defero.webcindario.com

2. TRIBUTU-ZUZENBIDEAREN ITURRIAK

1. TRIBUTU ZUZENBIDEAREN ITURRIAK

1.1. Iturriak

2. TRIBUTU LEGEZKOTASUN PRINTZIPIOA

3. LEGE MOTAK

3.1. Lege Dekretuak
3.2. Dekretu Legegileak

4. ERREGELAMENDUAK

4.1. Ahalmen erregelamendugilea autonomi elkarte eta ente lokaletan

5. ZIRKULAR ADMINISTRATIBOAK ETA INTERPRETAZIO ARAUAK



----------------------------------------



1. TRIBUTU ZUZENBIDEAREN ITURRIAK

Finantza Zuzenbidearen iturrien teoriak Zuzenbide Orokorraren iturrien teoria orokorrarekin ezberdintasun gutxi du. Hauek dira Finantza-Zuzenbidearen iturrien berezitasunak:

* Finantza-Zuzenbidean garrantzia eta esanahi berezia duen iturria legea da. Aldiz, beste iturri batzuen garrantzia gutxitzen da (ohitura...).

* Erakunde publikoen finantza-botereen ezarpen eremua dela-eta (partikularrengan du eragina), sentiberatasun berezia dago finantza-zuzenbidearen arloan ematen den iturri-sistema argia eta zorrotza izan dadin. Zertarako? Bai botere publikoen bai hiritarren eskubide eta obligazioak ezagunak eta zehaztuak izateko.

1.1. Iturriak

- Konstituzioa. Ordenamenduaren oinarri eta iturri-sisteman maila altuena duen arau-mota da. Honela Auzitegi Konstituzionalak esan ohi du Konstituzioa arau juridikoa dela, eta gure ordenamenduko goi-araua.

- Nazioarteko Hitzarmenak. Estatuak beste Estatu eta nazioarteko erakundeekin ospatzen dituen hitzarmenak, behin argitaratu ondoren, barne-ordenamenduaren parte izatera pasatzen dira.

- Legea. Lege arrunta eta organikoa ditugu, eskuduntza printzipioaren arabera bereizten direnak.

- Erregelamendua. Administrazioak eman ditzakeen arauak dira, beti legearen menpe geratzen direnak, eta legeak dioena garatu eta betetzeko erabiltzen direnak.

2. TRIBUTU LEGEZKOTASUN PRINTZIPIOA

Printzipio honek botereen banaketan eta botere exekutiboa botere legegilearen menpean izatearen nahian du bere jatorria. Sorreran, hiru sasoi bereizten dira:

* Erdi Aroa. Garai honetan ez zegoen gaur egungo botere banaketarik. Erregearen ondasuna eta ondasun publikoen artean ez zegoen bereizketarik, dena erregearena zen. Baina ondarea agortzen hasi zen, eta orduan tributuak ezarri ziren menpekoek gastu publikoak finantza zitzaten. Gastu gehienak gudatik zetozen. Garai bat heldu zen tributuak gehiegizkoak zirela, hiritarrak asaldatu ziren, eta erabaki zuten beraiek ganbaren bitartez onartutakoa bakarrik ordainduko zutela.

* Ordezkaritza herrikoiak ez ditu tributuak bakarrik baimentzen, baimen hau une zehatz batean ematen delako: gastuak aurreko tributuen arabera egin direnean, hauek berretsi eta gero. Hau da, lehenik aurreko urtealdiko gastuak onartu egingo dira, eta ondoren dagokion urtealdiaren tributuak.

* Arauen arabera, tributuetatik lortzen ziren sarrerak zertan eta nola gasta daitekeen zehazten joango da. Aurrekontu-legearen hastapenak direla esan daiteke.

Esan bezala, botere exekutiboa legezkotasun printzipioaren menpe geratzen da, eta aldi berean lege erreserbaren printzipioa sortzen da. Honek esanahi du gai batzuk lege-maila duten arauez bakarrik arautu daitezkeela.

Legezkotasun printzipioan aurkitzen den ideia: gizarte aske batek bere ordezkarien bidez berarengan eragina izan dezaketen arauak ematea. Legezkotasun printzipioa dela-eta, administrazioak legeak dioenaren arabera ihardun beharko du, azken finean zergadunen interesak jasotzeko eta aldi berean beraien babes juridikoa bermatzeko gai den organo bakarra parlamentua delako, ez baita ahaztu behar organo honetan ordezkatua dagoela hiritarren borondatea.

Tributuekiko legezkotasun printzipioa K 31.3 artikuluan jasotzen da: "izaera publikoko prestazio pertsonalak edo ondasunezkoak soilik legearen arabera ezarri daitezke". Honek esanahi du ezingo dela tributurik exigitu aurretik lege batek baimentzen ez badu. Printzipio honetatik, K 9.3 eta 103.1 artikuluetan beste bat eratortzen da: arau hierarkiaren printzipioa. Azken honek bi ondorio ditu: segurtasuna sortzen duen mekanismoa da, eta Estatuko organoen arbitrariokeria murrizten du, bai arau-emaile funtzioen garapenean, bai indarrean dagoen Zuzenbidea aplikatzerakoan. 3. LEGE MOTAK

Lehen esan bezala, parlamentuak bakarrik eman dezake legea, baina zenbait kasutan botereen arteko banaketa hautsi egiten da, eta botere exekutiboak lege indarra duten arauak ematen ditu. Xedapen hauek bi taldetan bana daitezke: lege dekretuak eta dekretu legegileak.

3.1. Lege Dekretuak

Lege dekretuak botere legegilearen parte hartzea itxaron ezina egiten duten premia larriko beharrengatik emandakoak dira. Dekretu legegileak gobernuak botere legegilearen eskuordetza edo delegazioen bidez ematen dituen arauak dira.

Lege dekretuak K 86.1 artikuluan jasotzen dira: "berebiziko eta larrialdiko egoeratan gobernuak behin-behineko lege-erabakiak egin ditzake, dekretu-lege forma harturik, eta ezingo dute eraginik izan Estatuko oinarrizko erakundeen ordenamenduan, ezta 1. tituluko hiritarren eskubide, betebehar eta askatasunetan, ezta erkidego autonomoen erregimenean, ezta hauteskunde orokorreko zuzenbidean ere" Lege Dekretuak honako ezaugarri hauek biltzen ditu:

* Behin-behineko izaera duten xedapenak dira. Ahalmen legegilerik ez duen organo batek emana denez, ordenamendura behin-betiko izaerarekin sartuko da legebiltzarrak berretsi ostean, edo lege formala bezala tramitatzean.

* Gobernuaren arau-egintza bat da

* Berebiziko eta premia larriko beharrengatik bakarrik eman daiteke

* K 86.1 artikuluko gaiak ezingo ditu arautu

Gai eztabaidatu bat dago, hau da, tributu arloan lege-dekretuak bete dezakeen paperari buruz. Honen inguruan bi jarrera daude:

* Lege dekretuaren bidez ezin da tributu gairik arautu, Konstituzioaren 86 artikuluak dioelako Lege Dekretuak ezingo dutela arautu 1. tituluan agertzen diren eskubideen eraentza, horien barruan K 31. artikulua, zerga sistemari buruzkoa.

* Beste batzuen arabera, Lege Dekretuaren eremutik kanpo geratzen dena hiritarren estatutu pertsonala izango da, eta estatutu horren barnean ez litzateke tributu gaia sartuko. Beraz, tributu gaia lege-dekretu bidez arautu ahal izango litzateke.

Doktrinaren gehiengoak dio Lege Dekretua erabili ahal izango dela soilik lege erreserbak babesten ez dituen gaiak arautzeko. Honela, ezin izango da tributurik sortu edo ezarri Lege Dekretu baten bidez, baina ez da galarazten indarrean dagoen tributu baten zenbait alderdi honen bidez arautzea.

3.2. Dekretu Legegileak

K 82 artikuluan jasotzen dira hauek: "Gorte Orokorrek gobernuan lege maila duten arauak emateko ahalmena delegatu dezakete, Lege Organikoari dagozkion gaietan izan ezik". Arau mota honek bi muga ditu, positiboa eta negatiboa.

* Muga negatiboa: Ezingo dira eskuordetu lege organikoari esleitutako gaiak

* Muga positiboa: Delegazioa edo baimena espreski eman izan beharko da, eta aldi berean baimenak jarraitu beharreko printzipioak jaso beharko ditu. Azkenik, baimenaren epea zehaztu beharko da, hau da, ezin da lege baimentzailea hutsean eman.

4. ERREGELAMENDUAK

Erregelamendua botere exekutiboak onetsitako izaera orokorreko edozein xedapena da (salbu dekretu legea eta dekretu legegilea), ordenamendu juridikoaren parte izatera pasatzen dena, Zuzenbidearen iturri bihurtuz. Aipatutako bi ezaugarri hauek legearen ezaugarriak dira ere, baina legea konstituzioaren menpe dago bakarrik, eta erregelamenduak bi muga ditu: konstituzioa eta legea.

Botere erregelamendugilearen titularra Gobernua da. Botere honen mugak konstituzioa eta legea dira, eta justizia epaitegiek kontrolatzen dute hau, K 106 artikuluaren arabera: "Justizia epaitegiek botere erregelamendugilea eta iharduera administratiboaren legezkotasuna kontrolatzen dute". Legeak erregelamendua baldintzatzen du, hiru zentzutan:

* Erregelamendu batek ezingo ditu arautu legeari erreserbatutako gaiak

* Erregelamenduak ezin du ez zuzenki ez zeharka legeak dioenaren kontra joan, nahiz eta legeari erreserbatutako gaiak ez izan.

* Lege bat garatzeko erregelamendu bat ematen denean, horren esanahiari eutsi beharko dio leialki.

Zergatik onartzen da erregelamendu bidez arautzea? Batez ere ordenamendua errealitateari egokitzeko; hau da, legearen sortze-prozedura erregelamenduarena baino askoz astuna eta geldoagoa izanik, legeak ez du nahikoa gaitasunik giza-bizitzaren erritmoari eusteko, eta horregatik izaten da beharrezkoa legeak oinarrizko araudia ematea eta horren garapena erregelamenduz egitea, errealitateari hobeto egokitzeko.

4.1. Ahalmen erregelamendugilea autonomi elkarte eta ente lokaletan

Autonomi elkarteek ahalmen legegilea dute, eta ondorioz ahalmen erregelamendugilearen tituludunak izango dira ere. Ahalmen hori bi eratan burutu daiteke: bere lege propioak garatuaz, eta Estatuko arauek dituzten oinarriak garatuz.

Entitate lokalek, aldiz, ez dute ahalmen legegilerik, baina erregelamenduak eman ditzakete, ordenantza fiskalen bidez. Udal batek ordenantza bat onesteko ondorengo pausuak eman behar ditu:

* Udal plenoaren hasierako onespena

* Jakinarazpen publikoa eta interesatuen audientzi, gutxienez hilabete bateko epean

* Jarri diren iradokizun eta erreklamazioen ebazpena

* Plenoaren behin-betiko onespena

* Ordenantzaren testu osoa probintziako edo autonomi-elkarteko aldizkari ofizialean argitaratzea

5. ZIRKULAR ADMINISTRATIBOAK ETA INTERPRETAZIO ARAUAK

Interpretazioa ez da Zuzenbidezko iturri bat, arau bati eman beharreko zentzua baizik, baina askotan arauak ematen dira beste arau batzuei eman beharreko zentzua ezartzeko. Hauen artean interpretazio-arauak eta zirkular administratiboak ditugu.

Tributuekiko Lege Orokorrak bere 10. artikuluan Haziendako Ministrariari interpretazio edo argikuntzarako xedapenak emateko eskumena ematen dio. Eskumen hau agindu ministerialaren bidez egikarituko da, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu egin beharko da. Argitarapen honek arazo bat sortzen du: zergatik egin behar ote da? Batzuek diote argitarapen honek suposatzen duela agindu horrek erregelamendu bat ematen duela, eta honek kezka bat sortzen du, agindu horrek arau-izaerarik duen edo ez.

MARTIN QUERALT Finantza-Zuzenbideko autoreak dio agindu hauek ez dutela arau balorerik, eta ondorioz ez lukete ordenamendu juridikoa eraberritzeko gaitasunik izango. zirkular administratibo hauen bidez Administrazioko goi organoek bere menpe dauden organoei zuzentarau edo aginduak ematen dizkiete, eta xedapen hauek ez dira arautzaileak, arau zehatz bati administrazioak eman beharreko interpretazioa ezartzen dutenak baizik.

Arazoa: indarrean dagoen lege bat aplikatzen hastean zalantza sortzen bada, administrazioak zirkular batzuk igorriko ditu, guztiek lege hori era berdin batean aplikatu eta uler dezaten.Hortik aurrera administrazioko organoek bi "arau" izango dituzte: legea eta zirkular administratiboa. Administrazioak legea aplikatuko du zirkularrak dioen bezala, baina horrek legeari ematen dion interpretazioa zuzena eta jarraitu beharrekoa ote da? Ez ote da legearen esanahia mugatzen horren interpretazio jakin bat bakarrik onartzen duenean?

defero.webcindario.com