defero.webcindario.com

XIII. BALTZUEN ZUZENBIDEAREN TEORIA OROKORRA

1. BALTZUEN ZUZENBIDERAKO SARRERA

2. BALTZU KONTZEPTUA

2.1.Doktrina tradizionala
2.2. Kontzeptzio berritzailea
2.3. Sailkapena

3. MERKATARITZAKO BALTZUAK

3.1. Baltzuen merkataritzako ezaera definitzen duten irizpideak
3.2. Tipologia. Baltzu kolektiboa, merkataritzako baltzu orokor bezala
3.3. Atipikotasuna: borondatearen mugak merkataritzako baltzuen egituraketan
3.4. "Baltzuko erkidegoa"

4. BALTZU-ZUZENBIDEAREN BILAKAERA MODERNOA



----------------------------------------




1. BALTZUEN ZUZENBIDERAKO SARRERA

Merkatal Zuzenbidearen munduan pixu berezia dute baltzuek, iharduera ekonomikoaren zatirik handieran ez baitago enpresari pertsona fisiko edo naturalaren eskuetan, baltzuen (sozietateen) eskuetan baizik. Arrazoiak:

* Askotan iharduera ekonomiko bat martxan jartzeko behar diren diru edo baliabideak lortu ahal izateko modu bakarra delako pertsona askoren partaidetza (adibidez, Repsol-ek kapital handia du, eta merkatari bakarrak ezin du hura aurrera eraman).

* Erantzukizuna mugatzeko bide bakarra delako trafikoan baltzu edo sizietate baten bidez ihardutea. Enpresari pertsona fisikoak KZ 1911. artikuluaren arabera bere ondare guztiarekin erantzuten du.

Baltzu-kontratuaren bidez pertsona juridiko berri bat sortzen da, eskubide eta obligazioak izateko gai den subjektu kolektibo bat. Bere izenean egingo dira kontratuak, eta bere ondarearekin erantzungo du. Baltzuak ez dira bakarrik enpresa-iharduerak egikaritzeko eraentzen, pertsona-talde batek lortu nahi duen edozein helburu amankomun bat lortzeko sortzen dira baltzuak, eta ahalegin pertsonalak zein baliabide ekonomikoak bateratzeko eta antolatzeko tresna juridikoak ematen dizkigu.

2. BALTZU KONTZEPTUA (zibila zein merkatala)

Sozietatearen kontzeptu orokorrak sozietatearen arau juridikoen barruan geratzen diren fenomenoen sailkapena egiteko balio du, eta arau juridiko horien kanpotik geratzen diren fenomenoak zeintzuk diren jakiteko. Baltzuaren kontzeptu orokorra aztertzean bi doktrina nagusi daude: doktrina tradizionala, eta doktrina berritzailea.

2.1. Doktrina tradizionala

Kontzeptu hertsiagoa da, jurisprudentziak jarraitzen duena (nahiz eta akats batzuk izan). Honen abiapuntua KZ 1665 eta MK 116 artikuluak dira.

Doktrina honek honela definitzen du sozietatea: "borondatezko pertsona talde bat, ondare-fondo amankomun bat sortzen duena, eta iharduera ekonomiko bat ustiatuz, mozkinak lortu eta partaideen artean banatzeko sortzen dena". Definizio honen ezaugarri nagusiak:

* Borondatez sortutako pertsonen arteko elkartea, kontratu baten bidez (voluntariedad)

* Ondare amankomuna (fondo común)

* Enpresaren ihardueran parte hartzeko borondatea, edo afectio societatis

* Irabazi-asmoa

2.2. Kontzeptzio berritzailea

Baina doktrina tradizionala aplikatuz errealitatean agertzen diren zenbait talde pribatu kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira, eta beraz erregulaziorik gabe geratzen dira. Horregatik, doktrina berritzaileak kontzeptu zabalagoa ematen du, eta ebre helburua praktikan agertzen den fenomenologia guztia legearen menpe jartzea da. Doktrina berritzaileak bi ukanbehar eskatzen ditu bakarrik, fenomeno gehiago sozietatearen barruan geratuz (honela, ez dago hainbeste fenomeno atipiko).

Doktrina berritzaileak ematen duen kontzeptua zabalagoa da, eta ez da bakarrik KZ 1665 artikulutik ondorioztatzen, Kode Zibilaren interpretazio zabal batetik baizik, eta K. 22. artikulutik.

Doktrina berritzailearen jarraitzaileek honela definitzen dute sozietatea: "Kontratu bidez helburu konkretu eta amankomun bat lortzeko eratutako talde pribatua". Honek bi ukanbehar ezartzen ditu bakarrik:

* Borondatez sortutako pertsonen arteko talde bat (kontratu bidez), KZ 1665. artikulutik ondorioztatua.

* Bazkide guztien helburu amankomun bat (fin común). Helburu hau irabazi-asmoa (ánimo de lucro) baino zabalagoa da, eta KZ 1666. artikuluan oinarritzen da.

Doktrina berritzaileak doktrina tradizionalaren irizpide eta ezaugarriak kritikatzen ditu:

* Ondare amankomunaren ukanbeharrari buruz, esaten da ohizko elementua dela, baina ez kontzeptuaren berezko elementua. Hau da, gehienetan ematen da, baina ez da derrigorrezkoa. Kode Zibilak berak 1678. artikuluan onartzen du, eta zilegia da, bazkide batzuek lana bakarrik ekartzea (bazkide industrialak).

* Afectio Societatis ezaugarriari buruz, esaten da kontratuaren adostasuna besterik ez dela (consentimiento), eta ez baltzuaren ezaugarria.

* Irabazi asmoa. Nahiz eta KZ 1665. artikuluak aipatu, Kode Zibileko arauak modu zabalean aztertzen badira, ukanbehar hau ez da beharrezkoa baltzuaren kontzeptu orokorrean. KZ 1666. artikuluak "en interés de todos los socios" adierazpena erabiltzen du, eta hau irabazi-asmoa baino zabalagoa da. Gainera, irabazi-asmoaren ukanbeharrak azalpen historikoa du: Kodegintzaren garaian ez zegoen elkartzeko eskubiderik, eta botere publikoek galarazi nahi zuten Baltzuen Zuzenbidearen itzalean elkarte politikoak sortzea. Honela, garai hartan irabazi-asmoaren ukanbeharrak autokontrolaren funtzioa betetzen zuen, eta debeku hori desagertu denez, eta K. 22. artikuluak ukanbehar hori aipatzen ez duenez, ez du zentzurik muga hori mantentzea. Gainera, gaur egun sozietate anonimo eta erantzukizun mugatuko sozietateek ez dute ukanbehar hori bete behar, eta espreski esaten da 12/1991 legearen 2.2 artikuluan Interes Ekonomikodun Batzeek ez dutela asmo hori.

Beraz, doktrina berritzailearen jarraitzaileentzat, sozietate-kontzeptuaren barruan sartzen dira, eta beraz bere eraentza aplikatzen zaie:

* Barneko baltzuei (sociedades internas)

* Ondarerik gabe sortutakoei

* Irabazi-asmorik ez dutenei

Baina edozein kasutan, kontzeptutik kanpo geratzen dira, eta ez dira sozietateak izango:

* Zuzenbide Publikoko korporazioak

* Famili-Zuzenbideko erkidegoak

* Oinordetza-erkidegoak

* Fundazioa

* Ondasun erkidegoa

Gainontzeko talde pribatuen kasuan, adierazitako bi ukanbeharrak betetzen badira, sozietatearen kontzeptuaren barnean geratuko dira, eta sozietateak kontsideratuko dira zentzu zabalean.

2.3. Sailkapena

Trafikoan dauden baltzu guztiak, bere egitura kontutan harturik, bi taldetan sailkatu daitezke: egitura pertsonalista duten baltzuak (kontratu-baltzuak), eta egitura korporatiboa duten baltzuak (estatutu-baltzuak).

- Egitura pertsonalista duten baltzuak

Hemengo eredu orokorra KZ 1665. artikuluko baltzua da, sozietate zibila. Horretaz gain, talde honetan sar daitezke ere MK 125. artikuluko baltzu kolektiboa (sociedad colectiva), MK 239. artikuluko partaidetza-kontuak (cuentas de participación, aldi baterako enpresa-batzeak (agrupación temporal de empresas), eta interes ekonomikodun batzeak (Agrupación de Interés Económico).

Egitura pertsonalista duten sozietateak bere bazkideengan oinarritzen dira. Bazkide bakoitza pertsona bezala garrantzitsua da sozietatean, eta bazkideen ezaugarri pertsonalak kontutan harturik eratzen da sozietatea. Honela, printzipioz ez da bazkideen aldaketa ematen, eta bazkideen irteera edo sarrera onartzen bada, salbuespen bezala izaten da, eta bazkide guztien ahobatasuna behar da (unanimidad), bazkideen aldaketa horrek kontratuaren aldaketa suposatzen duelako, eta printzipioz bazkide baten heriotzak baltzuaren desegitea suposatzen du. Bazkide bakoitzaren garrantzia hori ere sozietatearen egituran nabaritzen da. Egitura hori bazkideengan oinarritzen da, eta horregatik ez ditu organuak behar (Batzar Nagusia...), eta bazkideak beraiek dira sozietatearen gestioa aurrera eramaten dutenak, administratzaile-funtzioak beteaz.

Bazkideen erantzukizuna pertsonala da, hau da, zorrak egonik sozietatearen ondarea nahikoa ez bada horiei aurre egiteko, bazkideek beren ondasun propioekin erantzungo dute. Sozietate hauek duten nortasun juridikoa KZ 38. artikuluko nortasun juridiko basikoa edo orokorra da

- Egitura korporatiboa duten baltzuak edo Estatutu-baltzuak

Egitura korporatiboko baltzua gehien ematen den eredua da, bere eredu orokorra asoziazioa izanik (asociación), 1964ko Asoziazio Legean arautua. Talde honetan sartzen dira: Baltzu Anonimoak (SA) edo akziozko baltzuak (1564/1989 RDLg, Baltzu Anonimoen Legea), SL edo Erantzukizun Mugatuko Baltzuak (2/1995 legea, Erantzukizun Mugatuko Baltzuei buruzkoa), Akziozko Baltzu Komanditarioa (MK 151. art.), Kooperatibak, Elkar-bermezko baltzuak (Sociedades de Garantía Recíproca), eta Laguntzaroko Aseguru Baltzuak (Sociedades Mutuas de Seguros).

Sozietate hauen helburua bere bazkideen interesen gainetik dago. Garrantzitsuena helburua da, eta ez pertsonak, horiek aldatzen direlako. Horregatik, bazkideen pertsonak ez du hainbeste garrantzirik. Asoziazioa autonomoa da bere bazkideengandik. Horren ondorio bezala, bazkideen sarrerak eta irteerak onarturik daude, eta gehiengoaren bidez ematen dira. Nahiz eta asoziazioak ere bere jatorria kontratu batean izan, erregelamendu edo estatutu baten bidez arautzen da sozietatearen bizitza (baltzu pertsonalista ez bezala, kontratuaren arabera funtzionatzen duena), eta estatutu hau bazkideen gehiengoaren adostasunez aldatzen da (pertsonalistaren kasuan, kontratua ahobatez aldatu beharko da).

Sozietate korporatiboak bere bazkideengandik duen autonomia honek ere ondorioak ditu sozietatearen egituran. Sozietatearen gestioa ez dute bazkideek burutzen, organoak daude bazkideen borondatea adierazteko (Batzar Orokorra...), eta administratzaileak normalean hirugarren pertsona batzuk dira (bazkideak ez direnak).

Bazkideek egindako ekarpenei mugatutako erantzukizuna dute, eta zorrak egonez gero, sozietateak erantzungo du bakarrik bere ondare propioarekin. Baltzu hauek nortasun juridiko osoa dute, plenoa (basiikoa baino zabalagoa). Hau da, autonomia osoa dute. Honen islada erantzukizuna da: zorrak sozietateak bakarrik ordaintzen ditu, ez bazkideek, bien arteko separazioa erabatekoa delako.

Egitura korporatiboa duten baltzuen barruan ohizkoenak kapitalezkoak dira (de capital): SA, SL, eta akziozko sozietate komanditarioa. Normalean irabazi-asmoa dute, praktikan nabarienak eta ugarienak.

Pertsonalista eta korporatiboen arteko bereizketa hau ez da erabat itxia, eta batzuetan egitura mistoak daude. Batzuetan egitura pertsonalista duten baltzuak ezaugarri korporatiboak jaso ditzakete, eta alderantziz. Hau da, muga batzuekin, eratzaileek baltzua beraien beharretara egokitzeko aukera dute. Hau da, baltzuen bereizketa hau (korporatiboa/pertsonalista) ez da itxia. Adibidez, SL batek egitura korporatiboa du, eta kapitalezko sozietatea da, baina elementu pertsonalista asko ditu, normalean sozietate txikiak direlako, eta bazkideek garrantzi handia dute.

3. MERKATARITZAKO BALTZUAK
3.1. Baltzuen merkatal-izaera definitzen duten irizpideak


Trafikoan merkataritzako iharduera duten baltzuez gain, iharduera zibila edo objektu zibila dutenak ere badaude. Kasu hauetan sozietate hauek forma zibila hartu dezaketen aztertuko dugu, eta kasu bakoitzari dagokion eraentza. Horretarako, lehenik merkataltasunaren alderdi bikoitza hartu behar dugu kontutan, hau da, merkataltasun objektiboa eta subjektiboa.

* Merkataltasun objektiboa. Baltzua kontratu bezala begiratuz eta obligaziozko harremanei dagokien eraentza da. Hau da, bai bazkideen arteko harremana, bai hirugarrenekin.

* Merkataltasun subjektiboa. Baltzua pertsona juridiko bezala begiratuz, eta baltzuari Zuzenbidezko subjektu bezala aplikatu beharreko eraentza da, hau da, merkatariaren estatutua.

Bi alderdien berezitasuna garrantzitsua da, kasu batzuetan bi alderdiak ez direlako batera joango. Hau da, ikusiko dugu nola ihardueraren arabera sozietate baten araudia aplikatuko zaion, baina ez merkatariaren estatutua. Ihardueraren irizpidea kontutan harturik, bi kasu bereiztu ditzakegu:

+ Merkatal iharduera edo merkatal objektua izatea (saltzeko erostea). Merkatal formen artean edozein aukeratu daiteke (forma zibila ez), eta orduan merkataritzako arauak aplikatuko zaizkio, eta baita merkatariaren estatutua ere (erregistroa, kontabilitatea...).

+ Iharduera edo objektu zibila badu, KZ 1670. artikuluak bi aukera ematen ditu:

* Forma zibila aukeratzea (sozietate zibila). Kasu honetan sozietate zibila izango da, eta arau zibilak aplikatuko zaizkio.

* Merkataritzako forma bat aukeratzea. Honen barruan, bi kasu ezberdin eman daitezke:
a) Bazkideek baltzu anonimo bat, erantzukizun mugatuko sozietate bat, edo akziozko sozietate komanditario bat eratzea erabakitzen badute (kapitalezkoa), sozietate hori merkatal izango da, eta merkataritzako arau guztiak aplikatuko zaizikio, baita merkatariaren estatutua ere.

b) Bazkideek sozietate kolektiboa edo komanditario sinplea eratzen badute, merkataritzako sozietatea izango da, eta zenbait merkatal-arau aplikatuko zaizkio, baina ez merkatariaren estatutua (merkataltasun objektiboa baduelako, baina ez subjektiboa).

3.2. Tipologia. Baltzu kolektiboa merkataritzako baltzu orokor bezala

Baltzu-tipoak edo motak pertsona juridikoa antolatzeko modu ezberdinak dira, eta meraktaritzako baltzuen artean hauek sartzen dira:

- Sozietate kolektiboa

Historian sortzen den lehena. Pertsonalista da, eta bazkideek erantzukizun mugagabea dute. MK 125 eta hurrengo artikuluetan arautzen da. Baltzu orokorra da merkatal-baltzuen barruan, ordezko moduan aplikatuko dena beste edozein baltzuren araudiak hutsunerik badu.

- Sozietate komanditarioa

Sozietate pertsonalista da, eta erantzukizun mugagabea duten bazkideen alboan erantzukizun mugatua duten beste bazkideak daude. Hauei bazkide komanditarioak deitzen zaie. MK 145 eta hurrengo artikulutan arautzen da.

- Akziozko sozietate komanditarioa

Hau sozietate korporatiboa da (kapitalista). Gutxienez bazkide batek erantzukizun pertsonala edo mugagabea izango du. MK 151. artikulua eta hurrengoetan arautzen da.

- Sozietate Anonimoa (SA)

Sozietate korporatiboa, kapitalista. 1989ko lege berezi baten bidez arautua. Hau da, aurreko guztiak Merkatal Kodean arautuak dauden bitartean, honek lege berezi propioa du.

- Erantzukizun Mugatuko Sozietatea (SL)

Korporatiboa da, kapitalista, baina ezaugarri pertsonalista batzuk ditu. 1995eko lege berezi batean arautzen da.

- Interes ekonomikodun baltzuak

1991ko lege batek arautzen ditu. Sozietate pertsonalista da. Honen helburua da bazkideen aktibitateen emaitzak hobetzea; hau da, helburu kontsortziala du. Batzeak ez du berarentzat irabazi-asmoa. Arautua ez dagoen guztia sozietate kolektiboaren arauekin osatzen da, sozietate pertsonalista delako.

- Elkar bermezko baltzuak (sociedades de garantía recíproca)

1994ko lege batek arautzen ditu. Hauen helburua da enpresa txiki eta eratinei (PYME) kredituak lortzeko erraztasunak ematea, sozietateak bermea eginez bere bazkideen alde. Izaera kapitalista da.

3.3. Atipikotasuna: borondatearen mugak merkatal baltzuen egituraketan

Legeak zenbait eredu edo baltzu-mota ematen dizkigu sozietatea den pertsona juridikoa antolatzeko. Baina, zilegia al da legetan arautzen diren baltzu-motak baztertuz kontratuaren bidez baltzu-mota berri bat sortzea, KZ 1255. artikuluan oinarrituz?

Erantzuna MK 122. artikuluan aurkituko dugu: "Por regla general, las sociedades mercantiles se constituirán adoptando alguna de las formas siguientes: 1. La regular colectiva. 2. La comanditaria, simple o por acciones. 3. La anónima. 4. La de responsabilidad limitada.". Artikulu hau interpretatzeko bi modu ezberdin daude: hitzez-hitzezko interpretazioaren bidez (interpretazio literala), posiblea litzateke baltzu atipikoak sortzea; beste interpretazio bat emanez, numerus clausus-en teoria dugu, hau da, trafiko juridikoaren segurtasuna eta hirugarrenen interesen printzipioa kontutan hartuta, ez dela zilegia tipo edo mota berriak sortzea.

Bigarren interpretazio honen arabera, baltzua kontratu bat izateaz gain, hirugarrenekin harremanetan jartzen den pertsona juridikoa da ere, eta horregatik erantzukizunaren arazoak ikuspegi berezia ematen dio orokorrean kontratuetan alderdiek duten askatasunari. Bazkideek askatasun zabalena dute beraien arteko harremanak eraentzeko, baina erantzukizuna eta ordezkaritza ondo zehaztuak egon behar dira hirugarrenen interesean.

Hau da, baltzua kontratua da, Kode Zibileko beste kontratuak bezala, baina kontratu berezia da, pertsona juridiko berria sortzeko delako berarekin. Sozietate kontratuak bi alderdi ditu: barne alderdia (alderdien artekoa), eta kanpo alderdia (hirugarrenekiko harremanak). Horregatik, segurtasun juridikoa aitzaki, ezin dira baltzu-mota berriak sortu, eta MK 122. artikuluaren interpretazio berezia egin behar da.

- Alderdien asktasunaren eremua (klasulen atipizitatea)

Merkatal Kodearen eraentza neurri handi batean eraentza dispositiboa da, bazkideek aldatu dezakete antolakuntza beraien egoera espezifikoari egokitu ahal izateko. Barneko harremanak dira alderdien askatasunaren eremu hori. Askatasun horren mugak honakoak izango dira:

+ Izaera inperatiboa duten xedapenak, erantzukizunari eta ordezkaritzari buruzkoak (hirugarrenak jokoan sartzen direnean). Hirugarrenek jakin behar dute zeinek kokntratatu dezakeen baltzuaren izenean, eta nork eta nola erantzungo duen iharduera horretatik sortutako zorretaz.

+ Mota bakoitza definitzen duten ezaugarri tipologikoak. Arazoa da ezaugarri hauek zeintzuk diren mugatzea, eta hau doktrinaren eta jurisprudentziaren eginbeharra da. Adibidez, zeintzuk dira baltzu anonimo bat anonimo egiten duten ezaugarriak, edo baltzu kolektibo bat kolektibo egiten dutenak? Hau ez dago inongo legeko artikuluetan zehaztua, eta horregatik da jurisprudentzia eta doktrinaren lana. Adibidez, baltzu anonimoaren ezaugarria da akzioen eskualdagarritasuna (transmisibilidad); hura mugatu daiteke, baina inolaz ere ez ezabatu, bestela ez litzatekeelako baltzu anonimoa izango.

3.4. "Baltzuzko erkidegoa" (Comunidad de Bienes, C.B.)

LABURPENA: Ondasun Erkidegoak geroz eta gehiago ematen dira, normalean negozio txikietan (fontaneria...). Hauek ez dira sozietate-mota bat; sozietatea bezala eratzen da, baina ez da horien zerrendan sartzen. Ondasun erkidegoa sortzea merkea da; sozietatea, aldiz, garestia (notarioa, erregistroa, zergak...). Horregatik, "modan" dago aholkularien artean. Ondasun erkidegoa Kode Zibileko figura bat da, titularitate amankomuna aurrera eramateko bidea (adibidez, Comunidad de Propietarios...), eta ez baltzu baten helburuak aurrera eramateko bidea; honen erabileraren bidez lortu nahi dena da Baltzuen Zuzenbideari ihes egitea. Baina ondasun erkidego izenarekin sortzen dena askotan baltzua da, nahiz eta beste izen bat eman. Beraz, hura sortzen duen kontratua rekalifikatu behar da, zein sozietatea den zehazteko (kontratuak ez dira alderdiek diotena, beren izaeraren arabera direna baizik). Honela, merkatal iharduera burutzen bada, sozietate kolektiboaren eraentza aplikatuko da (baltzuen barnean eredu orokorra delako); iharduera zibila badu, aldiz, Kode Zibileko sozietate zibilaren arauak aplikatuko dira. Beraz, nahiz eta hasieran ondasun erkidego hauek merkeak izan, gero garestiagoak dira, sozietate zibilak eta sozietate kolektiboak erantzukizun mugagabea dutelako.

Azken urteetan batez ere, geroz eta gehiago agertu izan dira merkatal-ihardueraren munduan bi sigla berri iharduera horren titularitatea adierazteko, C.B. (Comunidad de Bienes), kasu honetan Comunidad Societaria. Erkidego hauek partaideen borondatearen bidez sortzen dira, hau da, kontratu baten bidez, merkatal, industria edo zerbitzu-iharduera bat egikaritzeko asmoarekin. Hau da, kontratu bat egoten da, baina (adibidez) SA izena jarri beharrean, CB jartzen diote. Kide gutxi izan ohi dituzte, eta batez ere enpresa txikien eremuan ugaltzen dira. Gehienetan ofizioetan ematen dira: zurgintza, tailerrak...

Nolabaiteko moda bat da, aholkulari ekonomikoek bultzatutakoa. Gestorien produktua dela esaten da. Formaltasunak eta notario zein erregistro gastuak eta zergak aurrezteko asmoarekin sortu izan dira, Baltzu-Zuzenbideari ihes eginez bazkideak ahal bezain aske uzteko asmoarekin.

Erkidegoaren bidez ez da pertsona juridiko berria sortzen. Erkidegoak ez du erlazio juridikoen egozpen-zentrua izateko ahalmenik, ez dago ere hirugarrenekin harremanetan sartzeko egitura juridikorik, ez dagoelako horretarako pentsatua. Ez dago ordezkaritza boterea duen organorik, ezta ondare berezitu bat (hau da, ez da sozietate bat). Baltzua titularitate amankomun bat da.

Erkidegoari dagokion eraentza ondasunaren gozamena eta bere kontserbazioa edo mantentzean pentsatua dago, eta kide bakoitzak ondasunarekiko dituen obligazio eta eskubideak finkatzeko daude KZ 392 eta hurrengo artikuluak.

Baltzua eta erkidegoa bi kategoria ezberdineko kontzeptu juridikoak dira, bi instituzio-mota ezberdin, helburu ezberdinekin. Erkidegoa talde-titularitate bat da, batzuetan kontratu bidez, bestetan legez sortua (adibidez, jabetza horizontaleko legea), ondasuna eta bere jabe ezberdinen arteko harremanak eraentzeko. Eta baltzua kontratu bat da, talde bati trafikoan iharduera merkatala egikaritu ahal izateko batasuna ematen diona, obligaziozko sustrai batean oinarritzen den kontratua, baina nortasun juridiko berri bat sortzen duena (erkidegoan ez da nortasun juridikorik sortzen); iharduera baten funtzioan pentsatua eta eratua izan da, eta hirugarrenekin harremanak izateko egitura bat sortzen da (ordezkaritza, erantzukizuna...).

Baltzuzko erkidegoarekin baltzuaren instituzioaren bidez lortu beharko litzatekeen helburua lortzeko erkidegoaren figura erabili da; planteamendu oker baten eta dogmatikaren aldetik kontzeptuzko akats baten ondorio bat besterik ez da.

Erkidego hauek erkidegoarena izena besterik ez dute. Hauen kontratua hartuta, ez da erkidegoaren kontratua, sozietatearena baizik. Pentsaezina da merkatal iharduera burutzen duten kide-taldeei Kode Zibileko 392 eta hurrengo artikuluak aplikatzea, ez dute irtenbiderik ematen.

Kontratuak ez dira alderdiek esaten dutena, ordenamenduak bere kausa eta ezaugarriak kontutan harturik esaten duena baizik. Hau honela izanik, kontratuaren birkalifikazioa egingo da. Auzitegietan ez dira erkidegoaren xedapenak aplikatuko, sozietatearenak baizik.

Erkidego hauei baltzuaren eraentza aplikatuko zaie, hirugarrenen babesean, eta objektuaren (ihardueraren) arabera baltzu kolektiboaren edo baltzu zibilaren eraentza izango da aplikagarri (hirugarrenentzat berme gehiena suposatzen duelako, horiek babesteko).

Zerga eta Lan-Zuzenbidetan onartua izan da erkidego hau, bi kasuetan zerga-xedapenen maula eta langileen eskubideen maula eragozteko asmoarekin, baina honek ez du kontzeptuaren aldetik inongo baliorik. Beraz, ez dago baltzuzko erkidegorik, erkidego batek ezin du merkatal egintzarik burutu.

4. BALTZU ZUZENBIDEAREN BILAKAERA MODERNOA

Honen inguruan, hiru ideia besterik ez ditugu aipatu behar: Lehenik, Europar Batasunaren Zuzenbidearen garrantzia gai honetan, direktiben bidez ordenamenduaren armonizazioa burutzen delarik. Bigarrenik, Baltzu-taldeen garrantzia, trafikoan geroz eta gehiago ematen direlarik Grupos de Sociedades izenekoak. Eta hirugarrenik, erantzukizun mugatuko baltzuen garrantzia, gaur egun gehienak direlarik kopuruan (nahiz eta bolumen ekonomikoan lehenak ez izan).

defero.webcindario.com