defero.webcindario.com

17. TRIBUTUEN BILKETA

1. TRIBUTUEN BILKETA. BILKETA-SISTEMA EZBERDINAK

1.1. Borondatezko epean egiten den ordainketa edo bilketa
1.2. Epe exekutiboa edo premiamenduzko epea

2. ORDAINKETAREN GERORAPENA ETA ZATIKETA

3. BERMEAK



----------------------------------------



1. TRIBUTUEN BILKETA. BILKETA-SISTEMA EZBERDINAK

Zergaduna zor bat du ogasunarekiko, eta ogasunak kreditu hori lehenbailehen kobratu nahi du, bi modu ezberdinez: subjektu pasiboak borondatez ordaintzea, edo ogasunak ordainaraztea. Honela, TFAO 126. artikuluak bi mota bereizten ditu: borondatezko ordainketa, eta epe exekutiboan egiten den ordainketa.

1.1. Borondatezko epean egiten den ordainketa edo bilketa

Zordunak bere borondatez ordainketa egitea suposatzen du honek. Hau bilketa-modurik arruntena da. Hiru kasu daude:

* Subjektu pasiboari jakinarazitako likidazio administratiboa. Hilabetearen lehenengo hamabostaldian egiten bada jakinarazpena, ordaintzeko epea hurrengo hilabeteko 10. egunera arte izango da (Estatu mailan 5. egunera arte). Jakinarazpena bigarren hamabostaldian egiten bada, ordaintzeko epea hurrengo hilabeteko 25. egunera arte izango da (Estatuan 10. egunera arte). Azkeneko eguna inhabila bada (jaieguna), hurrengo egun habilera arte luzatzen da.

* Partikularrek autolikidatutako tributuetan, ordaintzeko epea tributu bakoitzak ezartzen duena izango da (ez dago epe amankomunik).

* Kolektiboki eta periodikoki jakinarazten diren tributuak (normalean, udal-zergak).

- Berandutza interesak

Epez kanpo ordaintzen bada, berandutza-interesak ordaindu beharko dira ere, ogasunari berandutzak eragindako kalteengatik. TFAO 58. artikuluaren arabera, berandutza-interesa sortzen den aldian zehar indarrean dagoen diruaren legezko interesa izango da, gehi %25, salbu foru-arau batek bestelako bat finkatzen badu.

- Errekargoak

Borondatezko epea eta gero, 3 hilabetetan ordaintzen bada (baina borondatez, nahiz eta epez kanpo egon), tributu-kuota eta %5eko errekargoa ordainduko da. 4 hilabetetik aurrera, tributu-kuota, %5eko errekargoa, eta berandutza interesak ordainduko dira. 10 hilabetetik aurrerak, tributu-kuota, %10eko errekargoa, eta berandutza interesak ordainduko dira.

1.2. Epe exekutiboa edo premiamenduzko epea

TFAO 126.3 art.: "Epe exekutiboa honela hasiko da: alde batetik, administrazioak likidatutako zorren kasuan, erregelamenduz jarritako ordainketa epea amaitu ondorengo egunean; bestetik, ordainketa egin gabe aurkeztu diren aitorpen, likidazio edo autolikidazio bidez sortu beharreko zorren kasuan, berriz, erregelamenduz jarritako ordainketa-epea amaitzean, edo hori bukatu bada, horiek aurkeztean"

Beraz, autolikidazioan bi suposamendu daude: borondatezko epea agortu baino lehen aitorpena aurkezten bada, baina ordaindu gabe, borondatezko epearen azken egunean hasiko da prozedura exekutiboa; epez kanpo aurkezten bada, prozedura exekutiboa hasiko da aurkezten den egunean bertan. Prozedura exekutiboa hasten den kasuetan, apremiozko probidentzia baino lehen ordaintzen bada, %10eko errekargoa ordaindu beharko da; probidentzia hura eta gero, %20ko errekargoa, eta berandutza interesak.

Premiamendua administrazioak auto-babesteko duen prozedura administratiboa da. Prozedura honen aurka erabili daitezkeen arrazoiak tasatuak daude, oposaketa ezin da edozein arrazoiaz egin, legeak aurrikusitakoak erabili beharko dira (zorraren ordainketa, preskripzioa, gerorapena, eta likidazioa ez jakinaraztea edo honen deuseztatzea nahiz suspentsioa).

Behin prozedura honetan sartuta, Ogasuneko Zuzendari Nagusiak somatzen badu badirela arrazoiak pentsatzeko zorra ezin izango dela kobratu edo kobrantza oztopatuta gerta daitekeela, behin-behineko kautelazko neurriak har ditzake. Neurri kautelar hauek hartu ahal izango dira, nahiz eta zerga-zorra likidatu gabe egon, baldin eta horren zortzapena (devengo) gertatu bada, eta zorra ordaintzeko arauzko epea amaiturik badago, hirugarrenei atxeki edo jasanarazitako zenbatekoekin zerikusia duenean (BEZa...). Neurriak sahiestu nahi den kaltearen araberakoak izango dira, eta konponbide zaila edo ezinezkoa duen kaltea ekar dezakeen neurririk ez da hartuko. Neurri prebentiboen adibideak: itzulketarik ez egitea, ondasun edo eskubideak modu prebentiboan bahitzea...

Epe exekutibo honen amaieran ordaintzen ez bada, ogasunak zordunaren ondasunak enbargatuko ditu, enbargo-probidentzia eman eta gero. Probidentzia horretan esango da zein ondasun enbargatu daitezkeen. Zergadunaren ondasun aurka jo baino lehen, ogasunak begiratu beharko du bermerik ote dagoen. Berme bat badago, hau exekutatu egingo du.

Ondasunak enbargatzean, araututa dago ondasunen arteko lehentasuna, baina zergadunak proposatuta, ordena hori aldatu daiteke. Enbargatzeko modua honakoa da: kontu korrontea bada, ez dago inolako arazorik diru-likidoa enbargatzeko; ondasun higigarria bada, enbargatu, eta ogasunak horretarako duen lokalean sartuko du; ondasun higiezina bada, jabetza erregistroan bahiketaren prebentziozko oharra inskribatuko da.

Bilketa-organoek bahitutako ondasunen balorazioa egingo dute, eta zergadunari jakinaraziko zaio. Ondasuna enbargatuta dagoenean, dirutan bihurtu behar da, enkante baten bidez. Enkanteak hiru emaitza eman ditzake:

* Zerga-zorra ordaintzeko nahiko dirua lortzea salmentaren ondoren. Une horretan bukatuko da prozedimendua.

* Enkantean saldu den ondasunarekin zerga-zorrei aurre egiteko iristen ez denean, Ogasunak bi aukera ditu: beste ondasun batzuk enbargatzea; edo beste ondasunik ez badago subjektu pasiboa kaudimen gabezian dagoelako, prozedimendua lau urtez eseki egitea.

* Enkantean inork erosten ez duenean, bi aukera daude: ogasunak berak erostea, edo ondasunak zuzenean norbaiti saltzea enkanterik gabe.

- Premiamenduzko prozedurari hirugarrenen oposaketa (hirugarrengotza, "tercería")

Bi mota daude: Lehena, jabego hirugarrengotza; honetan hirugarren pertsonak esango du enkantean saldu behar den ondasuna berea dela, eta prozedura aurkatu dezake; orduan prozedura esekiten da eztabaida hori konpondu arte. Bigarrena, eskubide hobearen hirugarrengotza; honetan, hirugarren batek dio bere zorra ogasunarena baino lehenagokoa dela; premiamenduzko prozedura ez da esekiten, baina ogasunak ondasun hori saltzeagatik ateratatako dirua kontsignatu egiten da, lehentasuna erabaki arte.

Bi kasu hauetan hirugarrengotza bide administratiboan tarteratzen da, premiamenduzko prozedura ezagutzen ari den bilketa-organoaren aurrean. Hirugarrengotza erreklamazio hau hiru hilabeteko epean erabakiko da, eta epe honetan erabakitzen ez bada, desestimatutzat joko da (ixiltasun negatiboa). Bilketa organoek ezezkoa ematen badute, edo ez badute 3 hilabetetan erantzunik ematen, epaitegi zibilera jo beharko da.

- Premiamendu-prozeduraren esekipena

Premiamendu prozedura eseki daiteke erreklamazio ekonomiko-administratiboen arauetan jasotako moduan. Kasu horretan, premiamenduzko jardunbidea berehala etengo da, bermea eman beharrik gabe, baldin eta interesatuak frogatzen badu akats material, aritmetiko edo egitatezkoa izan duela, edo bestela zor hori sortu eta sarrera-egunera arte jardunbidean sortutako kostuak ordaindu dituela edo barkatu egin zaiola, konpentsatu, geroratu edo eten zaiola.

2. ORDAINKETAREN GERORAPENA ETA ZATIKETA

Zergadun batek ogasunarekiko zor bat eta hura ordaintzeko epe bat izanik, momentu horretan dirurik ez badu, hiru aukera ditu: ez ordaintzea (urraketa burutuz), zorraren barkamena edo kondonazioa eskatzea, edo ordainketaren gerorapena zein zatiketa eskatzea (ez nahastu administrazioak epe batean edo bitan ordaintzeko aukera ematen duenean). Azken hau Zerga Bilketaren Erregelamenduaren 48. artikulutik aurrera aurrikusten da: "Zorren ordainketa borondatezko aldian nahiz aldi exekutiboan geroratu edo zatikatu ahal izango da zergapekoek aurrez eskaturik, beti ere beren diru-egoerek, administrazioak kasuan-kasu aztertuak, zorrak ordaintzea eragozten badie." Egoera hori ematen den edo ez, administrazioak erabakiko du. Behin onartuta, honek eragingo du berandutza interesak sortzea.

2.1. Eskaera egiteko epea

Borondatezko epean egiten bada, bi epe daude: autolikidazioaren kasuan, tributu bakoitza erregulatzen duten arauek adierazitako epean izango da; administrazioak eginiko likidazioen kasuetan, hilabete bakoitzaren lehenengo hamabostaldian jakinarazitakoak hurrengo hilabetearen 10. egunera arte (edo horren hurrengo lanegunera arte, hura jaieguna bada); hilabetearen bigarren hamabostaldian egindako jakinarazpenaren kasuan, hurrengo hilabetearen 25. egunera arte. Epe exekutiboan egiten bada, edozein unetan eskatu daiteke, enbargatutako ondasunak saltzea erabaki aurretik beti ere. Eskaera hau zerga-bilketa eta prozedura berezietako zerbitzu-buruari egin behar zaio.

2.2. Eskaeraren edukia

- Eskatzailearen izen-deiturak, identifikazio fiskalerako zenbakia (NIF/IFZ), eta zerga-helbidea

- Jakinarazpenak nola eta zein tokitan jaso nahi diren

- Zein den geroratu nahi den zorra; gutxienez zenbatekoa eta kontzeptua adieraziko dira, bai eta ordainketa borondatezko aldian egiteko epea noiz amaitzen den ere

- Gerorapena eskatzeko arrazoiak

- Gerorapena eskatzen den aldirako dauden diruzaintza-aurrikuspenak (zein prebisio dituen zergadun horrek sarrerei buruz)

- Eskatzen den gerorapenaren epeak, eta gainerako baldintzak (zenbat hilabetetan geroratu edo zatikatu nahi duen)

- Eskaintzen den bermea (zenbaitetan ez da beharrezkoa)

- Kontu bankarioaren zenbakia

- Lekua, data, eta eskatzailearen sinadura

Eskaera honekin batera agiri batzuk aurkeztu behar dira:

- Autolikidazioaren eredu ofiziala, zorra arautzen duen araudiak honela eskatzen duenean

- Kreditu-entitate batek edo elkarrekiko bermedun sozietate batek hartutako konpromezu espresu eta atzeraezina, abal solidarioa formalizatzeko. Hau ez da beharrezkoa izango berme-salbuespena dagoenean, edota beste berme bat ematen denean. Azken kasu honetan, abal hori lortzeko ezintasunari buruzko informazioa erantsi beharko da. Kasu hauetan zerga-bilketa eta prozedura berezietako zerbitzuak balorazio bat eskatu ahal izango dio eskatzaileari honek eskainitako ondasunen inguruan, eta balorazio hau administrazioak izendatuko dituen enpresa edo profesional, aditu eta independenteek egin ahal izango dute.

- Ordezkaritza egiaztatzen duten agiriak

- Urteko kontuak, gerorapen eskaera egin aurreko azken ekitaldi amaituari buruzkoak, eta aurreko hiru-hilekoaren balantzea eta emaitzen kontua, eta egongo balitz, itxi den azken ekitaldiaren auditoritza-txostena.

Bermetik erabat edo partzialki salbuestea eskatzen bada, hiru gauza behar dira:

- Eskatzailearen aitorpena, ondasunik ez duela

- Azken hiru urtetako balantzea eta emaitzen kontua (egonez gero, auditoritza txostena ere bai)

- Bideragarritasun plana, eta bidezkoa jotzen den bestelako informazioa, ekonomia, finantza eta ondare-alorrean garrantzitsua dena, eta eskatutako gerorapena bete daitekeela frogatu dezakeena

Adierazitakoaz gain, eskatzaileak bidezko deritzon dokumentu eta frogagiriak erantsi ahal izango ditu. Gerorapen eskaria aurkezteak ixilbidezko gerorapena suposatzen du, dagokion organoak erabaki arte.

3. BERMEAK

Normalean zergadun batek gerorapena edo zatiketa eskatzen duenean, arau orokor bezala aurkeztu behar duen bermea kreditu entitate baten edo elkarrekiko bermedun sozietate baten abal solidarioa izango da. Baina batzuetan hau aurkeztea ezinezkoa izango da, eta beste berme batzuk jarriko dira, ordena honetan: higiezinen hipoteka, higigarrien hipoteka, prenda, fidantza pertsonal eta solidarioa, eta ogasunak aski deritzon beste edozein.

Zer da bermeak estali behar duena? Zerga-zorra eta gerorapenak sortzen dituen berandutza-interesen zenbatekoa, gehi bi partida horien %25. Zatikapenaren kasuan epe bakoitzerako berme partzialak jarri ahal izango dira. Kasu hauetan bermeak dagokion zatia, berandutza interesak, eta bi partida horien %25 estaliko du.

Bermea aurkezteko epea 30 egunekoa izango da, gerorapena ematen duen erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hortik aurrera aurkezten bada, ez da gerorapena edo zatikapena emango. Orduan zerga-zorra premiamenduzko bidetik kobratuko da, dagozkion berandutza-interes eta errekargoekin.

3.1. Bermeen salbuespena

* 250.000 pezetatik (1.500 euro) beheragoko zorrak geroratzeko eskatzen denean

* 1.000.000 pezetatik (6.000 euro) beheragoko zorrak, hilean ordaintzekoak, geroratzeko eskatzen denean, epea urtebetekoa baino handiagoa ez bada

* 15.000.000 pezetatik (90.000 euro) beheragoko zorrak, hilean ordaintzekoak, geroratzeko eskatzen denean, epea 2 urtetakoa baino handiagoa ez bada, eta zatikatu nahi den zorraren %33 eskaera egitean ordaintzen bada.

Bestalde: "Zordunak zorra bermatzeko behar adinako ondasun edo eskubiderik ez duenean, eta bere ondarearen exekuzioak jarduera ekonomikoaren ahalmen ekoizgarrian nahiz enplegu mailan eragiten duenean, edo Gipuzkoako Foru-Ogasunaren interesei kalte handia dakarkienean, ogasun eta finantza departamentuko foru-diputatuak edo hala dagokion diputatuen kontseiluak erabat edo partzialki salbuetsiko du zordunak bermeak aurkeztu behar izatetik"

Zerga-bilketa eta prozedura berezietako zerbitzuak likidezia-falta eta baliabideak sortzeko ahalmena aztertu eta ebaluatuko du, eta bermetik salbuestea eskatzen bada, salbuespena lortzeko bete beharreko baldintzak ematen diren egiaztatuko du. Eskaerak beharreko baldintzak betetzen ez baditu edo eskatutako dokumentazioa jaso ezean, gerorapena tramitatzen duen organoak 10 eguneko epea emango dio eskatzaileari, baldintza bete eta beharreko dokumentuak aurkez ditzan. Hala egin ezean, bere eskaera atzera egiten duela ulertuko da, bere eskaria artxibatu egingo delarik.

Ebazpena bi eratakoa izan daiteke: ezezkoa emanez, eta zatiketa edo gerorapena onartuz. Ebazpen honek epeak jaso beharko ditu, zenbatekoak, eta gerorapenaren gainerako baldintzak. Eskatutakoaren epe eta baldintza ezberdinak ezarri ahal izango dira ebazpenean. Kopuruaren arabera, ebazpena hilabete bateko edo sei hilabeteko epean emango da.

defero.webcindario.com