defero.webcindario.com

16. TRIBUTUEN IKUSKARITZA

1. SARRERA

2. TRIBUTUEN IKUSKARITZAREN FUNTZIOAK

3. IHARDUERA IKUSKATZAILEAREN LEKU ETA DENBORA UKANBEHARRAK

4. IHARDUERA IKUSKATZAILEAK JARRAITU BEHARREKO PROZEDIMENDUA

5. IKUSKAPEN IHARDUERAREN DOKUMENTAZIOA



----------------------------------------



1. SARRERA

TFAO 109. artikuluak zehazten du zer ikertuko den. Honek administrazioaz hitz egiten du zentzu orokorrean. Honela, ulertu daiteke egiaztapena eta ikuskapena kudeaketa eta ikuskaritzako organoei dagokiela. TFAO 140. artikuluaren jatorrizko idazkera ikusita, uler zitekeen egiaztapena eta ikuskapena Ikuskaritzari zegozkiola, eta batez ere azken hau (ikuskapen-iharduera). Autolikidazioen hedapenarekin, kudeaketako ahalmenak subjektuek egindakoaren egiaztapen eta kontrolean datza, egiaztapen lanei dimentsio eta nabarmentasun handia emanez. Hasiera batean kudeaketarako organoaren egiaztapen funtzioa subjektu pasiboek aitortutako datuen egiaztapen formal batean oinarritzen zen, akats material eta aritmetikoak eta zuzenbidezkoak detektatzeko, eta behin-behineko likidazioak zuzentzeko.

Gaur egun, ordea, kudeaketako organoek egiaztapen laburtuko jarduketak egin ditzakete. Honela, haiserako egiaztapen formal hori gainditu egin da.

1.1. Kudeaketako organoen egiaztapen laburtuko jarduketak eta ikuskaritzak eramaten dituen egiaztapen eta ikuskaritza funtzioen arteko ezberdintasuna

- Irizpidea. Enpresarien edo profesionalen kontabilitateko dokumentazioa ikuskaritzak bakarrik aztertu dezake. Salbuespena: zerga-itzulketa kasuan, kudeaketa organoek dokumentazio hau aztertu dezakete.

- Baliabideak. Kudeaketako organoek egiaztapen laburtuko jarduketan erabili ahal izango ditu aitorpenetan kontsignatutako datuak, aitorpenarekin aurkeztutako edo eskatutako frogagiriak, eta bestalde, administrazioak dituen aurrekin eta froga-elementuak. Ikuskaritzak aurreko baliabide guztiak izango ditu, eta horietaz gain, TFAOak espreski egozten dizkionak, Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduak garatzen dituelarik.

- Emaitza. Kudeaketa-organoen emaitza behin-behineko likidazioa izango da. Ikuskaritza-organoetan, aldiz, behin-behinekoa zein behin-betikoa izan daiteke.

1.2. Zerga-Ikuskaritzaren araudia

Zerga-Ikuskaritzaren erregelamenduak bere 3. artikuluan jasotzen du:

- Indarrean dagoen kontzertu ekonomikoa

- Tributuekiko Foru-Arau Orokorra

- Armonizazio, koordinaketa eta lankidetza fiskalari buruzko legeak eta EAEko Autonomi Estatutuak zein Kontzertu Ekonomikoak diotenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eman dezakeen beste edozein arau.

- Zerga bakoitza arautzen duen foru-arau bakoitza

- Erregelamendu hau zein zerga bakoitzaren erregelamendua

- Indarrean dagoen ordenamendu juridikoa osatzen duten eta aplikagarri izan daitezkeen bestelako xedapen guztiak

- Bestalde, artikulu honek dio: "(...) Nolanahi ere, zuzenean aplikagarri ez denean, Prozedura Administratibo Komuneko Legeak (LPC, 30/1992 legea) eta Zuzenbide Administratiboko gainerako xedapen orokorrek izaera ordeztailea izango dute".

2. TRIBUTUEN IKUSKARITZAREN FUNTZIOAK (2. art.)

Ikuskaritzaren funtzioak dira egitate zergagarria zehaztea, zerga-oinarriak behin-betiko zehaztea, egitatea zergagarriko elementuen balioa zehaztea... Funtzio hauek betetzeko, lau iharduera mota burutu ditzake:

- Egiaztapen eta ikerketakoa

Iharduera honen helburua da zergadunek ogasun publikoarekiko dituzten betebeharrak egoki bete dituzten edo ez egiaztatzea. Egiaztapena TFAO 109. artikuluan sartzen da. Ikerketa TFAO 109.3 artikuluan jasotzen da: "subjektu pasiboak deklaratu ez edota partzialki egina izan den egintza zergagarria ukituko du ikerketak".

Zergadunen eskubide eta bermeak jasotzen dituen arauak dio egiaztapen eta ikerketa-iharduerak hasten direnean, zergadunek eskubidea dutela iharduera horien izaera eta irizpidea zein den jakiteko, baita iharduera horiek irauten duten bitartean dituzten eskubide eta obligazioak.

Egiaztapen eta ikerketa-iharduerak izaera orokorra edo partziala izan dezakete. Orokorra izango da subjektu obligatuaren egoera tributario osoa egiaztatzen denean. Partziala izango da iharduera hauek helburu zehatzagoak dituztenean (tributu edo betebehar zehatz bat...).

Zeintzuk dira egiaztapen eta ikerketa iharduketen baliabideak? TFAO 110. artikuluan azaltzen dira. Artikulu honek amaitzen du esanez "bestelako edozein aurrekin edo informazioaren miaketaren bidez". Honek klausula ireki bat ezartzen du. Bestalde, administrazioarentzat baliabide hauen artean aukeratzeko askatasuna dago, legeak ez dio inongo preferentziarik ematen bati edo besteari. Espreski, hiru ahalmen administratibo arrezagutzen zaizkio administrazioari: subjektu pasiboaren dokumentuen azterketa, partikularren lokal eta ustiapenetan ikustaldia eta sarrera egiteko eskubidea, eta subjektu pasiboaren zein hirugarrenen datuak lortzea.

- Zerga-eragina duen informazioa lortzea

Hau ikuskaritza erregelamenduaren 12. artikuluan aurrikusten da. Zenbait kasutan zergadun batzuek beste batzuei buruzko datuak eman behar dituzte (adibidez, enpresariak langileen sarreren datuak emango ditu, horiek bere gastuak direlako, baita atxekipenak egin behar dizkielako). Kasu hauetan Ogasunak pertsona bati zerga-eragina duten datu batzuk eskatuko dizkio, baina beste pertsonena. Eskatutako informazio hori emateko berezko betebeharra ez dagoenean, hala ere Ogasunak eskatu ahal izango dio.

Betebeharra dagoen zenbait kasu TFAO 131. artikuluak jasotzen ditu: "Pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko edo pribatu guztiak, behartuak daude zerga alorrean garrantzia izan dezaketen eta beste pertson batzuekiko erlazio ekonomiko, profesional edo finantzieroetatik eratortzen diren datu, txosten edo aurrekin guztiak administrazioari ematera". Artikulu honi buruz, hiru gauza adierazi behar dira:

* Esparru subjektiboa. Edozein pertsonari eskatu diezaioke.

* Esparru objektiboa. Zerga-eragina duten datu, txosten edo aurrekinei buruz.

* Informazio hau guztia erlazio ekonomiko, profesional edo finantzierotik eratorria izan behar da.

Aipatutako artikulu honek bi lankidetzako betebehar jasotzen ditu: izaera orokorrekoa, zenbait pertsonei ezartzen zaiena (adibidez, enpresariek langileei ordaindutakoaren zerrenda aurkeztea, atxekitzaileka diren neurrian); eta izaera indibidualekoa, ikuskaritzak errekerimendu indibiduala egiten duenean. Hau da, izaera orokorrekoa izango da zenbait pertsonei obligazioa ezartzen zaienean; indibiduala, berez obligazioa ez dagoenean, eta ogasunak eskaera egiten duenean. Betebehar honek bi muga dauzka: funtzionario publikoen artean, postaren sekretua, eta administrazioari helburu estatistiko hutsez emandako datuen sekretua; eta sekretu profesionala.

Bestalde, ondarezko datu pribatuak ezin ditu eskatu, ezta ohore, intimitate pertsonala nahiz familiarraren aurkakoa denean.

- Balioztapena

Zergadunen ondasun, baliabide, errentak... balioztatzea. Baliabideak: ordenamendu juridikoak eta batez ere TFAO 52. artikuluak onartutako baliabideak.

- Txosten eta aholkuak emateko iharduera

Zeri buruz? Gai ekonomiko, finantziero, juridiko eta teknikoei buruz.

3. IHARDUERA IKUSKATZAILEAREN LEKU ETA DENBORA UKANBEHARRAK
3.1 Lekua


Ikuskaritza-egintzak zein lekutan burutu daitezke?

* Subjektu pasiboak bere zerga-helbidea duen lekuan, edota horretarako izendatu duen ordezkariarena.

* Zergapetutako iharduerak osorik edo partzialki egiten diren lekuetan

* Egitate zergagarriaren inguruko frogaren bat agertzen denean, partziala gutxienez, froga hura agertzen den lekuan

* Bulego publikoetan

3.2. Denbora

Ikuskapena zerga-administrazioaren dependentzietan edota bulego publikoetan egiten bada, lanegunen barne, jendearentzat duen ordutegian egingo da. Ikuskapena interesatuaren bulegoan egiten bada, leku horretan dagoen bulego-ordutegian egingo da. Salbuespenezko kasuren bat emango balitz, ikuskapena lehen aipatutako leku eta ordutik kanpo izan ahal izango da, baina horretarako Zerbitzu-Buruaren baimena beharko da.

TFAO 144.2 artikuluak dio zerga ikuskatzaileak egindako egiaztapen eta ikerketak 12 hilabeteko epean amaitu behar direla, zergadunari lan horien hasiera jakinarazi zaionetik aurrera. Zenbait kasuetan, epe hori beste 12 hilabetetan zabaldu ahal izango da:

* Bereziki konplexuak diren jarduketak izatea. "Partikularki zirkunstantzia hori gertatzen dela ulertuko da elementu hauek ikusirik: pertsona edo entitatearen eragiketen bolumena, bere jardueren sakabanaketa geografikoa, edo talde kontsolidatuaren moduan edo nazioarteko zerga-gardentasun erregimenaren moduan egindako tributazioak".

* Jarduketak egitean, ikuskaritzak antzematea zergadunak bere jarduera enpresarial edo profesionaletako bat ezkutatu diola zerga-administrazioari.

Iharduketa hauek akta batekin amaitzen dira, iharduera bukatzen dela adieraziz. Aipatutako epearen ondorioetarako, ez dira zenbatuko zergadunari leporatutako atzerapenak. Ikuskapen-iharduerak hasten badira, bukatu egin behar dira (bukaerara arte eraman behar dira). Baina batzuetan, ikuskapen-iharduera hauek 6 hilabetetan eteten badira zergapetuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, ulertuko da preskripzio-epea ez dela eten; aitzitik, prozedura berriro hasi beharko da, eta beste 12 hilabete izango ditu ikuskatzeko (honela, administrazioarentzako zigorra izango da denbora pasatzen uzten dela, eta agian zorra preskribitzen dela). Hau da, jakinarazi zaionetik printzipioz preskripzio-epearen kontaketa eteten da; baina 6 hilabetetan ezer egin gabe egonda, prozedura ikuskatzailea hasterakoan egondako etetea deusezten da (honela, epeak aurrera jarraitu du). Askotan, iharduera administratiborik gabeko 6 hilabete horiek ez igarotzeko, administrazioak diligentziaren bat egiten du, inolako edukinik gabea; jurisprudentziak esana du honelako egintzek ez dutela balio, funtsa duten egintzak izan behar direla.

Behin ikuskaritza hasita, zergadunak borondatez aitorpena aurkezten badu ere, isuna jarri ahal izango zaio, Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduaren 31.3 eta 31.4 artikuluen arabera.

4. IHARDUERA IKUSKATZAILEAK JARRAITU BEHARREKO PROZEDIMENDUA

Hasiera Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduaren 29. artikuluan arautzen da. Honen arabera, hasiera eman daiteke onarturiko ikuskaritza-plan batengatik, 18 eta 19. artikuluen arabera. 18.ak dio: "Zergaren ikuskapena planari egokitu behar zaio, baina eraginkortasun eta oportunitate irizpideei jarraituz, aktuarioek beste pertsona bat ikertu dezakete, nahiz eta plan horien barruan ez egon; honek Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren baimena beharko du."

Zer da ikuskapen-planak jasotzen duena? Egiaztapen edo ikerketapean jarriko diren subjektu pasiboak eta zergapekoak hautatzeko jarriko diren helburu sektorial, lurraldekoak, gonbaraketakoak, kuantitatiboak edo erabili ahal izango diren bestelako irizpideak finkatuko ditu. Era berean, aktuario-talde edo unitate bakoitzak egiaztatu edo ikertu behar duen pertsona edo entitateak ere finkatuko ditu, bai modu zehatz batean, bai sektore edo iharduera jakin batzuetan diharduelako. Laburtuz, planak irizpide orokor batzuk jarriko ditu, eta horiek betetzen dituzten zergadunak ikertu ahal izango dira.

Ikuskapen planek zehazten duten denbora-epea izango dute, nahiz eta indarrean dauden bitartean aldatuak izan daitezkeen. Ikuskapen-planek ixilpeko izaera izango dute, eta ezin izango dira argitaratu.

Zeintzuk egiten dituzte planak? Haziendako Ikuskaritza Nagusiak egingo ditu, hazienda, finantza eta aurrekontuko zerbitzu berezituen laguntzarekin. Aldatzekotan, hauen eskumena litzateke ere.

Zergapekoen agerpena beharrezkoa da ikuskaritzan? Bai, zergapekoa edo bere ordezko bat presente egon behar da zerga-ikuskaritzako ihardueretan. Subjektu pasiboek eta baita ordezkariek ere aholkulari batekin parte har dezakete iharduera horretan. Honek edozein momentutan aholkuak eman ahal izango dizkio bezeroari, eta zergapekoaren aurrean aholkulariak adierazitako guztia zergapekoak berak esandakotzat hartuko da, honek aurka ezer esaten ez duen bitartean. Aholkulariak bezeroaren ordezkari izan daitezke, behar duten boterea ematen badie.

Zeintzuk dute iharduteko gaitasuna zerga-ikuskaritzaren aurrean? Zuzenbide pribatuko arauen arabera ahalmen hori duten pertsonek. Ikuskaritzaren aurrean iharduteko gaitasunik ez duten pertsonen ordez beraien legezko ordezkariek iharduen beharko dute.

4.1. Borondatezko ordezkaritza

Iharduteko gaitasun nahikoa duten zergapetuek ordezkari baten bitartez iharduen ahal izango dute, eta aurkakorik adierazi bitartean, administrazio-iharduera guztiak berarekin gauzatuko dira. Zeintzuk eman dezakete ordezkaritza hori? Zergapetuek edo beraien legezko ordezkariek. Zeinen alde? Pertsona fisiko edo juridikoen alde.

Iharduera horien izaerak zergapekoaren ekuhartze zuzena eskatzen duenean, ezingo da ordezkari bidez ihardun. Idatziriko akta sinatzeko, eta tramite hutsezkoak ez diren gainerako iharduketarako, zergapekoaren eskubide eta obligazioak zuzenean ukitzen direnez, ordezkaritza baliozkotasunez egiaztatu beharko da, notario-ahalmenez (poder notarial), egiaztaturiko sinadurako dokumentu pribatu bidez, edo funtzionari-aktuarioaren aurrean emandako ahalmenaren bidez (apud acta). Tramite hutsezko egintzetarako, ordezkaritza emantzat joko da, eta ez da egiaztatu beharrik izango. Arazoa: zer kontsideratzen da tramite hutsezko egintza?

Apud acta emandako ahalmenaren kasuan, honako hau azaldu beharko da: ordezkatua eta ordezkariaren datuak (izen-abizenak, helbidea, NAN...), ordezkaritzaren edukia, lekua eta data, eta ordezkari eta ordezkatuaren sinadurak. Ordezkaritza notario bidez eman baldin bada, agokion eginbidea (diligencia) jasoko da, eta ahalordearen edo boterearen kopia bat erantsiko zaio.

Iharduera hau zergapekoa ez den beste baten aurrean gauzatzen denean, egoera hau zehazki konsta-arazi egingo da eginbide edo akta guztietan (adieraziko da zergapekoa ez zegoela, ordezkaria baizik). Zergapekoak ordezkari baten bidez iharduten badu, bere ordezkaritza ihardueren hasieran bertan egiaztatu beharko du. Ez balu horrela egingo, ikuskapeneko hurrengo egunean ahalordea frogatzen duen dokumentua aurkezteko eskatuko zaio, eta ez balu izango, edo beranduagokoa izango balitz, 10 eguneko epea emango zaio aurkez dezan. Ordezkariak bere ordezkaritza egiaztatuko ez balu, harekin egindako iharduera guztiak baliogabeak izango lirateke. Kasu hauetan zergapekoa aurkeztu-gabe bezala hartuko da, dagokion ondorio guztietarako.

Zeintzuk dira borondatezko ordezkaritzaren ondorioak? Subjektu pasiboaren edo zergapekoaren izenean agertzen denarekin eginiko ikuskapen-iharduerak zergadunarekin zuzenean eginiko ihardueratzat hartuko dira. Ordezkaritza kentzeak ez du une horretara arte eginiko ihardueren ezeztapena ekarriko, horren berri zerga-ikuskaritzari ematen ez zaion bitartean. Nahiko ahalmenik gabe agertu diren pertsonek eginiko adierazpenek dagokien balio frogatzailea izango dute Zuzenbidearen arabera (lekukotza...).

Ordezkaritza egiaztatu edo emantzat jo ondoren, ordezkatuari dagokio berak ez diola nahiko ahalmenik eman frogatzea, eta ondorioz ezingo du ihardueraren ezeztapenerako funtsa gisa erabili berak sortutako akats edo hutsegitea.

Ahalmen ezak edo ahalmen askigabetasunak ez du iharduera burututzat hartzea galaraziko, beti ere 10 egunetako epearen barruan nahiko ahalmena ematen bazaio, edo hutsegitea konpontzen bada. Aurreko iharduerak burutu diren ordezkariaren ahalmen eza edo askigabetasuna berehala emango da konpondutzat zergapekoak ikuskaritzaren eginbide edo aktaren ondoriozko egintzak inpugnatzen baditu, egoera hori aipatu gabe, edo aktaren baten ondorioz likidaturiko zerga-zorraren zenbatekoa ordaintzen badu.

4.2. Zergapetuaren agerpena

Zergapekoak agertzeko errekerimendua idatziz jaso eta gero, bertan adierazten den leku, egun eta orduan agertu beharko du, eta eskatzen zaion dokumentazioa eraman beharko du. Ez balu horrela egingo, arrazoi garbirik gabe, horrela konsta-araziko da dagokion prozedura zigortzailea irekitzeko garaian, lehenengo errrekerimendua berriro egingo delarik. Interesatuak bigarrren errekerimendu honi erantzungo ez balio, horrela konsta-araziko da, eta prozedura zigortzaile berri bat irekiko da. Ogasunak hirugarren errekerimendu bat bidaltzen badu, eta ez badu erantzuten, kontsideratuko da isuna mailakatzeko irizpide baten aurrean gaudela: zerga-ikuskapenari oztopoak jartzea.

Ikuskapen-iharduerak aldez aurreko errekerimendurik gabe egiten direnean, egin behar diren lekuan, eta zergapekoa bertan egongo balitz, honek bere laguntza guztia eman beharko dio; hau ez badago, enpresa edo lantokian dagoen enkargatu edo arduradunak. Baina horrela gertatuko ez balitz, honela konsta-araziko da zergapekoari irekiko zaion eta dagokion prozedura zigortzailearen ondorioetarako.

Zergapekoak adierazitako lekura egun eta ordu horietan ez agertzeko nahiko arrazoi izango balu, horrela adierazi beharko du dagokion jakinarazpena jaso eta hurrengo 3 egunetako epean, edo zehazturiko iharduera galerazten duten arrazoiak desagertzen diren bezain laster, beti ere finkaturiko data baino lehen. Iharduera etenda geratu ondoren, data berria finkatuko da, etenda geratzeko arrazoiak desagertzen direnean.

4.3. Funtzionariaren iraupena ikuskapen-ihardueran

Normalean egiaztapen eta ikerketa iharduerak bukatzen diren bitartean, horiek hasi dituzten funtzionariek burutuko dituzte, kargu-uzte, gaixotasun edota burutzen diren ihardueraren izaera berezia dela-eta ordezkapenerako bidezko bestelako arrazoiren bat salbu, eta unitate, talde edo programaren arduradunak, edota hala balegokio zerbitzu-buruak, egoki deritzotenean ihardueraren burutzea bere gain hartu ahal izango dutelarik.

Prozedura Administratiboko Legeak (LPC, 30/1992 legea) 28. artikuluan aipatzen dituen arrazoietako bat ematen denean (abstentzioko kasuak), funtzionaria iharduketa-kasuetatik apartatu egin beharko da. Funtzionariak ez badu bere ekimenez ikuskaritza uzten, zergapetuak errekusatu ahal izango du.

4.4. Kautelazko neurriak

Iharduera eteten denean, edo burutzen ari den edozein unetan, zerga-ikuskaritzak egoki derizkion prekauzio eta berme-neurriak hartuko ditu, aplikagarria den araudiaren arabera azterketapean dauden liburu, dokumentu eta gainerako aurrerakinak desagertu, suntsitu, edo alda daitezen galarazteko, eta haien izatea (existentzia) edo erakusketa geroago ukatu ez dadin.

Ondorio horietarako, zerga-ikuskaritzak behar duen laguntza edo lankidetza eskatu ahal izango die bai agintari eskudunei, bai bere agenteei ere. Nolanahi ere, hartzen diren prekauzio-neurriak konsta-arazi egingo dira.

4.5. Banka nahiz kreditu-trafikoan diharduten pertsona nahiz entitateengatik hurbileko informazioa biltzeko iharduera

Banku eta entitate finantzieroek beren bezeroei buruzko datuak eman beharko dizkiote ogasunari, beraiekiko harremanak direla-eta eskuratuak (adibidez, bere bezero baten kontu-korronteen datuak). Hau Ogasuneko Zuzendariaren errekerimenduz egin beharko da. Adibidez, kontu-korronte batek bi titulare baditu, eta ogasunak bakar baten datuak behar baditu, bien datuak azter ditzake? Printzipioz, hirugarrenen datuak ezingo dira horien aurka erabili; horretarako, prozedura berria hasi beharko da, eta datuak berriro eskuratu.

Informazio hau eskatzen denean errekerimenduak ikerketapean dauden kontu nahiz eragiketak zehaztu beharko ditu (ezin du, besterik gabe, datu guztiak eskatu, zehaztu behar du zein eragiketa ezagutu nahi dituen...). Errekerimenduak iharduera gauzatzeko bidea zehaztu behar du. Nola gauzatu daiteke? Datu eta aurrerakinak dagokion pertsona edo entitateari eskatuz, eta honek bidaliko dizkio; eta baita inspektorea pertsona horrengana edo entitate horretara joatea.

Errekerimendua jaso duenak 15 egunetako epea du eskatutakoa aurkezteko, eta iharduera han bertan egin beharrekoa bada, abisatzen zaionetik 15 eguneko epea izango du han agertu arte (agertu baino 15 egun lehenago abisatu behar du, gutxienez).

Errekerimendua subjektu pasiboari edo atxekitzaileari jakinarazi beharko zaio. Hauek (edota bere ordezkariek) eskubidea dute iharduera horiek gertatu behar direnean han bertan egotea (banketxean, adibidez).

4.6. Ikuskapen ihardueren amaiera

Ikuskapen iharduera amaitutzat joko da, bai interesatuaren zerga-zorra zuzentzat joaz, bai Zuzenbidearen arabera zergapekoaren egoeraren erregularizazioaren proposamena eginez eman behar den kudeaketa-egintza oinarritzeko behar diren datu eta froga guztiak lortu direla erizten duenean unitate, talde edo programaren arduradunak. Ondorio hauetarako talde edo programako arduradunak aktaren proposamena igorriko dio zerbitzu-buruari.

Zerbitzu-buruak 15 eguneko epean proposamenean ager daitezkeen egitatezko edo Zuzenbidezko okerren zuzenketa agindu dezake, edota era berean proposamenaren zuzentasuna aldarrikatu, egin diren iharduerak osatzea aginduz.

5. IKUSKAPEN-IHARDUERAREN DOKUMENTAZIOA

Zerga-ikuskaritzaren iharduera eginbide, jakinarazpen, txosten eta behin-behineko eta behin-betiko akta bidez dokumentatuko da.

5.1. Jakinarazpenak

Jakinarazpenak dokumentu batzuk dira, eta hauen bidez ikuskatzaileek beren ihardueran edozein pertsonarekin aldebakarreko harremanak izateko erabiliko ditu, bai jakinarazpenak egiteko, bai errekerimenduak egiteko. Jakinarazpena Prozedura Administratiboko Legearen (LPC, 30/1992 legea) 59. artikuluaren arabera egingo da. Bertan konsta-araziko da igorri den lekuaren izena, data, pertsona edo entitatearen nortasuna eta helbidea, igortzen dituenaren identifikazio eta sinadura, eta jakinarazten diren egitate edo egoerak, edo errekerimenduaren edukia.

Jakinarazpenaren bidez zergadunari ikuskaritza-iharduera hastera doala adierazten zaionean, horren berri emateak ekar lezakeen preskripzioaren esekipena konsta-araziko da. Jakinarazpenak ale bikoitzean egingo dira, froga moduan gordetzeko.

5.2. Eginbideak edo diligentziak

Eginbideak ikuskapen-ihardueraren zehar ikuskaritzarako garrantzia duten egitate edo egoera konsta-arazteko egiten dituen dokumentuak dira, baita ikuskapen horretan parte hartzen duten pertsonen adierazpenak. Eginbidetan ez dira zerga-likidazioaren proposamenik egiten.

Diligentzia batek jaso beharrekoa honakoa da: hauek egin diren lekua eta data, sinatzen duen aktuarioaren nortasuna, eta subjektu pasiboaren nortasuna (edo honen ordezkariarena, edota iharduera burutzen ari den pertsonarena). Egiten diren eginbide guztietatik ale bat harremanetan dagoen pertsonari emango zaio (subjektu pasiboa...). Jasotzeari uko egingo balio, Zuzenbideak onartzen dituen edozein bidetatik bidaliko zaio. Pertsona horrek sinatzeari uko egingo balio, edo ezin edo jakingo ez balu, horrela konsta-arazi egingo da, eta ale edo kopia bat emango zaio. Zenbait kasutan pertsona horren presentzia ez da beharrezkoa. Kasu hauetan aktuarioak bakarrik sinatuko du, eta interesatuari igorri egingo zaio.

Eginbidetan egitate zergagarriaren edo bere balorazioaren elementuak jasoko dira, eta zerga-kuoten zenbatekoa zehazten duten gainerakoak, baita dagokion espediente administratibo batean jasotzea komenigarria dela pentsatzen den guztia.

5.3. Txostenak

Zenbait kasutan ikuskapen lanak egiten dituzten organoek txosten batzuk egin behar dituzte, ofizioz nahiz beste batek eskatua. Adibidez, ordenamendu juridikoaren arabera beharrezkoak direnean, administrazioko edo botere legegile zein judizialeko organo edo zerbitzuren batek eskatzen dionean legeetan aurrikusitako terminoetan, zerga-oinarrietan zeharkako zenbatespen erregimenean aplikagarri direnean, zerga-gaietako lege-maula edo iruzurra adierazteko prozedura bereziaren hasiera eragiten denean...

5.4. Aktak

Aktak aktuarioak bere egiaztapen eta ikerketa-ihardueraren ondorioz atera dituen emaitzak biltzeko xedeaz egiten dituen dokumentuak dira, eta bertan aldi berean subjektu pasibo edo atxekitzailearen zerga-egoeraren erregularizazioaren proposamena egin, edota zuzen dagoela aldarrikatzen da. Aktak, alegia, egiaztapen eta ikerketaren ikuskapen ihardueren ondoriozko zerga-likidazioen prestakuntza zuzenean egiten duten dokumentuak dira, eta era berean aktuarioak eginiko likidazioaren proposamena jaso behar dute.

Zer jaso behar da aktatan? Eginak diren lekua eta data, sinatzen duen aktuarioaren nortasun-datuak, iharduerak gauzatzeko harremanetarako pertsonaren izen-abizenak, NAN zenbakia, sinadura, eta bertan eskuhartzeko duen ordezkapen-maila edo izaera, eta nolanahi ere, interesatuaren izen-abizenak edo sozietatearen helbide edo izen osoa, identifikazio fiskalaren kodea, eta zerga-helbidea; eta egitate zergagarriaren eta subjektu pasiboaren edo atxekitzailearen esleipen elementu nagusiak, bereziki aipatuz ikuskapen ihardueraren ondorioz zergetan eragina duten egitate eta egoera guztiak, edo hauek jaso diren eginbideen erreferentzia.

Subjektu pasiboa edo atxekitzailea enpresaria edo profesionala denean, aktetan interesatuak derrigorrez bete behar dituen liburu edo erregistroen egoera azalduko da, eta bertan aurkitutako akats edo hutsuneak aideraziko dira, edo ondo badaude, ondo daudela. Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduak besterik esaten ez badu, zerga bakoitzeko akta bat egingo da. Aktak ogasunak onarturiko inprimaki-eredu ofizialetan egin beharko dira.

- Akta motak

+ Aurretiazko aktak edo behin-behinekoak, eta behin-betikoak. Aurretiazko akten ondorioz, ondoren egin daitezkeen behin-betiko likidazioen kontura egin daitezkeen behin-behineko izaera duten likidazioak ateratzen dira. Adibidez, ogasunak zerga-ekitaldi bat ikuskatzean, zergadunak erregularizazio-proposamenaren zati bati bakarrik ematen badio adostasuna, zati horri emandako adostasuna akta batean jasoko da, baina hau ez da definitiboa, beste zatia argitzea geratzen delako (horregatik da behin-behinekoa).

+ Zorraren agerpenik gabeko aktak. Akta hauen ondorioz, subjektu pasibo edo atxekitzaileak ordaintzeko zorrik ez duen likidazio proposamena egiten duten aktak dira. Hauek bi kasutan eman daitezke: interesatuari itzulketa bat egin behar zaionean; eta salbuespenak, hobariak eta beste inguruabarrak direla-eta, pertsona honek ez duenean ezer ordaindu behar, ezta ogasunak berari itzuli ere.

+ Egiaztapen eta onarpen aktak. Hauek ematen dira aktuarioak kontsideratzen duenean zerga-egoera zuzena dela.

+ Aurrez-eraturiko frogako aktak. Hau ematen da egitate zergagarriaren aurrez-eraturiko frogarik dagoenean. Kasu hauetan ikuskaritzak datu batzuk ditu, eta horien arabera eta obligatuaren partaidetzarik gabe ematen dira. Akta mota hauetan ikuskaritzak justifikatu egin beharko du obligatuaren partaidetza ez dela beharrezkoa.

+ Adostasunezko aktak. Likidazio proposamenari adostasuna ematen zaionean. Akta hauek sinatu egin behar dira, eta zergadunak sinatzen duenez, jakinarazitzat jotzen da. Interesatuak ezin izango ditu aktan agertzen diren egitateak aurkatu, salbu egitatezko oker bat ematen denean. Zuzenbideko okerraren kasuan, aldiz, ezingo da inolaz ere aurkatu. Akta sinatu denetik, ogasunak hilabete bateko epea du likidazio berri bat emateko, eta subjektu pasiboari jakinarazi beharko dio. Hilabete horretan ogasunak ez badu esaten likidazio berrria eman behar dela, edo ez badu ematen, hasieran aktak zuen likidazio-proposamen hura likidazio bihurtzen da, eta hortik aurrera irekitzen da ordaintzeko epea.

+ Desadostasuneko aktak. Ados ez badago, zergadunak auekra du desadostasunez sinatu, edo ez sinatzeko. Aktaren kopia jasotzen badu, espedientea agerian jartzen denetik (erakusten zaionetik) 7 egun igaro ondoren, 15 eguneko epea izango du alegazioak egiteko. Kopia jaso nahi ez badu, igorri egingo zaio, Zuzenbideak aurrikusitako bideak jarraituz. Alegazioak egin ondoren, ikuskaritzak likidazio bat ematen du (agian hasierakoaren berdina, agian ez), eta hura subjektu pasiboari jakinarazi egiten zaio.

defero.webcindario.com