidazioetan gertatzen da.

Zergadunek epe hauetan aitorpena aurkezten badute, baina diru-sarrerarik egin gabe? Gainera premiamenduzko errekargoa erantsi ahal izango zaio. Bestalde, administrazioaren errekerimendua eta gero ordaintzen bada, gainera isuna ordaindu beharko da.

2. PRESKRIPZIOA

Ordenamendu juridiikoek egoera juridikoei egonkortasun bate ematen saiatzen dira. Preskripzioaren helburua da administrazioaren iharduera-ezaren ondorioz zergadunen egoera juridikoak behin-betikoak bihurtzea.

Tributu-Zuzenbideko erlazio juridikoa preskripzioz iraungi daiteke, beste obligazio guztiak bezala. Legeak aurrikusitako epealdi batean erlazio juridikoaren ixiltasunak zorraren iraungipena dakar, eta ondorioz administrazioaren eskubidearena. Administrazioak zergadun baten egoera konprobatu ahal izanik, ez badu egiten, eta ez badio zorra exigitzen, legeak iharduera-eza hau preskripzioa aldarrikatuz zigortzen du, eta hortik aurrera administrazioak ezin izango dio zergadunari zorra eskatu. Normalean, Ogasunak 4 urteko epea du zergadunaren egoera konprobatzeko (lehen, 5 urte; Bizkaian, 3 urte), eta ondoren zorra preskribituko da.

TFAO 64. artikuluaren arabera, lau urteren buruan honako eskubide eta egintzak preskribituko dira:

a) Tributu-zorra dagokion likidazioaz erabakitzeko administrazioaren eskubidea

b) Tributu-zor likidatuaren ordainketa exigitzeko egintza

c) Tributu-zehapenak ezartzeko egintza

d) Diru-sarrera okerren itzulketarako eskubidea (zergadunak berak lau urte izango ditu ere ordaindu behar ez zuena itzultzea eskatzeko)

Artikulu hau preskripzioaz ari da, ez kaduzitateaz. Preskripzioa eten egiten da (eta berriro kontatzen hasi), eta kaduzitatea ez.

2.1. Preskripzioaren hasiera

Noiz hasten da TFAO 64. artikuluan ikusitako preskribitzeko suposamendu bakoitza?

a) Lehenengo kasuan, beharrezko deklarazioa aurkezteko erregelamenduzko epea bukatzen den egunetik hasita

b) Bigarren kasuan, borondatezko ordainketarako epea amaitzen den egunetik

c) Hirugarren kasuan, urraketak egin ziren egunetik

d) Laugarren kasuan, okerreko diru-sarrera egin zen unetik

2.2. Preskripzioaren etendura

Urraketa ezik, beste hiruak arrazoi hauengatik eteten dira:

* Egitate zergagarri bakoitzetik sortutako zerga onartu, erregularizatu, ikuskatu, ziurtatu, frogatu, likidatu, edo biltzeko asmoz egindako administrazio-egintzarengatik, subjektu pasiboari formalki jakinarazita.

* Edozein motatako errekurtsoak tarteratzeagatik

* Zorra ordaindu edo likidatzeko asmoz egindako subjektu pasiboaren edozein egintzaz

Okerreko diru-sarreren kasutan, gainera, diru-sarrera okerra itzulia izan dakion subjektu pasiboaren edozein ekintza nabarmenak etengo du, edo haren izatea onartuz foru-diputazioaren edozein egintzak.

Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo berretsi beharrik gabe. Hala ere, preskribatu den edo ez konprobatu behar da, ogasunak oker egiten badu.

Bestalde, gogoratu kaduzitate-epeak ez direla eteten.

3. BESTE AMAITZE-ERA BATZUK
3.1. Konpentsazioa


Tributu-zorrak osorik edo zatika iraungi daitezke konpentsazioaz, erregelamenduz ezarritako baldintzapetan. Hiru ezaugarri:

* Zeintzuk dira zor konpentsagarriak? Bilketa fasean aurkitzen diren ogasunaren aldeko zorrak, zordunari arrezagutzen zaizkion kredituekin

* Zeinek du konpentsatzeko eskumena? Estatu mailan, Agentzia Tributarioko Delegazioak. Gipuzkoan, Ogasun Departamentuak.

* Konpentsazioa eskatzen denean, zorraren ezaugarri guztiak adierazi beharko zaizkio ogasun departamentuko nagusiari.

3.2. Barkamena edo kondonazioa

Amaitzeko era hau ez da ohizkoa, kasu gutxitan ematen da. Tributu-zorrak Batzar Nagusiek emandako foru-arau baten bidez barkatuko dira, eta bertan zehazten diren zenbateko eta baldintzapenez. Ez-ohizko kasuetan ematen da; adibidez, Galizan, Prestige petroleroak kaltetutako arrantzaleei.

3.3 Subjektu Pasiboaren kaudimen gabezia

TFAO 70. artikuluaren arabera, subjektu pasiboa eta gainerako erantzuleen kaudimen-gabezia frogatuagatik, prozedura exekutiboan bildu ezin izan diren tributu-zorrak iraungitzat joko dira, behin-behingoz preskripzio epean birgaitzen ez den bitartean. Artikulu honek aurrikusten duena zorraren exigigarritasunaren (galdagarritasunaren) esekipena da, zordunak dirurik ez duelako. Zordunak dirua duenean zerga-zor hori galdagarria izango da, baina beti prozedura exekutibo bat egongo da tartean.

defero.webcindario.com