defero.webcindario.com

7. TRIBUTUAREN KONTZEPTUA ETA MOTAK

1. TRIBUTUAREN KONTZEPTUA

2. TRIBUTU MOTAK

2.1. Zergak
2.2. Tasak
2.3. Kontribuzio bereziak



----------------------------------------



1. TRIBUTUAREN KONTZEPTUA

Tributua dirubide publikoen artean garrantzitsuena da kopuruaren aldetik. Tributua erakunde publikoek diru sarrerak lortzeko erabiltzen duten baliabide bat da. Tributuek suposatzen dute legean aurrikusitako egitatezko suposamendu batzuk ematen direnean kopuru bat ordaindu egin behar dela. Tributua legeak ezarritako prestakuntza ekonomiko bat da, eta honen bidez Estatua edo edozein ente publiko subjektu pasibo baten hartzekodun bilakatzen da, honek ahalmen ekonomikoko egintza edo egitate bat burutu izanagatik. Estatuaren sarrerak honakoak dira: monopolioak, zor publikoa, Estatuaren ondarea, eta tributuak. Tributuen ezaugarriak honakoak dira:

* Ahalmen ekonomikoa adierazten duten zenbait adierazpen zergapetzen dute. Egitate zergagarriak ahalmen ekonomiko bat adierazi beharko du.

* Zuzenbide Publikoaren diru-sarrera adierazgarriena da

* Dirutan ordaintzen den prestakuntza da, nahiz eta batzuetan ondasun zehatz batzuen entregarekin ordaindu

* Ez du irizpide konfiskatzailerik

* Lurraldetasun printzipioa: zergapetua geratuko da lurraldean harreman ekonomikoa duena (iharduera burutzen duena), nahiz eta atzerritarra izan, bertan gastu publikoak eragiten dituelako.

* Tributuen helburu nagusia gastu publikoen finantzaketa da, nahiz eta batzuetan beste helburu publiko batzuk izan (extrafiskalak). Adibidez, aduana-zergarekin dirua lortzeaz gain, industria nazionala babestu nahi da.

2. TRIBUTU MOTAK

Tributuak sailkatzean, hiru mota bereizten ditugu: zergak, tasak, eta kontribuzio bereziak. Tributu batek finantzatzen duen gastuaren hartzailea gizarte osoa denean, zergaren aurrean gaude; iharduera publiko baten ondorioz hiritar talde batek onura berezi eta zuzenak jasotzen dituenean, horren ondorioz jasotzen dena kontribuzio berezia izango da; ihardueraren ondorioak hiritar bakar batek jasotzen dituenean, tasen aurrean egongo gara.

2.1. Zergak

Askotan termino hau erabiltzen da tributua erabili behar zenean, baina zergak tributu-mota bat besterik ez dira. Definizioa: "zergak ordainik gabe exigitutako tributu-motak dira, beren ekintza zergagarria subjektu pasiboaren kontribuzio-ahalmena agerian jartzen duten ekintza juridiko edo ekonomikoak direlarik, ondare baten jabetza, ondasunen zirkulazioa, edo errentaren eskuratze edo gastuen ondorioz sorturik".

Ordainik gabekoa dela esatean, esanahi dugu zerga baten egitatezko aurresuposamenduak ez duela inongo erlaziorik iharduera administratiboarekin. Kontraprestazio egintzak ez du hemen Zuzenbide Zibilean duen esanahia. Hemen ezin da ulertu kontraprestazioaz bi aldeek baliokideak diren prestazioak egiten dituztela. Honekin esanahi da zerga ordaintzeak ez dakarrela eskubide bezala zerbitzu publikoen erabilpen zuzen eta berehalako bat. Hiritarrak bere hiritar izaeragatik exigitu ahal izango ditu zerbitzu publikoak, baina ez zerga ordaintzeak zilegitzen duelako.

Zergaren kasuan, ez gaude kontratuzko edo negoziozko obligazio baten aurrean, obligazio ex lege baten aurrean baizik (legetik eratorria, ez kontratutik). Legea da zergadunak bete beharreko prestakuntzaren nola, zenbat eta noiz zehazten dituena.

Zergaren ezaugarria da ez dela zergaren ordainketa eta horrekin finantzatzen den zerbitzu publikoaren arteko erlazioa bereizten. Zerga ordaintzeak ez dakar zerbitzu publiko baten gozamenerako eskubidea; aitzitik, zerbitzu publiko hauek orokorrean denentzat eskaintzen dira.

Zergak irizpide ezberdinen arabera sailkatu daitezke:

- Errealak eta pertsonalak.

Zerga errealek aberastasun adierazpen bat zergapetzen dute, aberastasun horren jabea zein den kontutan hartu gabe (ez da elementu pertsonala kontutan hartzen). Adibidez, BEZari berdin zaio zeintzuk diren erosle baten elementu pertsonalak.

Zerga pertsonalek, aldiz, aberastasun adierazpen bat zergapetzen dute ere, baina aberastasun hori ezin da zehaztu pertsona zehatz batekin erlazionatzen ez bada. Adibidez, PFEZean zergadunak dituen seme-alaben kopurua kontutan hartzen da (murriztapen eta kenkarietan). Zerga pertsonalak subjektu pasiboaren benetazko ahalmenera hobeto egokitzen dira.

- Objektiboak eta subjektiboak.

Zerga objektiboak zerga-zorra zehazterakoan egoera pertsonala kontutan hartzen ez duten zergak dira.

Zerga subjektiboak subjektu pasiboaren egoera eta inguruabar pertsonalak kontutan hartzen ditu zerga-zorra zehazterakoan. Adibidez, Iharduera Ekonomikoaren gaineko Zergan lanbidean hasten diren profesionalentzako murriztapenak daude.

- Aldiuneko eta aldizkako zergak.

Aldiuneko zergak dira denbora une batean agortzen den egitate zergagarria dutenak (adibidez, partikularren artean etxebizitza bat saltzea Ondasun Eskualdaketen gaineko Zergaren egitatezko aurresuposamendua da, une jakin batean burutzen dena).

Aldizkako zergen egitatezko aurresuposamendua, aldiz, denboran zehar luzatzen da (adibidez, eraikuntza baten jabe izateak aldizkako zerga baten egitatezko aurresuposamendua burutzea dakar, ondasun higigarrien gaineko zerga).

- Zuzeneko eta zeharkako zergak.

Zuzeneko zergak legegileak zergak ordaindu ahal dituztenen kontura ezarriko ditu, hau da, zerga hori jasateko ahalmen ekonomikoa dutenen kontura. Zuzeneko zergetan zerga ordaintzeko obligazioa pertsona bati ezartzen zaio, eta honek ezin izango du beste batzuen kontura errekuperatu. Zerga hauek aberastasuna zigortzen dute, eta aberastasuna ondare baten jabetza edo errenta baten lorpenean adierazten da. Ondorioz, errenta eta ondarea zergapetzen dituzten zergak zuzeneko zergak dira, aberastasuna zuzenki zergapetzen dutelako.

Zeharkako zergak honetan oinarritzen dira: pertsona baten aberastasuna horren erabilpenaren bidez adierazi daiteke ere, eta erabilpen hori zergapetu daiteke. Zeharkako zergek ahalmen ekonomikoaren zeharkako adierazpenak zergapetzen dituzte, hau da, aberastasunaren zirkulazioa eta kontsumoa. Zeharkako zergatan pertsona batek ordaindu duena beste batzuen kontura eskuratzeko eskubidea aurrikusten dio legeak. Adibidez, BEZan saltzailea da subjektu pasiboa, baina berez erosleak ordaintzen du.

2.2. Tasak

Definizioa: Tasak tributu-mota bat dira, bi kasutan ordaindu behar direnak; alde batetik udalaren herri jabariaren erabilera pribatibo edo probetxamendu bereziagatik, eta bestalde subjektu pasiboari bereziki egokitu, eragin edo onura ekartzen dioten eta udalaren eskumenekoak diren zerbitzu publikoak emateagatik edo iharduera administratiboa egiteagatik. Zerbitzu edo iharduera administratiboa jasotzearen kasuan, borondatez eskatzekoak edo hartzekoak ez dira izango.

Herri jabariaren erabilera izan daiteke, adibidez: kalean kioskoa jartzea; hondarra eta eraikuntzarako bestelako materialak ateratzea udalaren herri jabariko terrenoetan; postuak, barrakak, ikuskizun guneak, feriak eta jolaslekuak jartzea udalaren herri-erabilerako terrenoetan...

Udalak zerbitzu batzuk eman edo iharduera administratiboak prestatzea izan daiteke: udalak bere gain hartzen dituen agiriak ematea, establezimenduak irekitzeko lizentziak ematea, auto-taxien baimenak ematea... (iharduera hauek ez dira borondatezkoak, baimenak derrigorrez eskatu behar dira; bestalde, zerbitzu edo iharduera horiek sektore publikoak ezingo ditu eman, indarrean dagoen araudiari jarraiki sektore publikoari erreserbatua egon edo ez).

Tasak kontribuzio bereziekin bateragarriak izan daitezke. Subjektu pasiboak izango dira probetxua ateratzen dutenak (jabari publikotik...). Zenbat ordaindu beharko du? Kopurua zehazterakoan hiru metodo egon daitezke: tarifa bat jartzea, kopuru finko bat kobratzea, edo bi prozedurak erabiliz irteten den kopurua kobratzea.

Noiz sortzen da tributu hauen zorra? Erabilera pribatiboa edo probetxamendu berezia hasten denean, edota zerbitzua ematen edo iharduera egiten hasten denean. Subjektu Pasiboari leporatu ezin zaizkion arrazoiengatik zerbitzu publikoa, iharduera administratiboa edo hiri-jabaria erabili edo aprobetxatzeko eskubidea eman edo egikaritzen ez denean, zenbatekoa itzuli beharko zaio. Espediente bati hasiera eman behar zaionean, espedientea egin edo tramitatu aurretik kopurua ordainduko da.

2.3. Kontribuzio bereziak

Definizioa: Kontribuzio bereziak, herri-lanak egin izanagatik edo zerbitzu publikoen ezarpen edo zabalkuntzagatik, subjektu pasiboarentzako hobekuntza edota haren ondasunen balioaren handitzea ekintza zergagarritzat duten tributuak dira.

Kontribuzio bereziek talde izaera duten beharrei ematen diete erantzuna. Erakunde publikoen zenbait ihardueren kosteak estaltzeko metodo bat dira. Iharduera hauek onura orokor bat dakarte, baina pertsona zehatz batzuei onura zuzenagoa dakarkiote, eta hori dela-eta iharduera horren kostuan pertsona hauen artean banatzen da.

Kontribuzio bereziaren oinarri zergagarria herri-lanaren kostuaren %90 izango da gehienez, eta zortzapena emango da lanak exekutatzen direnean, edo zerbitzua burutzen denean.

Laburbilduz, zergak izango dira haien onuraduna gizarte osoa denean, tasak onura pertsona jakin batek jasotzen duenean, eta kontribuzio bereziak onuradunak pertsona talde zehatza direnean.

defero.webcindario.com