defero.webcindario.com

XV. BALTZU KOLEKTIBOA (MK 125 eta hur.)

1. BILAKAERA HISTORIKOA

2. EZAUGARRIAK ETA FUNTZIO EKONOMIKOA

3. FUNDAKETA

3.1. Fundaketa-kontratua
3.2. Baltzuaren izena

4. BARNEKO HARREMAN JURIDIKOAK

4.1. Arazo orokorrak. Lehiaketarik ez egiteko obligazioa
4.2. Baltzuko administrazioa
4.3. Ondarearen eraentza

5. KANPORANTZAKO HARREMAN JURIDIKOAK

5.1. Arazo orokorrak
5.2. Baltzuaren ordezkapena
5.3. Baltzuaren eta bazkideen erantzukizuna baltzuaren zorrekiko



----------------------------------------




1. BILAKAERA HISTORIKOA

Baltzu Kolektiboa historikoki lehenik agertzen den sozietatea da, formarik primitiboena. Gaur egun honen garrantzia txikia da, alderdiek borondatez gutxitan aukeratzen dutelako; baina hau aztertzeak garrantzia du, Merkatal Zuzenbideko sozietate orokorra delako, hutsunearen kasuan (baita akatsaren kasuan, borondatea argi utzi ez bada) subsidiarioki hau aplikatuko delarik.

2. EZAUGARRIAK ETA FUNTZIO EKONOMIKOA

Ezaugarriak:

* Kontratu baten bidez sortzen da, eta kanporantzako sozietatea da (socidad externa). Trafikoan beste pertsona juridiko bat bezala iharduten du. Horregatik izen bat izan behar du bere iharduera garatzeko. Hauxe da sozietateak kanporantzako harremanak izna nahi dituenaren seinale.

* Baltzu pertsonalista da (tipikoa). Bazkide-izaera ez da transmititzen. Sozietateko loturazko harremana aldatzeko ahobatasuna galdatzen da (unanimidad), eta bazkide baten heriotzak edo kaudimen-gabeziak sozietatearen desegitea ekar dezake.

* Sozietatearen zorrengatik bazkide guztiek erantzuten dute mugarik gabe (MK 127). Arau inperatiboa da, ezin da kontratuz aldatu.

* Bere objektu soziala merkataritzako iharduera bat da; sozietateak merkatari-izaera eskuratuko du, baina ez bazkideek.

Gaur egun oso gutxi dira bere kabuz forma hau aukeratzen duten sozietateak, baina kontutan hartu behar dugu baltzu-kolektiboa dela merkataritzako sozietate orokorra. Honen ondorioz bazkideek legeak aurrikusitako formaren bat aukeratzen ez badute, edo bere aukera argi eta garbi ez badago, sozietate kolektibo bat dela ulertuko dugu, eta horren eraentza aplikatuko zaio. Bestalde, baltzu kolektiboaren araudia beste sozietate batzuentzat oinarrizkoa da; adibidez, baltzu komanditarioarentzat. Beste batzuetan beste sozietate batzuen araudiak aurrikustend u sozietate kolektiboen araudia aplikatzea (LSA 16. art., LSL 11. art.), bazkideek sozietate hauen eratzeak eskatzen dituen ukanbeharrak betetzen ez badituzte.

3. FUNDAKETA
3.1. Fundaketa-kontratua


Eskritura publikoa ez da kontratuaren formazko elementu galdagarri bat, inskripzioa egin ahal izateko baldintza baizik. Inskripzioak ere ez du eratzeko eraginkortasunik. Kontratuaren objektu diren ekarpenak edozein motatakoak izan daitezke, industrialak (lana) ere aportatu daitezke (baltzu anonimo batean, aldiz, ez). Lana aportatzen bada, arau berezi batzuk ezartzen dira. Bazkide honek (bazkide industrialak) leiarik ez egiteko obligazioa du, eta etekinetan parte hartzerakoan bazkide horrekiko arau bereziak jarraituko dira.

3.2. Baltzuaren izena

Kanporantzako sozietatea denez (sociedad externa), izen bat eduki behar du trafikoari bere nortasun juridikoa erakusteko (MK 126). Baltzuaren izenean egiazkotasunezko printzipioak agintzen du, eta izena osatzeko hiru aukera ezberdin daude:

* Bazkide guztien izenak agertzea (adibidez, LASA-AGIRRE-GOIKOETXEA)

* Bazkide batzuen izena agertzea

* Bazkide baten izena agertzea

Azken bi kasu hauetan, izenari "y compañía" gehitu behar zaio. Esamolde honekin nabaritzen da bazkide gehiago daudela, eta ez da beharrezkoa S.C. (sociedad colectiva) jartzea.

Egiazkotasunezko printzipioaren ondorioz, debekatua dago bazkide ez den pertsona baten izena baltzuaren izenean jartzea. Debeku hau ez balego, hirugarrenek pertsona hori sozietatearen bazkidea dela pentsatuko dute, eta horren ondorioz pertsona hori sozietateak dituen zorren erantzule dela (sozietatearen ondarea benetazkoa baino handiagoa dela pentsatuko dute). Hirugarrenak babesteko helburuarekin, Kodeak ezartzen du debekua urratzen bada sozietatearen izenean barneratutakoak sozietatearen zorrengandik solidarioki erantzungo duela, bazkidea balitz bezala, beti ere ukanbehar batzuk ematen badira: hirugarrenaren fede ona, eta bazkidea ez den horri egozgarri izatea (azken finean, itxura juridikoaren printzipioaren aplikazio bat besterik ez da).

4. BARNEKO HARREMAN JURIDIKOAK (obligaziozko eremua)
4.1. Arazo orokorrak. Lehiaketarik ez egiteko obligazioa


Barneko harremanetan (bazkideek beraein artean, edo bazkideek sozietatearekin dauzkaten harremanetan), kontratatzeko askatasun printzipioak eraentzen du. Merkatal Kodeak ezarritako eraentza xedapenezkoa da, hau da, aplikatuko da sozietate-kontratuan beste gauzaren bat aurrikusten ez bada. Askatasun printzipio hau areagotu egiten da sozietate pertsonalistetan, eta arindu kapitalistetan.

Lehiaketarik ez egiteko obligazioa MK 136-138 artikuluetan agertzen da. Hauek edozein motatako bazkideei aplikatzen zaizkie. Portaera leialaren betebeharraren ondorioa da. Debeku hau ezin dugu zentzu zabalean interpretatu, eta sozietatearentzat lehiaketa zuzena suposatzen duen ihardueraren debekua bezala ulertu behar da. Horregatik, lehiaketa suposatzen duen iharduerak, sozietatearen objektu soziala berbera ezezik, eremu geografiko berbera ere eduki behar du.

Bazkide industrialari dagokionez (lana aportatzen duena), MK 138 artikuluak ezartzen duen debekua gogorregia dirudi (debeku absolutua ezartzen dio). Horregatik, arauaren helburua kontutan hartuz, interpretatu daiteke debekua egongo dela soilik bazkide industrialak bere lana besterik ez dionean baltzuari ekartzen. Kasu hauetan debekuak zentzua dauka, debeku hau ez balego bazkideak agindutako ekarpena betetzea posible izango ez litzatekeelako. Baina ez dauka zentzurik beste gauzak ere jartzen dituenean. Lehiaketarik ez egiteko obligazioa urratzen bada, hiru zigor ezarri daitezke, sozietateak hiruak batera egikaritu ditzakeelarik:sozietatetik bazkidearen kanporatzea, irabazitakoa itzularaztea, eta kalte-galeren ordaina.

4.2. Baltzuko administrazioa

Baltzuko administrazioa da baltzuaren objektua burutzeko egiten den edozein egintza.

- Administratzaileen izendapena

Batzuetan sozietate-kontratuan bertan izendatzen da administratzailea, eta orduan bera bakarrik izango da administratzaile. Hau administratzaile pribatiboa izango da.

Beste batzuetan, ordea, ez da kontratuan ezer xedatzen, baina geroago bazkide guztien akordio baten bidez administratzaile bat edo batzuk izendatzen dira. Administratzaile hauek administratzaile funtzionalak dira. Baina kontratuan ezer zehazten ez bada, eta bazkideen akordiorik ez badago, Merkatal Kodeak xedapenezko eraentza ezartzen du (aplikatuko da besterik erabakitzen ez bada): bazkide guztiak (industrialak barne) administratzaileak izango dira. Hauek legezko administratzaileak dira. Kasu honetan, zergatik dira bazkideak administratzailearen funtzioak beteko dituztenak? Baltzu pertsonalista delako, eta hauetan garrantzitsuena bazkideak dira, lotrua pertsonalaz.

- Administrazioaren egikaritza

Administratzaile bat baino gehiago dagoenean, administrazioa bateratua edo banandua izan daiteke (gestión conjunta / separada). Bateratua bada, administratzaile guztien onespena behar da erabaki bat hartu ahal izateko. Hau da, ahobatasuna beharrezkoa da, kontratuan gehiengo-sistema bat ezartzen ez bada. Banandua bada, aldiz, administratzaile bakoitzak edozien administrazioko egintza burutu dezake, baina kasu honetan beste administratzaileek aurkatzeko eskubidea izango dute (beto eskubidea). Administratzaile baten egintza bati inork ez badio aurka egiten, orduan baliozkoa izango da; baina norbaitek aurkatzen badu, sozietateak ezin izango du betebehar hori bereganatu (administratzaileak ezingo du kontratua aurrera eraman). Hala ere, debeku hau urratuz obligazio berria bereganatu duen bazkideak sozietatearen aurrean erantzungo du, baina bereganatutako obligazioa baliozkoa izango da sozietatearentzat. Argi geratu behar da bazkide-administratzaileek besterik ez dutela aurkatzeko eskubidea izango, eta ez bazkide soilak direnak.

Kontratuan ez bada ezer zehazten (banandua edo bateratua den), administrazio bateratua izango da, baltzuaren izaera pertsonalista dela-eta.

- Administratzailearen eremua eta mugak

Legeak ez dio mugarik ezartzen administratzaileen iharduerari, ez du ezer zehazten. Horregatik esan dezakegu ohizkoa den edozein administrazio-egintza egin dezaketela, beti ere baltzuaren objektua gainditzen ez badute (eremua = baltzuaren objektua). Ezin izango dituzte ez-ohizko administrazio-egintzak burutu. Bestalde, argi dago administratzaileek ezin izango dituztela sozietatearen kontratuan aldaketak egin. Horretarako bazkide guztien ahobatasuna behar da.

Administratzaileak ez diren bazkideek administratzaileei aginduak eman diezazkiekete, eta betetzen ez badituzte, erantzungo dute sozietatearen aurrean, baina fede oneko hirugarrenentzat administratzaileek aginduak bete gabe burutu dituzten egintzak baliozkoak izango dira (erantzukizuna beti barnekoa izango da).

- Administratzaileen erantzukizuna

MK 144. artikuluaren arabera, zuhurtzigabekeria larriaz (negligencia grave) iharduen duen administratzaileak beste bazkideen aurrean erantzungo du. Erantzukizuna ez da solidarioa, hau da, kulpa larriaz ihardun duenak besterik ez du erantzungo.

- Administratzaileen desizendatzea edo errebokazioa

Administratzaile funtzionala bada, beste bazkideen akordio baten bidez desizendatu daiteke, eta bidezko kausa badago (causa justa), edozein bazkideak epaitegietan eska dezake administratzailearen desizendatzea. Bestalde, administratzaileak kargua nahi duenean utzi dezake.

Administratzaile pribatiboa bada (kontratuan izendatua), zaila da bere desizendatzea, kontratuan agertzean sozietateari lotua dagoelako. KZ 1692.1 artikulua aplikatuko da, eta honen arabera bidezko kausa bat behar da desizendatzeko. Bidezko kausa dagoen hala ez epaitegiek erabakiko dute. Bestalde, administratzaile pribatiboak ezin izango du bere kargua utzi bidezko kausa bat ez badago, sozietatearekiko lotura garrantzitsuagoa delako.

4.3. Ondarearen eraentza

Kontratuan ezer esaten ez bada, erabaki bat hartzeko ahobatasuna beharrezkoa izango da (sozietate pertsonalisten ezaugarri nagusia). Merkatal Kodean ez da bazkideen borondatea adierazteko prozedura konkreturik ezartzen, eta horregatik kontratuan ere erabakiko da.

MK 133. artikuluak bazkideen informazio-eskubidea ezartzen du, edozein gauzari buruz informazioa jaso ahal izateko (kontabilitateari buruz...). Sozietate-kontratuak arautu dezake eskubide hau, baina ezin du ezabatu.

Bazkide bakoitzaren eragina sozietatearengan horrek duen partaidetzaren araberakoa izango da, partaidetzak (participación) zehaztuko ditu bazkideak sozietatean izango dituen eskubideak. Hau da, xedatuko du partaidetza horrek etekinen eta galeren banaketa, kitapeneko kuota (sozietatea desegiten bada), bozkatzeko eskubidea, kapitalaren handiagotzean parte hartzeko eskubidea, eta abar.

Bazkide bakoitzaren partaidetza kontratuan zehaztuko da, baina ezer esaten ez bada, MK 140. artikuluak bakoitzak sozietatearen kapitalari ekarpenak eman dizkion nuerrian eta proportzioan partaidetza izango duela esaten du. Bazkide industrialaren kasuan, bere ekarpena ere dirutan baloratu daiteke, eta sozietatearen ondarean barneratzen da.

5. KANPORANTZAKO HARREMAN JURIDIKOAK
5.1. Arazo orokorrak


Kanporantzako harremanetan, hirugarrenen eskubideak jokoan daudenez, arauak inperatiboak dira (askatasun printzipioak ez du funtzionatzen).

5.2. Baltzuaren ordezkapena

Sozietatea ordezkatzeko eskubidea administrazioarekin loturik dago. Horregatik administratzaile guztiek sozietatea ordezkatzen dute. Administratzaileek sozietatearen izenean iharduten dutenean, inguruabar hau argi eta garbi geratu behar da (sozietatearen izenean ari direla), kontratuaren beste alderdiak jakiteko sozietatearekin kontratatzen ari dela, eta ez administratzailearekin pertsonalki (contemplatio domini teknikaren bidez),.

5.3. Baltzuaren eta bazkideen erantzukizuna

Baltzuaren izenean egindako kontratu eta ekintzen ondorioz, sozietatea obligatua geratzen da, eta ez bazkidea (nahiz eta bazkide bezala erantzukizun mugagabea izan). Orduan, zorrengatik erantzun behar duen lehena sozietatea da, baina bere ondarea nahikoa ez bada, orduan bazkideek erantzungo dute pertsonalki eta solidarioki (MK 127. art.). Beraz, bazkidearen erantzukizunaren ezaugarriak hauek dira:

* Erantzukizun pertsonala da, hau da, bere ondare pertsonal osoarekin erantzungo du.

* Erantzukizuna mugagabea da, kontratuan mugatu ez daitekeena.

* Erantzukizuna subsidiarioa da (baltzuarekiko subsidiarioa), bazkideek erantzungo dutelako sozietatearen ondareak ezin badu erantzun. Horregatik bazkideak exkusio eskubidea aurka dezake (derecho de excusión), sozietatearengana jo baino lehen bazkideengana jotzen bada (MK 237)

* Erantzukizuna behin-behinekoa da. Hau da, zorra bazkidearena ez denez, baltzuarena baizik, sozietateak bazkideari itzuli beharko dio bazkideak ordaindutako dirua, baltzuak berriro ondare nahikoa edukitzen badu.

Erantzukizun solidarioa (bazkideen artean). KZ 1137 eta hurrengo artikuluak aplikatuko dira. Honen ondorioz, zorra ordaintzen duen bazkidea beste bazkideen aurka zuzendu daiteke.

defero.webcindario.com