defero.webcindario.com

19. TRIBUTU-EKINTZEN BERRIKUSPENA HELEGITEEN BIDEZ

1. TRIBUTU-EKINTZEN BERRIKUSPENA HELEGITEEN BIDEZ. BIRJARPEN HELEGITEA

2. ERREKURTSO EKONOMIKO ADMINISTRATIBOAK

3. ERREKURTSO KONTENTZIOSO ADMINISTRATIBOAK



----------------------------------------



1. TRIBUTU-EKINTZEN BERRIKUSPENA HELEGITEEN BIDEZ. BIRJARPEN HELEGITEA

Egintza administratiboen berrikuspena bi modutan egin daiteke: ofizioz (administrazioak berak), edo interesatuen eskariz (helegite edo errekurtsoen bidez). Honela, bide administratiboan bi helegite mota ditugu: birjarpen helegitea (reposición), eta murtzilo ekonomiko-administratiboak (reclamación económico-administrativa). Bide administratiboa amaitzean, bide kontentzioso-administratiboa izango dugu (bide judiziala).

1.1. Birjarpen helegitea

Helegite hau ezagutuko du errekurritzen ari garen egintza hori eman zuen organuak berak. Honen bidez, organo horri arazo bat bigarren aldiz ezagutzeko aukera ematen zaio, beste organo batetara pasa baino lehen. Honek lau ezaugarri nagusi ditu:

* Egintza administratiboa eman zuen organoaren beraren aurrean tarteratzen da

* Bide ekonomiko-administratiboaren aurrekoa da

* Nahibadakoa da, hau da, erreklamazio ekonomiko-administratibora jo daiteke birjarpena erabili gabe. Hala ere, birjarpen helegitea tarteratzen bada, hura espreski edo ixilbidez ebatzi arte, ezin izango da erreklamazio ekonomiko-administratibora igaro.

* Erreklamazio ekonomiko-administratiboaren bitartez errekurritu daitezkeen egintzen aurka tarteratu daiteke birjarpen helegitea. Salbuespena: birjarpen helegitearen ebazpena eta ebazpen ekonomiko-administratiboak.

Errekurritu nahi den egintza administratiboa jaso denetik, 15 eguneko epea dago birjarpen helegitea tarteratzeko (hura tarteratzeko legitimatuak daude erreklamazio ekonomiko-administratiboa tarteratu dezaketen berdinak). Momentu horretan, aurkeztu behar dira alegazioak eta frogak. Alegazio hauek aurkezteko, interesatuak eskubidea du ogasunari espedientea erakustea eskatzeko; behin eskatuta, ogasunak obligazioa du espediente hori erakusteko.

Birjarpen helegite hau erabakitzean, erabakitzen duen organuak aztertu dezake, helegileak planteatutako gaietaz gain, espedientean agertutako beste batzuk ere. Helegitea aurkeztu zenetik, organoak 8 eguneko epea du ebazpena emateko, eta erabakia ematen denetik 10 eguneko epean jakinarazi behar zaio interesatuari. Aurkeztu zenetik 30 egun igarotzen badira jakinarazpenik jaso gabe, desestimatutzat hartzen da (ixiltasun negatiboa), eta momentu horretatik aurrera tarteratu ahal izango du erreklamazio ekonomiko-administratiboa. Hala ere, ixiltasun administratiboak aurrikusteak ez du esanahi administrazioak espreski erantzun behar ez duenik.

Birjarpen helegitea tarteratzeak ez du helegindako egintza horren exekuzioa geldiarazten, baina geldiarazi daiteke, erreklamazio ekonomiko-administratiboan ere geldiarazi daitekeen bezala.

2. ERREKURTSO EKONOMIKO-ADMINISTRATIBOAK
2.1. Ezaugarriak:

* Derrigorrezkoa. Bide administratiboa derrigorrez erabili behar da auzitegietara joan baino lehen.

* Errekurtso administratiboa da. Ezagutzen den gaia administratiboa da, eta erabakitzen duen organoa administratiboa da ere.

* Bide kontentzioso-administratibora jo baino lehen agortu beharreko errekurtsoa da.

* Ez da abokatu edo prokuradorerik behar (birjarpen helegitean bezala)

Honetaz ezagutzen duen organoa administratiboa da, nahiz eta auzitegi izena hartu (Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak). Hala ere, hau zalantzagarria da. Ikuspegi batetik, auzitegiak dira, Zuzenbidea interpretatzen dutelako, eta Zuzenbidezko erabakiak hartzen dituztelako, Zuzenbidea aplikatuz. Beste ikuspegi batetik, ez lirateke auzitegiak izango, hiru arrazoietan oinarrituz:

* Formalki, ez dituzte sententziak ematen, ebazpenak baizik

* Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa osatzen dutenak ez dira majistratuak

* Ez daude botere judizialaren barruan, ez dute funtzio jurisdikzionalik. Hori dela-eta, ez dute jurisprudentziarik sortzen. Hala ere, Auzitegi Ekonomiko-Administratiboen ebazpenak jurisprudentzia bezala erabiltzen dira praktikan, eta helegitea tarteratzean, interesatuaren aldekoak diren ebazpenak aipatu egiten dira.

Auzitegi Ekonomiko-Administratibo hauek printzipioz inpartzialak izan behar dute, baina administrazioaren barruan daude, eta normalean ogasunaren alde jotzen dute. Horregatik independentzia hori askotan zalantzan jartzen da.

2.2. Auzitegi Ekonomiko-Administratibo motak

Foru-lurralde bakoitzean auzitegi ekonomiko-administratibo forla bat dago. Estatuko gainontzeko lurraldeetan, erkidego autonomo bakoitzean auzitegi ekonomiko-administratibo erregional bat dago (TEAR, Tribunal Económico-Administrativo Regional); hauetan 2. instantzia ere badago, auzitegi ekonomiko-administratibo zentrala (TEAC).

Erkidego Autonomoetako Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Erregionalek batzuetan 1. instantzia bezala funtzionatzen dute, eta bestetan instantzia bakarra bezala. Eztabaidatzen den kopurua aztertu beharko da, eta horren arabera kasu batean edo bestean egongo gara: 25.000.000 pezetatik gorako kuota edo 300.000.000 pezetatik gorako oinarriaren balorazioa eztabaidagai denean, 2. instantzia egongo da (TEAC). Aipatutako kopuru hauek gainditzen ez badira, TEAR-ek instantzia bakarrean ezagutuko dute. Baina 1/1988 legeak (zergadunen eskubideei buruzkoa) esaten du zergadunak aukera duela zuzenean zentralera pasatzeko (TEAC), tramiteak azkarrago joateko.

Foru-lurraldeen kasuan, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Foraletik zuzenean bide kontentzioso-administratibora igaroko da (jurisdikzioa), ez dago 2. instantzia administratiborik.

2.3. Bide ekonomiko-administratiboan errekurritu daitezkeen egintzak

TFAO 161. artikuluak errekurritu daitezkeen egintzen zerrenda jasotzen du. Laburtuz, prozedura bati bukaera ematen dioten egintza administratiboak dira, hau da, zerbait erabakitzen duten egintza administratiboak (tributuen kudeaketa, ikuskapena, eta bilketa-egintzak). Egintza administratibo hauek errekurritu daitezke bai egitatezko arraoziengatik, baita Zuzenbidezko arrazoiengatik.

TFAO 162. artikuluaren arabera, egintza administratiboa errekurritzeko legitimatuak daude:

* Subjektu pasiboak, atxekitzaileak, eta zergaren erantzuleak

* Kudeaketako administrazio-egintza dela medio bere interes zilegi eta zuzena ukitua ikusten duten pertsonak. Hau da, egintza administratiboaren ondorioz hirugarren pertsona baten interesak kaltetzen badira, horrek errekurritzeko eskubidea izango du.

* Ogasunak berak, kontuhartzaileen organoen bidez

Ezingo dute errekurritu:

* Funtzionariak, salbu partikularki aitortzen zaien eskubide baten kontra zuzenean joatea; hau da, haren eskubide ekonomiko baten aurka doazen egintzak errekurritu ahal izango ditu, partikular bezala.

* Partikularrak administrazioaren delegazioz edo haren agente mandatari gisa iharduten duenean

* Salatzaileak

* Itun edo kontratuaren bidez zerga-obligazioak bereganatzen dituztenak

2.4. Prozedura

- Hasiera. Idatzi bat aurkeztuz hasten da. Bi aukera:

* Errekurtsoa tartzeratzea alegazioak egin gabe

* Errekurtsoa tarteratzea, eta aldi berean alegazioak egitea, baita frogak aurkeztu ere

- Tarteratzeko epea

* 15 egun, egintza administratiboa jakinarazten den egunetik

* 15 egun, birjarpen helegitearen erabakia jakinarazten den egunetik

* 15 egun, birjarpen helegitearen erantzunik jakinarazten ez den kasuan, desestimatutzat kontsideratzen den egunetik (hala joko da helegin eta 30 egunetara)

- Instrukzioa

* Alegazioak egin gabe helegin bada, auzitegiak ogasunari espedientea eskatuko dio. Auzitegiak jasotzen duenean, errekurritzen duenari jakinaraziko zaio hura Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan dagoela. Zergaduna hara joango da, espedientea eskatu, eta ondoren alegazioak egingo ditu, frogak aurkeztuz.

* Errekurtsoa tarteratzearekin batera alegazioak egin eta frogak aurkezten badira, ez da espedientea erakutsiko (suposatzen da ezagutzen duela).

- Amaiera aukerak

* Esanbidezko ebazpena. Auzitegiak ebatzi egiten du, eta 10 egunetan jakinarazi behar dio errekurritu duenari

* Ixilbidezko ebazpena. Helegitea tarteratu zenetik urtebete igarotzen bada erabaki gabe, errekurtso hori desestimatutzat ematen da. Ondoren, helegin nahi duenak Jurisdikzio Kontentzioso Administratibora jo dezake.

* Posiblea da ere errekurtsoa jarri duenak uko egitea bere erreklamazioari

2.5. Aurkatutako egintzaren esekipena

Printzipioz, administrazioaren egintzak ez dira esekiten. Hala ere, aurkatutako egintza administratiboaren exekuzioa esekiko da berme hauek aurkezten badira

* Diru efektiboa edo balore publikoak

* Banketxeak edo elkar-bermezko elkarte batek prestatutako izaera solidarioko abal edo fidantza

* Bi zergadunen fidantza pertsonal eta solidarioa

Berme hauek ezin badira aurkeztu, auzitegiak erabakiko du egintza administratiboa esekiten duen edo ez.

2.6. Altxada helegitea

Honek bigarren instantzia bezala funtzionatzen du (erregionaletik zentralera pasatzeko dagoen era). Bi altxada mota daude: arrunta eta ez-ohizkoa.

- Arrunta

Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Erregionalaren erabakia errekurritu daiteke, 1. instantzian parte hartu duten subjektuek helegin dezaketelarik. Kasu honetan, helegitea tarteratzea, alegazioak egitea, eta frogak aurkeztea, egintza berean burutu behar dira. Helegitea Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Zentralaren aurrean tarteratu beharko da, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Errregionalaren ebazpena jakinarazten denetik 15 eguneko epean.

- Irizpideak bateratzeko ez-ohizko altxada

Hau administrazioko organoek bakarrik tarteratu dezakete, altxadazko helegite arrunta ezin denean erabili, ebazpena larriki okerra eta kaltegarria denean. Epea Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Erregionalaren ebazpena jakinarazten denetik 3 hilabetekoa izango da.

2.7. Aparteko berrikuspen helegitea

Estatu mailan hau erabakitzen duena Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Zentrala da; Foru-lurraldetan, aldiz, Auzitegi Ekonomiko-Administratibo Forala. Bide honetan errekurritu daitekeena da kudeaketa-egintzak eta erreklamazio ekonomiko-administratiboen ebazpen irmoak, ondorengo gorab-beheraren bat gertatzen denean:

* Haiek ematean benetako akats nabarmena existitu balitz, espedienteari erantsitako agirietatik sortua

* Funtsezko balioa duten agiriak agertuko balira, ebazpena ematerakoan ezagutu ezin zirenak, edota espedienteari erantsi ezin zirenak

* Ebazpenean epai judizial irmo batek faltsutzat deklaratutako dokumentu edo testigantzek funtsezko moduan eragin badute

* Ebazpena delitu baten ondorioz eman zela deklaratzen duenean epai judizial irmo batek (adibidez, prebarikazioa)

Hau tarteratzeko epea 4 urtetakoa izango da aurkatutako ebazpena jakinarazi zenetik, egitatezko akats nabarmenen kasuetan. Beste kasuetan, 3 hilabetetakoa izango da, epai judizial irmoa eman zenetik.

3. ERREKURTSO KONTENTZIOSO-ADMINISTRATIBOAK

Bide administratiboa amaitzean, helegite kontentzioso-administratiboa tarteratzeko auekra dago, bide judizialean (Jurisdikzio Kontentzioso-Administratiboa, 29/1998 legea).

defero.webcindario.com