defero.webcindario.com

XI. SINDIKATUA ETA ENPRESARI-ELKARTEA

1. LANGILEEN AUTOORGANIZAZIO ERAK ESPERIENTZIA HISTORIKOAN

1.1. Luddismoa
1.2. Mutualismoa
1.3. Kooperatiba
1.4. Partidu Politikoak
1.5. Sindikatua

2. SINDIKATUA

2.1. Egitura, izaera juridikoa
2.2. Motak

3. ERAENTZA JURIDIKOA

3.1. Eraketa
3.2. Gaitasuna
3.3. Erantzukizuna
3.4. Ondare sindikala eta sindikatuen finantzaketa

4. ENPRESARIEN ELKARTEA: BERE IZAERA. OSAKETA ETA HELBURUAK

5. SINDIKATUAREN BARNE-IHARDUERA

5.1. Estatutuak
5.2. Funtzionamendu demokratikoa

6. ORDEZKARITASUN SINDIKALA ETA ENPRESARIAREN ORDEZKARITASUNA

6.1. Sindikatuaren ordezkaritasuna
6.2. Enpresarien ordezkaritasuna

7. PARTEHARTZE INSTITUZIONALA



----------------------------------------



1. LANGILEEN AUTOORGANIZAZIO ERAK ESPERIENTZIA HISTORIKOAN

Industria Iraultzaren ondoren, langilegoaren esplotazioa ematen denean, proletargoa bere klase-kontzientzia sortzen hasten da, eta beraien arteko elkartasuna garatzen da. Honek langile mugimenduak eragiten ditu beren egoeraren aurka eta eskubide kolektiboak sortzeko asmoarekin, eta mugimendu horien adierazpenen artean sindikatua dugu ezagunena, eta gaur egun arte indartsuago iraun duena. Hala ere, sindikatua ez da langile-mugimenduen adierazpen bakarra, historian zehar bestelako erreakzioak egon dira, horien artean garrantzitsuenak kooperatibak, mutualismoa, alderdi politikoak eta luddismoa.

1.1. Luddismoa

Luddismoak suposatzen du makinaren kontrako erreakzioa, Historiara pasa den Med Ludd langile ingelesaren izena hartzen duen jarrera. Langile honek ehungintzan egiten zuen lan, eta azaldutako esplotazio horren testuinguruan, bere egoerak desesperatua, berak lan egiten zuen tresna hondatu egin zuen, beste batzuek bezala; langile hauen erreakzioa tresnen (ekoizpen baliabideen) aurkakoa zen. Makinek gizakia ordezkatzen dutela aitzaki (kaleratzeak eraginez), lan-istripuak eragiteaz gain, jarrera hau Europako hainbat lekutan errepikatu zen (Bartzelonan...).

Jarrera honi buruz, Karl Marx-ek Kapitala obran esaten du hanka sartzea dela tresneria apurtzea langileen egoera hobetzeko, hura diagnostiko okerra delako, erruduna ez delako makina, ekoizpen-sistema bera baizik. Tresnak ez du errua, akatsa ez dago makinan, horren erabileran baizik, ekoizpen sisteman: sistema kapitalista da erruduna, non batek tresna jartzen duen (kapitala), eta horren etekinak eramaten dituen.

1.2. Mutualismoa

Mutualismoak elkartasun ekonomikoa suposatzen du langileen artean: gaur egun gizarte segurantzak estaltzen duena (langabezia, zahartzaroa, lan-istripuan baja...), langileen arteko elkartasun ekonomikoak estaliko du, mutualismoaren bidez (denon artean dirua jarriko dute, arazoa duen kideari laguntzeko). Hala ere, bere ahalmena nahiko murritza zen, langileek jar zitzaketen dirua eta baliabideak oso urriak zirelako, apenas bizirauteko zuten-eta.

1.3. Kooperatiba

Kooperatibismoak suposatzen du kapitalaren jabeak aldi berean langileak izatea, hau da, aldi berean langile eta bazkide izatea. Hau ekoizpen sistema kapitalistari planteatzen zaion alternatiba izango da. Gaur egun Euskal Herrian nahiko fenomeno indartsua da, baina hau salbuespena da nazioarteko eremuan.

1.4. Partidu Politikoak

Hauek izango dira langileen interesak babesteko nahiarekin sortzen diren partiduak.

1.5. Sindikatua

Gaur egun, langileen tresna nagusia sindikatua da, hauen ordezkaritza duena. Gobernuak langileekin negoziatu nahi badu, sindikatuekin jarriko da harremanetan.

2. SINDIKATUA
2.1. Egitura, izaera juridikoa


Sindiko izenak jatorri grekoa du, interes kolektiboen ordezkaria esanahi duena. Sindikatu bat sindikatutzat jo ahal izateko, zenbait ezaugarri bete behar ditu:

* Elkarte autonomoa izatea, Estatuaren zein enpresaren eskusartzerik gabe
* Langileen elkartea
* Iraunkorra (langileen asanbladak ez bezala)
* Irabazteko asmorik gabea
* Helburua: langileen interesak defendatzea
* Interesak defendatzen ditu, ez borondateak (honek zentzu zibilistaren kontrakoa adierazten du: sindikatua ez da beste baten mandatuz edo bere ordez aritzen, sindikatuak iharduera zabalagoa du). Langilearen borondate zehatza ordezkatuko du soilik epaiketetan, langile jakin batek arazo zehatza duenean.

Izaera juridikoari dagokionez, sindikatua pertsona juridiko pribatua da, elkarte pribatua da, nahiz eta funtzio publikoak bete.

2.2. Motak

Sindikatuen munduan, abiapuntua askatasun sindikala da. Ez dago eragozpenik sindikatu bakoitzak bere izaera, ezaugarriak, estrategia eta esparrua erabakitzeko. Ez dago muga politiko-administratiboak errespetatu beharrik ere, ezta lan-arloak... Honela, izaera ezberdinetako sindikatuak sor daitezke, irizpide ezberdinen arabera sailkatu daitezkeela.

Klasikoa da bereiztea esparrua edo iharduera eremuaren arabera, sindikatu profesional edo horizontala, eta bertikala (ez nahastu frankismoko sindikatu bertikalarekin). Bertikala izango da sektore bat hartzen duena, lanbidea berdin zaiolarik (adibidez, irakaskuntza hartzen bada, hor sartuko dira irakasleak, baina baita zerbitzuetako pertsonala, idazkariak, garbitzaileak...). Horizontala izango da profesio bat hartzen duena, berdin izanik zein sektoretan egiten duen lan (adibidez, sukaldarien sindikatua, berdin izanik zein sektoretan egiten duen lan: jatetxetan, tabernatan, irakaskuntza-zentroetan, ejertzitoan...).

Esan bezala, sindikatuak askatasunez antolatu daitezke, muga batekin: barne-antolaketa demokratikoa izatea.

3. ERAENTZA JURIDIKOA
3.1. Eraketa


Askatasun Sindikaleko Lege Organikoaren 4. artikuluak (§ 2.32) zehazten du sindikatua sortzeko jarraitu beharreko prozedura. Honela, sindikatua eratu nahi duten langileek (berdin da zenbat) sindikatu horren Estatutuak eta eraketa-akta jaso beharko dituzte. Estatutuek gutxienez zer zehaztu behar duten ASLO 4.2 artikuluak berak esaten du: erakundearen izena, sindikatuaren helbidea eta iharduera eremu lurraldetar eta funtzionala, ordezkaritza-organoak, afiliatu-izaera eskuratu eta galtzeko baldintzak, erakundearen eraentza ekonomikoa...

Dokumentu horiek Lan-Administrazioko Bulegora eraman behar dira (eskuduntza banaketaren arabera, Estatuko edo Erkidego Autonomoko bulegoa izango da). Administrazio Laboralak kontrol formala egikarituko du: ea ukanbeharrak betetzen diren. Akatsik badago, 10 egunetako epea izango dute hori zuzentzeko.

Akatsa zuzentzean, Estatutuak argitaratuko dira bulego horren iragarki-taulan, eta dagokion Aldizkari Ofizialean. Sindikatuaren sortze-nahia hori argitaratzen da, ezagutza publikokoa izan dadin sindikatua sortu nahi dela, eta Estatutuak aurkatzeko aukera eman dadin. Jurisdikzio Laboralaren aurrean aurkapena egiteko legitimatua egongo da Administrazio Laborala, eta interes zuzen, pertsonal eta legitimoa duen edonork, Estatutuak legezkontrakotzat jotzen badira (administrazioak aurrez egindako kontrola formala da soilik). Aurkapena agertuz gero, jurisdikzio laboralak erabakiko du sortze-prozesua bertan behera uztea edo aurrera jarraitzea.

Prozesua amaitzen da, sindikatua sortuz, eratze-akta eta Estatutuak gordailatu direnetik 20 lanegun igarotzen direnean. Honela, sindikatua sortuta, elkarte horri nortasun juridikoa arrezagutzen zaio, eta iharduteko gaitasun osoa.

3.2. Gaitasuna

Sindikatua sortzen da, eta iharduteko gaitasun osoa du. Honek suposatzen du beste edozein elkartek duen gaitasuna arrezagutzea, kontratuak sinatzeko (muga: irabazteko asmoko iharduerak ezingo ditu burutu, nahiz eta hura kontrolatzeko tresna juridikorik ez dagoen), eskubide zein obligazioen titularra izateko, ondare propioa edukitzeko, eta gaitasun prozesala (prozesu judizialetan parte hartzeko, bere izenean, langile edo afiliatu baten izenean, edo langilearen laguntzaile bezala).

Sindikatua lan-harreman kolektiboetan parte hartzeko jaiotzen da: negoziazio kolektiboa eta greba deialdiak burutzeko.

3.3. Erantzukizuna (ASLO 5. art.)

Sindikatuak erantzukizun zibila du, kontratuzkoa eta kontratuz kanpokoa (Akiliana). Administratiboki erantzun beharko du ere, urraketa administratiboen kasuan. Arazoa: afiliatuen ekintzen kasuan, zeinena izango da erantzukizuna, sindikatuarena edo afiliatuarena? Adibidez, kontratuen kasuan, erantzukizuna sindikatuarena da, horren organo batek egiten duena sindikatuaren izenean delako.

Beraz, kasu bakoitzean aztertu beharko da afiliatua sindikatuaren izenean aritzen den, horren aginduz, edo bere kabuz (ASLO 5. art.)., eta horren araberakoa izango da erantzukizuna

Sindikatu bateko barne-organo batek erabaki bat hartzen badu Estatutuek ezarritakoaren kontra, horren erantzukizuna ez da sindikatuarena izango, organo horren kidearena baizik, ez duelako sindikatuaren izenean iharduteko gaitasunik.

3.4. Ondare sindikala eta sindikatuen finantzaketa

Hemen 4/1986 legea hartu behar dugu kontutan, ondare sindikalari buruzkoa. Honela, sindikatu bakoitzak bere bitartekoen arabera duen ondareaz gain (kideen ekarpenak), bestalde laguntza publikoak jasotzen dituzte. Sindikatuaren ondarean bi elementu bereiztu behar dira: ondare sindikal historikoa, eta ondare sindikal pilatua (acumulado).

Ondare Sindikal Historikoa: Gerra Zibila amaitzerakoan, 1939 inguruan, erantzukizun politikoen legea eman zen, Estatuak galtzaileen ondasunak bereganatuz, erakunde politiko eta sindikalena hain zuzen. Honela, ELA (1911an sortua), UGT eta CNT sindikatuen ondasunak konfiskatu ziren, besteak beste.

1986an, aipatutako legearen bitartez ondare sindikal historiko hori bere jabe legitimoei bueltatzea erabakitzen da. Praktikan, batez ere ELA, UGT eta CNT sindikatuei bueltatu zitzaien; zenbait konpentsazio eman zitzaizkien, baina sindikatuak kexatzen dira nahikoa eman ez zitzaielako.

Ondare sindikal pilatua da Sindikatu Bertikal frankistak zuen ondarea, oraingo sindikatuen esku uztea erabakitzen dena. Formula juridikoa da erabilpena uztea, eta ez jabegoa transmititzea. Erabilera honetan lehentasuna emango zaie oraingo sindikatu nagusiei.

- Sindikatuen finantzaketa

+ Afiliatuen kuotak (edozein elkartek bezala). ASLO 11.2 artikuluaren arabera, langileek baimena emanez gero, enpresariak soldatatik deskontatuko dio kuotaren kopurua, eta sindikatuari eman (enpresaria behartua egongo da langileak hala nahi izanez gero). Hau askoz erosoagoa da sindikatua zein langilearentzat, baina honek arazo bat dakar: bide honetan enpresariak langileen afiliazio sindikala kontrolatu dezake (printzipioz enpresariak ez du zertan jakin beharrik langilea non dagoen afiliatua -K. 16 art.-)

+ Kanon bat hitzarmen kolektiboagatik (ASLO 11.1 art.). Hau pentsatzen ari da afiliatuak ez dauden langileengan, Hitzarmen Kolektiboaren ondorioz onura jaso dutenek sindikatuei diru kopuru bat ordain diezaioten jasotako onura horrengatik. Arazoa: konstituzioak arrezagutzen du ez sindikatzeko eskubidea, eta beraz, ezin da onura edo kalterik jaso sindikatu batera afiliatu edo ez afiliatzeagatik. Honela, ez litzateke zilegia afiliatua ez dagoenari kanon-a kobratzea, bere ez afiliatzeko askatasuna urratuko genukeelako, baina ez kobratzea ez litzateke zilegia izango afiliatua dagoenarentzako, berak onura jasotzeko sindikatuaren kuota ordaindu behar izan duelako. Bi argudio kontrajarri hauen aurrean, irtenbidea honakoa da: sindikatuentzako zilegia izango da kanon-a eskatzea, baina gero ordaintzea edo ez langilearen erabakia izango da. + Dirulaguntza publikoak. Zuzenbide sindikalak ez du inon esaten dirulaguntzei buruzko ezer, hauek aurrekontu publikoetan aurrikusi ziren inolako aurre-baldintzarik gabe. Beraz, botere publikoek nahi bezala banatu ditzakete dirulaguntzak, beti ere irizpide diskriminatzaileak ez badira. Honek eragiten du gai erabat aldakorra izatea.

ELAk CCOO eta UGTri leporatzen dien gaitza da dirulaguntzekin finantzatzen direla batez ere, eta horrek beren iharduteko askatasuna mugatzen duela, Estatuarekiko menpekotasuna eragiten duelako.

+ Abantaila fiskalak (ASLO 5.4art.). Hauek emateko argudioa da sindikatuek onura publikoa dakartela.

4. ENPRESARIEN ELKARTEA: BERE IZAERA. OSAKETA ETA HELBURUAK

Enpresarien elkarteak enpresarien interesak defendatzeko elkarteak dira. Honela, Konstituzioaren 7. artikuluan aipatzen dira, enpresarien interes ekonomiko eta sozialak defendatzeko helburua duten elkarteak bezala. Bestalde, K. 22. artikuluaren babesa izango dute, edozein elkartek bezala.

Trantsizioan, 1977ko Askatasun Sindikaleko Legea sartu zen indarrean, sindikatu eta enpresari-elkarteak ahalbidetuz. Konstituzioa onartu eta gero, Askatasun Sindikaleko Lege Organikoa sortu zen (11/1985 LO), eta aurreko legeak sindikatuei buruz esaten zuena derogatu zuen, baina ez enpresari-elkarteei buruz zioena, indarrean dirauena. Honela, enpresari-elkarteen arauketa 19/1977 legeak egiten du (§ 2.33).

Elkarte hauen kideak izan daitezke pertsona fisikoak zein juridikoak (sindikatuetan, aldiz, bakarrik pertsona fisikoak izan daitezke kideak, hau da, langileak). Beren funtzioak dira, batez ere, aholkularitza zerga, inbertsio eta abarretan, eta lan harremanen subjektu kolektiboa izatea (enpresari elkarteek Hitzarmen Kolektiboa burutu, partehartze instituzionala, eta gatazka kolektiboetan parte hartzen dute).

Elkarte hauen irizpidea gehienbat geografikoa izaten da. Adibidez, ADEGI Gipuzkoan, SEA Araban, CEBEK Bizkaian, CEN Nafarroan, KONFEBASK Eusko Autonomi Erkidegoan (SEA, ADEGI eta CEBEK barneratuz), CEOE Estatu mailan, CEPYME ere Estatu mailan (enpresa txiki eta ertainen espainiar konfederazioa)...

5. SINDIKATUAREN BARNE-IHARDUERA
5.1. Estatutuak


Iharduera sindikalean, kanpora begira, autonomia da nagusi, sindikatuak bere eginkizunak bete behar ditu Estatuaren edo enpresarien eskusartzerik gabe. Barrura begira, sindikatuaren barne-funtzionamenduari dagokionez, funtzionamendu demokratikoa eskatzen da printzipio nagusi bezala.

Estatutuak izango dira sindikatuak berak bere funtzionamendurako bere buruari ematen dizkion arauak. Sindikatuak autonomia du hauek nahi bezala egiteko, beti ere demokrazia errespetatuz. Bere gutxieneko edukia ASLO 4.2 artikuluan agertzen da (ikus gai honetako 3.1 puntua).

5.2. Funtzionamendu demokratikoa

Konstituzioko 7. artikuluak ezartzen du sindikatuen egitura eta barne-funtzionamendua demokratikoak izan behar direla, baina ez du bestelako irizpiderik ematen. Orduan, nola dakigu funtzionamendua demokratikoa den? Gutxieneko ezaugarri batzuk bete beharko dituzte:

- Karguak hautatzeko sistema aztertuz (idazkari eta gainontzeko barne-organoak). Ez dago formula zehatzik sindikatuek jarraitu beharrekoa, bakoitzak bere egitura izango du, oso izaera ezberdinetakoak izan daitezkeen heinean. Hala ere, gutxieneko maila demokratiko bat bermatu behar da beti: afiliatu guztiek beren burua aurkezteko askatasuna izatea, sindikatuaren barruan adierazpen askatasuna bermatzea (iritzi ezberdinak eta kontrajarriak egoteko aukera), eta afiliatuen gehiengoak kargu horiek hautatzea.

- Garrantzi nagusiko egintzak afiliatu guztien ordezkaritza duen organo batek ematea (sindikatuaren kongresuak...). Adibidez, Greba Orokorraren deialdia, sindikatua desegitea, kuotak igotzea...

- Garrantzi arrunteko erabakiak organo exekutiboek hartzea

6. ORDEZKARITASUN SINDIKALA ETA ENPRESARIAREN ORDEZKARITASUNA
6.1. Sindikatuaren ordezkaritasuna


Sindikatu asko sortzen badira, horrek arazo bat planteatzen digu, sindikatuaren garrantzia publikoagatik batez ere. Gobernuak sindikatuekin kontsultatu nahi badu arau aldaketa bat egiteko, nahiago izango du sindikatu gutxi izatea, langilegoaren iritzia modu errazagoan ezagutzeko. Berdin gertatuko da OIT/LNEan ordezkaria zein izango den erabakitzeko...

Sindikatuen aniztasun hau ez da aukera bakarra, gerta daiteke askatasun sindikaleko egitura batean sindikatu bakarra (edo ia nagusitasun osokoa) sortzea. Adibidez, Britainia Handian TUC dago (Trade Union Congress), eta Alemanian DGB. Beraz, askatasun sindikalak ez du derrigorrez aniztasun sindikala ekartzen. Hau zenbait kasuetan abantaila izan daiteke, baina bestetan agian aniztasun falta oztopoa izan liteke; guztia ikuspuntuaren araberakoa da.

Espainian, harremana antolatu eta aniztasunaren sakabanaketa gainditzeko, sindikatuak ordezkaritasun mailaren arabera sailkatzen dira, batzuei besteei ematen ez zaien protagonismoa emanez. Konstituzioak ez du honen inguruko ezer esaten, ez du desberdintasunik egiten sindikatuen artean, ezta zeharka aipatu ere, ez du horretarako aukerarik ematen. Ordezkaritasunaren arabera tratua ezberdina izatea fenomeno legala da erabat, ASLOak (11/1985 LO) sortua.

Nola sailkatzen ditugu sindikatuak ordezkaritasun sistemaren arabera? Horretarako hauteskundetako emaitzei begiratzen zaie. Gizartean hauteskunde sindikalak esamoldea erabiltzen da hauek izendatzeko, baina ez da oso egokia, tartean ez daudelako sindikatuak bakarrik. Adibidez, enpresa-komitea dugu, enpresa bakoitzeko plantillak hautatzen duen organo ordezkaria (erreferentzia enpresa jakina izango da, ez sektorea, ez lurraldea...); hau sindikatuarekin ezberdina da hainbat ezaugarritan, adibidez, sindikatua fenomeno askea den bitartean (nahi bada sortzen da), enpresa-komitea derrigorrez sortu behar da legearen arabera (10 langiletik gorako enpresetan).

Ezartzen den ordezkaritasun-sistema aztertzeko, ASLO 6 eta 7. artikuluak hartu behar dira kontutan. Hauek hiru ordezkaritasun maila ezartzen dituzte: Estatuko Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatua (Sindicato Más Representativo), Komunitate Autonomoko Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatua, eta Nahiko Ordezkaritasuneko Sindikatua (hau ez da legean izen horrekin agertzen, doktrinak emanikoa da). Hauetaz gain, gainontzeko sindikatu guztiak izango ditugu, ordezkaritasun berezirik gabekoak.

- Estatu mailako Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatua (praktikan, UGT eta CCOO)

Hauek zehazteko irizpidea hauteskundeak izaten dira. Honetarako, ez dira botuak zenbatzen, ordezkariak baizik. Honela, hainbateko plantillari hainbat kideko enpresa-komitea dagokio (Langileen Estatutuko 66. artikulua, § 2.1); adibidez, 50-100 langile bitarteko plantillari 5 kideko enpresa-komitea dagokio. Beraz, Estatuko enpresa guztietako enpresa-komiteetako ordezkari guztiak zenbatu beharko dira.

Kontutan hartu edonor izan daitekeela hautagaia, bai sindikatu batekoa, bai independenteak. Honela, enpresa berean sindikatu ezberdinetako ordezkariak egongo dira, baita independenteak. Nola hartuko dira kontuak? Ordezkari kopuru osoa zenbatuko da (baita Administrazioko Pertsonalaren Juntetako ordezkariak), eta ordezkaritasun nagusiko sindikatua izateko kopuru oso horren %10 lortu behar da (adibidez, guztira 10.000 ordezkari balira, Estatuan 1.000 ordezkari lortuko lituzkeen sindikatua Ordezkaritasun Nagusikoa izango litzateke).

Praktikan, CCOO eta UGT dira Estatuko Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatu bakarrak. Hala ere, kategoria berdina emango zaie hauetako batera federatzen den sindikatu orori, azken honek duen ordezkaritasun maila edozein dela ere.

- Erkidego Autonomoetako Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatua

Hemen ere hauteskundetan erkidego horretako ordezkari guztiak batu, eta horien %15 lortzen duen sindikatua Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatua izango da, beti ere 1.500 ordezkari gainditzen baditu. Gutxieneko kopuru absolutu honek arazo bat dakar: erkidego autonomo txikietan (adibidez, Errioxa) matematikoki ezinezkoa da 1.500 ordezkari lortzea, nahikoa populazioa ez dagoelako, eta beraz ezingo da sortu Erkidego Autonomoko Ordezkaritasun Nagusiko Sindikaturik. Hemen argi ikusten da Estatuak nahiago duela Estatu osoko sindikatuekin harremana izatea, erkidegoetako sindikatuei baldintza zorrotzagoak jarriaz.

Bestalde, Hego Euskal Herriko sindikatuek erkidego bakoitzean %15 lortu behar dute (bai Nafarroan bai Eusko Autonomi Erkidegoan, separatuki), baita 1.500 ordezkari, nahiz eta euren iharduera bi lurraldetan batera gauzatu.

Aurreko kasuan bezala, Autonomi Erkidegoko Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatu batera federatzen denak status hori eskuratuko du ere.

Ordezkaritasun maila hau lortu duten sindikatu bakarrak izan dira ELA eta LAB Euskal Herrian, eta CIGA Galizan.

- Nahiko Ordezkaritasuneko Sindikatuak (ASLO 7.2 art.)

Izaera honetakoak izango dira eremu lurraldetar eta funtzional batean ordezkarien %10 duenak (eremuak ez du zertan egitura juridiko-administratiboekin bat egin behar). Sindikatu hauek batez ere Hitzarmen Kolektiborako gaitasuna izango dute.

- Pribilejio eta Eskubideak (ASLO 6 eta 7. artikuluak)

Ordezkaritasun Nagusiko Sindikatuek legitimazio automatikoa izango dute nagusiak diren lurraldean instituzio publikoen aurrean ordezkaritza izateko, negoziazio kolektiboa burutzeko, eta abarretan.

Gehienetan zerrenda honek ez digu gauza handirik esaten. Langileen Estatutuak argitu beharko digu zertan datzan bakoitza. Daukaten aukera berezia: partehartze instituzionala (botere publikoekin harremana edukitzeko eskubidea).

6.2. Enpresarien ordezkaritasuna

Sindikatuekin gertatzen zen bezala, enpresari-elkarteen arteko ezberdintasuna ez da Konstituzioan eratzen, legean baizik. Hala ere, honek ez du arazo handirik suposatzen, enpresari-elkarteek kontzentraziorako joera dute-eta (honek lotura du eskuin-alderdien kontzentraziorako joerarekin, eta ezkerreko alderdien deskonzentrazioarekin: klase enpresarialak eskuindarreko joera izaten du, zentralismora jotzen duena, langilegoa joera ezkertiarrekoa izan ohi den bitartean, deskonzentrazioa eta aniztasunerako ohitura duena).

Konzentrazio honen adibidea dugu enpresari-elkarteen egitura bera: ADEGI (Gipuzkoa), CEBEK (Bizkaia), eta SEA (Araba) enpresari-elkarteak KONFEBASK-en biltzen dira (Eusko Autonomi Erkidegoa), zeina beste erkidego autonomoetako sindikatuekin batera (horien artean Nafarroako CEN) Estatu mailako CEOE enpresari-elkarte orokorrean integratzen den.

Hala ere, sindikatuekin gertatzen zen bezala, ordezkaritasunaren arabera sailkatzen dira, Estatu mailako Ordezkaritasun Nagusiko Enpresari Elkarteak, Erkidego Autonomo mailako Ordezkaritasun Nagusiko Enpresari Elkarteak, eta Nahiko Ordezkaritasuneko Enpresari Elkartetan.

- Estatu mailako Ordezkaritasun Nagusiko Enpresari Elkartea

Izaera hau eskuratzeko, enpresarien %10 bildu behar du (enpresariak zentzu juridikoan, berdin izanik 3 langileko enpresa eta 3000 langilekoa), eta gainera enpresa horietan Estatu osoko langileen %10ak egin behar du lan.

- Erkidego Autonomo mailako Ordezkaritasun Nagusiko Enpresari Elkartea

Kasu honetan erkidego autonomo horretako enpresarien %15 osatu behar dute, eta enpresa horietan erkidego autonomo horretako langilegoaren %15 lan egitea.

- Nahiko Ordezkaritasuneko Enpresari Elkarteak

Eremu edo esparru lurraldetar eta funtzional batean enpresarien eta langileen %10 dutenak. - Ahalmenak

Ordezkaritasuna izateak bi ahalmen nagusi ematen ditu: instituzioetan parte hartzeko aukera, eta negoziazio kolektiborako aukera.

Adibidez, CEOEk negoziazio sektorial guztietan parte hartzeko aukera izango du (enpresa gainditzen duen edozein negoziazioan, kasu honetan enpresak berak negoziatuko duelako zuzenean). Erkidego Autonomokoak, aldiz, legitimazioa izango du bere erkidego autonomoan negoziatzeko.

Nahiko Ordezkaritasuneko Elkarteek beren esparru jakinean negoziatu ahal izango dute, baina ezingo dute partehartze instituzionalik izan.

7. PARTEHARTZE INSTITUZIONALA

Ordezkaritasun Nagusiko sindikatuek eta enpresari elkarteek partehartze instituzionalerako aukera dute, hau da, zenbait instituzioetan parte hartzeko aukera izango dute: INEM, Hobetuz, OSALAN (Lan Osasunari buruzkoa), Kontseilu Ekonomiko eta Soziala (hau Estatuan zein Erkidegoan dagoen organoa da, organo politikoen kontsultarako, hauek langile eta enpresarien iritzia entzun dezaten), Lan Harremanen Kontseilua (Consejo de Relaciones Laborales), Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala (Instituto Nacional de la Seguridad Social, INSS)... Erakunde hauetan politikoak, enpresariak eta sindikatuak bilduko dira. Honela, botere publikoak behartuak daude horien iritziak entzutera.

defero.webcindario.com