defero.webcindario.com

IV. MERKATARIA

1. ORO HAR

2. MERKATARIAREN LEGEZKO KONTZEPTUA

2.1. Kontzeptua definitzen duten elementuak
2.2. Merkataritzako ihardueraren gaineko debekuak
2.3. Merkatariaren erantzukizuna
2.4. Atzerriko merkataria
2.5. Merkatari-izaera galtzea

3. PERTSONA EZKONDUA MERKATARITZAKO IHARDUERAN

3.1. Ezkontideen ondasunen eraentza eta erantzukizuna
3.2. Disposizio eta besterentze eskubidea



----------------------------------------




1. ORO HAR

Merkataria izateko baldintza batzuk bete behar dira (enpresaria eta merkataria sinonimotzat hartuko ditugu), merkatariek arriskuarekin jokatzen dutelako euren ihardueran, eta erabiltzen dituzten baliabideengatik (mailegua...). Honela, status horren arauak aplikatuko zaizkio, araudi komuna baino zorrotzagoa direnak (kontabilitatea eramateko obligazioa, merkatal erregistroan inskribatzea, kiebra eta pago etendura prozedurak...).

Nabieroa ez da merkataria izango, bere erantzukizuna itsasontziari lotuta dagoelako (itsasontziarekin erantzungo du). Bestalde, ez da merkatariaren status-ean sartuko lehiaketaren babeserako legea, ezta leia desleialeko legea.

Merkatariaren status-a eta merkatal egintzen teoriak Merkatal Kodearen gehiena osatzen dute, hau da, Merkatal Kodea gehienbat osatua dago merkatariaren status-ari dagozkion arauak eta merkatal egintzen araudiarekin.

2. MERKATARIAREN LEGEZKO KONTZEPTUA

Banakako merkatariak nortzuk izan daitezkeen MK 1.1 artikuluak zehazten du: legezko gaitasuna duena, eta komertzioa egikaritu ohi duena. Merkatariak bere izenean ihardun behar du; definizio legala gaitasunean oinarritu bada ere, oinarritzat hartu beharko genuke norbere izenean ihardutea. Bestalde, legeak aipatzen duen gaitasun hori, iharduteko gaitasun orokorra da, edo gaitasun juridikoa? Orokorra balitz, hemen sartu beharko lirateke ere ahalordeak (factor). Hauek berez merkatariaren laguntzaileak dira, baina kontzeptu honetan sartuko litzateke; hala ere, MK 281 artikuluaren arabera, ikuspegi juridikotik ahalordea ez da merkataria, eskubide eta obligazioen aldetik (ahalordeak ez dira eskubide eta obligazioen titularrak, ez dira beren izenean aritzen).

Iharduteko gaitasun orokorra kontzeptu ekonomikoa da juridikoa baino. Ahalordeak ez dira beren izenean iharduten, hau da, beren gaitasunaren izenean, enpresari eta merkatarien izenean baizik. Merkataria izateko, beraz, komertzioak sortzen dituen eskubide eta obligazioen titularra izateko gai izan behar da.

Iharduteko gaitasun orokorretik kanpo geratzen dira adin txikikoak eta ezgaituak, MK 4. artikuluaren arabera. Bestalde, MK 5. artikuluan esaten da adin txikikoak eta ezgaituak merkatariak izan daitezkeela baldin eta tutorea edo ordezkoa badute komertzioa egikaritzeko. Kasu honetan, enpresaria berez adin txikikoa izango da, gaitasun juridikoa berak duelako. Honi egin dakiokeen kritika da MK 1. artikuluan gaitasun orokor hutsaz hitz egiten dela, baina gaitasun juridikoaz hitz egin beharko lukeela.

1983an Tutoretza Legea eman zen (13/1983 legea, urriak 24koa). Honen arabera, tutorea edo ordezkoa epaileak izendatu zezakeen, honela adin-txikiko eta ezgaituek beren izenean ihardun dezaten.

Adin txikiko eta ezgaituen araudia ematen da honetarako: merkatariak diren gurasoak hiltzean, ezin da enpresaren iharduera gelditu jabea adin txikia delako, eta tutorea jartzen zaio. Kasu honetan gaitasun eratorria zegoen, aurretik bazegoena pasatzen zaio seme-alabari (aurretik existitzen zen merkatari-statusa pasatzen zaio, gurasoena); honela, umea ez da berez (jatorriz) enpresaria. Galdera honakoa da: tutore batek enpresari-statusa eman al diezaioke umeari? Hau da, tutoreak enpresa sor al dezake umearen izenean? Gehienek diote eratorrizko izaera izan behar duela; baina doktrinaren zati batek esaten du baietz, epaile batek tutoreari baimena eman diezaiokeelako (honela, umea erabat babestua dago).

2.1. Kontzeptua definitzen duten elementuak

- Objektua

Merkatariaren ihardueraren objektua merkataritzako iharduera da. Iharduera hau merkatal eragiketekin lotuko da (operaciones), eta ez merkataritzako egintzekin (actos); hau da, merkatal iharduerak merkatal egintzen ikuspegia gainditzen du, hura baino zabalagoa da.

- Irabazteko asmoa

Azken urteotan emandako joera da enpresariek ez dutela zertan irabazteko asmorik izan behar (adibidez, kiros-sozietate bat merkatal sozietatea izan daiteke), baina oso elementu adierazgarria izan da merkatarian. Horregatik geratu izan dira Merkatal Zuzenbidetik kanpo profesio liberalak eta abar, bizitzeko helburu naturala zutelako, hau da, irabazteko asmorik ez zutelako. Azkenaldian doktrinak esan du irabazteko asmo hori ez dela beti ematen; bai, ordea, gehienetan. Hemen enpresa publikoak sartzeko saioa egin nahi izan da, baina hauek ez dute irabazteko asmorik.

- Ohizkotasuna

MK 1.1 artikuluaren arabera, merkataria da komertzioa egikaritu ohi duena (hau da, maiztasun batekin). Erdi Aroan, honi asituitas deitzen zitzaion (asiduidad). Hemen arazoa da frogarena. MK 3. artikuluaren arabera, ohizkotasun presuntzioa dago, iharduera horrek kanporantza adierazpena duenean. Baina honek lotura estuagoa du publizitatearekin ohizkotasunarekin baino.

- Norbere izenean ihardutea

Elementu hau ez da legezko kontzeptuan agertzen, baina beharrezkoa da bere ihardueraren eskubide eta obligazioen titularra izatea, hau da, norbere izenean ihardutea. Batzuetan merkatariek beren izenean ihardutea ez du esanahi beraiek egikaritzen dutela iharduera, batzuetan ezin dutelako, bestetan ez dutelako nahi. Norbere izenean iharduteak ez du esanahi iharduera horien emaitzak beraientzat izan behar direnik. Adibidez, merkatariak ez badu bere burua merkatari bezala erakutsi nahi, fiduziarioa edo testaferroa erabiliko du (hombre de paja). Honela, testaferroa merkataria izango da, eskubide eta obligazioen titularra izanik, baina etekinak ez ditu berak hartuko, "jatorrizko" merkatariak baizik.

- Establezimendua

MK 3. artikuluan establezimendua aipatzen da, eragiketa ekonomikoak egiteko lekua bezala (ikus ere MK 13 eta 15. artikuluak). Establezimendua iharduerarekin lotu behar da, baina iharduera merkatal eragiketekin lotzen bagenuen, establezimendua iharduera hori kokatzen den lekuarekin identifikatuko dugu (negozioa ere iharduerarekin zein kokapenarekin identifikatzen dugu). Bestalde, garai batean hazienda terminoa erabiltzen zen, enpresarekin identifikatzen duguna (Kode Zibilean ere termino hau agertzen da, baina kontzeptu ezberdina da hemen).

Kode Zibilean enpresaren kontzeptu zabala erabiltzen da, negozioa ezezik, enpresariaren ondorioz lortutako gauza inmaterialak ere barnebilduz (enpresaren ospea, klientela...). Merkatal Kodean, aldiz, zerbait murritzagoa eta objektiboagoa bezala tratatzen da, hau da, objektu soila (negozioa).

2.2. Merkataritzako ihardueraren gaineko debekuak

Konstituzioko 38. artikuluan enpresa askatasuna arrezagutzen da, XIX. Mendeko printzipio liberala. Hala ere, Merkatal Kodeak merkatari izateko hainbat ezintasun edo bateraezintasun ezartzen ditu. Honela, MK 13. artikuluak enpresari edo merkatari kebratuei (prozedura konkurtsal batean eroriak direnak) merkataritza egikaritzeko debekua ezartzen die, birgaituak diren bitartean (merkataria da, ez du bere status-a galdu, baina ezin du ihardun birgaitua izan arte). Bestalde, MK 14. artikuluak pertsona jakin batzuei merkatal-sozietateetako administratzaileak izatea debekatzen die. Debeku hauek errespetatzen ez badira, burututako negozioa ez da deuseza izango, baina zigor penala edo administratiboa jaso dezakete (agian). Merkatari kebratuaren kasuan, aldiz, merkataritzan iharduten badu, MK 878. artikuluaren arabera bere egintzak deusezak izango dira.

Merkatal Kodeak ezartzen dituen inkonpatibilitateaz gain, bi lege berezi hartu behar dira kontutan: 53/1984 legea, abenduak 26koa, Administrazio Publikoetako Pertsonalaren Bateraezintasunen Legea (Ley de Incompatibilidades del Personal al Servicio de las Administraciones Públicas), eta 12/1995 legea, maiatzak 11koa, Estatuko Goi Karguen Bateraezintasunen Legea (Ley de Incompatibilidades de Altos Cargos). Bestalde, intrusismoa ematen bada, hau da, merkataria ez denak merkataritza-egintza burutzen badu, Merkatal Zuzenbidearen arau zorrotzak aplikatuko zaizkio.

Badira merkatal iharduera batzuk baimen administratiboa behar dutenak, bereziki aseguru iharduera eta banketxetako iharduera denean. Administrazioak baldintza batzuk eskatuko ditu, besteak beste, merkatal erregistroan inskribatzeaz gain, beste erregistro berezi batean inskribatzea ere.

2.3. Merkatariaren erantzukizuna

Erantzukizunaren eraentza orokorra KZ 1911. artikuluan agertzen da, non esaten den zordunak bere obligazioei erantzungo dien bere ondasun guztiekin, oraingoak zein etorkizunekoak. Merkatariaren kasuan berdin gertatzen da printzipioz; baina merkataria sozietate bat denean (SA...), sozietateak berak erantzungo du bere ondarearekin, salbu kasu batzuetan non bazkideen ondarearekin erantzuten den (Kooperatiba...), sozietatearen ondarearekin zorra estaltzen ez bada.

Merkatariak erantzungo du ere bere menpeko langileek eragindako kalteengatik, KZ 1903 artikuluaren arabera, KZ 1902 artikuluko kontratuz kanpoko erantzukizunean oinarrituz.

Kontutan hartu behar dira ere Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Babeserako Legea (26/1984 legea), eta Produktu Akastunek Eragindako Kalteengatiko Erantzukizun Zibileko Legea (22/1994 legea, 1993ko europar direktiba inplementatuz). Bi lege hauen babesean kalteordaina jasotzean, batean eta bestean subjektu ezberdina da; hau da, lehenengoan kontsumitzailea izango da bakarrik babestutakoa, bigarrenean edonor izan daitekeen bitartean.

2.4. Atzerriko merkataria

MK 15. artikuluaren arabera, atzerritarrek eta kanpoan eratutako sozietateek Espainian burutzen duten merkatal iharduera Espainiako legediaren arabera erregulatuko da. Merkatari hori merkatari izateko bildu beharreko baldintzak izango dira jatorrizko lurraldearenak; hemengo arauek hemen burututako iharduera bakarrik arautuko dute.

Edonola ere, kontutan hartu atzerriko merkatariaz ari garenean, esamolde horretan ez dela sartzen Europar Batasuneko merkataria, 1992ko Maastricht-eko itunak bere 8. artikuluan jaso zuen Europar Batasuneko hiritarrek Europar Batasuneko edozein lurraldetan aske ihardun dezaketela merkataritzan. 1992an Europatik Espainiara zetozen inbertsioak liberalizatu ziren, eta beraz merkataritza erabat indartu egin da.

Gaur egun Europar Batasuneko edozein hiritarrak merkatal iharduera burutu dezake Espainian, salbuespenekin: zorizko jokoen iharduera (juegos de azar), defentsa nazionalarekin lotutako iharduerak, irrati-telebista iharduerak, aire-garraioa, eta armak ekoiztu zein komertzializatzea; kasu hauetan, baimen administratiboa beharko da.

2.5. Merkatari-izaera galtzea

Merkatari-izaera galduko da, merkatal iharduera burutzen ez denean, hiru arrazoirengatik: heriotza kasuan, kiebra kasuan, eta negozioa eskualdatzean (saltzean...). Bestalde, merkatari-izaera borondatez utzi daiteke ere; kasu honetan, arazoa da iharduteari utzi zaiola uztea. Honetarako, Kode Zibilak eta Merkatal Kodeak onartzen dituzten ohizko frogabideak erabili ahal izango dira.

Bateraezintasun kausa batean dagoenak printzipioz ez du bere merkatari-izaera betiko galtzen, bere inguruabarra desagertzean (karrera judiziala uztea...) bere merkatari izaera berreskuratzen du.

3. PERTSONA EZKONDUA MERKATARITZAKO IHARDUERAN

3.1. Ezkontideen ondasunen eraentza eta erantzukizuna


Printzipioz pertsona batek, merkataria izanik, erantzukizun mugagabea du, bere ondare osoarekin erantzuten du. Baina ezkonduta badago, ezkontzaren eraentza ekonomikoak eragina du erantzukizunarengan, merkatariak eta bere ezkontideak ondare-elkarte bat osatzean, ez litzatekeelako batere bidezkoa izango merkatariaren hartzekodunek horren ezkontidearen ondaretik ere kobratzea.

Ezkontzako erregimen ekonomikoa kapitulazioetan zehaztutakoa da; han ezkontideek arautuko dute beren ezkontzaren erregimena. Baina askotan ez dira kapitulazioak ezartzen, eta orduan ezkontza-elkarteak arautuko du ezkontideen eraentza ekonomikoa (sociedad de gananciales), hau da, ondasun guztiak biena izango dira aldi berean.

Ezkontzaren eraentza ekonomikoa KZ 1315 artikulutik aurrera dago jasota, baina zenbait erkidego autonomoetan (Katalunian...), Zuzenbide Zibil propioa izanik, ondasun banaketaren erregimena dute indarrean (separación de bienes), edo bestela partizipazioaren eraentza (régimen de participación). Honela, ezkontideek besterik esan ezean, Katalunia eta Balearretan (adibidez) banaketaren erregimena aplikatuko zaie.

Honela, merkataria ezkontzean, kapitulazioak egin baditu, horiek merkatal iharduerarengan eragina izan dezakeenez, Merkatal Erregistroan erregistratu beharko ditu (orokorrean, erregimen ekonomikoa erregistratu beharko du), hirugarrenen aurrean aurkagarriak izateko, baita BORMen (Boletín Oficial del Registro Mercantil) argitaratu ere.

Ezkontide merkatariaren erregimena MK 6 eta 12 artikuluen artean arautzen da. Honela, MK 12. artikuluak dio merkatari ezkontidearen erantzukizuna ezkontza horren kapitulazioetara lotuta egongo dela. Baina kapitulazioak ez badaude, irabazpidezko eraentzan egongo gara (aurretik esandako salbuespenekin), eta orduan 6 eta 10. artikuluen barruan mugituko gara.

Lehenik eta behin, ezkontza batean dauden ondasunak sailkatu behar dira. Lehenik, ezkontide merkatariaren ondasun pribatiboak izango ditugu; bigarrenik, merkataria ez den ezkontidearen ondasun pribatiboak; eta hirugarrenik, bi ezkontideen ondasun amankomunak direnak (esan bezala, mota bakoitzean sartzen diren ondasunak ezkontza-erregimenaren eta kapitulazioen araberakoak izango dira).

Sailkapen hau egin eta gero, MK 6. artikulua aztertzea dagokigu, non esaten den merkataritzara lotuak geratuko direla merkataritzan iharduten duen ezkontidearen ondasun pribatiboak, eta baita merkatal-ihardueraren ondorioz eskuratutakoak. Gainontzeko ondasun amankomunak lotzeko, bi ezkontideen adostasuna beharko da (adostasun hau ixilbidez presumituko da, MK 7. eta 8. artikuluen arabera). Merkataria ez den ezkontidearen ondasun pribatiboak lotzeko baimena esanbidez (espreski) eman beharko da, MK 9. artikuluaren arabera.

Honela, merkatal ihardueran sor litekeen erantzukizunari lotuak geratuko dira merkatariaren ondasun pribatiboak, eta merkataritzaren ondorioz erositako ondasunak (ezkontza-elkartearen barruan dauden gainontzekoak, bakarrik baimena badago). Zeintzuk dira merkataritzaren ondorioz erositako ondasunak (apartamentua, kotxea...) ? Bi interpretazio posible daude hau argitzeko: gehienek esaten duten ekitaldi ekonomiko bakoitzaren irabaziei begiratu behar zaiela (hau da, urtebetean izan diren irabaziekin erositakoa), baina beste batzuek diote merkataritza-egintzen ondorioz lortutakoei begiratu behar zaiela, hau da, negozio horren aktibo osoari (nahiz eta beste ekitaldi ekonomiko bateko irabaziekin erosi).

Puntu honetan, froga-arazo batekin egiten dugu topo: hartzekodunei interesatuko zaie frogatzea ondasun komunak merkataritzatik lortutako diruaren bidez erosi izan direla (honela horiekin ere kobratzeko), baina zordunei kontrakoa frogatzea komeni zaie. Autore gehienek diote hartzekodunei dagokiela frogatzea zein dirurekin erosi diren ondasun amankomun horiek, MK 6. artikuluaren helburua delako ezkontidearen ondasun komunak defendatzea; hala ere, hartzekodunei oso zaila egingo zaie hura frogatzea, frogatio diabolica dela esaten da. Beraz, beste autore batzuek diote ezkontideak berak frogatu beharko lukeela beste diru batzuekin erosi izan dituela ondasun horiek, erantzukizunetik kanpo geratzeko. Hau defendatzen dutenek argudiatzen dute MK 6. artikuluaren helburua ez dela ezkontidea babestea, trafiko juridikoaren segurtasuna baizik.

EIZAGIRREk beste irtenbide bat proposatzen du: merkatal-establezimenduan utzitako ondasunak merkatal-ihardueraren ondorioz erosi izan direla presumitzea, eta gainerako guztiak erantzukizunetik kanpo geratzen direla presumitzea. Honela, hartzekodunek establezimendutik kanpo dauden ondasunekin kobratzeko asmoa balute, frogatu beharko lukete ihardueraren ondorioz erosi izan direla; eta ezkontideek establezimenduan dauden ondasunak erantzukizunetik atera nahi balituzte, horiek merkatal-ihardueraren ondorioz erosi ez direla frogatzeko karga beraiek izango lukete.

Ondasun hauen erantzukizuna solidarioa da, hartzekodunek aukera izango dute ondasun pribatiboen zein amankomunen kontra(erantzukizunaren barruan geratzen direnak) jotzea.

Bestalde, MK 6. artikuluko bigarren esaldiak dio merkatariaren erantzukizunari lotuak gera daitezkeela ezkontzako ondasun komunak (merkatal-ihardueraren irabaziekin erosi ez direnak), baldin eta ezkontideek baimena ematen badute, baita baimen presuntoa, ez espresua ezta tazitoa ere (14/1975 legeak artikulu hauek guztiak erreformatu zituen; lehen, emakumeek ezin zuten merkataritza egikaritu senarraren baimenik gabe, eta beraz beti zegoen baimen hau). Honela, ezkontideak ezagututa besteak merkatal-iharduera burutzen duela, besterik esaten ez bada, bion ondasun amankomunek ere hartzekodunen aurrean erantzungo dute.

Merkataria ez den ezkontidearen ondasun pribatiboak pekulioan sartzeko (erantzukizunean sartzen diren ondasunak), bere baimena espresua izan behar da, eta erregistratua. Baimena errebokatu daiteke, beti ere espresua eta dokumentu publikoan jasoa bada, eta erregistrratuz.

Ondasun komunen kasuan, komenigarria da baimena ez dela ematen erregistratzea, horiek pekulioan ez sartzeko. Honela, Merkatal Erregistroko Erregelamenduaren 88.3 artikuluan baimen-falta hori nola inskribatzen den arautzen da. Baina merkataria erregistratua ez dagoenean (sozietatea ez denean, ez du obligaziorik, bere eskubidea da), nola erregistratuko du bere ezkontideak baimen-falta? Hala ere, erregelamenduak esaten du ezkontidea legitimatua dagoela.

3.2. Disposizio eta besterentze eskubidea

Enpresa baten kudeaketan, bi iharduera mota eman daitezke: administrazio-egintzak, eta eskualdatze (disposizio) egintzak. Eskualdatze egintzek eragin juridiko handiagoa dute administrazio egintza soilek baino. Adibidez, erabakitzen bada lokala erostea, edo eraikin bat hipotekatzea... Honela, ezkontza-elkartea dagoenean, eskualdatze egintzek eragin handia izan dezakete horrengan.

Ondasun komunen eskualdatze-egintzen kasuan, ezkontidearen baimena behar da. Baina zenbaitetan ez dira egintza garrantzitsuak, ohizko eskualdatze-egintzak direlako (kontu korrontetik dirua atera, diru-sarrerak burutzea, ordainketak, titulu-baloreak erosi edo saltzea, urgentziazko zerbait egitea...), eta ez da ezkontidearen (edo epailearen) baimena behar. Baina bestelako egintzetan, nolabaiteko garrantzia dutenak, baimena beharko da. Bestalde, negozioa likidatzen denean (kiebra prozeduran...), merkatariak bere ezkontidea likidazio-prozesu horretara eraman behar du derrigorrez.

Oro har, esan genezake Merkatal Kodeak erantzukizun murritzagoa ezartzen duela Kode Zibilak baino; besterentze-ahalmenari dagokionez, aldiz, Merkatal Kodeak zabalago jokatzen du.

defero.webcindario.com