defero.webcindario.com

18. TRIBUTU-EKINTZEN BERRIKUSPENA BIDE ADMINISTRATIBOAN

1. TRIBUTU-EKINTZEN BERRIKUSPENA BIDE ADMINISTRATIBOAN

2. BALIOGABEZIA AITORPENA

3. EKINTZA DEUSEZTAGARRIEN BERRIKUSPENA

4. AKATS MATERIAL ETA ARITMETIKOEN ZUZENKETA

5. ZOR EZ DIREN SARREREN ITZULKETA



----------------------------------------



1. TRIBUTU-EKINTZEN BERRIKUSPENA BIDE ADMINISTRATIBOAN

Zer suposatzen du berrikuspena ofizioz egiteko ahalmena? Administrazioak egintza administratiboak berrikusi ditzakeela epaitegietara joan beharrik gabe, eta interesatuaren inpugnazio edo aurkapenei itxaron gabe. Berrikuspen honek muga batzuk ditu, segurtasun juridikoak ezartzen dituenak, azken finean, administrazioak bere egintzen aurka joan behar duela suposatzen duelako. Mugak:

* Berrikuspen hau tasatutako kasuetan bakarrik erabili daiteke

* TFAO 154. artikuluak dioen bezala, judizio epai finkoaz baieztatutako administrazio-egintzak ez dira inolaz ere berrikusgarriak izango

* Berrikuspen-prozedura honen ondorioz emandako erabakiak helegin daitezke

2. BALIOGABEZIA AITORPENA

TFAO 147. artikuluaren arabera, hiru egintza baliogabetu daitezke:

* Nabarmenki eskumenik gabeko organoek emanikoak. Honetarako, argi eta garbi eskumenik gabekoa izan behar da; adibidez, Donostiako hiritar bati Andaluziako ogasunak ezingo dio kobratu.

* Delitua osatzen duten egintzak (adibidez, prebarikazioa...). Kasu hauetan egintza hori delitu baten ondorioz eman dela sententzia batek deklaratu beharko du.

* Organo kolejiatuen borondatea osatzeko prozedurari edo funtsezko erregelak dituzten arauei guztiz eta oro bat uko eginez emandakoak

Zer da berrikusi daitekeena? TFAO 147. artikuluak egintzei buruz hitz egiten du, baina inongo zehaztasunik gabe. Horregatik esan behar da berrikusi daitekeena direla kudeaketa-egintzak, erabaki ekonomiko-administratiboak... Hau da, edozein egintza, irmo izan hala ez. Egintza hauek prozedura honen bidez berrikusteko ez dago eperik. Normalean administrazioak ofizioz hasiko du, baina interesatuak eskatuta has daiteke ere.

Egintza baliogabea den edo ez erabakitzea, Gipuzkoa mailan Ogasun-Foru Diputazioari dagokio, aholkularitza juridikoak aurrez bere irizpidea emanik. Estatu mailan, Ekonomia eta Ogasuneko Ministroari dagokio, Estatu Kontseiluari entzun eta gero.

3. EGINTZA DEUSEZTAGARRIEN BERRIKUSPENA

TFAO 148. artikuluan egintza deuseztagarrien berrikuspena aurrikusten da, eta bi kasutan eman daiteke bakarrik:

* Legea nabarmenki urratzen duen egintzen kasuan. Legearen aurkako urraket garbia izan behar da, eztabaidarik gabekoa

* Berrikusgarria den egintza ematean administrazioarentzat guztiz ezezagunak ziren egitate zergagarriaren osagaiak zuritzen dituzten froga berriak aurkezten direnean. Beharrezkoa da froga hauek funtzezkoak izatea, eta ogasunak hauek ezagutzeko aukerarik ez izana.

Berrikusi daitekeena da kudeaketa-prozeduran ematen diren egintzak (baliogabeziaren kasuan, dena berrikusi daiteke). Epea lau urtetakoa da. Berrikuspena ofizioz has daiteke; interesatuaren eskaerari dagokionez, jurisprudentziak dio ezin dela honen bidez hasi. Gipuzkoan Ogasuneko Diputatuak ebatziko du, eta Estatuan Ekonomia eta Ogasun Ministroak.

4. AKATS MATERIAL ETA ARITMETIKOEN ZUZENKETA

TFAO 152. artikuluan arautzen da. Honen bidez, egintza administratibo batean burutzen diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzen dira. Ezingo da zuzendu interpretazio juridiko oker baten ondorioz egindako akatsa. Prozedura honekin lortu nahi dena da egintza administratibo baten zuzenketa; ez da egintza berria lortu nahi. Hau burutu daiteke ofizioz zein interesatuaren eskariaz. Epea lau urtetakoa izango da (preskripzio-epea).

6. ZOR EZ DIREN SARREREN ITZULKETA

Hau bi kasutan ematen da: ordainketaren obligazioa existitu gabe ordainketa bat egiten denean, eta behar zena baino gehiago ordaindu denean. Ogasunak eskaera jaso ondoren, erabakiko du itzultzen duen edo ez, eta 3 hilabeteko epean erantzuten ez badu, ulertuko da ez dela onartzen (ixiltasun negatiboa).

Ogasunak dirua itzuli behar duen beste kasu bat da urtean zehar atxekipenak egiten direnean, baina urte-bukaeran (aitorpena egitean) tributu-kuota atxekitutakoa baino txikiagoa denean. Kasu honetan ere Ogasunak diferentzia itzuli beharko du, baina honek ez du harremanik azaldutako prozedurarekin.

defero.webcindario.com