defero.webcindario.com

1. ESTATUAREN FINANTZA-IHARDUERA

1. ESTATUAREN FINANTZA IHARDUERA

1.1. Finantza-ihardueraren bilakaera
1.2. Finantza-ihardueraren ezaugarriak
1.3. Finantza-ekonomia eta finantza-zuzenbidearen arteko bereizketa

2. FINANTZA ZUZENBIDEAREN KONTZEPTUA: EDUKI BATERAGARRITASUNA EDO ANIZTASUNA

2.1. Finantza-Zuzenbidearen definizioa
2.2. Finantza-Zuzenbidearen edukia
2.3. Finantza-Zuzenbidearen burujabetasuna edo autonomia
2.4. Finantza-Zuzenbidearen atalak

3. FINANTZA ZUZENBIDEAREN METODOA

4. FINANTZA ZUZENBIDEAREN ERLAZIOA BESTE JAKINTZAGAIEKN



----------------------------------------



1. ESTATUAREN FINANTZA IHARDUERA

Finantza-ihardueraren definizioa hau da: "Diru-sarreren lorpenaren bidez eta gastuak burutuz behar kolektiboak betetzera zuzenduta dagoen iharduera". Beraz, Estatuak eta erakunde publikoek gizartearen beharrak asetzeko baliabide ekonomikoak lortu eta erabiltzen dituztenean, finantza-ihardueraren aurrean gaudela esango dugu.

Finantza-iharduera iharduera politikoa da, hura burutzen duena gobernua delako (alderdi politikoak), eta baita finantza-iharduerak duen helburuagatik, gobernuan dagoen alderdi politikoaren arabera garrantzia gehiago emango zaiolako dirua lortzeko bide jakin bati zein gastu jakin bati.

Finantza-iharduerak erakunde batek lortu nahi dituen helburuekiko menpekotasuna zuzena du. Ikuspegi kuantitatibo batetik, lortu beharreko helburu kopurua handitzen doan heinean, helburu hori burutzeko beharrezkoak diren diru-sarrerak ere handitu beharko direlako. Ikuspegi kualitatibo batetik, lortu beharreko helburu horien arabera sarrera-iturri ezberdinak erabiliko direlako.

1.1. Finantza-ihardueraren bilakaera

- Erdi Aroa

Garai honetan finantza-iharduera oso urria zen, garai hartan zeuden erakunde publikoek oso betebehar gutxi zituztelako. Erakunde publikoak gehienbat guda-arazoetara dedikatu zuten beren iharduera. Gizarte-eginbeharrak (hezkuntza...) erlijiosoek burutzen zuten. Horregatik garai hartan zeuden gastu publiko bakarrak gertakizun zehatzetarako izaten ziren soilik (ospakizun bat, gudako gastuak...). Horren ondorioa: ez zegoen sarrera-sistema egonkor bat.

- XV. mendetik aurrera

Berpizkundeak suposatu zuen kultur-mugimenduak bultzaturik, giza-erakundeen jokabidean aldaketa bat gertatzen da. Garai hauetan bi erakundeen finkapena eman zen: ejertzitoa eta burokrazia. Honek suposatzen zuen erakunde feudalak ordeztuak izan zirela.

Ejertzitoa eta burokrazia mantentzeko, diru-sarrera egonkor bat sortu zen, lehen tributu-sistema jaioaz. Hala ere, botere publikoak bere gain harturiko helburuak ez ziren garrantzizkoak.

- XX. Mendea

XX. mendean, batik bat I. Mundu Gerraren ondoren, Estatuak ordura arte izandako Estatu-polizi papera utzi egiten du, eta bizitza publikoan partaidetza nagusi bat eskuratzen du. Partaidetza hau urteekin areagotu egiten da, eta Estatu eskuhartzailea deritzona osatuko da. Honek suposatzen du helburu publikoak areagotu egiten direla, gastu publikoak ere bai, eta baita horiek estaltzeko behar diren sarrerak ere.

1.2. Finantza-ihardueraren ezaugarriak

Subjektua: Finantza-iharduera aurrera eramaten duen subjektua Estatua eta beste erakunde publikoak dira.

Objektua: Sarrera eta gastu publikoak. Sarrerak lortu behar dira gastu publikoei aurre egiteko.

Izaera instrumentala: Finantza-iharduera ez da berez helburua, finantza-iharduera existitzen da Estatuaren beste iharduerak garatu eta gauzatzeko.

Finantza-ihardueran bost alderdi bereizten dira: alderdi ekonomikoa (sarrera eta gastuak), alderdi politiko-soziologikoa (finantza-iharduera gizarte baten bizitza gobernatzen duten agintari politikoen erabakien ondorioa da), alderdi juridikoa (finantza-iharduera arau juridikoen bidez arautua dago), alderdi etikoa (sarrera eta gastuak ideologia eta gizarte-egitura bati erantzuna emateko dira), eta alderdi kontablea (sarrera eta gastuak aurrekontuan kontutan hartzea beharrezkoa da). Guk aztertuko duguna eta interesatzen zaiguna alderdi juridikoa da.

1.3. Finantza-ekonomia eta finantza-zuzenbidearen arteko bereizketa

Bai batak eta bai besteak ikasgai eta objektu bera dute: finantza-iharduera. Baina batek iharduera hori ekonomiaren eremuan aztertzen duen bitartean, besteak Zuzenbidearen eremuan egiten du.

Adibidez, Sozietatearen gaineko Zerga (SZ) ezarri nahi bada, ekonomilariak zerga kopuruaren eragina kontutan hartuko du, baina kontzeptu ekonomikoak erabiliz (zerga horrek duen eragina aurrezkian, inbertsioan...). Legelariak (juristak), aldiz, begiratuko du zerga hori lege batek sortu duen edo ez, konstituzioa eta ordenamendu juridikoa betetzen dituen edo ez, eta zeintzuk diren zerga horrek suposatzen dituen betebeharrak, bai hiritarrentzat bai administrazioarentzat. Legelariak beti begiratu beharko du Zuzenbidea errespetatzen duen edo ez.

2. FINANTZA ZUZENBIDEAREN KONTZEPTUA: EDUKI BATERAGARRITASUNA EDO ANIZTASUNA
2.1. Finantza-Zuzenbidearen definizioa


Finantza-Zuzenbidea Estatu eta erakunde publikoen ogasuna osatzen duten errekurtsoak antolatzen duen Zuzenbide Publikoaren barruko adarra da. Arautzen duena da diru sarreren lorpena eta gastuen antolaketa. Ogasun publikoaren eraentza eta kudeaketaz arduratzen den ordenamendu juridikoaren disziplina juridikoa da.

Definizio honetatik bi ezaugarri atera daitezke: Zuzenbide Publikoaren barne dagoela, beraz gizarte edo komunitatearen interesa norbanakoaren interesari inposatzen zaiola; eta ordenamendu instrumentala dela, hau da, bai sarrerak bai gastuak ez dira bere helburu, helburu publikoetara zuzentzen direnean bakarrik dute zentzua.

2.2. Finantza-Zuzenbidearen edukia

- Sarrerak

Sarrerei dagokienez, Estatuak lau baliabide ditu: tributuak, monopolioak, zor publikoa eta Estatuaren ondarea. Hauetako bakoitzagatik eskubide ekonomiko bat eratortzen da, administrazioa diru-kopuruak eskuratzeko bidezkotzen dutenak. Aipatutako eskubideak egikaritu ondoren iristen diren fondoak sarrera publikoak izango dira.

BALIABIDEAK

ESKUBIDE EKONOMIKOAK

SARRERA PUBLIKOAK

Tributuak

Tributu-kreditua

Tributu-prestakuntza

Monopolioa

Monopolioaren partaidetzak dakartzan eskubideak

Monopolio sarrerak

Zor Publikoa

Jezapen edo jaulkipenetik eratorritako komisioak

Zor publikoaren produktua

Estatuaren ondarea

Ondasunen gaineko eskubideak

Ondare errendimenuak


Monopolioak bi motatakoak izan daitezke: zuzenbidezkoak, eta egitatezkoak. Zuzenbidezkoa izango da Estatuak zerbitzu baten prestakuntza edo produktu zehatz baten erosketa, ekoizpena eta salmenta erakunde bakar batek edukitzea nahi duenean. Egitatezkoa izango da Estatuak nahi izan gabe, baina zenbait inguruabarrengatik, lehen aipatutako egoerara heltzen denean.

Estatuak monopolioengatiko diru-sarrerak eskuratzen dituela esatean, zuzenbidezko monopolioaz ari gara. Estatuak hauen mozkinetan partaidetza izango du.

- Gastuak

Aipatutako diru-sarrerak lortu ondoren, hauek zerbitzu publikoak estaltzera zuzenduko dira. Gastu eta ordainketen ordenakuntza aurrekontuetan jasotzen da.

2.3. Finantza-Zuzenbidearen burujabetasuna edo autonomia

Finantza-Zuzenbidea Zuzenbide Publikoaren zati bat da, baina burujabea den zati bat. Burujabetasunak ez du erabateko independentzia esanahi. Zuzenbideko arlo autonomoa dela esateko hiru ezaugarri eman behar dira:

* Errealitate sozialeko eremu mugatu bat edukitzea, hau da, bere garapenerako ordenamendu juridiko baten beharra duten giza-erlazio multzo bat izatea (adibidez, Zuzenbide Penalean, delituak). Gure kasuan, errealitate soziala finantza-iharduera izango da.

* Homogeneoak diren erlazio eta arau multzoa izatea. Finantza-zuzenbidean ezaugarri honek eztabaida sortzen du: ea finantza-zuzenbidean barne hartzen diren erakunde juridikoak eta beraiek arautzen dituzten arauak homogeneoak diren ala ez, hau da, dena Zuzenbide batean ikasteko arrazoirik dagoen ala ez.

Doktrinaren zati batek dio hain ezberdinak diren erakundeak arautzen dituzten arauetan beharrezkoa den koherentzia falta dela. Honela, arau horiek batera elkartu eta ikastearen egokitasuna zalantzan jartzen dute.

Doktrinaren beste sektore batek finantza-zuzenbidearen bateragarritasuna defendatzen du bi arrazoirengatik: lehenik, finantza-erakundeen heterogeneitatea ez delako bakarrik finantza-zuzenbidean ematen, zuzenbidearen beste adarretan ere ematen da (adibidez, Zuzenbide Zibilean tutelak eta alokairu kontratuak ezer gutxi dute amankomunean); eta bigarrenik, finantza-zuzenbidearen barnean dauden zati ezberdinek izaera bateratua lortzen dutelako sarrea eta gastuek izate-arrazoi berdina izatean, hau da, helburu publikoak lortzea.

* Berezko printzipio orokor batzuk izatea

2.4. Finantza-Zuzenbidearen atalak

- Aurrekontu Zuzenbidea

Gastu publikoaren ordenakuntza eta diru-sarreren aurrikuspena Zuzenbide Publikoan oinarrizkoa den erakunde juridiko baten inguruan ematen da: Estatuaren aurrekontua. Definizioa: Aurrekontu-Zuzenbidea erakunde publikoen aurrekontuen prestakuntza, onespena, egikaritza eta kontrola arautzen duten arau eta printzipioen multzoa da. Honela, aurrekontuan denboraldi zehatz batean botere horiek egin ditzaketen gehienezko gastuak ezartzen dira, eta horiek estaltzeko beharrezkoak diren sarrerak aurrikusten dira.

- Tributu Zuzenbidea

Sarrera publikoen artean, zati garrantzitsuena tributuetatik eratorritako sarrerak dira. Hura da kurtso honetan ikusiko duguna. Tributu-zuzenbidea bi zatitan banatzen da: orokorra eta berezia. Orokorrean tributuen oinarrizko kontzeptuak sartzen dira. Hau, aldi berean, bi zatitan banatzen da: tributu-zuzenbide materiala (tributu-erlazio juridikoa arautzen duten arau multzoaz osaturik), eta tributu-zuzenbide formala (prozedura arautzen duena). Zati bereziak tributu motak aztertzen ditu: zergak, tasak eta kontribuzio bereziak.

- Ondare Publikoari buruzko Zuzenbidea

Estatuak ondare bat eduki dezake (eraikinak,...), eta horietatik diru-sarrerak eskura ditzake (salduaz, alokatuaz,...). Hura ere Zuzenbideak arautu egiten du. Hala ere, gaur egun sarrera hauen garrantzia erabat jaitsi da.

- Zor Publikoaren Zuzenbidea

Erakunde publikoek berez kaudimena dute, eta honek hiritarren artean konfidantza sortzen du. Konfidantza honetan oinarrituz, zor publikoaren bidez kreditu operazio bat burutzen da, eta erakunde publikoak hiritarrengandik diru-kopuru bat jasotzen du, denbora epe bat igaro ondoren bueltatzera behartzen delarik (interesekin).

Hau lehen ematen zen soilik ez-ohizko beharrak zeudenean. Gaur egun, aldiz, baliabide arrunta bihurtu da. Adibidez, altxorreko letrak, eusko-bonoak... Dirua jaso eta itzultzeko uneen artean epe bat igarotzen da, eta horren arabera erakunde publikoak maileguan edukitzeagatik interes bat ordaindu beharko du.

3. FINANTZA ZUZENBIDEAREN METODOA

Finantza-Zuzenbidearen azterketa egiteko eta interpretazio zuzena eduki ahal izateko, bi datu izan behar dira kontutan: ikerkuntza historikoa, eta jurisprudentzia. Ikerkuntza historikoak datu baliagarriak eskaintzen ditu denboraldi ezberdinetan izan diren finantza-erakundeen zergatia aztertzerakoan. Bestalde, jurisprudentziak garrantzia handia du, batik bat Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiak.

4. FINANTZA ZUZENBIDEAREN ERLAZIOA BESTE JAKINTZAGAIEKIN

Finantza Zuzenbideak zerikusia du Zuzenbideko beste adarrekin: Merkatal Zuzenbidearekin, Zuzenbide Zibilarekin, Zuzenbide Penalarekin...

Adibidez, harremana du Zuzenbide Administratiboarekin; tributuak, gastu publikoaren ordenakuntzak eta finantza-ordenamendua osatzen duten erakundeek bere eraginkortasunerako administratiboak diren prozedimendu batzuk eskatzen dituzte.

Zuzenbide Konstituzionalarekin: finantza-ordenamenduaren oinarrizko printzipioak konstituzioan jasoak daude.

Zuzenbide Penalarekin: Auzitegi Konstituzionalak esan zuen bezala, penal arloko printzipioak tributu-ordenamendu zehatzailean ezargarriak dira. Tributu-urraketak eta zehapenak ezartzean, arlo penalean erabiltzen diren kontzeptu edo printzipioak aplikagarriak izango dira.

Nazioarteko Zuzenbide Publikoarekin: nazioarteko erakundeen indartzearekin batera (batez ere Europar Batasuna), finantza-erakundeek eragin sakona jasan dute. Adibidez, BEZaren kasuan (Balio Erantsiaren gaineko Zerga), ezin da nahi bezala arautu, Europar Batasunaren gomendioak jarraitu behar dira.

Zuzenbide Zibilarekin: Finantza-Zuzenbidean erabiltzen diren hainbat erakunde eta kontzeptuk jatorri zibila dute: kreditua, obligazioa, ahalmena...

Merkatal Zuzenbidea: elkarte bat eratzeak edo desegiteak ondorio fiskalak ditu.

Nazioarteko Zuzenbide Pribatua: erlazio ekonomikoak nazioarteko izaera hartzen joan diren neurrian, egoitzaren irizpidea ezinbesteko kontzeptua bihurtu da, zergadun batek bere zergak non ordaindu behar dituen esateko garaian.

defero.webcindario.com