defero.webcindario.com

XIV. BALTZUEN ZUZENBIDEAREN TEORIA OROKORRA II

1. BALTZU-KONTRATUAREN EDUKIN BIKOITZA

1.1. Obligazio-eremua
1.2. Antolaketa-eremua

2. BALTZUEN NORTASUN JURIDIKOA

2.1. Nozioaren egungo egoera
2.2. Pertsona juridikoaren subjektibizazio maila ezberdinak
2.3. Egozpenaren eta erantzukizunaren hedapena

3. BALTZUEN FUNDAKETA

3.1. Fundaketa-kontratua eta bere osagaiak
3.2. Formazko eta publizitatezko ukanbeharrak eta irregulartasunaren arazoa
3.3. Fundaketaren akatsak: "baltzu akastunen" doktrina



----------------------------------------




1. BALTZU-KONTRATUAREN EDUKIN BIKOITZA
1.1. Obligazio-eremua

Baltzua Kode Zibilean zein Merkatal Kodean kontratuen artean arautzen da, eta espreski kontratu bezala definitzen dute bi kodeek (KZ 1665 eta MK 116). Baina XIX. mendearen hasieran, Italian doktrinak zalantzan jarri zuen kontratu-izaera hori, beste kontratuekin konparatuz baltzu-kontratuak dituen berezitasunak kontutan harturik. Kontratu sinalagmatikoetan (salerosketan...) alde ezberdinek aurkako interesak dituzte; baltzu-kontratuan, aldiz, bazkideek ez dituzte aurkako interesak, ez da bakoitza bestearen aurka jartzen, guztien interesa bide berean dago, prestazio guztiak bateratu egiten dira helburu amankomuna lortu ahal izateko, helburu horren bidez bazkide bakoitzak bere interesaren betetzea lortzen duelarik. Honela, doktrinak kontratua ekintza kolektibo bezala definitu du, aldeanitzeko organizazio-kontratua (contrato plurilateral de organización). Baltzu kontratuaren bidez bazkide bakoitzak status juridiko bat lortzen du, eskubide eta obligazioz osaturik dagoen status bat, hau da, ekarkinaren (aportazioaren) ordaina. Kontratua den edo ez den inguruko eztabaida gainditua dago gaur egun. Beraz, kontratua da, baina berezitasunak dituen kontratua.

Ez da kontrtatu sinalagmatikoa edo aldebikoa. Ekarkinak ez dira elkar-trukatzen, bateratu baizik, helburu amankomun bat lortzeko. Honek praktikan suposatzen du Kode Zibilean jasotzen diren kontratuei buruzko zenbait arau orokor ez direla aplikatzen (KZ 1124, 1100...).

Bestalde, izaera berezi horrek obligazio bereziak ezartzen dizkie bazkideei. Hauen artean, garrantzitsuena bazkideen arteko portaera leialaren obligazioa (ez da Kodean espreski agertzen, baina kontratuaren erregulazio osoa interpretatuz ondorioztatu dezakegun printzipioa da).

Printzipio honen hainbat konkrezio aurkitu daitezke Mk 136 eta 137 artikuluetan (lehiaketa ez egiteko obligazioa), MK 131.ean (administratzaileen iharduera ez oztopatzeko obligazioa), eta abar. Baina bere esanahia askoz ere zabalagoa da, suposatzen da bazkideek beraien ahalmenak egikaritzean baltzuaren interesa kontutan harturik iharduen beharko dutela, baltzuaren onerako diren eragiketak aurrera eramanaz, eta kontrakoak baztertuz.

Baltzuarekiko leialtasunez iharduteko obligazioa baltzu-mota guztietan azaltzen da, baina baltzu-mota bakoitzean eduki ezberdina du. Zabalagoa da baltzu pertsonalistetan, eta mugatuagoa baltzu kapitalista edo korporatiboetan.

Leialtasun printzipioa kontutan hartu behar da ere bazkideen arteko harremanetan, sozietatearekiko harremanetan ezezik. Honela, gehiengoak ezin du bere boterea gutxiengoaren aurka erabili.

1.2. Antolaketa-eremua

Kontratu guztiek duten obligaziozko edukinaren ondoan, baltzua edukin instituzional bat duen kontratua da, antolakuntza edo organizazio edukin bat. Hau da, antolaketa-eremua. Horregatik esaten da sozietate-kontratuak edukin bikoitza duela.

Baltzuaren objektua egikaritzeko, egitura bateratu bat eraikitzen da (pertsona juridikoa eratzea). Taldea bateratu egiten da zuzenbidezko subjektu berri bat sortuz. Bazkide-taldeak nortasun juridikoa lortzen du. Honek bi gauza suposatzen ditu:

* Ondare berezi bat sortzen dela, bazkideen ondare pribatuarengandik ezberdina dena (banantze printzipioa).

* Taldeak trafikoan iharduteko gaitasun osoa duela, hau da, eskubide eta obligazioak izateko gai da.

Alderdi bikoitz honek salbuespen bat du: barneko baltzua (sociedad interna). Honek ez du antolakuntzazko eremurik, ez du nortasun juridikorik, obligaziozko eremua besterik ez du (adibidez, abokatu batzuk elkartzen badira bulego bat alokatzeko, baina trafikoan elkarrekin agertu gabe, bakoitza banakako abokatua izanik).

- Barneko baltzua (sociedad interna)

Kasu honetan, sozietate-kontratuak obligaziozko edukia dauka bakarrik, hau da, beste kontratu guztiak bezala. Antolakuntzaren dimentsioa fata zaio. Beraz, ez du nortasun juridikorik. Kanpoko baltzua sozietate-kontratuak edukin bikoitza duenean ematen da, obligaziozkoa eta instituzionala, eta trafikoan parte hartzeko subjektu batean bilakatzen da.

Kanpoko baltzu bat eratzen dutenean, bazkideek iharduera bateratu bat egikaritzeko asmoa dute. Hirugarrenekiko harremanak taldearen harreman bezala antolatu nahi dituzte. Taldea zuzenbidezko subjektua da, bazkideek iharduera amankomun bat egikaritzeko egituratzen dutelako.

Zilegia da zenbait pertsona beraien arteko harreman ekonomikoak antolatzeko trafikoan bateratzea, baina batera iharduteko asmorik gabe. Beraien borondatea ez da iharduera bateratua eramatea, bakoitza bere iharduera propioaren antolatzaile eta erantzule da. Orduan, hirugarrenekiko harremanak ez dira taldearenak, bazkideenak baizik. Hau da, baltzuak ez du nortasun juridikorik.

Definizioz baltzu guztiak kanpoko baltzuak dira, baina barneko baltzua legeak aurrikusitako salbuespena da. Merkataritzako baltzu guztiak kanpoko baltzuak dira, eta sozietate zibilaren kasuan sozietate hau kanpoko baltzua bezala arautua dago, baina legeak aurrikusitako salbuespen bezala ageri da barneko baltzua. Honela, barneko baltzua beti zibila izango da. Salbuespena KZ 1669. artikuluan dago, eta MK 241. artikuluan, partaidetza-kontuekin (baltzu zibila da, baina merkatal trafikoan aritzen da, eta horregatik Merkatal Kodean ere arautzen da).

Barneko baltzua izango da (obligaziozko erlazio hutsa) bazkideek kontratuan horrela xedatzen badute. Bazkideen erabakia da irizpide erabakitzailea, eta kontratuaren interpretazio batetik ondorioztatzen da barneko ala kanpoko baltzua den. Alderdiek erabakiko dute sozietateari nortasun juridikoa ematea edo ez.

Honela, sozietate zibilen kasuan, nortasun juridikoa edo eremu antolatzailea alderdien borondatez lortzen da. Tesi hau KZ 1669. artikulutik ondorioztatzen da, oso artikulu garrantzitsua, baita eztabaidagarria ere. Honen arabera, ez dute nortasun juridikorik izango (hau da, eremu antolatzailerik) paktuak sekretuan mantentzen dituzten sozietateek, eta bakoitzak hirugarrenekin bere izenean kontratatzen duenean.

Artikulu hau interpretatuz, batzuek diote paktu sekretuak dauzkaten aipatutako baltzu horiek barneko baltzuak direla. Horregatik, barneko baltzuek ez dute nortasun juridikorik. Beraz, bi baltzu-mota izango ditugu: kanpokoa eta barnekoa.

Jurisprudentzia eta doktrinaren beste alderdi batek, KZ 1669. artikuluko beste interpretazio baten bitartez, eta batez ere paktu sekretu esamoldea interpretatuz, sozietate zibilaren nortasun juridikoa publizitatearen bidez lortzen dela dio (publicidad de hecho), hau da, sozietatea trafikoan ezagutarazten denean lortzen dela nortasun juridikoa. Honela, nortasun juridikoa ez litzateke alderdien borondatez lortuko, publizitateaz baizik (publikotasunaren irizpidea erabiltzen du, eta publikotasun-eza nortasun juridiko eza dela dio). Teoria honen arabera, barne-sozietatea ez da sozietate-mota bat, ez da kategoria bat, baltzuaren fase bat baizik ("proto-sozietatea", oraindik sortze-bidean dagoen sozietatea), publikoa egiten denetik perfekzionatzen dena, eta orduan nortasun juridikoa eskuratuko duena; hau da, jurisprudentziak ez ditu barneko eta kanpoko baltzuak bi modelo ezberdin bezala ikusten, berarentzat sozietate bakarra dago (kanpokoa), eta onartzen duen bakarra da sozietateak nortasun juridikoa lortu aurretik obligaziozko eremua duela, baina sozietate hauek momentu konkretu batean aurkitzen diren sozietateak izanik beti ere. Oraindik nortasun juridikorik ez duten sozietateei (trafikoan ezagunak ez direlako), guk barneko baltzua bezala ezagutzen dugunari (obligaziozko eremua duena), berak sociedad civil irregular deitzen dio.

Honi egiten zaion kritika bat da trafikoko publizitate hori noiz ematen den jakitea zaila dela, publicidad de hecho delakoak ez digulako nortasun juridiko hori jaiotzen den unearen inguruko zirutasunik ematen, subjektu batzuek besteek baino lehenago ezagutuko dutelako sozietate hori trafikoan, eta esaten da beharrezkoa dela nortasun juridikoa subjektu guztientzat momentu berean sortzea. Bestalde, aurreko tesi horrek argitzen ez duena da zer gertatzen den inoiz nortasun juridikorik lortuko ez duten sozietateekin, alderdiek nahi ez dutelako. Hau da, zein eraentza aplikatuko zaie hauei? Aurreko teoria hori kritikatzen dutenentzako, publicidad de hecho delakoak sozietate ezkutuak eta nabarmenak bereizteko balio du, baina ez barneko baltzua identifikatzeko. Gehienetan barneko sozietateak ezkutukoak izango dira, jendeak ez dakielako existitzen direnik, eta kanpoko baltzuak nabarmenak izango dira; baina hau ez da beti honela izango.

Beraz, barneko baltzuaren ondorio juridikoak hauek dira: ondareari ondasun erkidegoari (C.B.) dagokion eraentza aplikatuko zaio, eta bazkideen arteko harremanei beraiek kontratuan ezarritako eraentza, eta subsidiarioki baltzuen eraentza.

2. BALTZUEN NORTASUN JURIDIKOA
2.1. Nozioaren egungo egoera


XIX. mendean doktrinak nortasun juridikoaren mitoa eraiki zuen, pertsona fisikoari ahalik eta gehien hurbilduz, pertsona juridikoa benetako pertsona ezberdin bat balitz bezala, bazkideengandik garbi eta salbuespenik gabe ezberdindua. Hau da, banantze-printzipioa argi zegoen. Gaur egun doktrina modernoak pertsona juridikoa bazkideengandik guztiz ezberdindu ezin dugun zerbait dela kontsideratzen du, eta banantze-printzipio hori ez dago hain garbi. Pertsona juridikoaren kontzeptua hitz bat besterik ez da, arudi bati laburpen baten bidez aipamena egiteko erabiltzen dena. Benetan dauden pertsonak bazkideak dira. Gertatzen dena da harreman juridikoak taldeari eta berak sortzen duen ondare bereziari lotzen zaizkiola. Nortasun juridikoaren kontzeptua ez da absolutua, eta posiblea da zenbait kasuetan baltzuaren harreman baten atzetik bazkideak ikustea.

Laburtuz: Lehen, pertsona juridikoaren kontzeptua absolutua zen, bazkideengandik bereiztua erabat. Gaur egun, zenbaitetan pertsona fisikoak (bazkideak) kontutan hartzen dira.

2.1. Pertsona juridikoaren subjektibizazio maila ezberdinak

Mailakatze hau doktrinak eta jurisprudentziak egiten dute, bazkideen eta pertsona juridikoaren arteko banantze-printzipioaren mailaren arabera. Honela, banantze osoa ematen denean, subjektibizazio osoa emango da, eta baltzuak nortasun juridiko osoa izango du (egitura kapitalista); banantzea partziala denean, subjektibizazio partziala emango da, eta baltzuak nortasun juridiko basikoa izango du bakarrik (egitura pertsonalista).

Kodean ez dira bereizketak espreski egiten, baina doktrinak pertsonifikazio-maila ezberdinei buruz hitz egiten du. Sinpleena baltzu pertsonalistena da, eta konplexuena baltzu kapitalistena. Oinarrizko kontzeptua edo kontzeptu orokorrena KZ 38. artikuluan jasotzen dena da (nortasun juridiko basikoa), hau da, ondare banandu bat izateko eta erlazio juridikoen tituludun izateko ahalmena suposatzen du. Honetaz gain, nortasun juridiko konplexuenak baltzua eta bazkidearen arteko banantzearen maila handiago bat dakar. Hemen legoke, beraz, ezberdintasuna, banantze-printzipioaren mailan. Adibidez, konparatu baltzu kapitalista eta pertsonalistetan ematen den erantzukizun maila.

2.3. Egozpenaren eta erantzukizunaren hedapena (extensión de la imputación y la responsabilidad)

XIX. mendean nortasun juridikoari buruz zuten kontzeptu absolutua baztertuz, gaur egun ez du inork mantentzen pertsona juridikoa bazkideengandik guztiz eta beti desberdindu dezakegun zerbait denik, eta pertsona juridikoa erabiliz egon daitezkeen abusuak eragozteko, doktrina eta jurisprudentzia hasi dira finkatzen noiz eta zein baldintzapean egin ditzakegun bazkideak erantzule, pertsona juridikoa pertsona ezberdin bat dela kontutan hartu gabe. Horretarako jurisprudentziak KZ 6. eta 7. artikuluak erabili ditu (eskubide-abusua eta lege-maula), eta klausula orokor horiek erabilita, abusu hori ematen diren kasuak ondo mugatu gabe, eta beste argumentaziorik gabe, pertsona juridikoarekin eman daitezkeen abusuak eragozten dituzte (levantamiento de velo), baina abusu hauek zergatik, noiz, eta nola jokatzen duten argi egituratu gabe. Doktrinako autore batzuek klausula orokor horien erabilpena kritikatzen dute, eta pertsona juridiko horren abusuak ematen diren kasuen aurresuposamenduak finkatzen dituzte, kasu bakoitzean aplikagarri diren ordenamenduko artikuluetan oinarrituz. Doktrinak aipatutako suposamenduak:

- Egozpenaren hedapena (extensión de la imputación)

Kasu honetan, sozietateari bazkideen ezaugarri pertsonalen, ezagutzen (conocimientos) eta jokaeren hedapena ematen da. Printzipioz sozietateari bere organuak bere karguaren ihardueran lortutako informazioak bakarrik zaizkio egozgarri, baina kasu batzuetan sozietateari egozgarri zaio bere administratzaileak bere karguan iharduten ez duenean lortutako informazioa. Adibidez, sozietate munizipal baten admnistrazio-kontseiluko lehendakaria alkatea izanik, horrek kontratu batzuk burutzen baditu, eta kontratante batek preskripzio-etena alkateari eskatzen badio, kideek printzipioz esan lezakete ez zaiola administrazio-kontseiluari eskatu, baina alkatea horren kidea da, eta Auzitegi Gorenak halako kasuetan onartu izan du eskaera horren zuzentasuna.

- Erantzukizunaren hedapena

+ Esfera nahasketa (confusión de esferas)

Kasu honetan ez da argi eta garbi bereizten bazkideen eta baltzuaren nortasuna kontratatzeko momentuan, subjektu ezberdinen arteko banaketa ez da argi geratzen. Orduan, bazkideek ezin dute beren erantzukizuna mugatu trafikoaren segurtasunaren aurka garbi utzi ez duten banantze-printzipioa alegatuz. Adibidea: pertsona batek sozietate bateko bazkide bezala zein merkatari banakoa bezala aldi berean ihardutean (establezimendu berean...).

+ Ondare nahasketa (confusión de patrimonios)

Kasu honetan, ez da argi bereizten bazkidearen eta baltzuaren ondarea, kontabilitatean nahastu egin direlako...

+ Kanpoko zuzendaritza (dirección externa)

Hau baltzu-taldeen eremuan ematen da. Kanpoko kontrol soilak ez du erantzukizunaren hedapena bidezkotzen, baina zuzendaritza horrek erabakiakhartzeko ahalmena erabat ezeztatzen badio menpeko baltzuari, zuzendaritza horren ondorioz sortu diren galerak baltzu menperatzaileak ordaindu beharko ditu. Adibidea: baltzu ezberdinez osatutako taldean, bat nagusia eta besteak filialak izanik, menperatzaileak ez du automatikoki filialengatik erantzungo, baina bai filialaren erabakitzeko gaitasuna ezerezean geratzen bada.

+ Infrakapitalizazioa

Baltzu kapitalistetan legeek gutxieneko kapital bat galdatzen dute baltzu bat eratzeko, baina ez dute galdatzen kapital hori ihardueraren bolumenak eskatuko lukeen kapital kopurua izan dadin. Honela, hartzekodunen interesak arriskuan jartzen dira. Kapital hau argi eta garbi ez-nahikoa bada (adibidez, eraikuntzak egitera dedikatzen den enpresak 5.000 euroko kapitala besterik ez izatea, argi eta garbi bere hartzekodunei ordaintzeko nahikoa izango ez dena), erantzukizun mugatuaren printzipioak bere justifikazioa galtzen du, eta KZ 1911. artikulua aplikatzen da (erantzukizun unibertsala).

3. BALTZUEN FUNDAKETA
3.1. Fundaketa-kontratua eta bere osagaiak


Sozietatea kontratua dela onarturik, kontratu guztietarako KZ 1261. artikuluan eskatzen diren elementuak dira beharrezkoak: adostasuna, objektua, eta kausa.

- Adostasuna edo kontsentimendua

Bi bazkide edo gehiagoren borondatearekin osatzen da, kontratuaren funtsezko elementuengan erortzen dena. Elementu hauek kontratuaren kausa (helburu amankomuna) eta ekarkinak (aportazioak) dira. Adostasunarekin lotua doan gai bat forma soziala aukeratzeko borondatea da (la voluntad electora de la fomra social). Sozietate zibilean eta kolektiboan ez da beharrezkoa, forma orokorrak direlako (bestelakorik esan ezean, hauen eraentza aplikatuko da, objektua zibila edo merkatal den arabera), baina bai beste forma guztietan. Kontsentimenduak aukeratutako forma sozialaren ezaugarri nagusiak barneratu behar ditu. Orduan, forma soziala aukeratzeko borondatea modu desegoki batean eman bada, edo legeak onartzen ez duen forma bat aukeratzen bada, sozietatearen forma orokorrak aplikatuko dira (zibila edo kolektiboa).

- Objektua

Bazkideek sozietateari ematera behartzen diren ekarkinak dira. Ekarkina ekonomikoki baloratu daitekeen edozein gauza izan liteke. KZ 1088 eta 1665. artikuluak kontutan hartuta, ekarkina izan daiteke zerbait ematea (dirua, ondasun bat, eskubide bat...), jabetza tituluarekin edo titularitatearen aldaketarik gabe (erabilpena, usufruktua...); zerbait egitea izan daiteke, hau da, industria edo lana ekartzea; edo zerbait ez egitea, adibidez, lehiaketa ez egiteko konpromezua.

- Kausa

Kausa helburu amankomuna da. Gehienetan irabazteko asmoa dago, baina ez da beharrezkoa.

3.2. Formazko eta publizitatezko ukanbeharrak eta irregulartasunaren arazoa

Sozietate-kontratua zuzenbideko formaren askatasunez egiten da (KZ 1278, libertad de formas). Honela dio KZ 1667. artikuluak sozietate zibilarentzat, eta MK 117. artikuluak merkataritzako baltzuen eremuan. MK 119. artikuluak eskritura publikoaz hitz egiten duenean, ez da formazko ukanbehar bat bezala ulertu behar, erregistroan inskribatu nahi bada bakarrik izango da beharrezkoa.

Formaren askatasunaren printzipio honetatik kapitalezko sozietateak salbuetsi behar ditugu; hauetan inskripzioa eratzailea da, eta horretarako eskritura publikoa beharrezkoa da. Beraz, formaren askatasunaren printzipioa sozietate pertsonalistetara mugatzen da; hauetan dokumentu publikoa merkatal erregistroan inskribatu nahi bada bakarrik da beharrezkoa, baina inskripzio hau ez da eratzailea, deklaratiboa baizik, eta hirugarrenei kontratuetan ezarritako klausulak aurkatzeko da.

- Merkataritzako baltzuen nortasun juridikoa

+ Sozietate kapitalisten kasuan, inskripzioaren aurretik, sozietate anonimoak eta erantzukizun mugatuko sozietateak (SL) nortasun juridikoa izango dute, baina hauetan inskripzioa beharrezkoa da nortasun juridiko osoa lortzeko. Inskripzioarekin bihurtzen dira SA edo SL. Hau legeak espreski esaten du Baltzu Anonimoen Legearen 15. artikuluan eta Erantzukizun Mugatuko Baltzuen Legearen 11. artikuluan.

+ Sozietate pertsonalisten kasuan, bi joera daude.

Jurisprudentzia eta doktrina tradizionalak diote, MK 116, 118 eta 119. artikuluen hitzez-hitzezko interpretazio batekin, merkataritzako baltzuak merkatal errregistroan inskribatu behar direla nortasun juridikoa lortzeko. Jurisprudentziak inskribatu ez diren merkataritzako baltzuei sociedad mercantil irregular deitzen die.

Doktrina berritzailearen arabera, MK 118 eta 119 artikuluak hitzez-hitzez interpretatuz, inskribatzen ez diren sozietateek ez dute nortasun juridikorik, eta beraz hirugarrenen aurrean ez du baltzuak erantzuten, administratzaileek bakarrik baizik (MK 120), hirugarrenak kaltetuz. Baina merkataritzako baltzuen helburua hirugarrenak babestea denez (helburu hau ez da lortzen inskribatu ez direnei nortasun juridikorik ematen ez badiegu), eta kontraesan baloratibo baten aurrean gaudenez, artikulu hauen beste interpretazio bat eman behar dugu. Horretarako MK 116 eta 118. artikuluak, LSA 15. artikulua, eta LSL 11. artikulua batera interpretatu beharko ditugu; honela, merkataritzako baltzuak nortasun juridikoa eskuratzeko ez da beharrezkoa merkatal erregistroan inskribatzea. Inskripzioak deklaraziozko efektua du bakarrik, hau da, lege dispositiboak aldatzen dituzten klausulak hirugarrenei aurkatu ahal izateko balio du soilik (publizitate materialaren efektuak).

Sozietate pertsonalistek inskribatu aurretik duten nortasun juridiko hori KZ 38. artikulukoa da, nortasun juridiko basikoa; inskribatu ondoren, berdin. Sozietate kapitalisten kasuan, aldiz, inskribatu aurretik KZ 38. artikuluko nortasun juridiko basikoa dute, baina inskripzioarekin nortasun juridiko osoa eskuratzen dute (erantzukizun mugatua).

3.3. Fundaketaren akatsak: "baltzu akastunen" doktrina

Fundaketa-kontratuaren elementuetan funtsezko akatsa dagoenean, baltzua akastuna dela esaten da. Kode Zibileko teoria orokorra aplikatzen badugu, sozietate hori deuseza izango litzateke, eta KZ 1300 eta hurrengo artikuluetako ondorio juridikoak aplikatu beharko lirateke. Hau da, kontratua desegin eta prestazioak itzuli. Baina sozietateen kasuan, deuseztasunaren atzeraeraginkortasunak trafikoan nahaste izugarria sortuko luke, harreman juridiko anitz sortuak izan direlako. Horregatik sozietateen kasuan deuseztasunak beste ondorio juridiko batzuk dauzak. Ondorio horiek LSA 34 eta 35. artikuluetan eta LSL 16 eta 17. artikuluetan datoz, espreski. Sozietate pertsonalistek, aldiz, ez dute egoera hauetarako artikulu berezirik, baina doktrinak baltzu kapitalisten artikulu hauen itzalean ondorio juridiko batzuk aurrikusi ditu, baltzu-akastunaren doktrina osatuz. Ukanbeharrak hauek dira:

* Sozietate-kontratu bat egotea honelako akats batekin

* Baltzuaren iharduera hasia egotea (hirugarrenekin kontratu batzuk burutu izana)

* Beste goragoko interesik ez egotea

Ukanbehar hauek ematen badira, ez dira Kode Zibileko ondorio juridikoak aplikatzen; momentura arte egin diren egintza guztiak baliozkotzat jotzen dira, eta baltzua desegingo da, kitapen prozeduraren ondoren geratzen den ondarea bazkideen artean banatuko delarik.

defero.webcindario.com