defero.webcindario.com

8. TRIBUTU-OBLIGAZIOA

1. TRIBUTU-ERLAZIO JURIDIKOA: TRIBUTU OBLIGAZIOA

2. EGITATE ZERGAGARRIA: KONTZEPTUA, ELEMENTUAK ETA ONDORIO JURIDIKOAK

3. EKINTZA ZERGAPETU GABEAK ETA EGITATE SALBUETSIAK

3.1. Salbuespen motak



----------------------------------------



1. TRIBUTU-ERLAZIO JURIDIKOA: TRIBUTU OBLIGAZIOA

Bereiztu behar da Tributu Zuzenbide Materiala eta Tributu Zuzenbide Formala. Materialak tributuaren ordainketa eta funtsezko elementuak arautzen ditu. Formalak, aldiz, prozedimendua. Guk materiala aztertuko dugu.

Tributu-erlazio juridikoan tributu beharkizun bat dago. Honela, esan daiteke tributu erlazio juridikoaren edukia tributu-beharkizuna eta beste beharkizun edo betebehar batzuk osatzen dutela. Tributu-obligazioaren ezaugarria: prestakuntzak duen ondarezkoa edukia, hau da, tributu-kuota ordaintzeko obligazioa, subjektu pasiboak ogasunari ordaindu beharrekoa. Tributuekiko Foru Arau Orokorraren 35.1 artikuluak dio subjektu pasiboaren betebehar nagusia zerga-zorra ordaintzea dela. Obligazio horren ezaugarriak:

* Ex lege sortzen da (legetik). Tributuekiko Foru Arau Orokorraren 28. artikuluak dio egitate zergagarria burutzeak zerga-beharkizuna sortzen du, hau da, tributu-obligazioa jaiotzeko bide bakarra egitate zergagarria burutzea da, eta egitate zergagarri hau lege batek jaso behar du. Behin egitate hori burutuz gero, borondateak ez du inolako garrantzirik. Hau da, tributu legeak agintzen duelako ordaintzen da, eta ez horretara behartua dagoenak onartzen duelako.

* Zuzenbide Publikoko betebeharra. Bere edukia eta eraentza juridikoa aldeen borondatetik kanpo geratzen da. Adibidez, administrazioa hartzekoduna da, eta ezingo du zor hori gutxitu edo barkatu (teorian behintzat).

* Emateko beharkizuna. Objektua erakunde publikoari egin beharreko prestakuntza bat da: diru kopuru bat ematea. Salbuespen batzuk daude, eta zenbait kasutan ondasun zehatz batzuekin ordaindu daiteke: ondare kulturala azaltzen dutenak (errolda batean agertzen direnak).

Tributu legeek ondarezko edukinetik kanpo, beste betebehar batzuk jasotzen dituzte. Dirua ordaintzea obligazioa materiala izango litzateke; gainontzekoak, formalak. Betebehar formalak tributu-erlazioaren barnean geratzen dira, eta hauetako batzuk Tributuekiko Foru Arau Orokorreko 35.2 artikuluan jasotzen dira: kasu bakoitzean ezartzen diren kontabilitate-liburua, erregistro eta gainerako dokumentuak eraman eta gordetzera, ikuskaldi eta egiaztatzea erraztera, eta foru-aldundiari egitate zergagarriarekin harremanik duten datu, argibide, aurrekin eta zuribideak (justificantes) ematera daude behartuak.

Beraz, dena ez da ordaintzea, badaude beste hainbat obligazio. Tributu-Erlazio Juridikoa bi betebehar horiek osatuko dute, materialak (nagusia) eta formalak (albokoak).

2. EGITATE ZERGAGARRIA: KONTZEPTUA ETA FUNTZIOA

Edozein arau juridiko bezala, tributua arautzen duten arauek ere ohizko egitura dute, hau da, egitatezko aurresuposamendua alde batetik, eta bestetik egitatezko aurresuposamendu horri lotutako zuzenbidezko ondorio batzuk (ondorio juridikoak). Egitatezko aurresuposamendu horri egitate zergagarria deitzen zaio.

Tributuekiko Foru Arau Orokorraren 28. artikuluan jasotzen da egitate zergagarria: "egitate zergagarria tributu bakoitza konfiguratzeko arauak finkatutako izaera juridiko eta ekonomikodun gertakizuna da, hura burutzeak zerga-beharkizuna sortzen duelarik". Laburtuz, tributu-beharkizunaren sorrera dakarren egitatezko suposamendua da. Adibidez, PFEZean soldata jasotzea, bankuko interesak eskuratzea..., hau da, errenta jasotzea.

Gaur egun egitate zergagarriak bi funtzio betetzen ditu: tributu obligazioaren elementu sortzailea izango litzateke, eta tributu-sistema osatzen duten tributu ezberdinak sailkatzen ditu (tributuak ezberdinak dira gauza ezberdinak zergapetzen dituztelako, hau da, egitate zergagarri ezberdinak dituztelako).

Egitate zergagarriaren izaerari dagokionez, definizioan aipatu egin dugu horren izaera juridikoa edo ekonomikoa den. Esan behar da izaera jurdikoa izan daitekeela bakarrik.

2.1. Egitate zergagarriaren egitura

Egitate zergagarriaren egiturari dagokionez, honetan bi elementu osatzaile bereiztu behar dira: objektiboa eta subjektiboa.

- Objektiboa (lau alderdi bereiztuko ditugu)

+ Alderdi materiala. Egitate zergagarria osatzen duten egitate, egintza, egoera edo negozioak. Hau ahalmen ekonomikoaren adierazle izango da. Alderdi material honen aurresuposamendua bi motatakoa izan daiteke: orokorra eta zehatza.

Orokorrak izango dira arauetan ezaugarri orokorrekin azaltzen direnak. Ezaugarri orokorrak emanaz ez ditu suposamendu edo kasu zehatzak bere barne hartzen, kasu hori ezaugarri horiekin bat datorren aztertu beharko da. Adibidez, industria edo merkatal iharduera batean ihardutea aurresuposamendu orokor bat da, gero zehaztu daitekeena.

Zehatzak izango dira aurresuposamenduak zehazki aipaturiko kasuak. Hemen aztertu egin beharko da egoera zehatz bat arauak jasotzen duen aurresuposamenduan aurrikusten den edo ez. Adibidez, akzioen dibidendoak.

+ Leku alderdia. Alderdi honek adierazten duena da egitate zergagarria eman den tokia, eta horren ondorioz zein erakunde publiko den eskuduna. Alderdi honetan garrantzi handia du tributu-arauen lotura puntua (konexio puntua), lurraldetasuna (ez naziotasuna).

+ Denbora alderdia. Denbora kontutan hartu behar da, hiru arazo sor daitezkeelako:

* Tributu beharkizuna sortzen den garaia. Tributu beharkizuna sortzen da egitate zergagarria burutzen denean; hau burutzeak tributu-obligazioaren sorrera suposatzen du.

Egitate zergagarria denboran zehar luzatzen denean, legeak denbora hori zatikatu egin behar du, eta denbora zati bakoitzean zerga-beharkizun ezberdina sortzen da. Garai edo zati hauei zergapen-denboraldia deitzen zaie. Normalean zergapen-denboraldiak urtebetekoak izaten dira. Hauek iraupen luzeko aurresuposamenduak dira; egitate zergagarriak dira, baina bakarrak (adibidez, PFEZaren egitate zergagarria da pertsona fisikoak errenta eskuratzea, urte beteko epean).

Berehalako aurresuposamenduak: hauek ematen dira egitate zergagarria une edo momentu zehatz batean burutzen denean. Adibidez, salmenta burutzean, momentu horretan sortzen da obligazioa: BEZa enpresetan, Ondasun Eskualdaketen gaineko Zerga pribatuen artean...

Tributu-obligazio bakoitza noiz sortzen den dagokion legeak zehaztuko du. Bestalde, operazio berak bitan sor dezake tributu-obligazioa. Adibidez, etxea saltzeagatik, Ondasunen Eskualdaketaren gaineko Zerga ordaindu beharko dugu (berehalakoa), eta baita PFEZa ere izandako irabaziengatik (iraupen luzekoa).

* Tributu-obligazioa exigigarria den garaia. Zortzapenak ez du esanahi derrigorrez hartzekodunak (Ogasuna) une horretatik aurrera zergadunari tributu-prestakuntza exigitu diezaiokeenik, denbora bat igaro daiteke zerga jaio eta exigigarria izan arte (Ogasunak epe bat ematen du zerga ordaintzeko). Exigitzeko epeak eta erak 11. gaian aztertuko ditugu.

* Beharkizunaren jatorria zehazteko, ezargarria den legea zehaztea. Atzeraeraginkortasuna salbu, ezargarria den legea egitate zergagarriaren burutzea baino lehenagokoa izan behar da, segurtasun juridikoaren printzipioari jarraiki (atzeraeraginkortasuna beti ere salbuespen moduan aplikatuko da, Konstituzioaren mugak errespetatuz).

+ Alderdi kuantitatiboa. Egitate zergagarria burutzen den neurria adierazten du, hau da, zenbatekoa, bolumena edo intentsitatea. Tributuak finkoak eta aldakorrak izan daitezke, eta alderdi kuantitatiboa soilik tributu aldakor edo bariabletan emango da. Tributu finkoetan ordaindu beharreko kopurua finkoa da, eta ezin da baloratu; bariabletan bai (errenta kopurua, ondarearen balioa, eskuz aldatutako ondasuna...).

- Elementu subjektiboa.

Tributuaren subjektu pasiboak elementu objektiboarekin izan behar duen harremana da, hau da, arauak egitate zergagarria burutu ondoren zergapetua izan behar duen subjektua adierazi behar du. Ondorioz, egitate zergagarriaren elementu subjektiboak adieraziko diguna da tributua nork ordaindu behar duen. Elementu subjektiboak egitate zergagarriaren egituran parte har dezake, eta honela zerga pertsonal eta errealen artean bereizten da.

Azken iruzkina: Legegilea, printzipioz behintzat, librea da bidezkoak iruditzen zaizkion egitate zergagarriak zehazteko, baina Konstituzioak jasotzen dituen mugak errespetatu egin beharko ditu. Konstituzioaren printzipioetako bat da lege erreserbarena: zerga baten egitate zergagarria legeak ezarri behar du (agian erregelamenduak zehaztuko du, baina beti ere legea errespetatu behar du). Kontutan hartu behar da ere egitate zergagarri guztiek ahalmen ekonomikoa adierazten duten suposamenduak barnebildu behar dituztela.

3. EKINTZA ZERGAPETU GABEAK (EZ-LOTUAK) ETA EGITATE SALBUETSIAK

Arauetan agertzen diren egitate zergagarriak egitate lotuak izango dira, eta zerga kopurua ordaintzea suposatuko dute. Egitate ez-lotuak, aldiz, horiek burutzea zergarik ordaindu egin behar denik suposatzen ez duten egitateak izango dira (adibidez, arnasa hartzea).

Zenbait kasutan arauek egitate ez-lotuen zerrendak jaso egiten dituzte, zalantza sor daitekeelako egitate bat zergapetua dagoen edo ez jakiteko. Legegileak zalantza horiek baztertzeko, zergapetuak jasotzen ditu, eta zergapetu-gabeak direnen zenbait adibide jartzen ditu.

Zergapetuak daudenen kasuan, egitate salbuetsiak dauzkagu. Hauetan egitate zergagarria burutu egin da, tributu-obligazioa jaioaz, baina arrazoi jakin batzuengatik, legegileak ez du nahi egitate zergagarri hori burutzeagatik subjektu pasiboak ordaintzea, bai kopuru osoa bai zati bat.

Egitate zergagarriaren elementu guztiak betetzen direnean, lotura kasu baten aurrean gaude. Elementu guztiak betetzen ez direnean, aldiz, egitate ez-lotu edo zergapetu-gabe baten aurrean gaude (no sujeto). Elementu guztiak betetzen badira, baina legeak tributu-obligazioa jaiotzen ez dela esaten badu, salbuespen baten aurrean gaude.

Salbuespenak suposatzen du egitate zergagarria burutzeak ekarriko lukeen ondorio normala ez ezartzea. Salbuespenak lege bidez ezarri behar dira (lege-erreserba). Salbuespenaren hiru suposamendu ditugu:

* Tributu-beharkizuna ez da sortzen nahiz eta egitate zergagarria burutu. Hau izango litzateke salbuespena zentzu hertsian.

* Obligazioa jaiotzen da, baina bere ordainketa barkatzen da.

* Tributu-zorra jaio, eta ordaindu ondoren, beste arau baten aginduagatik subjektu pasiboak ordaindutakoa berreskuratzen du

Hiruetan, onura edo ondorioa berdina da, baina zentzu hertsian, lehena da salbuespen bakarra.

3.1. Salbuespen motak

- Objektiboak eta subjektiboak

Objektiboaren kasuan, egitate zergagarriaren eraginkortasuna zenbait egitatentzat salbuesten da. Adibidez, 12.000 eurotik beherako diru-sarrera dituztenek PFEZa ordaintzeko obligaziorik ez balute.

Subjektiboak izango dira ordaintzera beharturik dauden pertsonak kontutan edukitzen dituztenak. Hauekin lortu nahi da zenbait pertsonek tributurik ez ordaintzea. Adibidez, Sozietateen gaineko Zergan salbuetsita daude eliza katolikoa, gurutze gorria, alderdi politikoak...

- Behin-behineko eta behin betiko salbuespenak

Behin-behinekoak, bere izenak adierazten duen eran, behin-betikoak izango dira, hau da, izaera iraunkorrekoak.

Behin-behinekoak arrazoi jakin eta puntual batzuengatik izaten dira (adibidez, uholdeengatik). Behin ezarriz gero, arau batek kontrakoa esan arte daude indarrean.

- Salbuespen osoak eta partzialak

Salbuespen osoak dira egitate zergagarriaren ondorioak sortzen ez direnean; beraz, ez da ezer ordaindu behar.

Salbuespen partzialaren kasuan, tributu-zorra soilik portzentai batean gutxitu egiten da. Tributu-beharkizun bat egongo litzateke (zor bat), baina kopuru gutxitu batekin. Salbuespen partzialen adibideak dira hobariak, kenkariak eta murriztapenak.

defero.webcindario.com