defero.webcindario.com

VIII. BESTE ITURRIAK ZENTZU ZABALEAN

1. GATAZKAK KONPONTZEKO LAUDO ARBITRALAK

2. LAN KONTRATUA (berezko iturria ez izan arren)

3. JURISPRUDENTZIA: EPAI ARAUGILEAK ETA AUZITEGI KONSTITUZIONALAREN EPAIAK

4. OHITURA LABORALA

5. ZUZENBIDEAREN PRINTZIPIO OROKORRAK

6. ZUZENBIDE AMANKOMUNAREN ORDEZKOTASUNA

7. ORDENAMENDU LABORALA KONSTITUZIOAREN ARABERA INTERPRETATZEKO PRINTZIPIOA



----------------------------------------



1. GATAZKAK KONPONTZEKO LAUDO ARBITRALAK

Laudoa gatazka bateko bi alderdien arteko arbitraian ematen den ebazpena edo erabakia da, bide judizialetik kanpo. Laudoak garrantzia handia izan du lan munduan. Laudoaren legitimazioa alderdiek ematen diote, hau da, alderdiek askatasunez erabakitzen dute arbitro baten menpe geratzea. Beraz, laudoaren balio juridikoa Hitzarmen Kolektiboaren berdina da, zeharka alderdiek erabaki izan dutelako. Ezberdintasuna hura sortzeko prozeduran dago.

2. LAN KONTRATUA (berezko iturria ez izan arren)

Kontratua printzipioz ez da Zuzenbideko iturri, parteen artean delako eraginkorra (fuerza de ley entre las partes contratantes). Baina lan harremana ezin da hasi kontraturik gabe; beraz, kontratua garrantzi handikoa da , nahiz eta Zuzenbideko iturri ez izan.

Kontratua sinatzen dugunean, horretaz gain lan harreman horri arau asko aplikagarri zaizkio. Iturri ezberdinen artean, lan kontratua ohitura eta Zuzenbidezko Printzipio Orokorren gainetik dago, baina Konstituzioa, Nazioarteko Hitzarmena, Legea, Erregelamendua eta Hitzarmen Kolektiboaren azpitik.

3. JURISPRUDENTZIA: EPAI ARAUGILEAK ETA AUZITEGI KONSTITUZIONALAREN EPAIAK

Formalki jurisprudentzia ez da araua, Kode Zibilak legea, ohitura eta Zuzenbidearen Printzipio Orokorrak aipatzen dituelako iturritzat. KZ 1.6 artikuluaren arabera, jurisprudentzia Zuzenbidearen osagarria da (complementaria), baina ez du Zuzenbidea sortzen. Hala ere, materialki jurisprudentzia kontutan hartu behar da. Bestalde, kasu berezia dugu Auzitegi Konstituzionalaren epaiena, formalki iturria ez badira ere, lege baten interpretazio zuzena zein den erabakitzeak ahalmen araugilearen itxura osoa hartzen du-eta.

4. OHITURA LABORALA

Zuzenbide Zibilak zein Zuzenbide Laboralak ohitura iturritzat hartzen dute. Hala adierazten dute Langileen Estatutuko 3.1.d eta 3.4 artikuluek. Honela, Lan Zuzenbidean ohiturak iturri moduan funtzionatzen du.

Zuzenbide Zibilean, ohitura aplikagarria izateko, hiru baldintza bete behar dira:

* Orokortasuna (eta jarraitasuna). Ohitura orokorra izatea, hedapena izatea
* Derrigorrezkoa denaren ustea izatea (opinio iuris)
* Frogatu behar da. Iura novit curia printzipioaren arabera, epaileak ez du zertan ohitura ezagutu beharrik, eta beraz horren existentzia frogatu behar zaio iturritzat hartu eta aplikagarria izateko.

Baina Lan Zuzenbidean, hiru baldintza horietaz gain, beste bi baldintza bete behar dira ere:

* Ohitura lokala izatea. Hau da, bertako ohitura izatea, aplikatu nahi den esparru geografiko jakinean ohitura izatea
* Ohitura profesionala izatea. Lanpostu edo iharduera jakin horri dagokion ohitura izatea.

Esandako bost baldintza hauek betetzen badira, ohitura iturria izango da. Baina praktikan ohiturak indar gutxi du Lan Zuzenbidean, bai iturrien zerrendan duen hierarkiagatik, bai horren baliozkotasuna frogatzeak duen zailtasunagatik.

5. ZUZENBIDEAREN PRINTZIPIO OROKORRAK

Zuzenbidearen Printzipio Orokorrak iturrien zerrendan azkenekoak dira. Printzipio hauen adibidea lan munduan dugu enpleguaren egonkortasuna (estabilidad en el empleo), ideia honetan oinarritua: lana bera finkoa denean, lan harremana ere finkoa izan behar dela.

Baina hau printzipioa besterik ez da, eta iturrien zerrendan azken postuan egonda, bere garrantzia ia hutsala da. Honela, enpresak egoera txarra igarotzen badu, langilea kaleratuko du, Langileen Estatutuak eskubide hori arrezagutzen diolako, eta beraz Printzipio Orokor horrek ez du inongo indarrik izango.

6. ZUZENBIDE AMANKOMUNAREN ORDEZKOTASUNA

Lan Zuzenbidearen ordezkoa Zuzenbide Zibila da, honetatik eratorri delako historikoki. Honela, Lan Zuzenbidea autonomoa izan arren, zenbaitetan Zuzenbide Zibilera jotzen du. Adibide bezala Prozedura Laboralaren Legearen (RDLg 2/1995) 1. Xedapen Gehigarria dugu, zeinak dioen: "En lo no previsto en esta Ley regirá como supletoria la de Enjuiciamiento Civil"

7. ORDENAMENDU LABORALA KONSTITUZIOAREN ARABERA INTERPRETATZEKO PRINTZIPIOA

Zuzenbide Laboralak ez du inongo berezitasunik Konstituzioarekiko jarrerari dagokionez: Konstituzioa ordenamendu juridikoko arau gorena izanik, Zuzenbide positibo osoa horren arabera interpretatu behar da, baita Lan Zuzenbidea ere.

defero.webcindario.com