defero.webcindario.com

IV. ITURRI JURIDIKO LABORALEN SISTEMA

1. SARRERA

2. NAZIOARTEKO ARAUAK

2.1. Europar Batasuna
2.2. Nazioarteko Hitzarmenak

3. LEGEA

4. ERREGELAMENDUA

5. ESTATU ETA ERKIDEGO AUTONOMOEN ARTEKO ESKUDUNTZA BANAKETA

5.1. Lan arloa
5.2. Gizarte Segurantza
5.3. Lan Harremanen Euskal Esparrua



----------------------------------------



1. SARRERA

Iturriei dagokienez, bi mota bereizi behar ditugu: jatorrizko iturriak, eta iturri formalak. Jatorrizko iturriak hiru ditugu: Estatua, Nazioarteko Erakundeak (batez ere Europar Batasuna), eta gizartea bera, hiru hauetatik sortzen baitira arau laboralak. Iturri formalei dagokienez, honakoak ditugu, hierarkikoki antolatuak:

* Europar Batasuneko araudia
* Konstituzioa
* Nazioarteko Hitzarmena
* Legea
* Erregelamendua
* Hitzarmen Kolektiboa
* Ohitura
* Zuzenbidearen Printzipio Orokorrak.

Europar Batasuneko araudiak Nazioarteko Erakunde bat du jatorrizko iturritzat; Konstituzioak, Nazioarteko Hitzarmenak, Legeak eta Erregelamenduek Estatuan dute jatorria (Nazioarteko Hitzarmenak bere jatorria Estatuan duela esaten dugu honen sorreran Estatuek hartzen dutelako parte, hau da, hitzarmena bi Estatu edo gehiagoren borondatearen islada da); Hitzarmen Kolektiboak eta Ohiturak Gizartean dute jatorria. Zuzenbidezko Printzipio Orokorrak Zuzenbidearen praktikatik sortzen dira.

2. NAZIOARTEKO ARAUAK

Nazioarteko arauak ez dira oso garrantzitsuak arlo honetan, hauek arrezagututako eskubide laboralak normalean barne-araudiak lehenik bermatzen zuelako dagoeneko. Arau hauei dagokienez, bereizi egin behar dira Nazioarteko Hitzarmenak eta Europar Batasuneko arauak. Nazioarteko Hitzarmenetan adostutako arauek ez dute balio juridikorik Estatu bakoitzak hura berretsi arte; Europar Batasuneko arauei dagokienez, aldiz, hauek Konstituzioaren gainetik kokatzen dira, eta automatikoki indarrean sartzen dira Europar Batasun osoan, Estatu-kideek beren subirautzaren zati bat delegatu diotelako erakunde honi.

2.1. Europar Batasuna

Europar Batasunak sortutako arauak dira erregelamenduak, direktibak eta erabakiak. Erregelamenduak Europar Kontseiluak ematen ditu, eta Europar Batasun osoan automatikoki aplikagarriak dira DOCEan argitaratzen direnetik (Diario Oficial de las Comunidades Europeas). Direktibek helburu bat finkatu, eta hura lortzeko bidea Estatu bakoitzaren eskuetan uzten dute (inplementazioaren bidez). Hauek ere Europar Batasun osoan aplikagarriak dira. Erabakiak Estatu jakin batzuei zuzendutako arauak dira (direktiben antzekoak, baina izaera orokorrik gabe). Arau hauetaz gain, badaude arau-izaerarik gabekoak: gomendioak, irizpenak eta ebazpen edo erresoluzioak.

Zer egin du Europar Batasunak lan-arloan? Erakunde hau helburu edo interes ekonomikoengatik sortu zen berez, langileen egoera kontutan hartu gabe. Baina langileen arazoei aurre egin behar izan die ezinbestean, hiritarrengan nolabaiteko legitimazioa eskuratzeko. Beraz, Zuzenbide komunitario soziala egon badago, baina beti ere elementu ekonomikoekiko menpekotasun egoeran, bigarren mailan: langileen zirkulazio librea, sexuaren araberako tratu berdintasuna, europar mailako enpresa-komitea, Europako fondo soziala...

2.2. Nazioarteko Hitzarmenak

Hemen bi mota ditugu: aldebiko hitzarmenak (normalean inmigrazioa erregulatuz), eta aldeanitzeko hitzarmenak (Lanaren Nazioarteko Erakundea -LNE/OIT-, Nazio Batuen Erakundean, eta Europako Karta Soziala).

Lanaren Nazioarteko Erakundea (LNE/OIT) 1919an sortu zen, I. Mundu Gerra (1914-1918) eta Errusiar Iraultza (1917) eman ostean. Honela, Versalles-eko bake-hitzarmenean, besteak beste, erakunde hau sortzen da, langileen alde ihardutearren. Aipagarria da erakunde honek 1944ko Philadelphiako adierazpenean esandakoa: "Munduko edozein eskualdeko pobreziak bake unibertsala arriskuan jartzen du".

Erakunde honen ezaugarri nagusia da bertan parte hartzen dutela langileen, enpresarien eta gobernuen ordezkariek. Erakunde honen kide izatea ala ez borondatezkoa da, baina kide diren Estatu guztiek beren ordezkariak bidali behar dituzte (langile, enpresari eta gobernuaren ordezkariak). Enpresarien artean nahiko kohesioa dago ordezkariak izendatzean, baina sindikatuen artean zenbaitetan tirabirak egoten dira; beraz, konponbidea normalean izaten da sindikatu nagusiak txandakatzea erakunde horretan egoteko.

1945ean Nazio Batuen Erakundea (NBE/ONU) sortu zen, eta LNE/OIT honen barruan sartu zen, NBEren menpeko organo gisa (UNICEF bezala...).

LNE/OIT erakundeak emandako arauak hitzarmenak dira -convenios- (hitzarmen kolektiboaren ezberdina), eta erakundeko kide diren Estatuentzako lotesleak izateko, Estatu bakoitzak banan-bana berretsi behar ditu (ratifikazioa). Honela, BOE-an argitaratzen denetik, barne Zuzenbidea bihurtzen da.

Hitzarmen hauek gutxieneko baldintzak ezartzen dituzte, eta hortik aurrera Estatuei langileen gutxieneko eskubideak bermatzea dagokie, hortik aurrera hobetu daitezkeelarik. Adibidez, LNEren 151. hitzarmenak dio funtzionariei utzi behar zaiela nolabaiteko partehartea beren lan baldintzak erabakitzean; gutxieneko arau honetatik aurrera, Estatu bakoitzak erabaki behar du ahalmen hau zein neurritan arrezagutu.

Askotan gertatzen da LNEan hitzarmen bat berresten denean, hitzarmen horretako baldintzak aspaldi betetzen zirela Estatuan. Beraz, ez dute inolako aurrerakuntzarik suposatzen (lan baldintza txarrenak dituzten Estatuentzat agian bai, baina orokorrean europar Estatuentzako ez).

LNEren beste tresna gomendioak dira; bere izenak adierazten duen bezala, aholku soilak dira, ez dute arau izaerarik, eta beraz ez dira lotesleak. Askotan gertatzen dena da proposamen batek ez duela nahiko babesa jasotzen hitzarmena izateko, eta gomendio bezala amaitzen du.

Erakunde honetaz gain, Nazio Batuen Erakundeak berak ere 1966an emandako bi hitzarmen ditugu: Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmena, eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Hitzarmena. Hitzarmen hauetan eskubide laboral garrantzitsuenak arrezagutzen dira.

Bestalde, Europar Kontseiluak ere (Europar Batasunaren ezberdina) Europar Karta Soziala eman zuen 1981ean, eta Giza Eskubideen Europako Konbentzioa 1950ean.

3. LEGEA

Estatuan, lege indarreko lau arau mota ditugu: Lege Organikoak (sindikatzeko askatasuna eta grebarako eskubidea arautzen dutenak oinarrizko eskubideak diren neurrian), Lege Arruntak, Dekretu-Legeak, eta Dekretu Legegileak (testu artikulatuak eta testu bateratuak).

Dekretu-legeei dagokienez, aipatu beharra dago hauek direla gobernuak ez-ohizko edo premiazko beharra dagoenean eman ditzakeen arauak. Hauen adibidea dugu "dekretazoa", gehienbat langabezi-prestazioekin harremanetan zegoena. Arazoa honakoa da: ba al zegoen premiazko egoerarik dekretu-legearen erabilpena justifikatzen eta legitimatzen zuena?

4. ERREGELAMENDUA

Erregelamendua administrazio publikoak sortzen duen araua da. Bere funtzio nagusia da legeak dioena osatzea. Adibidez, Aldi Baterako Lan Enpresen Legearen (ETT) garapena Aldi Baterako Lan Enpresen Erregelamenduak egiten du.

Erregelamendu motei dagokienez, Ministroen Kontseiluak Errege Dekretuak ematen ditu, eta ministroek Agindu Ministerialak. Erkidego autonomoan eskema errepikatzen da, eta dekretuak zein kontseilarien aginduak eman daitezke.

Lan-arloari dagokionez, Agindu Ministerialaren bitartez urtero Gizarte-Segurantzaren kotizazioak arautzen dira. Errege Dekretuaren bitartez, Gobernu Zentralak gutxieneko soldata ezartzen du, urtero kasu honetan ere.

Langileen Estatutuko 3.2 artikuluak dio erregelamenduek ezin dituztela lan baldintza berriak ezarri, hau da, ez dutela gaitasunik legezko lan-baldintzak aldatzeko (ezta balditnzak hobetzeko ere). Hitzarmen kolektiboak,aldiz, badu baldintzak hobetzeko gaitasuna, nahiz eta erregelamenduaren maila izan.

Frankismoan, lan-baldintzak erregelamenduak zehazten zituen, sektoreka. Baina Konstituzioan autonomia kolektiboa arrezagutzen da; horregatik baldintzak ez dira erregelamenduz zehazten, hitzarmen kolektiboaz baizik.

5. ESTATU ETA ERKIDEGO AUTONOMOEN ARTEKO ESKUDUNTZA BANAKETA

Oro har, Erkidego Autonomoek ezer gutxi egin dezakete Lan eta Gizarte Segurantzaren arloan. Konstituzioaren arabera, bereizi behar da lan arloa eta gizarte asegurantza.

5.1. Lan arloa

Lan arloan, K 149.1.7 artikuluaren arabera, Estatuari dagokio lan-legedia (legislación laboral), eta Erkidego Autonomoei dagokie horren exekuzioa. Baina, zer da lan-legedia? Soziala terminoa erabiltzean, badakigu zentzu zabalean esanahi dela, baina laborala hertsiki zein zabalki interpretatu daiteke. Adibidez, gizarte-asegurantzak zein lanbide heziketak lan kontzeptu hertsitik ihes egite dute.

Honen interpretazioa Auzitegi Konstituzionalak egiten du, eta esaten du zentzu murritzean ulertu behar dela: enpresaria eta langilea lotzen dituen lan harremana. Beraz, Gizarte Asegurantza, INEM, lanbide heziketa, enplegu politika... lan kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira, eta printzipioz Erkidego Autonomoek hura arautzeko gaitasuna izan lezakete; ez, ordea, hertsiki lan-harremaneko elementua dena, adibidez, gutxieneko soldata.

Interpretatzeko beste arazo bat sortzen zaigu legedia (legislación) terminoa aztertzean. Honek zer suposatzen du, eskuduntza esklusiboa dagoela legean bakarrik, edo baita erregelamenduan? Auzitegi Konstituzionalak esan du legedia termino hori zentzu materialean ulertu behar dela, eta ez formalean, eta beraz lege zein erregelamendu guztiak Estatuak eman ditzake soilik. Beraz, Estatuak araudia sortu eta erabakitzen du; Erkidego Autonomoek, gehienez, aplikatu ahal izango dute (edota barne-antolaketa egin).

Honela, Erkidego Autonomoek badute nolabaiteko zeresana dagokien exekuzioan, adibidez, greba garaian gutxieneko zerbitzuak finkatzea. Baina arauketa osoa Estatuak egiten du: baldintzak, nork konbokatu dezakeen, legezkoa den erabaki...

Bestalde, INEM, enplegu-politikak, dirulaguntzak, lanbide-heziketa eta abar ez dira lan-legedi kontzeptuan sartzen, eta beraz ez dira Estatuaren eskuduntza esklusiboak. Hauek juridikoki lotuak ez daudenez (Gizarte Segurantza ezik), hauen inguruan eztabaida dago, transferentziak eskatuz.

5.2. Gizarte Segurantza

K 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuari dagokio oinarrizko legislazioa eta eraentza ekonomikoa. Erkidego autonomoei, aldiz, lege garapena eta egikaritza.

Hemen Konstituzioak aukera gehiago ematen dizkie Erkidego Autonomoei. Baina Gizarte Asegurantzak juridikoki antolatutako egitura izateaz gain, garrantzi ekonomiko handia du (diru-sarrera garrantzitsuak dira, baita gastu handiak ere). Diruari dagokionez, Estatuak maneiatuko du hau (berari dagokiolako eraentza ekonomikoa). Juridikoki banatua egon arren, ekonomikoki Estatuak kontrolatzen du, Kutxa Bakarraren bidez (Caja Única). Bereziki Eusko Autonomi Erkidegotik egiten den aldarrikapena da Kutxa Bakarraren sistema apurtzea, baina Estatuak ezetz dio, Konstituzioan oinarrituz.

5.3. Lan Harremanen Euskal Esparrua

Euskal sindikatuek eskatzen dutena da Lan Harremanen Euskal Esparru bat eratzea. Lan baldintzak batez ere hitzarmen kolektiboetan zehazten dira, eta beraz ezin da esparru hau legez sortu, bai ordea hitzarmen kolektiboaren bitartez, hitzarmen kolektiboak edozein eremu izan dezakeelako.

defero.webcindario.com