defero.webcindario.com

III. MERKATAL ZUZENBIDEAREN ITURRIAK

1. PLANTEAMENDUA

2. MERKATARITZAKO USADIOAK

2.1. Usadio kontzeptua eta motak
2.2. Merkatal Kodeko 2.1 eta 50. artikuluetako antinomia
2.3. Usadioen esanahi modernoa

3. ZUZENBIDE ZIBILA

4. NAZIOARTEKO MERKATARITZA-ZUZENBIDEA. EUROPAR ZUZENBIDEA

4.1. Europar Zuzenbidea

5. EZAGUPEN ITURRIAK. LITERATURA JURIDIKOA



----------------------------------------




1. PLANTEAMENDUA

Merkatal Kodeko 2. artikuluaren arabera, Merkatal Zuzenbidearen iturriak izango dira Legea, Usadioak (bakarrik merkataritza-egintzei buruzkoak), eta Zuzenbide Komuna (Zuzenbide Zibila), ordena horretan. Kode Zibilaren 1. artikuluak, bestalde, iturritzat hartzen ditu Legea, Ohitura, eta Zuzenbidearen Printzipio Orokorrak.

Bestalde, MK 2. artikuluak esaten du ere merkataritza egintzei aplikatuko zaizkiela iturri hauek. Kontratuetan arau asko dispositiboak (xedapenezkoak) izango dira, autonomia printzipioaren arabera. Baina Zuzenbide Konkurtsala eta Lehiaketa Zuzenbidea (besteak beste) ez dira xedapenezkoak, derrigorrezkoak baizik.

2. MERKATARITZAKO USADIOAK
2.1. Usadio kontzeptua eta motak


Historikoki, Merkatal Zuzenbidea pixkanaka osatu izan da ohiturazko arauen bitartez. Baina azken 100 urtetan gutxi gora behera, legea (arau idatzia) nagusitu izan da. Merkatari eta enpresariek ziurtasuna nahi dute, eta usadioekin jokatzeak ziurgabetasuna eragiten die; horregatik usadioen teoria ez da asko garatu. Kodifikazioan legeari eman zaio garrantzia, eta usadioa Estatu autokratikoen ezaugarritzat hartu izan da.

1953an Garrigues usadioetan eta ohiturazko Zuzenbide batean oinarritutako hurrenkera Zuzenbide Pribatu osoari ezartzen saiatu zen, merkataritza egintzei (kontratuei) ezezik.

Usadioak bi motatakoak izan daitezke, betetzen dituzten funtzio ezberdinen arabera: usadio arautzaileak edo integratzaileak, eta usadio interpretatzaileak. Usadio arautzaileek arau positibo baten indarra edo izaera izango dute. Usadio interpretatzaileak, aldiz, interpretaziorako balio digute soilik. Adibidez, kontratu batean oso klausula malgua ezarri bada, usadio interpretatzaileak argituko digu. Aldiz, oso garrantzitsua den elementu bat falta bada, usadio arautzaileen bidez integratuko da.

MK 2. artikuluan usadioez hitz egiten dugunean, beti izango dira usadio arautzaileak, Merkatal Kodeko zioen adierazpenean honela zehaztu delako, eta Kode Zibileko 1.3 artikuluak dioelako usadio juridikoak izango direla bakarrik izaeraz interpretatzaileak ez direnak, hau da, arautzaileak.

MK 2. artikuluan merkataritzako trafikoaren usadio juridikoetaz hitz egiten da. Usadioek iraupena dute ezaugarritzat, hau da, merkatariek horiek aspalditik erabiltzea, eta denok ezagutzea; beraz, izaera hau duten heinean izango dira baliozkoak. Era berean, aplikagarriak izango dira bakarrik alderdien adostasunarekin, hau da, usadioen erabilpena xedapenezkoa da, autonomia pribatuaren printzipioaren arabera.

Bestalde, usadioa ezingo da aplikatu kontratu mistoetan, hau da, alderdietako bat merkataria ez denean, honek ez duelako ohitura ezagutuko.

2.2. Merkatal Kodeko 2.1 eta 50. artikuluetako antinomia

MK 50. artikuluaren arabera, merkatal kontratuetan, bere baldintzak, aldaketa, salbuespenak, interpretazioa, iraungipena, eta kontratugileen gaitasunaren inguruan, Merkatal Kodearen ondoren Zuzenbide Zibila aplikatuko da, usadioak baino lehen. Hemen badirudi lehen MK 2. artikuluaren inguruan esan duguna kontraesaten dela, horrek usadioak Zuzenbide Komunaren (Zibilaren) aurretik jartzen duelako, eta honek oraingoan kontrakoa egiten du.

Kontraesan edo antinomia hau konpontzeko, ikusi behar dugu MK 50. artikulua eta 2. artikulua gauza ezberdinaz ari direla. Hau da, MK 2. artikulua merkataritza-egintzei buruz ari da (kontratuak), hau da, xedapenezko izaera duten arauei buruz; MK 50. artikulua, aldiz, arau orokorrei buruz ari da (interpretazioa, gaitasuna...), hau da, arau inperatiboei buruz. Beraz, xedapenezko arauetan, usadioa Kode Zibilaren aurretik aplikatuko da; derrigorrezko arauetan, aldiz, Kode Zibila usadioen aurretik aplikatuko da.

Honela, iturrien hurrenkera honelakoa geratuko litzateke:

1.- Merkataritzako Zuzenbide Inperatiboa (MK 50 - 63)
2.- Zuzenbide Zibileko derrigorrezko arauak (KZ 1254 - 1314)
3.- Xedapenezko Merkatal Zuzenbidea
4.- Merkatal Usadio arautzaileak
5.- Xedapenezko Zuzenbide Zibila
6.- Zuzenbide Zibileko usadio juridikoak
7.- Zuzenbidearen Printzipio Orokorrak

2.3. Usadioen esanahi modernoa

Garai batean, idatzigabeko usadioa existitzen zen. Baina pixkanaka trafikoak berak ziurtasuna eskatzen du, eta XX. Mendeko bigarren erdian merkatal trafikoko ohiturazko arau asko idatzi egin dira. Adibidez, kreditu dokumentarioei buruzko arauak (Reglas y Usos Uniformes Relativos a Créditos Documentarios), banketxetako arau eta prozedurak (banketxetako kontseilu gorenak jasotakoak)... Hauek guztiek ez dute usadioen kategoria, bakar batzuek bakarrik; horregatik, baldintza orokorreko kontratuen kategoria ematen zaie. Hemen jasotako prestigiodun klausularen bat (nazioartean oso erabilia dena) epaileak haintzar har dezake, eta alderdien adostasunez aplikatu. Orduan, usadio arautzailearen izaera hartuko luke. Hala ere, gogoratu usadio guztiak frogatu egin behar direla, KZ 1.3 artikuluaren arabera (usadioa alegatzen duenak horren existentzia frogatzeko karga du).

3. ZUZENBIDE ZIBILA

MK 2.1 artikuluan iturrien hurrenkera aipatzean, hirugarren iturritzat Zuzenbide Komuna agertzen da. Puntu honetan, zalantza sortzen da: Zuzenbide Komunak Kode Zibila gainditzen al du, Foru-Zuzenbidea ere barnebiltzen al du? Doktrina, arazoa aztertu ondoren, nahiko ados dago esatean Zuzenbide Komuna Zuzenbide Zibila (Kode Zibila) dela esatean. Esaten da Kode Zibila Merkatal Kodea baino lehenago idatzi izan balitz seguraski artikulu honetan Zuzenbide Zibila agertuko zela, eta ez Zuzenbide Komuna.

4. NAZIOARTEKO MERKATARITZA-ZUZENBIDEA. EUROPAR ZUZENBIDEA

II. Mundu Gerra aurretik, Nazioen Sozietatea existitu izan zen (Sociedad de Naciones). Bestalde, 1926an UNIDROIT sortu zen, Zuzenbide pribatua bateratzeko nazioarteko insititutua.

II. Mundu Gerra eta gero, merkataritza izugarri hazi zen. Ondoren, kolonien fenomenoa desagertu zen, Txinaren eraentza aldatu zen (1980), SESB (URSS) desagertu zen (1985)... Bestalde, garapen tekonologikoarekin batera Globalizazio izenarekin ezagutzen den fenomenoa zabaldu zen.

Globalizaio horren adierazpen instituzionalik garrantzitsuena GATT izan zen, the General Agreement on Tarifffs and Trade (1947), arantzelak murrizteko asmorekin sortutako elkartea. 1994an, GATTen barruan WTO sortu zen, the World Trade Organization. Honekin merkantzia edo sektore jakin bat arintzeko akordioak lortzen dira. Hauetara atxikitzen den lurraldearentzat Zuzenbidearen iturri izango dira.

Geroago, Nazio Batuen Batzordea eratu zen (NBEren barruan, merkataritzako Zuzenbidea batzeko organoa) United Nations Commission for International Trade Law.

Zenbait kasuetan erakunde hauetan Estatu asko egoten dira, baina gero ez dituzte akordioak sinatzen. Beraz, erakundeak baino, akordioak dira garrantzitsuenak, erakunde hauen iharduera ez delako oso eraginkorra.

Honela, testurik garrantzitsuenen artean ditugu 1930eko Ginebrako ituna, ganbio-letra eta pagarearen erregulazioa batzeko akordioa, eta 1931an txekarena batzekoa; 1980ko Vienako ituna, merkantzien salerosketarako ituna; 1988ko Otawako akordioa, factoring eta leasing arautzeko.

Nazioarte mailan, hainbat erakunde merkataritzan erabilitako usadioak idatziz jasotzen ari dira, enpresariek ziurtasuna izan dezaten. Hori egiten duten instituzioetako bat dugu Nazioarteko Merkataritzako Ganbara (CCI). Honek arau bildumak egiten ditu (adibidez, banketxetako arauen bilduma...); baina bilduma hauek batzuetan sektore jakin baten alde egiten dute, eta askotan baldintza orokorreko kontratuetara pasatzen dira arau hauek.

Ganbara honek (CCI) INCOTERMIS jaso du, merkataritako terminoen interpretazioari buruzko araudia (2000. urtekoa); adibidez, kreditu dokumentarioen arau eta usadio uniformea (CURR). Honetaz gain, arbitraia sistema dago, enpresariarentzat oso baliagarria. Dena den, hauen laudoa lurralde bakoitzaren sistema judizialak betearazten du.

4.1. Europar Zuzenbidea

Europar Elkarte Ekonomikoa 1957an sortu zen, Erromako itunean. Espainai 1985ean atxeki zen honetara. Elkarte honek ikuspegi ekonomiko hutsa zuen, merkatua bultzatzeko helburua zuen bakarrik. Baina 1992ko Maastricht-eko itunarekin, ikuspegi hau politiko-instituzionalera aldatu zen. Dagoeneko Europar Batasuneko gobernuak ekonomia gainditzen du: lan-harremana, defentsa, lehiaketa, garapen teknologikoa...

Europar Batasunak eman ditzakeen arauak bi motatakoak izan daitezke: erregelamenduak (zuzenean lotesleak direnak), eta direktibak (Estatu bakoitzak epea izango du bertan hura inplementatzeko baliabideak indarrean jartzeko). Honi egiten zaion kritika da direktiba bat ematean Estatu bakoitzak hura inplementatu behar duela, baina askotan hura literalki kopiatu egiten da, gure sistemaren printzipioetara egokitu gabe.

5. EZAGUPEN ITURRIAK. LITERATURA JURIDIKOA

Doktrina ordenamendu juridikoaren eragileen tartekariak izango dira. Zuzenbidearen profesionalek euren ihardueran ez dute ikerketarik egiteko astirik, eta hura autoreek egingo dute (katedradunek...). Baina autoreek ez dute pentsaera homogeneoa, dispertsoa baizik, ez dutelako indarreko legedia kontutan hartzen; kanpoan sortutako dogmak egokitzen dituzte.

Alemanian eta Ingalaterran beste joera dute: indarreko araudia hartu, eta autoreen arteko eztabaida juridikoa ematen da, irizpide homogeneoak sortuaz. Hauek izango dira eragile tartekariak, hau da, jurisprudentziari lagunduko zaio erabakiak hartzen. Atzerian, askotan jurisprudentzian doktrina zientifikoa aipatzen da. Gure ordenamenduan, ordea, ez dago ohitura hori, doktrina zientifikoa aipatzeko ohiturarik ez dago. Bitartean, adituek manualak idaztean zenbaitetan jurisprudentzia aipatzen dute, baina beraiek esaten dutenarekin ondo uztartuta egon gabe. Honek dispertsioa dakar. Adituen artean uste da manualak ikasleentzat direla, eta askotan gai monografikoan tratatzen dira. Horregatik, ez dago ikuspegi orokorrik, eta obra pertsonalak izan ohi dira.

Gaur egungo Merkatal Zuzenbideko manualen egile garrantzitsuenak dira Girón, Garriges, Uria, Menéndez, Sánchez Calero, Broseta, Vicent Chulia... Bestalde, manualaz gain, komentarioak daude ere, Merkatal Kodea artikuluz artikulu komentatua. Adibidez, 1951an Garriges eta Uriak eginikoa, sozietateari buruzko komentarioa. Azkenik, aldizkari juridikoak daude, Revista de Derecho Mercantil (1946), Revista de Derecho Bancario y Bursátil (1981), Revista General de los Negocios, Revista de Derecho de Sociedades... Hauetan normalean artikulu monografikoak agertzen dira, edota jurisprudentziari eginiko komentarioak.

defero.webcindario.com