defero.webcindario.com

VII. ITURRI SINDIKALAK

1. NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA: GIZARTE-BOTEREAK LAN ZUZENBIDEAREN JATORRIZKO ITURRI GISA

2. HITZARMEN KOLEKTIBOAREN KONTZEPTUA ETA IZAERA

3. HITZARMEN KOLEKTIBOEN TIPOLOGIA

3.1. Estatutuaren araberako hitzarmenak eta estatutuz kanpokoak
3.2. Profesioarteko Esparru Akordioak eta kontzertazio sozialeko itunak

4. ENPRESAKO AKORDIO EDO ITUNAK

5. ITUNAK ETA AKORDIOAK FUNTZIO PUBLIKOKO EREMUAN



----------------------------------------



1. NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA: GIZARTE-BOTEREAK LAN ZUZENBIDEAREN JATORRIZKO ITURRI GISA

Hitzarmen kolektiboa (iturri sindikal nagusia) Lan Zuzenbideko iturri propioa da, ez da Zuzenbidearen gainontzeko ataletan agertzen. Iturri sisteman erregelamenduaren azpitik eta ohituraren gainetik kokatzen da.

Hitzarmen kolektiboa gizarte-boteretik sortzen da, autonomia kolektibotik. Zuzenbide Zibilean autonomia indibidualak berebiziko garrantzia du, gizabanakoek beraien arteko harreman juridikoak izan eta erregulatzeko gaitasuna dena; Lan Zuzenbidean, aldiz, autonomia kolektiboa dugu, kontratuak egiteko gaitasuna subjektu kolektiboei arrezagutzen diena.

Lan Zuzenbidean badago autonomia indibiduala ere (langile bakoitzak enpresariarekin kontratua burutzea), baina horretaz gain autonomia kolektiboa arrezagutzen da subjektu kolektiboen artean. Langileen aldetik, subjektu kolektibo hauek izango dira sindikatua, enpresa komitea eta langileen asanblada; enpresarien artean, subjektu kolektiboa izango dira bai enpresari elkarteak (KONFEBASK, ADEGI,...), bai enpresari indibidualak ere.

Orduan, enpresa bakarra subjektu kolektiboa izan al daiteke? Erantzuna baiezkoa izan behar da, langile-taldearekiko subjektu kolektiboa dela. Honela, enpresa bera izan daiteke harreman indibidualeko subjektua lan-kontratuaren ikuspegitik, eta aldi berean harreman kolektiboko subjektua langile-talde batekiko harremanean (hitzarmen kolektiboa burutzean).

Hitzarmen kolektiboaren izaerari dagokionez, kontratu araugilea da (contrato normativo). Kontratu bat da, araua sortzen duena hurrengo kontratuak arautzeko. Kontratua eta araua da aldi berean. Zuzenbidearen munduan funtsezkoa da bereiztea zer den kontratu bat eta zer den araua.

CARNELUTTI italiar laborista ospetsuak Hitzarmen Kolektiboa kontratuaren gorputza eta legearen arima duen nahasketa edo hibridoa bezala definitu zuen.

Kontratugileak kontratugileei eragiten die soilik. Arauak, aldiz, potentzialki guztiei eragiten die. Araua inpertsonala da (ez du pertsona jakinekiko eragina), kontratua pertsonala den bitartean. Arauak printzipioz botere publikoek sortzen dituzte, baina Hitzarmen Kolektiboa salbuespena da, subjektu pribatuek (kolektiboek: sindikatuek...) sortzen dutelako.

Adibidez: arazo batean hiru subjektu izan ditzakegu: sindikatuak (ELA, LAB eta UGT), enpresaria (Osakidetza), eta langileak (Basurtoko ospitaleko 50 garbitzaileak). Osakidetzak hitzarmena burutzen badu sindikatuekin (langileen izenean), hasiera batean hitzarmen hura kontratua da, eta printzipioz sinatzaileak lotuko ditu. Adibidez, adostu dezakete arazoaren aurrean greba egin baino lehen bitartekaritza egotea (hau autonomia kolektiboaren adibidea da; kontratu pribatuetan ere antzeko klausulak gehitu daitezke, baina kasu honetan subjektu kolektiboak ditugu). Orain arte ez da arauaren arrastorik agertu, kontratu hutsa da. Baina sinatutako Hitzarmen Kolektibo hori sinatzaileen artean aplikagarria izateaz gain, Basurtoko 50 langile horiei aplikatuko zaie, arau moduan. Sinatzaileentzat kontratua da, baina langile afektatuentzat araua da.

Gaur Hitzarmen Kolektiboa 50 langileei aplikatzen zai, baina arauak inpertsonala izaten jarraitzen du, etorkizunean Basurtoko ospitalean kontratatzen diren garbitzaileei ere aplikatuko zaielako agian. Horregatik da garrantzitsua jakitea Hitzarmen Kolektiboaren eremu zehatza ezagutea. Hitzarmen Kolektiboaren alde positiboa da sektore bakoitzak berea duela, neurrira eginiko jantzia bezala.

3.1. Estatutuaren araberako hitzarmenak eta estatutuz kanpokoak

Printzipioz Hitzarmen Kolektiboa egiteko ahalmena Konstituzioko 37. artikuluak aitortzen du (negoziazio kolektiborako eskubidea). Baina hitzarmena sortzen denean, galdera hau etortzen zaigu burura: Hitzarmen Kolektiboa sinatzen da langile guztion izenean, edo soilik afiliatuen izenean? Konstituzioak ez du zehazten, hau legeak zehazten du, Estatutuaren araberako eta Estatutuz kanpoko hitzarmenen arteko bereizketa eginez.

Honela, Hitzarmena Langileen Estatutuak (1/1995 RDLg) zehazten duen prozeduraren arabera egiten bada, Estatutuaren araberako hitzarmena izango da, Konstituzioa eta lege honen babespean geratuko delarik.

Ordea, Langileen Estatutua jarraitzen ez bada, Estatutuz kanpoko hitzarmena izango da, eta Konstituzioaren babesean egongo da.

Honela, hauteskunde sindikaletan hainbateko ordezkaritza (representatividad) lortu beharko da Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboa egiteko. Hauteskunde horietan emaitza nahikoak lortzen ez badira, ezingo da Langileen Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboa egin, Estatutuz kanpoko hitzarmena baizik, Konstituzioaren araberakoa.

Langileen Estatutuaren araberako hitzarmenek eraginkortasun pertsonal orokorra dute (guztiengan dute eragina, sindikatu negoziatzailetara afiliatuak egon edo ez), eta Langileen Estatutuz kanpokoek eraginkortasun pertsonal mugatua dute (soilik Hitzarmen Kolektiboa adostu duen sindikatuaren afiliatuengan du eragina).

3.2. Profesioarteko Esparru Akordioak eta kontzertazio sozialeko itunak

Langileen Estatutuko 83. artikuluaren arabera, Hitzarmen Kolektiboen aplikazio-esparrua alderdiek adostutakoa izango da. Honela, Hitzarmen Kolektibo batek edozein esparru geografiko har dezake, ez dago mugatua inongo entitate lurraldetar jakinetara.

Honek berez nahiko nahasketa eragiten du, kasu bakoitzean aplikagarria den Hitzarmena zein den asmatzea oztopatzen duena. Honetarako, Langileen Estatutuak sistema hau egituratzeko aukera ematen du, Profesioarteko Esparru Akordioen bidez.

Profesioarteko Esparru Akordioak bi motatakoak izan daitezke: berezkoak eta ez-berezkoak. Bereizketa hau doktrinak adierazi du, ez da legean agertzen. Honela, berezkoak Langileen Estatutuko 83.2 artikuluarekin parekatuko ditugu, eta ez-berezkoak Langileen Estatutuko 83.3 artikuluarekin.

Normala da hitzarmena sektore baten barrukoa izatea, hau da, ez da normala profesioartekoa izatea. Hauek makro-akordioak dira, Estatu zein Erkidego Autonomo mailako sindikatu eta enpresari elkarte nagusiek egin dezaketena (esparrua: Estatua edo Erkidego Autonomoa).

Zeintzuk dira berezkoak eta ez-berezkoak? Berezko akordioak hitzarmenak egiteko hitzarmenak dira. Printzipioz, hitzarmenaren gaia askatasunean oinarritzen da, ez dago aldez aurretiko aplikazio eremua, hau alderdien esku dago. Hitzarmen-esparrua librea izateak arazoak sor ditzake; honela, sindikatu batzuek nahiago izaten dute enpresa bakoitzean negoziatzea, beste batzuek nahiago dute sektore osoarekin negoziatzea... Legea ez da hor sartzen, eta orduan arazo horri aurre egiteko tresna izan daiteke Profesioarteko berezko Esparru Akordioa (hitzarmenak egiteko hitzarmena), hauen bitartez negoziazioaren egitura negoziatuko delako. Hemen akordio ezberdinen arteko artikulazioa tratatzen da, sistematizazioa...

Ez-berezko Profesioarteko Esparru Akordioak izango dira makro-egitura honekin lan baldintzak erabakitzen dituztenak, hau da, gai zehatzak tratatzen dituztenak (segurtasun balditnzak...).

Bestalde, kontzertazio sozialeko itunak ditugu. Kasu honetan, fenomeno sozio-politiko baten aurrean gaude. Estatuak botere publiko bezala lan-arloko edozein erabaki hartu nahi badu, horren inguruko legeak emateko legitimazioa du, hau da, botere publikoek greba arautu nahi badute (adibidez), parlamentuak askatasuna du erabakitzeko, inoren eskaerei entzun gabe. Baina lan munduan, kontutan hartuta agente sozialen indarra (sindikatu eta enpresari elkarteak), ohizkoa da kontzertazio soziala, hau da, akordioak lortzea sindikatu eta enpresarien artean, eta gero parlamentuak hura berrestea (printzipioz parlamentuak askatasuna du berak aldebakarki araudia emateko, baina praktikan agente sozialekin adostasunera iristeko ohitura dago). Kontzertazio sozialak berez ez du indar juridikorik, baina parlamentuak edo gobernuak hura berrestean indarra ematen dio.

Seguruenik kontzertazio maila handiena lan arloan dago; gainontzeko esparru juridikoetan normalean bakarrik alderdi politikoek hartzen dute parte.

4. ENPRESAKO AKORDIO EDO ITUNAK

Enpresako akordioak gai puntualei buruzko akordioak dira, enpresako hitzarmen kolektiboekin kontrajarriak, orokorragoak direnak. Hau Langileen Estatutuak sortutako figura dugu, Hitzarmen Kolektiboen hutsuneak betetzeko aurrikusia; beraz, Hitzarmen Kolektiboaren ordezkoak (subsidiarioak) dira. Figura hau erabili daiteke soilik Langileen Estatutuak espreski esaten duenean. Bestalde, enpresako akordioen eremua beti izango da enpresa jakin bat. Adibideak ditugu Langileen Estatutuko 34.2 eta 34.3 artikuluak.

5. ITUNAK ETA AKORDIOAK FUNTZIO PUBLIKOKO EREMUAN

Juridikoki, langileen eta funtzionarien egoera elkarrengana gerturatzen ari dira, nahiz eta izaeraz ezberdina izan euren harremana. Garai batean astakeriatzat hartuko litzateke funtzio publikoaren Hitzarmen Kolektiboaz hitz egitea, funtzio publikoa Estatuaren "pertsonifikazioa" zelako, eta nola eztabaidatuko du Estatuak Estatuarekin, "pertsona" bera badira? Baina gerora funtzionariak Estatuarekin duen harreman juridikoa langilea eta enpresariaren arteko harremanera hurbildu da.

Honela, K. 28.1 artikuluak espreski aipatzen ditu langile eta funtzionariak askatasun sindikalaren titular bezala. Honek hurbiltze nabarmena markatzen du langileen eta funtzionarien egoeren artean, eta pixkanaka funtzionarien negoziazio kolektiborako eskubidea legez aitortzen joan da. Honela, funtzionarien hitzarmen kolektiboko legea dugu (9/1987 Legea).

Hurbiltze prozesu horretan eman den kontraesana grebarena izan da: Konstituzioan argi dago langileek greba eskubidea dutela, baina ez dago hain argi funtzionarien kasuan. Hala ere, funtzionariek greba egin izan dute, eta greba egindako egunen soldata deskontatu egin zaie. Funtzionariek diru hori deskontatzea errekurritu izan dute, neurri hori ez zelako inon agertzen, arautua ez zegoen-eta. Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion funtzionarien ordezkariari, eta honela onartzen da funtzionariek greba eskubidea dutela, baina arautu gabe egoteagatik ezin zitzaien soldatatik deskontatu. Horregatik 30/1984 legea eman behar izan zen, hau konponduz.

defero.webcindario.com