defero.webcindario.com

VII. MERKATARIAREN ORDEZKARITZA

1. SARRERA. LANKIDETZA ETA ORDEZKARITZA MERKATAL KODEAN

2. AHALORDETU OROKORRA

2.1. "Faktorea". Kontzeptua eta ezaugarriak
2.2. Bere ahalordearen eremua

3. AHALORDETU SINGULARRA

3.1. Aipamen orokorrak
3.2. Ahalordearen eremua (ámbito de poder)



----------------------------------------




1. SARRERA. LANKIDETZA ETA ORDEZKARITZA MERKATAL KODEAN

Garai batean, merkatariak bere iharduera pertsonalki burutzen zuen, baina komertzioa konplikatu ahala, ordezkariaren figurak sortzen dira: gerentea... Ordezkariek egindako kontratuek merkataria lotuko dute, eta beraz horren eraentza aztertu beharko dugu.

Gai honen helburua Merkatal Kodeak merkatariaren ordezkaritzari buruz daukan erregimen juridikoa aztertzea da. Trafikoa konplexuagoa egiten denean, merkatariak bere ihardueran beste pertsonen laguntza behar du, eta ordezkari hauek merkatariaren izenean egingo dituzte bere egintzak. Merkatariak bere gestio-funtzioak eskuordetzeko (delegatzeko) bi modu daude:

- Komisio kontratuaz, MK 244-280 art.

Merkatal mandatua da. Hemen laguntzaile independente bat (normalean merkataria) da egintza bat edo batzuk egiten dituena (harreman puntuala).

- Faktoreak, dependenteak eta langinak (mancebos), MK 281-302 art.

Merkataritzako mandatuaren beste modu batzuk dira. Hauek laguntzaile dependenteak dira, merkatariaren ordezkariak, eta merkatariaren aginduekin iharduera komertziala zuzendu behar dute (harreman iraunkorra). Bi ordezkari mota daude:

+ Ahalordetu orokorra (apoderado general). Honek merkatariaren interesak generikoki ordezkatzen ditu merkatariaren trafiko eremuan. Hau da faktorea edo gerentea (ahalmen orokorra).

+ Ahalordetu singularra. Hauek merkatariaren ihardueraren eremu konkretu batean dauden ahalordetuak. Bi mota daude: dependenteak eta langinak. Adibidez, erosketen buruak (jefe de compras) arlo bakar batean du boterea, erosketetan.

Ahalordetuak banakako merkatari batenak edota sozietate batekoak izan daitezke. Merkatari batek faktore bat baino gehiago izan dezake.

Komisio kontratua datorren urtean ikasiko dugu. Orain bigarren atal hori izango dugu aztergai, laguntzaile dependenteena. MK 281 eta 302 artikulu bitartean merkatariaren ordezkaritzari buruzko erregimena arautzen da.

2. AHALORDETU OROKORRA (apoderado general)
2.1. "Faktorea". Kontzeptua eta ezaugarriak


Faktoreak (edo gerenteak) merkatariaren interesak bere ihardueraren eremuan generikoki ordezkatzen ditu MK 283. artikuluaren arabera (en el ámbito de su competencia). Faktorea da enpresa, fabrika edo establezimendu komertzial baten gerentea, beste baten kontura edo izenean iharduten duena, eta establezimendu horren eremuan, ahalmen edo botere gehiago edo gutxiagorekin, eta nagusiak horrela erabaki badu, administratzeko, zuzentzeko eta kontratatzeko baimena duena (botere orokor batekin).

Faktoreak obligatzeko gaitasuna izan behar du, eta bere izenean iharduten duen pertsonaren boterea. Hau da, nagusiak faktorea ahalordetu behar du. Faktoreak bere nagusiaren izenean kontratatzen eta negoziatzen duelako, sinatzen dituen dokumentu guztietan errepresentatzen duen sozietate edo pertsonaren izenean egiten duela azaldu beharko du. Baldintza honi contemplatio domini deitzen zaio. Faktoreak baldintza hauekin sinaten duenean, hartzen dituen erantzukizunak nagusiari dagozkio.

Contemplatio domini teknikaren bidez sinatzea:

P.O.:

P.P.:

Ahalordez:

Halako sinadurak (P.O. = por orden; P.P. = por poder) esanahi du beste baten izenean edo ahalordez sinatzen dela.


El Corte Inglés
P.O.:

Honek esanahi du nik El Corte Inglés-en izenean sinatzen dudala. Bestalde, askotan sinadurarekin batera enpresaren zigilua jartzen da. Honela, obligatua enpresa da, eta ez sinatzailea.

Faktorea eta merkatariaren arteko harremana, barneko alderdian (ámbito interno), ez da mandatuzko kontratua, izaera bereziko goi-zuzendaritzako pertsonalaren berezko lan-harremana baizik (relación laboral de carácter especial propia de personal de alta dirección, 1382/1985 RD, abuztuak 1ekoa).

Merkatariak faktoreari ematen dion botere hori, botere orokorra denez, merkatal erregistroan inskribatu daiteke (MK 22.1 art.), baita ere botere hori aldatzen edo baliogabetzen bada (revocar). Boterearen inskripzioak eragin deklaratiboa du. Inskripzioaren edo inskripzio ezaren ondorio juridikoei buruz, MK 21. artikuluan publizitate materialari buruz araututakoa aplikatzen zaio.

Boterearen iraungipena (extinción) arrazoi hauengatik eman daiteke:

* Errebokazio espresua (MK 290. art.)

* Establezimenduaren besterentze batengatik (enajenación), baina ez nagusiaren heriotzarengatik

* Ahalordetuak karguari uko egiten badio (errenuntzia)

Boterearen errebokazioak ez du eraginik hirugarrenen aurrean BORMen publikatzen ez den bitartean.

2.2. Bere ahalordearen eremua

Faktorea edo ahalordeaz hitz egitean, ahalorde orokorraz hitz egiten ari gara. Beraz, kontutan hartu behar dugu botere orokorraz hitz egingo dugula, hau da, merkatariaren trafiko eremuan. Ordezkaritza Merkatal Zuzenbidean botere espresuen bidez egiten da, hau da, nahiz eta botere orokorra izan, espreski jarri behar dira pertsona horrek dituen botereak.

MK 283. artikuluan faktorearen definizio legala ematean, esaten da nagusiak faktoreari botere edo fakultate orokorrak ematerakoan, botere hauek gehiagotu edo mugatu egin ditzakeela (zehaztu).

Hala ere, botere orokorra dela kontutan izan behar dugu, hau da, merkatariaren trafiko eremuan. Honela, nahiz eta botere orokor hori mugatzeko ahalmena izan, beti botere orokor bat izaten jarraitu beharko du, eta ezin du botere-murriztapen horren bidez ahalordetu singularra bilakatu. Beraz, botere orokorrak mugatu daitezke, eta mugatze horiek hirugarren pertsonei aurkatzeko, merkatal erregistroan inskribatu beharko dira. Orduan, publizitate materialaren arauak jokoan sartzen dira.

Itxura juridikoaren doktrina: Adibidez, apartamentuak egiten dituen promotore batek horiek saltzeko pertsona bat kontratatzen badu etxeen ondoan bulego bat jarriaz, pertsona hori ahalordetua egongo da. Gero ahalmena mugatzen badio, saltzeko ahalmena kenduz, eta erregistratuz, hirugarrenek pentsatuko dute bulegoan dagoen hura saltzeko ahalmendua dagoela, itxura juridiko bat eman duelako (nahiz eta berez ahalmenik ez izan erregistroaren arabera). Beraz, hirugarren horiei ezingo zaie merkatal erregistroan jartzen duena aurkatu, itxura juridikoan sinetsi egin dutelako. Promotoreak egin beharko lukeena da bulego hori ixtea, kanpora itxura hori emateari uzteko.

Beraz, printzipio orokorra izango da merkatal erregistroan agertzen dena fede oneko hirugarrenei aurkagarria izango zaiela (oponibilidad), publizitate materialaren arabera; baina salbuespenez itxura juridikoaren doktrina aplikatuko da.

Publizitate materialaren ondorioak ikusirik, bi kasu nabari bereizi ditzakegu:

+ Faktore espresua (factor expreso). Publizitate materialaren aurkagarritasuna jokoan jartzen da: norbaitek zerbait inskribatzen badu (adibidez, nagusiak faktorearen botere orokorrak mugatzea), inskribaturiko mugatze horiek hirugarren pertsonen aurka erabili daitezke.

Erregistroa publikoa da, eta ondorioz bertan jasotzen dena denek ezagutzen dutela suposatzen da, eta hirugarrenek ezin izango dute esan bertan jasotakoa ez zutela ezagutzen, eta beraien aurka erabili ahal izango da. Honela, faktore batek bere mugak gainditzen baditu, edo botererik gabe trafikoan ari bada, eta hori inskribaturik bazegoen (mugapena, errebokazioa...), printzipioz hirugarrenei aurkatu ahal zaie.

+ Faktore notorioa. Hau MK 286. artikuluko interpretazio batez lortzen da (doktrinak eta jurisprudentziak egina). Honela, erregistroaren aurkagarritasun horrek salbuespen bat dauka, hau da, nagusiak bere faktoreari botereak mugatu badizkio, eta inskribatu badu, hirugarrenei aurkatu ahal zaie, baina salbuespen batekin.

Hemen itxura juridikoaren doktrina sartzen da jokoan. Doktrina hau ez da Merkatal Kodean agertzen, doktrinak eta jurisprudentziak dakarte. Hemen hirugarren pertsona babesten da, ez da aurkagarritasuna jokoan jarriko, hirugarrenek merkatariarengan duten konfidantza dela-eta. Hau da, nahiz eta botere murriztapenak inskribatuak egon, merkatariaren portaeratik beste zerbait inskribatua dagoela ondorioztatzen denean (bulegoa mantentzean...), kasu honetan ez da aurkagarritasuna aplikatzen; hau da, merkatariaren portaeratik botereak murriztapenik ez duela ondorioztatzen denean.

Orduan, merkatariarekiko duten konfidantza dela-eta, hirugarrenari ez zaio exigitzen merkatal erregistroan inskribaturikoa konprobatzea. Hala ere, lau ukanbehar eskatzen dira salbuespen hau emateko:

* Konfidantza sortzen duen portaera. Faktorea establezimendu baten ihardueran nabarmenki sarturik egotea (notoriedad), eta establezimenduari dagokion trafiko motaren kontratuak egitea, adibidez.

* Hirugarrenek fede ona eduki behar dute. Hau da, faktoreak nagusia ordezkatzen duen konfidantza izan behar du, eta portaeragatik merkatal erregistroan botere horiek inskribaturik daudela pentsatu behar du. Nagusiak hirugarren pertsonak mugapen hori ezagutzen zuela frogatu dezake, eta orduan ez da salbuespen hau jokoan sartzen (fede ona presumituko da).

* Hirugarren pertsona horrek kostubidezko kontratu bat (oneroso) egin behar du faktorearekin (salerosketa...)

* Ahalordetuaren itxura (apariencia del apoderado) nagusiari egozgarria izatea, egotzi ahal izatea (imputar). Adibidez, nagusiari egozgarria izango zaio bulegoa jarri izan badu; baina ez da bere kulpa bulegoa faktoreak bere kabuz jarri badu.

Lau baldintza horiekin, nahiz eta faktoreak besterik gabe edo inskribaturik dauden botereen mugak gaindituz aritu, faktore horrek egiten dituen kontratuak nagusiak eginak direla ulertuko da, eta trafikoan sortu den konfidantza dela-eta, hirugarrenei ezin izango zaie merkatal erregistroan inskribaturik dauden mugapen horiek aurkatu, ezta konfidantza abusua izan dela esan.

3. AHALORDETU SINGULARRA
3.1. Aipamen orokorrak


MK 292 eta hurrengo artikuluek faktoreak edo gerenteak izan gabe merkatariaren ordezkari diren beste pertsonak aipatzen ditu: dependenteak eta langinak (mancebos). Biek dituzten funtzioak berdinak dira.

Dependente edo langinek merkatariaren iharduerako arlo zehatz batean hartzen dute parte (ahalmen singularra). Adibidez, sekzio bateko arduraduna (jefe de sección), erosketen arduraduna (jefe de compras)...

3.2. Ahalordearen eremua (ámbito de poder)

MK 292.2 artikuluaren arabera, ahalorde singularrak bere iharduerako arlo zehatz horretan egiten dituen egintza guztiek nagusia behartuko dute. Nagusiak botere horiek mugatu ditzake, baina horrela izan ez den itxura ematen badu, ezin izango zaie fede oneko hirugarrenei mugaketa horiek aurkatu. Hirugarrenei aurkatu nahi badie, establezimenduan abisuak jarri beharko ditu. Hemen ez du merkatal erregistroan inskribapenik balio, merkatal erregistroan botere orokorrak bakarrik inskribatu daitezkeelako.

defero.webcindario.com